8. Sailkapena: Kategoriei baliabideak esleitzea

Robert J. Glushko, Jess Hemerly, Vivien Petras, Michael Manoochehri ,Longhao Wang ,Jordan Shedlock, Daniel Griffin

8.3 Sailkapen bibliografikoa

Sailkapenari buruzko gogoeta askok eremu bibliografikoan dute jatorria. Liburutegiak eta gisa horretako antolaketa-sistemak hainbat milurtez garatu dira, sortu zituzten gizarteetako baldintza intelektualek, sozialek eta teknologikoek taxuturik. K.a. hirugarren milurtekoan, kasu, baziren aski idatzizko dokumentu –papirozko biribilkiak edo buztinezko taulak–, nolabaiteko antolatze-modu baten beharra izateko. Eskribau mesopotamiarrek egin zituzten lehen ahaleginetako batzuk: dokumentuen zerrendak osatzen zituzten, ordena jakinik gabe. Antzinako greziarrek, erromatarrek eta txinatarrek, ostera, printzipio gehiagoko sistemak sortu zituzten: besteak beste, hizkuntzaren arabera eta ordena alfabetikoan sailkatzen zituzten lanak, eta kategoria semantikoki ezberdinetan kokatzen zituzten, gaia edo generoa kontuan hartuz, adibidez. Europan, Erdi Aroan, liburutegiak teologian kristauan zentratzen ziren hertsiki, baina irakurle laikoak eta liburu profanoak ugaritu ahala, teknologia berriei eta alfabetatze gero eta zabalagoari esker, sailkapen bibliografikoak ere zabalgoak eta konplexuagoak bihurtu ziren. Sailkapen-sistema modernoek ñabardura asko dituzte, eta jakintza guztia biltzeko diseinatuta daude; hala ere, beren aurrekarien ezaugarri eta joera batzuk gordetzen dituzte oraindik.

Sailkapen bibliografikoko sistema garrantzitsuenak deskribatuko ditugu, labur bada ere: Dewey Sailkapen Dezimala (DDC, ingelesezko sigletan) eta Kongresuko Liburutegiko Sailkapena (LCC, ingelesezko sigletan). Nolanahi ere, hori egin aurretik, sailkapen bibliografikoari dagozkion ezaugarri bereizgarri garrantzitsuak aipatuko ditugu:

Eskala, konplexutasuna eta estandarizazio-gradua:

Saltoki handietan eta supermerkatuetan hamarnaka ehunka item eskaintzen dira (SKU kopurua kontuan hartuta), eta Amazon zein eBay online guneetan ere, antzeko. Hala ere, supermerkatuetan produktuak sailkatzeko sistema estandarrean 300 kategoria inguru baizik ez daude. Online dendetako sailkapenak sakonagoak izaten dira denda fisikoetakoak baino; halere, oso idiosinkratikoak eta ez-estandarrak izan ohi dira. Kontrara, unibertsitate-liburutegiei dagokienez, bost milioi item edo gehiago biltzen dituzte, eta ia denek erabiltzen dute sailkapen-sistema bibliografiko estandar berdina, zeinak 300.000 kategoria inguru baititu.

Antolaketa fisikoaren, erabiltzaileen sarbidearen eta apaletan birkokatzearen ondarea

Aurreko ezaugarriarekin lotuta, sailkapen-sistema bibliografikoen beste ezaugarri bereizgarri bat da ezen, luzaroan, ahalbidetzen duten antolaketa fisikoaren, erabiltzaileek gordailuetara duten sarbidearen eta apaletan birkokatzearen ondareak taxutu dituztela, eta oraindik ere taxutzen dituztela. Baldintza horiek, izan ere, sailkapen bibliografikoen garapena eta hedakortasuna mugatzen dute; horrenbestez, ahalmen gutxiago dute kontzeptu aldakorren eta jakintza-eremu berrien martxari eusteko. Amazonek biltegi erraldoietan sailkatzen ditu bere produktuak, baina bezeroek ez dute hara joan behar beren erosketen bila, eta produktu gehienak ez dira sekula itzultzen biltegira. Amazonek, horrenbestez, liburutegiek baino askoz errazago gehitu ditzake produktu-kategoria berriak, eta biltegietako baliabideak kudeatu.

