7. Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta -motak deskribatzea

Robert J. Glushko, Rachelle Annechino, Jess Hemerly, Robyn Perry, Longhao Wang

7.2 Kategoriak: zer eta zergatik

Kategoriak baliokidetasun-klaseak dira, hau da, berdin tratatzen ditugun gauzen edo entitate abstraktuen sortak edo multzoak. Horrek ez du esan nahi kategoria bateko kasu guzti-guztiak berdinak direnik, baizik eta, ikuspegiren batetik, edo helburu jakin batzuetarako, baliokidetzat joko ditugula, beren arteko antzekotasunak oinarritzat hartuz. Gauzaren bat kategoria bateko kidetzat hartzen dugunean, zenbait hautu egiten ditugu: gauza horren propietate edo betekizun batzuetan zentratzen gara, eta beste batzuk, aldiz, bazterrean uzten ditugu. Gehienetan, modu automatikoan eta oharkabean egiten dugu hori, baina orobat egin genezake modu esplizituan eta jakinaren gainean egonik. Kategoriak sortzen ditugunean ahalegin kontziente bat eginez, eredu bat sortzen ari garela esaten dugu maiz. Ezaguna gertatu behar litzaizuke honako ideia hau: ereduak deskribapen sinplifikatuen sorta bat edo errepresentazio fisiko bat direla, zeinak konplexutasuna gutxiagotzen baitu neurri batean, ezaugarri batzuk nabarmentzeko eta beste batzuei garrantzia kentzeko.

Objektuekin edo egoerekin topo egiten dugunean, lagungarria suertatzen zaigu horiek kategoria bateko kide gisa identifikatzea, haiekiko elkarreraginean jarduteko. Adibidez, eraikin ezezagun batera sartzen garenean, seguru asko sarbide bat ireki edo zeharkatu beharko dugu, ate gisa identifikatuko duguna. Baliteke ate zehatz hori inoiz ikusi ez izana, baina ate guztien moduko propietateak eta potentzialtasunak edukiko ditu: kirten edo helduleku bat dauka, espazio handiago batera sartzeko modua eskaintzen du, ireki eta itxi egiten da. Ate jakin hori «ateak» kategorian sailkatzen badugu, «leihoak» kategoriatik ezberdinduko dugu: bigarren kategoria horretan, orobat daude heldulekuak dituzten eta itxi eta ireki egiten diren objektuak, baina normalean ez gara horietatik sartzen beste espazio batera. Horrenbestez, kategorizazioari dagozkion iritziak ez dagozkio soilik klase batean biltzen denari, ezpada klase batetik kanpo uzten denari ere. Edonola ere, kategorien mugak ez dira zorrotz-zorrotzak: badira ate berezi batzuk, baserrietan eta landa-eremuan ohikoak direnak, zeinak bi zati baitituzte: behekoa itxita manten daiteke, ate moduan, eta goikoa, berriz, zabalik utzi, leiho baten gisan.

Kategoriak, beraz, eredu kognitibo eta linguistikoak dira, eta aurretiko jakintza aplikatzeko balio dute; kategoriak sortzea eta erabiltzea giza jarduera oinarrizkoak dira. Kategoriei esker, gauzen arteko loturak ezar ditzakegu, beren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak aintzat hartuz; halaber, kategoriak baliatzen ditugu zerbait hautematen, komunikatzen, aztertzen aurreikusten edo sailkatzen dugun aldiro. Kategoriarik eduki ezean, anabasa erabatekoaren tankera hartuko genioke munduari, zeinean gauzek ez bailukete harreman ulergarririk ez aipagarririk izango elkarren artean. Pareta bateko sarbidearekin topo egin aldiro, zeharo berria irudituko litzaiguke, eta haren propietateak eta elkarreraginak deskubritu beharko genituzke, inoiz beste aterik ikusi ez bagenu bezala. Jakina, gauza bat kasu zehatz bat dela identifikatu behar izaten dugu sarritan, baina kategoriei esker ulertu dezakegu ezen kasu hori beste kasu batzuen baliokidea dela. Gauza guztiz espezifiko bat aipa dezakegu, hala nola «hitzaldi-gela nagusiko egurrezko atea», edo gauza orokorrago bat: «edozein ate».

