12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.13 IP helbideak Internet globalean

Andrew McConachie; 2013ko abendua.

Laburpena. Jende gehienak emantzat jotzen du Interneten funtzionamendua. Ordenagailua Internetera konektatu, IP helbide bat jaso, eta gai dira beste IP helbide bat daukaten ordenagailuekin komunikatzeko, horien planetaren beste aldean egon arren. Nola lortu du ordenagailuak IP helbide zuzena? Nola lortzen du edozein ordenagailu edo routerrek IP helbide zuzena? Nola lortu zuten Interneteko ordenagailuek eta routerrek beren IP helbidea? Nork erabakitzen du zer ordenagailu eta routerrek jasotzen duten zer IP helbide?

Zer antolatu nahi da? Sinple-sinple esanda, IPv4 helbideak 0 eta 1 zifrez osaturiko serieak dira, 32 bitekoak. Digitalki sortuak dira, ez dute errepresentazio fisiko kanonikorik. Beren errepresentazio digital kanonikoari dagokionez, denok ezagutzen dugun honezkero, eta «notazio dezimala puntuekin» formatuan dago: 4 zenbaki dira, 0-255 zenbakien bitartekoak, eta puntuen bidez bereiziak. Adibidez, 169.229.216.200 dugu www.berkeley.edu -ren IPv4 helbidea.

IP helbide guztiak ez dira klase baliokidetakoak: badira unicast erako IPv4 helbideak, multicast erakoak, broadcast erakoak eta IPv4 helbide esperimentalak ere; unicast helbideak publikoak zein pribatuak izan daitezke. Bestalde, gaur egun IP helbideen bi bertsio erabiltzen dira Interneten: IPv4 eta IPv6. Guri dagokigunez, helbide-mota jakin batean zentratuko gara: IPv4 helbideak, unicast erakoak eta publikoak; horiek baitira ez bakarrik ohikoenak, ezpada baita garrantzitsuenak ere. Lau mota horietako helbideek osatzen dute, gutxi-asko, 1.0.0.0 helbidetik 223.255.255.255 helbidera arte doan sorta; tartean, hala ere, IP helbide pribatuentzako espazioak ere badaude.

Zergatik antolatu nahi da? IP helbideak dira sareko konektagarritasunaren eta Interneten zutarriak; ordenagailuen sareko gailu bakoitza identifikatzen dute, eta, halaber, haren helbide gisa balio dute, beste router edo gailu batzuek topatu dezaten eta harekin komunikatzeko aukera izan dezaten. Ezin duzu online ibili IP helbiderik gabe. IP helbideak errepresentatzeko modu ugari daude: blokeka, azpi-sareen bidez, aurrizki bat eta maskara bat erabiliz. Esaterako, 169.229.216.0/24 errepresentazioan biltzen dira 169.229.216.1 eta 169.229.216.255 bitartean dauden IP helbide guztiak. Interneteko routerrek ez dute aski memoriarik Interneteko IP helbide guztiez oroitzeko. Hortaz, azpi-saretan antolatzen da Internet, eredu hierarkiko bati jarraituz lausoki, eta, horrela, routerrek modua dute helmuga orotara iristeko bide zuzena zehazteko, helbide guzti-guztiak memorian gordetzeko premiarik gabe. IP helbideen antolaketa ez bada behar moduan egiten, Interneteko routerren memoria-espazioa agortuko litzateke, eta Interneteko zenbait lekutara iristea ezinezkoa suertatuko litzateke.

Zenbat antolatu nahi da? Gaur egun, xehetasun-maila handiegia da Internet globaleko IP bideratze-taulan. Router batek memoria-kopuru berdina behar du 255 IP helbideko azpi-sare bat gordetzeko zein 65.536 IP helbideko azpi-sare bat gordetzeko.