Liburutegi digitalen sorrerarekin, eskalari eta antolaketa fisikoari dagozkion mugak nabarmen ezabatu dira, zeren gordailuen kokapena ez baitzaio erakusten erabiltzaileari, eta ez baitago premiarik baliabideak itzultzeko eta apalategietan birkokatzeko. Hala ere, erabiltzaileek liburutegiko eduki guzti-guztietan bilatu dezakete, webeko baliabideekin egitea espero duten eran; horregatik, probabilitate txikiagoa dago sailkapen-sistema bibliografikoak, liburutegi-baliabideei zorrotz ezarri zaizkionak, erabil ditzaten.

8.3.1 Dewey Sailkapen Dezimala

Dewey Sistema Dezimala (DDC, ingelesezko sigletan) da munduan gehien erabiltzen den sistema bibliografikoa: 200.000 liburutegi baino gehiagotan erabiltzen da, 135 herrialdetan. De facto estandar bat da, jabetzapekoa, eta hori erabiltzeko lizentzia eskuratu behar da Ordenagailu Liburutegi Online Zentroan (OCLC).

1876an, Melvil Deweyk DDC sortu zuen, Amherst College unibertsitateko liburutegia kudeatzeko kontratatu zutenean, ikasketak amaitu eta berehala. Deweyk oinarritzat hartu zuen Baconen saiakera –bere garaian, jakintza guztia sailkatzeko sistema unibertsal bat sortu nahi izan zuen hark–, eta Baconen sistemaren bertsio numeriko gisa irudikatu zuen DDC: 10 klase nagusi dauzka, horietako bakoitza beste 10 klasetan banatzen da, horietako bakoitza beste 10 klasetan, eta abar. Berme literarioa modu argian arbuiatzen badu ere, Deweyren sailkapenean eragin handia izan zuen Amherst unibertsitateko bildumak, zeinak islatzen baitu Amherst honako helburu honetan zentratuta zegoela garai hartan: «errukiaren eta trebezien jabe diren gizon gazte behartsuak apaizgo kristaurako prestatzea».

Ondorioz, erlijioaz den bezainbatean, XIX. mendeko joera mendebaldarrak ageri dira DDC sailkapenean, eta harrigarria irudi dakiguke gaur egun, izan ere, erlijioari dagokion sailkapenak bere horretan baitirau, 23. berrikuspenaren ostean (ikus 8.2 marrazkia: «Erlijioa», Dewey Sailkapen Dezimalean). Hamar klase nagusietako bat da «erlijioa», 200. klasea hain zuzen ere, eta bederatzi azpi-klase biltzen ditu. Bederatzi azpi-klase horietatik seik «kristau» adjektiboa biltzen dute; beste klase bat, berriz, oso-osorik dagokio Bibliari, eta beste atal bat dago, «Teologia natural»ari dagokiona. Munduko beste hamaika erlijioei buruzkoak, berriz, atal bakarrean pilaturik daude: 290, «Beste erlijio batzuk».

8.2 marrazkia: «Erlijioa», Dewey Sailkapen Dezimalean

200 Erlijioa
   210 Teologia naturala
   220 Biblia
   230 Teologia kristaua
   240 Moral kristaua eta debozioaren teologia
   250 Ordena kristauak eta bertako eliza
   260 Teologia sozial kristaua
   270 Eliza kristauaren historia
   280 Sekta eta izendapen kristauak
   290 Beste erlijio batzuk

Sistema dezimala sinplea da; horregatik, erraza da DDC erabiltzea eta bertako kategoriak banatzea. Azpi-banaketei esker, hizkuntzari, geografiari edo formatuari loturiko alderdiak erantsi ahal zaizkie klase askori; horrela, sailkapena zehatzagoa da. Nolanahi ere, sistema oro har ez da oso egokia jakintza-eremu berriak gehitu nahi bazaizkio.