Haurrek, baita hitz egiten ikasi aurretik ere, zenbait jarrera izaten dituzte, zeinak iradokitzen baitigute kategoriak sortu dituztela objektu fisikoen forma, kolorea eta zuzenean hautemateko moduko bestelako propietateak aintzat hartuz. Jendeak ia ahaleginik egin gabe ikasten ditu hazi diren kulturan eta hizkuntzan gorpuzturiko milaka kategoria. Era berean, jendeak bere esperientzien, zaletasunen eta helburuen arabera egokitzen ditu kategoria kultural horiek, edo kategoria indibidualak sortzen ditu hutsetik, baliabideak modu pertsonalean antolatu behar dituenean. Gerora, bizitako egoeren ondorioz eta hezkuntza formalaren bitartez, pentsamendu-prozesu sistematikoak eta logikoak baliatzen ikasten du jendeak, hala, kategoriak sortu eta ulertu ditzakete ingeniaritzan, logistika, garraioan, zientzian, zuzenbidean, negozioetan eta beste testuinguru instituzional batzuetan.

Kategorizazio kulturalean, indibidualean eta instituzionalean badira oinarrizko ideia komin batzuk, baina horietako bakoitzak prozesu eta xede ezberdinak nabarmentzen ditu kategorien sorrerari dagokionean, hortaz, bereizkuntza erabilgarria da. Kategorizazio kulturala, hasteko, gizakien gaitasun kognitibo natural gisa uler daiteke, zeinak antolaketa-sistema formalen eta informalen zutarri gisa balio baitu.

Kategorizazio indibiduala, berriz, berez sortu ohi da, norberaren jarduera pertsonaletatik. Kategorizazio instituzionalak, azkenik, honako premia honi erantzuten dio: koordinazio eta lankidetza formala gauzatu behar da konpainien, gobernuen eta xederen batera bideraturiko bestelako egitasmoen baitan eta horien artean.

Hiru testuinguru horietan, jendeak sortzen ditu kategoriak; badira, ordea, kategoria konputazionalak, hau da, ordenagailuko programek sortzen dituztenak informazioa berreskuratzeko, ikaskuntza automatikoa gauzatzeko, aurreikuspen-analisiak egiteko eta beste hainbat helburutarako. Kategoria konputazionalak, zenbait alderditan, jendeak sorturiko kategorien modukoak dira; beste alderdi batzuetan, aldiz, guztiz bestelakoak dira.

7.2.1 Kategoria kulturalak

Kategoria kulturalak dira kategorien forma arketipikoa: horietan oinarritzen dira kategoria indibidualak zein instituzionalak. Kategoria kulturalek, gehienetan, egunerokoan munduarekiko ditugun esperientziak eta gure jakintza kultural pilatua adierazten dituzte. Halako kategorien bidez deskribatzen dira objektuak, gertakariak, egoerak, barne-esperientziak, norabide fisikoak, entitateen arteko harremanak eta giza esperientziari dagozkion beste hamaika kontu. Modu primarioan ikasten dira kategoria kulturalak, zuzeneko heziketarik gabe, haurrek beren zaintzaileekin duten harreman arruntaren bitartez; testuinguru kultural zehatzetan gertatzen den hizkuntzaren jabetzearekin eta hizkuntza-erabilerarekin loturik daude.

Alde handiak daude hizkuntzen artean: hitzak berak ezberdinak dira, jakina, eta, gauza funtsezkoagoetan ere badira aldeak; horregatik, hiztunek eta idazleek arreta jarri behar diete munduaren edo esperientziaren zenbait alderdiri, beste hizkuntza batzuetan garrantzirik ez dutenei. Maiz, erlatibotasun linguistikoa esaten zaio ideia horri. (Ikus taula gehigarria: Erlatibotasuna linguistikoa).

Erlatibotasun linguistikoa

Aniztasun linguistikoaren eraginez, Benjamin Whorf-ek, XX. mendearen erdialdean, adierazpen sendoegi bat egin zuen hizkuntzaren, kulturaren eta pentsamenduaren artean dagoen harremanaz. Whorfek argudiatu zuenez, norberaren ama-hizkuntzaren berezitasunak baldintzatzen dute nola pentsatzen dugun eta zeri buruz pentsa dezakegun. Hainbat ideia muturreko proposatu zituen, besteak beste, AEBko herri indigenak ez zirela gai «denbora» deritzon kontzeptua ulertzeko, ez baitzeukaten ingelesez «denbora» esaten zaion hori adierazteko hitzik ez forma gramatikalik. Hizkuntza horiei buruzko azterketa zuhurragoek erakutsi zutenez, guztiz faltsuak ziren adierazpenaren bi zatiak.

