1.2 «Antolaketa-sistema»ren kontzeptua

Antolaketari eta informazioari buruzko ikuspegi ugari bateratzea proposatu nahi dugu; horretarako, Antolaketa Sistema deritzon kontzeptua erabili nahi dugu: berariaz antolatutako baliabideen bilduma bat eta horien bidez egin daitezkeen elkarreraginak. Definizio horrek elkartu egiten ditu zenbait ideia oinarrizko, zeinak atal honetan aurkeztuko baititugu laburki; ondoren, xehe-xehe landuko ditugu hurrengo ataletan.

1.1 marrazkia: Antolaketa Sistema bat

antolaketasistema

Antolaketa Sistema batek hainbat baliabide biltzen ditu, eta halako moduan antolatzen ditu non jendeak edo eragile konputazionalek horiekin jardun ahal baitute elkarreraginean.

Marrazkian Antolaketa Sistema baten eredu kontzeptuala ikus dezakezue: hortxe daude berariaz antolatutako baliabideak, elkarreraginak (gezi-mota ezberdinak erabiliz bereizi dira) eta hainbat testuingurutan baliabideekin elkarreraginean diharduten giza eragileak eta eragile konputazionalak.

Antolaketa Sistema batek hau erakusten du, modu abstraktuan: nola deskribatzen eta antolatzen diren baliabideen bilduma batzuk, halako moduan non giza eragileak eta eragile konputazionalak gai izango baitira elkarreraginean jarduteko baliabideekin. Antolaketa Sistema ikuspegi arkitektoniko eta kontzeptual bat da; ez da hura gorpuztu dezaketen baliabideen antolaketa fisikoa, ez eta hura ezarri eta erabiliko duen pertsona, enpresa edo instituzioa ere. Batzuetan, zaila da bereizketa horiei eustea eguneroko hizkeran; adibidez, baliteke «liburutegi» Antolaketa Sistema deitzea baliabide-deskribapenen, antolaketa-printzipioen eta horien bidez egin daitezkeen elkarreraginen multzo batzuei. Nolanahi ere, batzuetan «liburutegi» deituko diogu Antolaketa Sistema erabiltzen duen erakundeari berari, eta, jakina, «liburutegi»ak azpiegitura fisikoak direla adierazten duen ideia sakonki errotuta dago gure hizkuntzan eta kulturan.

Elaine Svenonius-ek, 2000. Urtean, hainbat kontzeptu proposatu zituen bibliografia-eremuetarako –The Intellectual Foundation of Information Organization liburuan–, eta, neurri batean, ekarpen horiek baliatu ditugu, inspirazio-iturri gisa, hemen darabilgun Antolaketa Sistemaren kontzeptua sortzeko. Svenoniusek onartzen zuen ezen deskribapen bibliografikoan eta katalogoetan egin izan diren jarduera batzuk, informazioa antolatzekoak, osatu egiten zirela, eta neurri batean konpentsatu ere, testu-prozesamendu eta aurkibide automatikoen bitartez; azken horiek, normalean, diziplina bereiz batean kokatzen ziren: informazioa berreskuratzea. Svenoniusek proposatu zuenaren arabera, informazioa antolatzeari buruzko erabakiak eta informazioa berreskuratzeari buruzko erabakiak, berez, elkarri lotuak zeuden, konpentsazio printzipioa tarteko; horregatik, elkarri lotutako sistema gisa hartu behar ziren: «Informazioa eskuratzeko sistema baten eraginkortasuna zera da: sistema hori antolatzeko erabili den adimenaren funtzio zuzena» (ix). Autorearen ekarpenak txalotu eta horietan sakontze aldera, bere liburuko aipuak ipini ditugu 2. kapituluko azpi-atal guztietan.