8.3.2 Kongresuko Liburutegiaren Sailkapena

AEBko Kongresuko Liburutegia da, gaur egun, munduko liburutegirik handiena, baina hasiera txarra izan zuen. 1800. urtean ireki zuten, eta, handik gutxira, 1814an, 1812ko gerraren ondorioz, tropa britainiarrek AEBko Kapitolioa erre zuten: eraikin horretan zegoen, hain zuzen, liburutegia, eta bildumako 3.000 liburuak erre ziren. Urtebete beranduago abiatu zuten berriro egitasmoa, Kongresuak Thomas Jefferson presidente ohiaren liburutegia erostearekin bat, britainiarrek erretako liburu-bilduma halako bi baitzen. Jefferson pertsona intelektuala zen oso, eta liburutegi originaleko bilduma historiari eta zuzenbideari hertsiki lotua egonagatik, presidente ohiaren bildumak agerian jartzen zuen «interesa zuela askotariko gaietan: filosofia, historia, geografia, zientzia, literatura, bai eta hitzarmen politiko zein legalak ere».

Kongresuaren Liburutegia, bada, Jeffersonen bilduma eta sailkapen pertsonalaren inguruan berrabiatu zen, eta ondorio interesgarri bat ekarri zuen horrek. 1897an sortu zen, formalki, Kongresuko Liburutegiko Sailkapena (LCC), Herbert Putnam-en eskutik; garai horretan, ordea, Putnamen xedea ez zen munduko jakintza antolatzeko modu bat aurkitzea, ezpada Kongresuko Liburutegiko bilduman zeuden itemak antolatzeko eta aurkitzeko modu praktiko bat eskaintzea. Nolanahi ere, Putnamek konpromiso tinkoa zuen arren berme literarioarekiko, Jeffersonen bilduma hain zabala izanik, LCCk anbizio intelektual handiagoa izan zuen, osterantzean izan zezakeena baino, eta, seguru asko, horregatixe erabiltzen dute unibertsitate-liburutegi gehienetan.

LCC sailkapenak 21 kategoria nagusi ditu, letren bidez identifikatzen direnak, eta ez zenbakien bidez, DDCn bezala (ikus 8.3 marrazkia: Kongresuko Liburutegiko Sailkapenari dagozkion kategoria nagusiak). Kategoria nagusi bakoitza, berriz, 10-20 azpi-klasetan banatzen da, eta horiek ere hainbat aldiz banatzen dira. LCC sailkapena eta horren informazio osagarria argitaratua dago, 41 liburukitan.

8.3 marrazkia: Kongresuko Liburutegiko Sailkapenari dagozkion kategoria nagusiak

A – LAN OROKORRAK
B – FILOSOFIA, PSIKOLOGIA, ERLIJIOA
C – HISTORIAREN ZIENTZIA OSAGARRIAK (OROKORRA)
D – MUNDUKO HISTORIA (AEBEKO HISTORIA IZAN EZIK)
E – HISTORIA: AEB
F – HISTORIA: AEB
G – GEOGRAFIA, ANTROPOLOGIA, AISIA
H – GIZARTE ZIENTZIAK
I – ZIENTZIA POLIYIKOAK
K – ZUZENBIDEA
L – HEZKUNTZA
M – MUSIKA
N – ARTE EDERRAK
P – HIZKUNTZA ETA LITERATURA
Q – ZIENTZIA
R – MEDIKUNTZA
S – NEKAZARITZA
T –TEKNOLOGIA
U – ZIENTZIA MILITARRA
V – ITSAS ARMADAREN ZIENTZIA
Z – BIBLIOGRAFIA. BIBLIOTEKONOMIA