Nolanahi ere, hizkuntzalari akademikoek fama kendu dioten arren Whorfen ideien bertsio sendoei, erlatibotasun linguistikoaren bertsio ez hain deterministek eragina izan dute, eta lagungarriak dira kategorizazio kulturala ulertzeko. Jarrera neurrizkoena Roman Jakobson-ek adierazi zuen, labur bai labur; zera esan zuen: «hizkuntzen arteko ezberdintasuna da, muinean, zer adierazi behar duten, eta ez zer adierazi ahal duten». Euskaraz, adibidez, zera esan dezakegu: «Auzokide batekin egon nintzen atzo». Genero gramatikala daukaten hizkuntzetan, ordea, auzokidea gizona ala emakumea den adierazten duen hitz bat hautatu behar da.

Esate baterako, Australian badago hizkuntza aborigen bat, Guugu Yimithirr izenekoa, zeinean ez baitute erabiltzen ezkerra edo eskuina adierazteko kontzepturik; aitzitik, norabide kardinalak baliatzen dituzte. Euskaraz, iparrera begira dagoen pertsona bati zera esango genioke: «Egin pauso bat ezkerrera»; haiek, ordea, pausoa mendebalderantz egiteko esango liokete. Pertsona hori hegoaldera begira balego, «eskuinera» egiteko esango genioke, baina haiek ez lukete mendebaldearen kontzeptua aldatuko. Pentsa zer zaila izan behar duen Guugu Yimithirr hizkuntzako hiztun bat eta euskaldun bat lankidetzan jardutea biltegi edo armairu bateko gauzak antolatzen.

Honako honetaz ohartzea ez da polemikoa: komunitate kultural eta linguistikoek nork bere esperientziak eta jarduerak dituztela, eta, ondorioz, jakintza ezberdinak dituztela eremu jakin batzuen inguruan. Ezin da ukatu ezen Chicagoko unibertsitateko ikasleek eta Guatemalako oihan tropikaleko biztanleek ez dutela ikuspegi bera izango animalien inguruan, edo «zuhaitzen aditu» ezberdinek (taxonomoek, paisajistek, basozainek) nork bere erara kategorizatuko lituzketela zuhaitzak.

Bestalde, nahiz eta ezberdintasun handiak dauden jatorrizko klimen, inguruneen eta kulturen artean, fenomeno naturalak deskribatzen dituzten «taxonomia herrikoiak» harrigarriki koherenteak dira mundu zabalean barna. Duela mende erdi, Emile Durkheim eta Marcel Mauss soziologoak ohartu ziren ezen taxonomia herrikoien hizkuntzak eta egiturak gizakien familia-harremanen ispilu direla (adibidez, zuhaitz-mota batzuk elkarren ahaide izan daitezke; animaliak, ordea, beste familia guztiz ezberdin bateko kideak izango lirateke). Zera iradoki zuten bi ikertzaileek: jendeak, mundua aztertzeko, giza familia-harremanak hartzen zituela oinarritzat, eta, horrela, errazago ulertzen zutela mundua.

Brent Berlin antropologoa, zeina beranduagoko belaunaldi batekoa baita, bat dator Durkheimek eta Maussek adierazi zuten gauza batekin, uste baitu lotuta daudela ahaidetasun-harremanak eta taxonomia herrikoiak; nolanahi ere, ikertzaile horrek esaten du gizakiak mundu naturalean oinarritu zirela beren familiak osatzeko, eta ez alderantziz.

