1.4 «Bilduma»ren kontzeptua
Bilduma esaten zaio xederen baterako hautatu den baliabide-multzoari. Beste termino hauek ere antzekoak dira: sorta (matematika), agregazioa (datu modeloak), datu-sorta (zientzia eta negozioak) eta corpusa (hizkuntzalaritza eta analisi literarioa).
Guk nahiago dugu, halere, bilduma erabiltzea, ez dituelako hainbeste esanahi berezitu. Normalean, bilduma aipatzen da baliabide fisikoen sorta pertsonalak deskribatzeko (nire zigilu-bilduma edo biniloen bilduma), baita gauza digitalen sortak izendatzeko ere (musika digitalaren nire bilduma). Oro har, baliabide-mota ezberdinak biltzen dituztelako bereizi ohi ditugu zuzenbide-arloko liburutegiak eta software-liburutegiak, jakintza kudeatzeko sistemak eta datuen biltegiak, eta zigilu-bildumak eta txanponenak. Era berean, baliabide-motaren arabera bereizten ditugu dokumentuen bildumak: alde batean ipiniz dokumentu narratiboak –hala nola eleberriak eta biografiak–, eta, bestean, aldiz, transakzioei dagozkienak, hala nola katalogoak eta fakturak; bestalde, badira forma hibridoak ere, hala nola testuliburuak eta entziklopediak.
Bilduma batean, baliabideekin berekin batera edo horien ordez, baliabideen identifikatzaileak egon daitezke; horiei esker, baliabide berdina bilduma batean baino gehiagotan egon daiteke: kantuekin hala izaten da erreprodukzio-zerrendetan.
Bilduma bat, bere horretan, baliabide bat da. Beste baliabide batzuekin gertatzen den bezala, bilduma bati lotuta egon daitezke beste deskribapen-baliabide batzuk. Indizea, esaterako, deskribapen-baliabide bat da: horri esker, jakin daiteke non eta zer maiztasunekin agertzen diren termino jakin batzuk dokumentuen bilduma batean, eta, horrela, bilduma efizientziaz bilatu daiteke.
Baliabide-mota garrantzitsua dira bildumak, eta asko erabiltzen dira; horregatik, kontzeptu bereizi gisa hartu behar dira. Bildumaren kontzeptuak, zehazki, sustrai sakonak ditu liburutegietan, museoetan eta baliabideak hautatu, elkartu, antolatu eta gordetzen dituzten bestelako erakundeetan. Halako eremuetan, esan liteke Antolaketa Sistemak zera direla: bildumen bildumak, zeinak hainbat modutan antolatzen baitira, kontuan hartuz zer baliabide-mota diren, zein den autorea, zein den sortzailea edo zeinek bildu dituen bildumako baliabideak, eta beste printzipio edo ezaugarri batzuk. Negozioen testuinguruan, ordea, «bilduma» hitza ez da askorik erabiltzen baliabideen sorta bat deskribatu nahi denean; hala ere, negozioek era askotako baliabideak antolatzen dituzte, tartean, beren langileak, hornitzaileak, bezeroak, produktuak eta, halaber, produktuak sortzeko eta negozioa gobernatzeko baliatzen diren aktibo ukigai eta ez-ukigaiak. Are, batzuetan, negozioa bera baliabideen bilduma gisa deskribatu daiteke modu abstraktuan, batez ere baliabide horiek software-osagaiak edo zerbitzuak baldin badira…
Sarritan, diziplina baten arreta-gune nagusia osatzen dute baliabide-mota batek eta horren Antolaketa Sistema konbentzionalak. Kategorien etiketek –liburutegia, museoa, zooa edo datuen gordailua– badituzte funtsezko esanahi batzuk eta horiekin lotutako esperientzia eta praktika batzuk. Maiz, kontzeptu eta hiztegi berezituak sortzen dira horiek deskribatzeko. Eraikuntza sozial eta kultural konplexu horrek berekin dakar aberastasun bat, zeinak zaildu egiten baitu kategorien artean muga zorrotzat ezartzea.