Begien bistako joerak daude hala LCC nola DDC sailkapenetan; lehenengoan, ordea, zertxobait sotilagoak dira. AEBko liburutegiak bere historiari erreparatzen dio bereziki. «Itsas armadaren zientzia» puskaz garrantzitsuagoa zen 1800eko hamarkadan: garai horretan eman zioten kategoria bereizi bat, «Zientzia militarra»ri zegozkion baliabideetatik aparte (azken horren barruan, «Zalditeria»ri eskainitako azpi-klase bat zegoen).

LCC oso enumeratiboa da, eta egitura horrek, esklusibotasun-printzipioarekin batera, distortsioa sortzen du denborarekin; are, batzuetan sailkapena bihurrikatu beharra dago diziplina berriak txertatu nahi badira. Adibidez, gaur egun arraroa eman dezake informatikak, halako diziplina zabala eta inportantea izanik, bigarren mailako kategoriarik ez edukitzea Q kategoriaren azpian («Zientzia»), baina informatika, hastapenean, matematika sailetan irakasten zenez, LCC sailkapeneko QA76 azpiklasea dagokio, matematikari dagokion klasearen barruan (QA).

8.3.3 BISAC sailkapena

Liburugintzako Estandarren Aholkularitza Batzordearen sailkapenak (BISAC), ostera, guztiz bestelako modu batean heltzen dio sailkapen bibliografikoari. Liburugintzaren Ikerketa taldeak (BISG) garatzen du sailkapen hori: irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek «estandarrak eta praktikak onak garatzen, mantentzen eta sustatzen ditu, liburugintzaren negozioa efizienteagoa izan dadin». BISAC sailkapen-sistema erabiltzen dute Ipar Amerikako industria editorialeko negozio nagusietako batzuek, hala nola Amazon, Baker & Taylor, Barnes & Noble, Bookscan, Booksense, Bowker, Indigo, Ingram eta argitaratzaile nagusi gehienek.

Argitaratzaileek, BISAC sailkapenaren bitartez, liburu-saltzaileei iradokitzen diete nola sailkatu behar lituzketen liburuak liburu-denda fisikoetan zein online dendetan. Merkataritzari eta bezeroei erreparatzen dienez, BISAC sailkapenak erabilera bermearen printzipioari jarraitzen dio, eta kategorietan badago joera bat: hizkera arrunta eta kultura popularra erabiltzea. BISAC sailkapeneko kategoria nagusietako batzuk, hala nola Zuzenbidea, Medikuntza, Musika eta Filosofia, LCC sailkapenean ere agertzen dira, baina beste batzuk ez, adibidez: Komikiak eta Nobela Grafikoak, Sukaldaritza, Etxeko animaliak eta Egiazko krimenak.

BISAC eta LCC sailkapenen artean dauden aldeak aise ulertzeko modukoak dira: izan ere, xede zeharo desberdinak dituzte bi sailkapenek, eta, orokorrean, ez da harremanik izaten bien artean. Hori aldatu egin zen, ordea, 2004an, Googlek bere egitasmo handinahiari ekin zionean: munduko liburu gehienak digitalizatzea (Ikus taula gehigarria: Zer da liburutegi bat?). Googlek, hasiera batean, BISAC sailkapenaren arabera antolatu zituen liburuak, ezen ez LCC sistemaren arabera, eta horrek liburutegien arloko eta akademiako jende asko haserrearazi zuen.

Gainera, liburutegi publiko berri batzuek BISAC sailkapena lehenetsi dute DDCren gainetik, iruditzen zaielako erabiltzaileak erosoago sentitzen direla horrela. Liburuzain batzuen iritziz, online katalogoek web bilatzaileen antza izan behar lukete; ondorioz, aukera ona dirudi sailkapen ez hain xehe bat, kategoria-termino ezagunagoak dituena, erabiltzea.