Hipotesi whorfiarra arropa-iragarki batean

Hipotesi whorfiarra arropa-iragarki batean

«66 North» arropa-markaren iragarki batean, Whorfen hipotesia aipatzen da; zera dio: nahiz eta islandiarrek ehun hitzetik gora dauzkaten elurra izendatzeko, neguko arropa bakar baten izena axola zaie: iragarkiko markakoa, hain zuzen ere. (Argazkia: R. Glushko. Reykjavikeko aireportuan egina)

7.2.2 Kategoria indibidualak

Antolaketa-sistemetan kategoria indibidualak sortzen dira, pertsonen esperientzietatik, zaletasunetatik eta baliabide-bildumetatik eratortzen diren ad hoc baldintzak asetzeko. Kategoria kulturalak poliki garatzen dira, bolada luze batez; kategoria indibidualak, berriz, berariazko jarduera baten eraginez sortzen dira, egoera jakin bati erantzuteko edo antolaketaren arloko erronka sortu berri bat konpontzeko. Ondorioz, antolaketa-sistema indibidualetako kategoriek bizialdi laburrak izaten dituzte, eta gehienetan, ez dute irauten sortu dituen pertsonak baino luzaroago.

Kategoria indibidualek oinarritzat hartzen dituzte kategoria kulturalak, baina badituzte bi ezberdintasun nagusi horien aldean. Hasteko, kategoria indibidualek oinarri irudimenezkoak edo metaforikoak izaten dituzte batzuetan, eta sortzailearentzat nolabaiteko garrantzia izan arren, kategoria kulturalak distortsionatu ditzakete, edo gaizki-ulertuetarako bidea eman. Bigarrenik, kategoria indibidualak kategoria kulturalen bertsio espezializatuak edo laburtuak izaten dira maiz, eta esperientzia edo historia pertsonala biltzen dute. Adibidez, pertsona bat Txinan eta Mexikon bizi izan bada, edo bertako jendearekin bizi izan bada, baliteke kategoria oso indibidualizatuak ezartzea gustuko dituen eta gustuko ez dituen janariei dagokionez, hala txinatar nola mexikar sukaldaritzako ezaugarri nabarmenak uztartuz.

Bestalde, antolaketa-sistemetako kategoria indibidualek orobat islatzen dute pertsona batek denboran bildu dituen ondasunen, musikaren, liburuen, web orrietako laster-marken edo bestelako baliabideen sorta idiosinkratikoa. Finantza-erregistroen, paper pertsonalen edo mezu elektronikoen antolaketa-sistemek sarritan erabiltzen dituzte kategoria oso berezituak, eta kategorizazio horretan eragina dute honako faktore hauek: zer jarduera gauzatu behar diren, zer harreman dituen beste pertsonekiko, historia pertsonaleko gertakariak eta beste kontu guztiz indibidualizatuak. Beste modu batera esanda, kategoria indibidualen bidez antolatzen diren bildumetan, normalean, ez dira bilduma horretako baliabide-moten lagin adierazgarri guztiak biltzen. Pertsona guztiek izango balute musika-, liburu-, arropa- edo jostailu-bilduma berdina, leku aspergarria litzateke mundua.

Tradizioan, kategorizazio indibidualaren sistemak ez dira ikusgai egon besteentzat, eta ez dira haiekin partekatu; aldiz, gero eta ohikoagoa da jendeak bere argazkiak, musika edo bestelako baliabide pertsonalak partekatzea webeko antolaketa-sistemetan. Flickr, Instagram, YouTube eta antzeko webguneetan, jendeak bi kategoria-motak erabiltzen ditu edukiari etiketak jartzeko: aurrez existitzen ziren kategoria kulturalak zein berek sorturiko kategoria indibidualak.

7.2.3 Kategoria instituzionalak

Kategoria kulturalak modu inplizituan sortzen eta erabiltzen dira, eta kategoria indibidualak, berriz, nor bere kasara sortzen eta erabiltzen ditu jendeak; nolanahi ere, kategoria instituzionalak bestelakoak dira: modu esplizituan sortzen eta erabiltzen dira, eta, sarritan, jende ugarik egiten ditu, lankidetzan. Kategoria instituzionalak, gehien-gehienetan, eremu abstraktuetan sortzen dira, informazioa barra-barra erabiltzen den arloetan, zeinetan premiazkoak baitira kategoria zehatzak eta ez-anbiguoak, jarduerak arautzeko eta sistematizatzeko, informazioaren partekatzea eta berrerabilera ahalbidetzeko eta transakzioen kostuak murrizteko. Gainera, mundua bere horretan deskribatu ordez, kategoria instituzionalak sortzearen xedeetako bat izaten da mundua aldatzea edo kontrolatzea, kategoria kulturaletan biltzen diren eremu semantikoak baino eredu formalagoak eta ausazkoagoak ezarriz. Legeetan, araudietan eta estandarretan kategoria instituzionalak zehazten dira maiz, eta, horiekin batera, baliabideak kategoria berrietan sailkatzeko erabakiei buruzko arauak xedatzen dira, bai eta jarrerari buruzko arauak ere, jendeak kategoriekin nola jardun behar duen agintzen dutenak. Kategoria instituzionalen zehaztapen zorrotzak sailkapena ahalbidetzen du: baliabideak modu sistematikoan esleitzea antolaketa-sistema bateko kategoriei.

