12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.17 Datu-zentroetako baliabideei buruzko informazioa kudeatzea
Egilea: Hassan Jannah; 2013ko abendua.
Laburpena. Gaur egun, aplikazioak daude ia edozertarako! Halere, apenas erreparatzen diogun gure pantaila txiki distiratsuaren atzean gertatzen denari, harik eta zerbait matxuratu eta gure bizitza kaos huts bihurtzen den arte. Horra hor Informazio Teknologien (IT) enigma, lagunok. Kontua da IT konponbideak, sarritan, gauza hauskorrak direla, etengabe zaindu beharrekoak. Ez da lantegi erraza. Are, IT konponbideekin loturiko kostu eta ahalegin gehiena mantentze-lanarekin lotuta dago. Milioika gauza okertu litezke. Hainbat jarduera gauzatzen dira eskuragarritasuna maximizatzeko eta arazoak berehala konpontzeko: mantentze prebentiboa, zerbitzuen monitorizazioa, negozioaren jarraikortasuna edo desastrearen osteko suspertzea. Baliabideetara iristeko aukera izan behar dute jarduera horietan diharduten guzti-guztiek. Eta, batez ere, informazioa eskuratzeko aukera izan behar dute.
Zer antolatu nahi da? IT datu-zentroek biak biltzen dituzte: bai baliabide fisikoak bai digitalak. Baliabide fisikoak dira, besteak beste, instalazioak (eraikina), zerbitzuak, ordenagailuen hardwarea (kableak, zerbitzariak, biltegiratzea etab.) eta baita langileak ere. Baliabide digitalak deskribatzea askoz zailagoa da. Ikuspegi sinplista baten arabera, bi multzotan bana genitzake halakoak: datuak eta aplikazioak. Ondoren, kategoria bakoitza azpi-sailkatu daiteke, ontologia oso bat sortuz. Egoera konplexuagoa bilakatzen da, ordea, baliabide fisikoak eta digitalak uztartuz sor daitezkeen balizko baliabide-moten kopuru izugarri handiari erreparatzen diogunean. Erronka handia da baliabide horiei buruzko informazioa biltzea, gordetzea eta mantentzea. Informazio pila bat berreskura daiteke baliabideetatik beretatik abiatuz. Normalean, baliabide-multzo bat ahalbidetzeaz arduratzen den talde bakoitzak informazioa gordeko du kalkulu-orrietan edo dokumentuetan. Talde antolatuagoek, berriz, datu-baseak edo jakintza kudeatzeko sistemak erabiliko dituzte. Antolakunde saiatuagoek, aldiz, gordailu zentral bat edukiko lukete, gauza guztiak bertan gordetzeko.
Hala ere, askok eta askok ez dute lortzen informazio-mota jakin bat gordetzea: baliabide-kluster horien denen arteko loturei buruzko informazioa. Sarritan, erronka handiagoa eta konplexuagoa izaten da hori. Baliteke informazio hori sistemen sakonean hondoratuta egotea (adibidez, zerbitzu jakin bat martxan jartzeko behar den erabiltzaile-izena), edo, bestela, jendearen burmuinean gordeta egotea. Datu-zentroetako baliabideei buruzko datuak antolatzeko sistema baten balio erantsia biderkatu egingo da baldin eta datuen arteko elkarreragin-jarduerei buruzko informazioa modu efektiboan antolatzen bada.
Zergatik antolatu nahi da? IT zentro bat operatzea gauza konplexua da, baliabideak barra-barra erabili behar dira, eta arriskutsua da. Bezeroek zerbitzuen premia dute une oro, eta ezin da huts egin. Hutsegiteen ondorioak larriagoak dira kostu ekonomikoa eta bezeroen asebetetze falta baino, izan ere, eragina izan dezakete jendearen segurtasunean, bai eta segurtasun nazionalean ere. Mehatxu zibernetikoak etengabeko arrisku bihurtu dira IT zerbitzuen hornitzaileentzat, bereziki datu oso sentikorrak gordetzen edo operazio erabakigarriak ahalbidetzen dituztenentzat. Jendeak bizirik iraungo du nahiz eta beren posta elektronikoa etenda egon ordubetez. Alabaina, New Yorkeko Burtsaren IT azpiegiturak porrot egingo balu osoki, zeintzuk izango lirateke horren ondorioak? Eta Heathrow aireportuko sistemek huts egingo balute? Horra hor IT datu-zentroetako kudeatzaileen jardunaren baldintzetako batzuk. Are gehiago, berrikuntza teknologikoen ondorioz, era askotako konponbideak eratu dira, konplexuak eta integratuak. Barra-barra kentzen dira baliabide zaharrak, eta barra-barra gehitzen dira berriak. Halako ekintzei dagokionez, tentuz planifikatu behar dira, eta tentuz gauzatu, ekosistema delikatu horrek ez dezan behea jo. Jarduera horiek planifikatzeko behar den informazio guzti-guztia edukiz gero, arriskua arinduko litzateke hein batean.