Informazioa antolatzeari eta berreskuratzeari dagokion ikuspegi sistemiko batek hauteman eta egituratu egiten ditu sistemaren berezko konpentsazioak; diziplinaren eta kategoriaren ikuspegi tradizionaletan, aldiz, ilunpean geratzen dira: informazioa sortu edo bilduma batean eransten denean –«sartzerakoan»–, zenbat eta ahalegin handiagoa egin informazio hori antolatzeko, orduan eta errazagoa izango da hura topatzea gero; bestalde, zenbat eta ahalegin handiagoa egin informazioa berreskuratzeko –«irtetean»–, orduan eta antolaketa gutxiago behar izango da. Baliteke baliabideen bilduma bat oso antolatuta egotea, baina beste norbaitek eta beste xede baterako antolatu izana; orduan, berrantolatu beharra dugu, «sartzerakoan» nolakoa izango den kontuan hartuta. Hori barra-barra gertatzen testu edo datu-multzo digitalekin: horiei dagokienean, ohikoa da aurrez antolatutako baliabideak edo horien deskribapenak antolatzea, itzultzea –formatua zein hizkuntza–, uztartzea, laburtzea edo beste eraren batera eraldatzea, Antolaketa Sistema berri batera molda daitezen. Adibidez, sasoiko erosketa-patroiak ulertzeko, saltzaile batek uztar ditzake erosketei buruzko datuak, eguraldiari dagozkionak eta jendeak telebistan ikusi ohi dituen kirol-ekitaldien egutegia (izan ere, jendea etxean gera daiteke eguraldi txarra ari badu eta kirol-saioak telebistan ematen badituzte); bada, hiru datu-sorta horietan, modu berean deskribatu behar lirateke «denbora» eta «kokapena». 

Ikuspegi sistemiko horrek ez ditu kontrakotzat jotzen informazioa antolatzea eta informazioa berreskuratzea, bata giza jarduera delakoan eta bestea ordenagailuen jarduera; bestalde, ez ditu kontrajarritzat hartzen bata bibliotekonomia eta informazio-zientziari dagokiolakoan eta bestea, berriz, informatikari. Aitzitik, aise ikus dezakegu ezen, orain, ordenagailuek jendeari laguntzen diotela gauzak antolatzen, eta, halaber, ordenagailuek baliabideak aztertzen eta antolatzen dituztenean, horretarako behar duten informazioaren zati handi bat jendeak ematen duela. Adibidez, sailkapen konputazionaleko hainbat algoritmok ikasketa ikuskatuaren hurbilketak erabiltzen dituzte, eta jendeak sailkatutako itemekin hasten dira.

Azkenik, Antolaketa Sisteman bildutako baliabideak edozelakoak izanda ere, ikuspegi sistemikoa denetan erabil daiteke; horri esker, ñabardura gehiagorekin eztabaida daiteke ea nola banatzen diren antolatzearen kostu eta onura ekonomiko, sozial eta kognitiboak alderdien artean. Antolaketa Sistema guztietan badira aurreiritziak, sistema sortu zuten pertsonen esperientziaren eta ikuspegien ondorioz. Aurreiritzi horietako batzuk itzuri ezinekoak dira –halako antolaketa automatiko bat–,gizakien hautemate-gaitasun eta ahalmen kognitibo jaiotzekoak islatzen baitituzte. Gure gogoek egitura ezartzen dute, eta patroiak aurkitzen, baita halakorik ez dagoenean ere, eta ez gara gai modu zeharo arrazionalean jarduteko, beraz gauzak sinpletzen ditugu, oharkabean. Bestalde, jendea ez da bereziki trebea etorkizuneko aukerez pentsatzeko orduan, ez eta bere espektatibak berrikusteko orduan ere, froga berriak jaso arren; inertzial mental horren ondorioz, zenbait baliabide eta elkarreragini eusten diegu Antolaketa Sistemetan, nahiz eta jada ez diren beharrezkoak. Antolaketa Sistemetako beste aurreiritzi batzuek, ordea, hautu berariazkoagoak islatzen dituzte, zeinak, modu inplizituen edo esplizituan, irabazle eta galtzaileak eratzen baitituzte, elkarreragin batzuk aldeztu eta beste batzuk gutxietsi, edo, osterantzean, balio-sorta bat inposatzen edo gainjartzen dute sistemako alderdien gainean. Adibidez, Antolaketa Sistema askotan, jendea taldetan edo ilaratan antolatzen da, hartara, elkarreraginak efizienteagoak izan daitezen: airelineek gehien ordaindu duten bezeroei ematen diete lehentasuna hegazkinera sartzean, baina, hegazkinera sartzeko azken taldean baldin bazaude, agian ez zaizu bidezkoa irudituko.