Nahiz eta, kategoria instituzionalak sortzeko, prozesu sistematikoagoak erabiltzen diren, kategoria kulturalak edo indibidualak ezartzeko orduan baino, horrek ez du ziurtatzen kategoria instituzionalak modu sistematiko eta arrazoizkoan erabiliko direnik beti, izan ere, baliteke kategoria instituzionalak erabiltzen dituzten pertsonek ez ezagutzea kategorien oinarrian dauden arrazoiketak. Era berean, kategoriak sortzeko molde horrek ez du eragozten joeren eragina. Hain justu ere, interpretazioari edo jarrerei dagozkien joerak ezartzea edo sustatzea izaten da kategoria instituzionalen helburua maiz. Horren adibide argi bat da hauteskunde-iruzurra, zeinetan hauteskunde-barrutien mugak diseinatzen baitira alderdi politiko edo talde etniko bati abantaila emateko moduan (Ikus koadro gehigarria: Hauteskunde-iruzurra Illinoiseko 17. kongresu-barrutian).

Kategorizazio instituzionalak desberdintasun alde nagusi bat, kategorizazio indibidualarekin konparatuz gero: kategorizazio instituzionalean ahalegin nabarmenak egin behar dira, halabeharrez, aurrez existitzen diren kategoria indibidualen arteko bat ez-etortzeak bateratzeko, baldin eta kategoria horiek lanari edo testuinguruari dagokion jakintza erabilgarria gorpuzten badute, zeina galdu egiten baita sistema instituzional formal batera igarotzean.

Bestalde, kategorizazio instituzionalek orobat gainditu behar dute kategoria kulturalen lausotasuna eta koherentzia eza, zeren kategoria instituzionalek, sarritan, estandar logiko zorrotzagoak bete behar baitituzte, inferentziak ahalbidetzeko eta lege-baldintzak betetzeko. Gainera, kategorizazio instituzionalaren prozesua, gehienetan, aintzat hartu behar da aurrekontuen eta langileen planifikazioan. Kategoria instiuzionalen mota batzuk prozesu konputazionalen bidez diseinatu edo deskubritu daitezke; gehienak, ordea, norbanako askoren lankidetzaren bitartez eratzen dira: normalean, antolaketa bateko hainbat zatitako edo hainbat konpainiako kideek egiten dute. Adibidez, hauteskunde-iruzurrari dagokionez, azpimarratu behar da jendearen esku daudela halako programen inputak eta barrutien ezarpenari buruzko erabakiak: hori dela-eta, barrutiak kategoria instituzionalak dira; programak, ordea, prozesua eraginkorrago bihurtzeko tresnak baino ez dira.

Hauteskunde-iruzurra Illinoiseko 17. kongresu-barrutian

Hauteskunde-iruzurra Illinoiseko 17. kongresu-barrutian

Illinoiseko 17. kongresu-barrutiari «untxi bat patinetan» goitizena jarri zioten 2003tik 2013ra bitartean, forma benetan bitxia zeukalako. Barruti arraro hura sortu zen, hain zuzen ere, elkarren kontrako alderdietako legegile titularrentzat aukera onuragarriak sortzeko. (Argazkiaren iturria: nationalatlas.gov. Ezin da copyright bidez babestu, 17 USC Sec. 105 tarteko)

Parte-hartzaileen era askotako ikuspegiak, negozioei dagozkionak edo teknikoak, funtsezko osagaiak izaten dira maiz kategoria sendoak garatzeko orduan, hots, tentuz identifikatutako baldintzak betetzen dituzten kategoriak garatzeko orduan. Bestalde, baldintzak aldatu egiten direnez denborarekin, orobat aldatu behar izaten dira kategoria instituzionalak, eta honako hauek bildu behar izaten dituzte: bertsioen kontrola, onarpen-azterketak eta beste mantentze- zein gobernu-prozesu formal batzuk.

