12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.2 Jakintzaren kudeaketa, aholkularitza-enpresa txiki batentzat
Laburpena. Unibertsitateko irakasle batek, hainbat urtez, aholkularitza-zerbitzuak eskaini ditu lanaldi erdian, eta, bere azken liburuak arrakasta itzela bildu duenez, poz-pozik dago, aholkulari gisa jarduteko eskaintzak iritsi zaizkiolako oldean. Hala, erabaki du bi urteko baimena hartzea unibertsitatean, eta aholkularitza-enpresa txiki bat abiatzea; graduondoko ikasleak kontratatu ditu lankide gisa.
Jakintza kudeatzeko antolaketa-sistema baten premia dauka, baina helmenaren arabera erabakiko da zer-nolako sistema diseinatu behar den. Zein da sistemaren helburua: aholkularitza-negozioa ahalbidetzea, ala orobat ahalbidetzea ikerketa-proiektuak, unean martxan daudenak zein etorkizunean egingo direnak, aholkularitza-aukera gehiago sor ditzaten?
Zer antolatu nahi da? Irakaslearen aholkularitza-lana ikerketan oinarriturik dago, horregatik, bere ikerketa-artikuluak eta horietan aipatzen diren datu gordinak zein analisiak txertatu nahi ditu jakintza kudeatzeko sistema berrian. Baliabide horiek antolatuta daude jada, neurri handi batean, beren sorrera eragin zuten ikerketa-egitasmoen arabera. Irakasleak unibertsitatean duen bulegoan daude gordeta.
Irakasleak, bestalde, bilduma bereizi bat dauka, aholkularitza-proposamenenekin, bezeroen txostenekin eta beste negozio batzuetan egin dituen aurkezpenekin. Unibertsitateak arau zorrotzak ditu bertako langileen aholkularitza-lanaren inguruan; hori dela-eta, irakasleak etxeko bulegoan gorde ditu baliabide horiek denak, campusean gorde ordez.
Baliabide-mota horietaz gainera, baliabide-mota berriak sortu behar dira, irakasleak ordura arte modu informalean eta isilean kudeatu duen informazioa sistematizatzeko eta esplizitu bihurtzeko. Horrelakoak dira, besteak beste, aholkularitzari buruzko galderak, aukerei buruzko informazioa eta kanpoko negozioetako jende espezifikoari buruzko informazioa.
Zergatik antolatu nahi da? Irakasleak, orain arte, aholkularitza-proiektu bakar bat egin du aldi bakoitzean, hori zelako egokiena berarentzat. Sarritan, uko egin die proiektuei, bere gain har zezakeena baino lan gehiago zekartelako. Orain, ordea, askoz aholkularitza-lan gehiago egiteko aukera daukala uste du, eta orobat iruditzen zaio proiektu handiagoak ere bidera ditzakeela, baldin eta gai bada bere jakinduria modu efizientean baliatzeko.
Irakasleak, bada, «amu» gisa funtzionatu dezake, aholkularitza-enkargu berriak iritsiko direla ziurtatuz, eta erabaki garrantzitsuak hartuz, eta ziur dago gai izango dela bere langileak prestatzeko eta babesteko, aholkularitza-lanaren puskarik handiena haiek egin dezaten.
Hortaz, jakintza kudeatzeko sistemaren bitartez, negozioko kide guztiek modua izan behar dute proiektu-gordailuetara sartzeko eta bertan ekarpenak egiteko; gordailu horretan daude proposamenak, planak, martxan diren lanak eta proiektu bidalgarriak. Gauza horietako asko berriro erabil daitezke proiektu berri batean; ondorioz, negozioaren emankortasuna handituko da, bai eta bidalgarrien kalitatea ere.
Guztiz ezinbestekoa da irakaslearen jakintza sistematizatzea eta eskura jartzea, jakintza kudeatzeko sistemaren bidez, baina orobat da funtsezkoa gauza berdina egitea aholkulari berrien ekarpenekin. Graduondoko ikasle guztiak ez dira irakaslearen agindutara arituko betirako, hortaz, beren jardunean ikasiko dutena eta sortuko duten jakintza galdu egingo du negozioak, salbu eta irakaslearen jakintzarekin batera gordetzen bada.
