2.7 Non antolatu nahi da?

"Kontrol bibliografikoa egiteko, dokumentu bat finkatu behar da unibertso bibliografikoan, espazio-denboraren bere koordenatuetan"

Baliabideak identifikatu ditugu, gure motibazioen arrazoiak aletu, antolaketaren helmena eta eskala mugatu, eta antolaketa nork eta noiz egingo duen zehaztu; horren guztiaren ostean, baliabideak non antolatuko diren erabakitzeko garaia iritsi da azkenean.

«Non?» galdera, normalean, kokapen fisiko bati dagokio. Baina, sarritan, «non?» galderari erantzuteko orduan, aintzat hartu behar da ea baliabideen gaur-gaurko kokapenaz edo iraganeko kokapen bati buruz ari garen, edo, are, xede-kokapen bati buruz, mugimenduan edo prozesuan dauden baliabideen kasuan. «Non?» galderaren erantzunak hamaika molde izan ditzake. Espazio abstraktu bat aipa dezakegu, hala nola «liburutegiko apala», edo «Kongresuko Liburutegiko XI atalean dagoen konpartimentu ezkutua» bestela, 2004ko National Treasure filmean bezalaxe. «Non?» galderari erantzun diezaiokegu animalia basati bati, gurpil bati edo lo-zaku bati hobekien egokitzen zaizkion ingurumen-baldintzen sorta bat aipatuz. «Non?» galderari erantzun diezaiokegu «Errenazimenduko Europa» edo «kolonia garaiko Williamsburg» aipatuz. «Non?» izan daiteke eraikuntza mental bat, bai eta irudimenezko kokaleku bat ere.

Antolaketa-sistema baten diseinu arkitektonikoan, kokapen fisikoa ez da izaten kezka nagusietako bat. Antolaketa-sistema gehienetan, alde batera utz daiteke antolaketa-sistema zein baliabideak non kokatuko diren zehazteko ardura. Beraz, praktikan, baliabideen kokapena ez da beste galdera batzuk bezain garrantzitsua. Biltegiratzearen kokapenari dagozkion muga fisikoak, orokorrean, inplementazioaren arloko ardurak dira, eta ez arkitektonikoak. Egitura berezi bat eraikitzen bada baliabide baliotsu batentzat, hori ez da diseinuari dagokion alderdi bat: erabiltzailearen interfazearen inplementazioa da, besterik ez (Ikus 6.7 Inplementazioaren ikuspegia).

Baliabide fisikoak, maiz, komenigarriak eta eraginkorrak suertatzen diren tokietan gordetzen dira, hala nola gordailuetan, bulegoetan, biltegietan, apaletan eta armairuetan. Baliteke antolaketa-sistema bat moldatu behar izatea, bere ingurumen fisikoko ezaugarriekin bat etor dadin, baina horrek kalte egin liezaioke pentsamendu arkitektonikoari, eta zailagoa suerta liteke antolaketari eustean denboran, bildumaren helmena eta eskala garatu arau (Ikus 3.3.1 atala, Baliabide fisikoak antolatzea).

Baliabide digitalak, bestalde, «hodeian» antolatzen eta gordetzen dira, gero eta gehiago, eta horien egiazko kokapenak ikusezinak dira, zehaztugabeak, eta, orokorrean, garrantzirik gabeak, salbu eta baliabide digitaletako zerbitzari eta informazioa horien kokapen fisikoari dagozkion lege edo praktiken mende badago. Esate baterako, Kanadan, polemika bat piztu zen 2013. urtean: zenbait ikertzailek deskubritu zuten ezen Internet-zerbitzuaren hornitzaileek, arrazoi tekniko eta enpresarialak tarteko, Estatu Batuetan barna bideratzen zutela Kanadako web trafikoa. Kanadak ez duenez jurisdikziorik beste herrialde batzuetako kableetan eta zerbitzarietan zehar bidaiatzen diren datuen gainean, kanadar asko kexu agertu ziren, beren informazio pertsonala beste herrialde bateko pribatutasun-arau eta -praktiken mende zegoelako, haiek jakin gabe edo horretarako baimenik eman gabe.