Geratu eta pentsatu: Kolorea

Har dezagun kategoria zabal-zabal bat: kolorea. Zeintzuk dira kolorearen kategoria «kultural»aren adibide batzuk? Eta kategoria «indibidual»ari dagozkionak? Eta «instituzionalak?

Zenbait kategoria instituzionalek erabilgarritasun mugatua edo zehatza zuten hasieran, baina, denborarekin, arruntagoak bilakatu dira, eta, kategoria kulturaltzat hartzen ditugu orain. Horren adibide bat da, esaterako, kimikako taula periodikoa: Mendeleev-ek garatu zuen, 1869an; osagai kimikoak antolatzeko kategoria-sistema berri bat zen. Taula periodikoa funtsezkoa bihurtu zen zientzialarientzat, osagaien propietateak ulertzeko balio baitzuen, bai eta artean deskubritu gabeko osagaiak aurreikusteko ere. Gaur egun, taula periodikoari buruzkoak lehen hezkuntzan irakasten dira, eta, osagai kimikoez gainera, beste gauzak mordo bat antolatzen dira taula periodikoaren antzeko egitura grafiko bat erabiliz, besteak beste, zientzia-fikziozko filmak, desertuak eta superheroiak.

7.2.4 Kategorizazioaren continuum bat

Ikusi dugun eran, kategorizazio kulturalaren, indibidualaren eta instituzionalaren kontzeptuak erabilgarriak suertatzen dira prozesu eta xede primarioak bereizteko, jendeak kategoriak sortzen dituenean. Nolanahi ere, hiru kategoria-mota horiek fusionatu egin daitezke, uztartu, edo talka egin dezakete bata bestearekin. Beraz, hiru kategoriek muga zehatzak dituztela irudikatu beharrean, pentsa genezake halako eremu batzuk direla, kategorizazio-jardueren eta metodoen contiuumean.

Errepara diezaiegun, adibide baterako, animaliak kategorizatzeko ikuspegi ezberdinei. Instituzio zientifikoek, animaliak kategorizatzeko orduan, sailkapen-sistema esplizituak baliatzen dituzte, printzipio jakin batzuk betetzen dituztenak: Linnaeusen taxonomian, filum, klase, ordena, familia, genero eta espezietan sailkatzen dira animaliak. Kategorizazio kulturalari dagozkion praktikak ezin dira egoki deskribatu taxonomia nagusi baten terminoen arabera, ez baitira hain zorrotzak: batzuetan, printzipioen araberako taxonomiekin bat egiten dute, eta beste batzuetan ez. Nahiz eta gizakiak animalien erreinuaren baitan sailkatzen diren sailkapen-sistema biologikoetan, testuinguru kultural gehienetan gizakiak ez dira animaliatzat hartzen. Batzuetan, testuinguru kulturaletan ere erabiltzen da gizakiei dagokien izendapen zientifiko bat, homo sapiens deritzona, genero-espeziearen izendapen taxonomikoak eragina izan baitu gizakiei eta (beste) animaliei buruzko kontzepzio kulturaletan hainbat urtez.

Bestalde, animalien kategorizazio kulturalean, etxeko animaliak eta animalia basatiak bereizten dira sarri. «Etxeko animalien» kategorian, normalean, txakurrak, katuak eta arrainak biltzen dira. Etxeko animalia bat hainbat mailatan kategorizatu daiteke, kategorizazioaren ikuspegi indibidualak, kulturalak eta instituzionalak biltzeko eran: besteak beste, «animalia» (kulturala/instituzionala), «ugaztuna» (instituzionala), «etxeko ile-laburrekoa» (instituzionala), «katua» (kulturala) eta «etxekaltea» edo «kutuna» (indibiduala) izan daiteke; horretaz guztiaz gainera, etxeko animaliak banaka identifikatu daitezke, izen baten edo gehiagoren bidez. Bestalde, badira bestelako etxeko animaliak ere, txakurrez, katuez eta arrainez aparte. Pertsona batzuek etxeko animalia bitxi samarrak izaten dituzte: txerriak, adibidez. Norbanako batek txerri bat badauka etxean, edo beste norbait ezagutzen badu txerri bat daukana etxean, bada, «txerriak» ere sartuko ditu «etxeko animali»ei dagokien kategorian. Baldin eta jende gero eta gehiagok txerriak baditu etxean, azkenean, «txerriak» ere etxeko animaliei dagokien kategoria kultural nagusiaren barruan sartuko dira.