Beraz, gure asmo nagusia baldin bada Interneteko routerrek memoria gutxiago erabili behar izatea, eta, horrela, operazio-kostuak murriztu eta egonkortasuna areagotzea, Interneteko bideratze-taulan ahalik eta xehetasun-maila txikiena egon dadin nahi dugu. Arazoa zera da: antolakunde askok ez dituzte ondoz ondoko IP azpi-sareak erabiltzen; horrenbestez, ezin dira agregatu eta azpi-sare handiagotan bildu. Ondorioz, routerrek hainbat azpi-sare txiki gorde behar izaten dituzte, azpi-sare handi gutxi batzuk gorde beharrean, eta horrek, uneren batean, router zaharren memoria agortzea eragingo du, eta baliteke irisgarritasunari loturiko auziak ere izatea. Gaur egun, Interneteko bideratze-taula osoan 500.000 bide daude ia. Sare-ingeniari gehienek uste dute arazoak sortuko direla bideratze-taulan 512.000 bidetik gora daudenean, memoriaren mugak beti daudelako loturik biten mugekin.

Noiz antolatu nahi da? Norbaitek gailu bat konfiguratu edo DHCP bat ezarri (Zerbitzarien Konfigurazio Dinamikoaren Protokoloa) ondoren antolatzen dira IP helbideak. Antolakunde batek berari dagozkion doako IP helbideen kopurua agortzen badu, helbide-espazio gehiago eskatu beharko dio korrontean gorako hornitzaileari edo Interneteko Erregistro Erregionalari (RIR). Interneten hastapenetan, IP helbideen bloke handiak eman zitzaizkien antolakundeei, baina horrek eragin zuen blokeetako helbide asko ez erabiltzea. Orain, une batera iritsiak gara non ez baitago antolakundeei eman dakiokeen helbide berririk.

Merkatu berriak sortzen ari dira, antolakundeek IP helbideak saldu eta erosi ditzaten; hortaz, erabili gabeko helbide-espazio asko gorde duten antolakundeek aukera daukate diru-sarrera handiak lortzeko espazio horren trukean. Antolakundeek IP helbideen espazio erabili gabea saltzen dutenean, bloke handi-handiak zatituko dituzte azpi-sare txikiagotan: horrek areagotu egin du xehetasun-maila, eta Interneteko bideratze-taularen hazkundea azkartuko du.

Nola edo nork antolatu nahi du? Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioa (ICANN) arduratzen da, gaur-gaurkoz, IP helbideen esleipenaz. IP helbideen 8 bloke esleitzen dizkiete RIR delakoei; ondoren, erakunde erregional horiek arduratzen dira esleipenak banatzeaz, eskaerak egiten dituzte antolakundeei emanez. Antolakunde horiek, ondoren, IP helbideak esleitu diezazkiete antolakunde txikiagoei, eta hala osatzen da antolakundeen hierarkia lauso bat, zeinean hierarkiako maila bakoitzak bere gainetik dagoen antolakundearen IP helbidearen espazio bat jasotzen baitu. ICANNek jadanik ez du IP helbideen 8 blokerik, RIRei esleitzeko. RIRek beren esleipen guztiak banatu eta gero, antolakundeek bigarren mailako merkatuetara jo beharko dute, IP helbide-espazioa handitu nahi badute.

Beste kontu batzuk. IP helbideen mundua askoz interesgarriagoa bihurtuko da laster. IPv6 bertsioa aurkeztu dute, IPv4 bertsioaren ordezko gisa, baina ordezkatze-prozesua poliki doa, eta, abaila hartzen ari den arren, barraskiloaren erritmoan doa oraindik. Antolakundeak elkarri IP helbideak erosten hasi ahala, espero izatekoa da xehetasun handiagoa izango duela Interneteko bideratze-azpiegiturak, eta haren egonkortasuna murriztu egingo dela ondorioz. Interneten erabiltzaile arruntek aldaketa hori nabarituko duten edo ez, ekipamendu saltzaileen eta ingeniarien araberakoa izango da: ea moldatzen diren etorkizun dauden arazoei apropos erantzuten.