Nolanahi ere, akatsak gertatzen direnerako ere, garrantzitsua da premiazko informazio guztia edukitzea, okerra lehenbailehen zuzentzeko. Nola berreraikiko duzu sistema bat, ez baldin badakizu nola lotu behar diren horren puskak? Zer neurritan antolatu dira baliabideak? Datu-zentroetako baliabideei buruzko informazioaren xehetasun-maila ez da berdina erakunde guztietan, ez eta erakunde bereko alderdi desberdinen kasuan ere. Informazio hori bi multzotan sailkatu daiteke: informazio operazionala eta planifikazio-informazioa.
Zenbat antolatu nahi da? Informazio operazionala beharrezkoa da eguneroko operazioak gauzatzeko. Informazio operazionala da, adibidez, baliabideei buruzko informazioa eta baliabideen arteko loturei buruzko informazioa. Erakunde gehienek xehetasun-maila handiarekin antolatzen dute informazio operazionala; horretan zentratzen dira. Xehetasun-mailan eragina izan dezakete faktore ekonomikoek, politikoek eta intelektualek. Xehetasun-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora eta diru gehiago behar da informazioa antolatzeko.
Baliabide-mota bat deskribatzeko erabiltzen den xehetasun-mailak zerikusia izan dezake jarduera gidatzen ari den taldearen arrazoiekin. Hardwarearen jarduerak ahalbidetzeko sistemez arduratzen den taldeak, esaterako, hardware sistementzako antolaketako-sistema sendo bat eraikitzeari eskainiko dio denbora, eta ez die erreparatuko hardware horretan diharduten aplikazioei. Azkenik, taldearen gaitasun eta jakintza intelektualak orobat izango du eragina sistemaren xehetasun-mailan. Baliabide fisikoen eta digitalen arteko mugak lausotu ahala, sistemaren diseinatzaileak zenbait galdera zaili erantzun beharrean izango dira. Adibidez: zerbitzariak hardware baliabidetzat jo izan dira tradizionalki. Baina, antolakunde askotan, zerbitzari birtualak darabiltzate orain, zeinek makina handien bidez funtzionatzen baitute. Kasu horretan, zein izango litzateke zerbitzaria? Makina handia, ala zerbitzari birtual banakakoak? Baliabide fisikoak dira, ala digitalak? Zerbitzari birtual baten erreserba-klon bat egiten baduzu, biak entitate berdina direla esango zenuke, ala ez?
Planifikazio-informazioari dagokionez, berriz, beharrezkoa izaten da negozioari buruzko erabakiak hartzeko, eta normalean ez da hain xehea izaten. Planifikazio-informazioaren barruan sartzen dira, besteak beste, erosketa- eta mantentze-kostuei, kontratuei, hardwareen bizi-zikloei eta abarrei buruzko informazioa. Kudeatzaileek eta planifikatzaileek informazio hori erabil dezakete honako kontu hauek hobeto planifikatzeko: negozio-jarduerak, operazio-kostuen eta kapitalaren kostuen kudeaketa, eta datu-zentroak eskaintzen dituen zerbitzuei eta produktuei buruzko erabaki estrategikoak.
Noiz antolatu nahi da? Datu-zentro askotan, existitzen diren baliabideak oinarritzat hartuta hasten dira bertako baliabideei buruzko datuen antolaketa-sistema bat antolatzen. Halako kasuetan, sistema eraikitzea da errazena. Erronka nagusia, ordea, beste bat da: informazioa egunean mantendu behar da, etengabe aldatzen den testuinguru batean. Informazioaren bizi-zikloari eta aldaketei dagokionez, horiek kudeatzeko prozesu argiak behar dira; aldi berean, lan-prozesuak gauzatu behar dira, informazioa egunean dagoela ziurtatzeko.
Nola edo nork antolatu nahi du? Sistemaren xehetasun-mailaren helmena eta xehetasun-maila oinarritzat hartuz, baliabide-kopurua egundokoa izan liteke. Antolaketa-sistemak saiatu behar du modu automatikoan biltzen den informazio-kopurua maximizatzen, eta «agente» automatikoak erabili behar ditu informazioa egunean mantentzeko. Beste era bateko informazioa kudeatzeko, gizakien esku-hartzearen beharra izango da halabeharrez, bereziki interdependentziak deskribatzen dituen informazioari dagokionez. Antolaketa-sistema honetan, gobernantza-marko argi eta oso baten premia dago, zeinak zehaztuko baitu zer zeregin eta ardura dituen alderdi bakoitzak informazioaren gehikuntzari eta mantentzeari dagokionez.
Beste kontu batzuk. Iraganean, enpresa handi gehienek beren datu-zentro propioak zeuzkaten. Beren antolaketa-sistemak, beraz, helmen txikiagoa izan zezakeen. Laino globaleko zerbitzu-hornitzaileen agerpenak IT produktuen eta zerbitzuen merkantilizazioa zabaldu du teknologiaren paisaia osoan barna, hasi bezeroetatik eta halako zerbitzuak eskaintzen dituzten zerbitzarietara. Hornitzaileek, hemendik aurrera, helmen handiagoa izango dute, beren zerbitzuen hornikuntza era askotakoaren eta dinamikoaren ondorioz.