Batzuetan, kokapenak antolaketa-printzipio moduan balio du bere horretan; horren ondorioz, bereizketa arkitektoniko asko bertan behera geratzen dira praktikan. Sarri gertatzen da hori gure antolaketa-sistema pertsonaletan: halakoetan, gizakiok memoria espazialerako dugun berezko gaitasuna baliatu dezakegu, gauza jakin batzuk beti toki berean ipiniz –giltzak, betaurrekoak, telefonoa–, ondoren errazago topatzeko. Nolanahi ere, horrelako antolaketak egoten dira sistema konplexuetan eta askotarikoetan ere, adibidez, higiezinei buruzko informazio-sistemetan; orientatzeko balio duten sistemetan, hala nola errepideetako seinale zein kilometro-neurgailuetan; nazioarteko aduanetako formulario estandarretan; informazio geografikoari dagozkion sistemetan; aireko, lurreko, itsasoko zein espazioko trafikoa kontrolatzeko sistemetan eta leku historikoen kontserbazioan.

3.3.2 atalean –Tokiak antolatzea– lurraren, inguru eraikien eta orientazio-sistemen antolaketari erreparatu diogu. 6.5 atalean –Ikuspegi estrukturala–, baliabideen arteko harremanen ikuspegi estrukturala dakargu hizpidera, eta, sistema batzuetan, oso garrantzitsua izan daiteke ea non kokatzen diren baliabideak elkarrekiko harremanean. Barnes bilduman, adibidez, artelanak fisikoki multzokatzen dira, ezaugarri komunak nabarmentzeko. Ostera, zooetan ez dira nahasten kanguruak eta basa txakurrak, eta armadan ez dira nahasten arma kimikoetako osagaiak (ez behintzat erabili nahi diren arte). Bestalde, zenbait egoeratan, baliabideak ingurumen jakin batzuetan bakarrik existitu daitezke (edo bereziki egokiak dira ingurumen jakin batzuetarako): esaterako, baldintza konkretu batzuk behar dira mahatsa edo perretxikoak hazteko, edo erregai nuklear erabilia gordetzeko. UPSk enpresei aholkatzen die non ipini beren biltegi eta bidalketa-zentroak. Halako auziak garrantzitsuagoak dira aurkezpen soila baino, baina eztabaidagarria da ea biltegiratze-lerroari edo logikaren lerroari dagozkion (printzipio hau ezar genezake: «gorde perretxikoak leku heze batean», baina leku jakin bat zehaztu gabe).

Zenbaitetan, antolaketa-sistema batean, kokapena gailentzen dela dirudi; adibidez, hirien diseinuan: orientatzeko eta hirian barna ibiltzeko, kaleen planoa funtsezkoa izan daiteke, eta eragina du zonifikazioan, hauteskundeetan eta beste antolaketa esplizitu batzuetan, bai eta antolaketa informaletan ere –auzoen identitatean, esaterako–. Baina, halako kasuetan ere, antolatzen dena ez da espazio fisikoa bera, ezpada bertan –hirietan– bizi den jendea: pertsonek hiriarekin eta beren artean dituzten elkarreragin-jarduerak hauspotzen edo mugatzen dira.

Hain zuzen ere, antolaketa-sistema bat diseinatzen ari zarenean, sarritan ohartuko zara ezen kokapenari buruzko kontuak naturalki ebatziko direla, diseinuari dagozkion beste bost alderdien ondorioz. Kasu baterako, «noiz», «zer», eta «non» galderak bereizezinak izaten dira maiz, batez ere antolaketa-sistema kanpoko erregulazioen mende badago, halakoek jurisdikzio geografikoak ezartzen dituzte-eta. Bestalde, «non» galdera lotuta egon ohi da «nork» eta «zergatik» galderekin, adibidez, sistemaren erabiltzaile edo sortzaileek diseinuari buruzko lanketa berezi bat garatu behar dutenean kokapenari dagokion erronka edo aukera bati heltzeko (Ikus 4.5.2 atala, Eraginkortasuna ).

Kokapenak berebiziko garrantzia izan dezake antolaketa-sistema batean: hain garrantzitsua da, ezen ezin baita aparte landu. «Non?» galderari heldu nahi bazaio, egokiena da bere osotasunean hartzea diseinuari dagozkion beste bost alderdiak: baliabideak non antolatu nahi diren erabakitzeko ikuspegi estu bat hartzen bada, gehienetan aspaldiko moldeak hobetsiko dira, pentsamendu arkitektonikoaren kalterako, eta, horrela, ondareari loturiko auziak eta era kaskarrean antolaturiko sistemak betikotuko dira.