Aholkularitza-negozioak, seguru asko, ez du bizi-ziklo mugagabe bat izango. Unibertsitateko baimena amaitu ostean, irakaslea bere zeregin akademikoetara itzuliko da, beharbada lanaldi erdiarekin. Jakintza kudeatzeko sistemari esker, enpresa beste norbaiten esku utz dezake, eta, aldi berean, martxan diren proiektuen berri izateko aukera izango du, baita ekarpenak egiteko ere. Baliteke, bestalde, enpresak arrakasta handia izatea, eta, kasu horretan, irakasleak unibertsitateko lanpostua uztea, negozioa zabaltzeko xedez. Halaber, baliteke aholkularitza-enpresa handiago batek irakaslearen enpresa erosi nahi izatea, eta negozioaren balioa zein den neurtzeko orduan, faktore honek eragina izango du: zer neurritan erregistratu diren negozioaren ahalmenak eta baliabideak jakintza kudeatzeko sisteman.
Zenbat antolatu nahi da? Enpresa txikiek ez dute aski diru ez jende teknologia konplexua eskuratzeko eta prozesu zorrotzak ezartzeko jakintzaren kudeaketari dagokionez; halere, eskura daude horretarako balio duten teknologia guztiz egokiak, prezio onean. Antolaketa-printzipioei buruzko erabakiak hartu behar dira, aholkularitza-proiektuen nahasketa islatzen dutenak: baliabideak antolatzeko garaian, fitxategi-sistema partekatu bat erabil daiteke, kontuan hartuz zein izan den bezero-mota, proiektu-mota eta aholkulari nagusia, edo faktore horiei denei erreparatuz, alderdien araberako sailkapen bat egin.
Baliabide-motentzako dokumentu-eredu estandarrak eta estilo-orriak, aholkulariek sortutakoak, hitz-prozesadoreetan eta kalkulu-orrietan txertatu daitezke. Bestalde, kontaktuak eta bezeroak kudeatzeko funtzioa baimendu daiteke, zerbitzariaren aplikazio gisa.
Talde txiki askotan wikiak erabiltzen dituzte jakintza kudeatzeko, oso malguak baitira egiturari dagokionez.
Noiz antolatu nahi da? Irakasleak eszedentzia bat hartu du, eta erabaki horrek erakusten digu ezen, haren ustez, lehenbailehen abiatu behar duela negozioa, haren liburuaren arrakastari etekina atera nahi badio, eta aholkularitzari loturiko enkarguak lortu. Ondorioz, jakintzaren kudeaketa-sistemari dagokionez, lehentasun nagusiko xedeak hauek dira: aukeren inbutua eta proposamenak idazteko prozesua kudeatzea.
Antolaketa-sistemaren beste zereginetako asko aholkularitza-proiektuen eranskin gisa sor daitezke, baldin eta ahalegin pixka bat egiten bada proiektuen arteko kudeaketa koordinatzeko.
Nola edo nork antolatu nahi du? Antolaketari loturiko lehen erabakietako askok ondorioak dakartzate negozioak har ditzakeen bezero- eta proiektu-motari dagokionez; horregatik, irakaslea baino ez da gai erabaki horietako gehienak hartzeko. Jakintzaren kudeaketa-sistemak helburu nagusi bat du: irakasleak modua izan dezala bere lanaren puska bat langileen esku uzteko; hori dela-eta, antolaketa-sistemaren diseinuan barneratu behar ditu, efektiboa izango dela ziurtatzeko.
Beste kontu batzuk. Aholkularitza-enpresa hazi ahala, aholkulari batzuk beste batzuk baino gehiago trebatuko dira jakintza sortzen eta erabiltzen, eta, horren bidez, balioa sortzen: saihestezina da. Gainera, abilezia horren arabera ordaintzea espero izango dute. Negozioak martxa onean jarrai dezan, funtsezkoa da egoera horrek aholkularien arteko lankidetza ez oztopatzea. Konponbidea: aholkularien lana baloratzen eta sustatzen duen kultura bat sortzea.