Kategoria berriak sortu nahi baditugu, beti har dezakegu Antolaketa Sistemako definizio ezagun bat, hala nola «liburutegia», eta adjektiboak gehitu: adibidez, Flickr delakoari buruz esaten da Interneten oinarrituriko eta argazkiak partekatzeko liburutegi bat dela. Baina hori egiten dugunean –alegia, kategoria ezagun bat baliatzen dugunean Antolaketa Sistema bat definitzeko–, sendotu egiten dira kategoria horren ezaugarri eta adibide nagusiak edo tipikoak, gure hizkuntza eta kulturan txertaturik daudenak, eta joera ezohikoak, ostera, bazterrean geratzen dira. Flickren kasuan, zenbait ezaugarri iradokitzen dira (hala nola autoritateen sailkapena), nahiz eta halakorik ez egon, eta beste ezaugarri bereizgarri batzuk (hala nola erabiltzaileek etiketak ipintzea) ez dira aipatzen.
Zer da liburutegi bat?
Txori gehienek hegan egiten dute, baina ez denek. Zer ezaugarri dira garrantzitsuenak, zerbait txori bat dela sailkatzeko orduan? Zer ezaugarri dira garrantzitsuenak, zerbait liburutegi bat dela esaten dugunean?
Liburutegietan gertatzen diren elkarreragin-jarduera bereizgarrien artean, aipa dezakegu item baten zirkulazioa, mailegua eta itzulera. Hala, baldin eta instituzio batek bere bildumako itemak mailegatzen baldin baditu, ustez-eta mailegatzaileek beste zerbait (zerbait hobea) itzuliko diotela trukean, instituzio horrek ez dirudi liburutegi bat. Baina demagun, esate baterako, tokiko landareen haziak direla instituzio horretako baliabideak, eta mailegatzaileek, mailegatutako hazietatik landareak hazi ostean, landare horien haziak itzuli behar dituztela instituziora; bada, orduan, «hazien liburutegia» izen egokia izango litzateke Antolaketa Sistema berri honentzat. Wikipedia entziklopedia askea ere antzeko zerbait izan liteke: bere bilduman artikulu entziklopedikoak biltzen ditu, ez espezie bizidunak, hala ere, Hazien Liburutegiaren antza du, izan ere, erabiltzaileei eskatzen die artikulua «bueltatzeko», lehendik daudenak hobetu asmoz.
Erabiltzaile gehienek norbere argazkiak gordetzeko baliatzen dute Flickr webgunea. Mila milioika erabiltzailek beren argazkiak igotzen dituzte webgune horretara, eta horietako askok modu publikoan partekatzen dituzte; ondorioz, bilduma bat bihurtu da, konpartitu daitekeena, eta bilaketak egin daitezke bertan; horregatik, jende askok argazkien liburutegitzat jotzen du. Hala ere, Flickrek ez du autoritateen deskribapenik ez sailkapen-estandarrik, liburutegiek behar duten bezala.
Google Liburuak digitalizazio-proiektuaren kasuan antzeko erronka bat sortzen da kategorizazioarekin.
Modu orokorragoan, Antolaketa Sistemak kategorien arabera antolatzen badira, kontuan hartu behar izango da, askoz gehiago, zer kategoria erabiltzen den definizioak edo konparaketak ainguratzeko. Google Liburuak proiektuaren bidez, deskatalogatuta dauden liburuak eta lan akademikoak askoz eskurago daude; hala ere, Googlen sortzaileetako batek, Sergei Brin-ek, adierazi zuenenean proiektu hori «betirako iraungo duen liburutegi» bat dela, jende asko haserretu egin zen, liburutegiaren zentzu tradizionalago bat zutelako. Google Liburuetan, aise asko hauteman ditzakegu zenbait diseinu-hautu, zeinak ohikoagoak baitira negozioetako Antolaketa Sistemetan; beraz, esan izan balute proiektua online liburu-denda bat zela, zerbitzu onuragarri batzuk dohainik eskaintzen dituena, akaso harrera hobea jaso izango lukete.