Ikuspegi kulturaletara hurbiltzen diren ikusmoldeetan, kategoria tradizional samarrak biltzen dira, elkarreragin-jarduera sozialetan modu inplizituan ikasten direnak, hala nola «etxeko animaliak» zeintzuk diren zehazten duten ulerkera nagusiak; ikuspegi instituzionalera hurbiltzen diren ikusmoldeek, aldiz, kategoria esplizitu eta formalak azpimarratzen dituzte, adibidez, sailkapen-sistema biologikoetan erabiltzen diren kategoriak.

7.2.5 Kategoria konputazionalak

Baliabideen kopurua edo baliabideekin loturiko deskribapen- edo iruzkin-kopurua hain denean handia non jendeak ezin baitu eraginkortasunez aztertu, kategoria konputazionalak eratzen dira, ordenagailu-programen bitartez. Kategoria konputazionalak sortzen dira informazioa berreskuratzeko, aurreikuspen-analisiak egiteko edo bestelako aplikazioak gauzatzeko, informazioaren eskalari edo abiadurari dagozkion baldintzak erabakigarriak direnean. Horrela sortutako kategoriek jendeak sorturiko kategorien antza dute gauza batzuetan, baina ez, ordea, beste batzuetan.

Kategoria konputazional sinpleenak estatistika deskribatzaileen bidez sor daitezke (ikus 3.3.4 atala). Estatistika deskribatzaileek ez dituzte etiketa kultural edo instituzional ezagunak erabiltzen berek sorturiko kategoriak izendatzeko; aitzitik, itemen kategoria inplizituak sortzen dituzte, item ohikoenetatik zer neurritan bereizten diren kontuan hartuta. Adibidez, banaketa arrunta duen datu-sorta batean, joera zentralei eta sakabanaketari dagozkion estatistikak erreferentzia-neurri estandarrak izango dira, edozein behaketa egiteko. Estatistika horien bidez, oso bestelakoak diren itemen edo balio atipiko ez-probableen kategoriak identifikatzen dira, hainbat arazoren adierazgarri izan litezkeenak: besteak beste, neurketa-akatsak, gaizki kalibraturiko ekipamendua, aski prestaturik ez dauden langileak edo iruzurra egiten ari direnak.

Testuak prozesatzeko metodo eta aplikazio askok estatistika sinpleak baliatzen dituzte hitzak kategorizatzeko, hizkuntza batean, dokumentu-bilduma batean edo dokumentu solteetan zenbat aldiz agertzen diren kontuan hartuta; ondoren, informazioa berreskuratzeko aplikazio ugaritan ustiatzen dira kategoriak horiek (ikus 10.4.1 eta 10.4.2 atalak).

Jendeak sortzen eta baliatzen dituen kategoriak, halaber, modu esplizituagoan erabil daitezke algoritmo eta aplikazio konputazionaletan. Zehazki, sailkatzaile deitzen zaie item bat edo kasu bat kategoria batean edo gehiagotan sailka ditzaketen programei. Informatikaren baitan, ikaskuntza automatikoari dagokion adarrean, sailkatzaileak sortzeko teknika ugari biltzen dira: programa horiek sortzeko, ondo kategorizaturiko adibideak baliatzen dira adibide moduan. Prestaketa-mota horri, hain zuzen, ikaskuntza ikuskatua esaten zaio: ikuskatua da, batetik, kategoriaren bidez etiketatutako adibideekin hasten delako, eta ikaskuntzari dagokio, bestetik, sailkatzaileak bere jarduna hobetzen duelako denborarekin, kategoriak bereizten dituzten ezaugarrien garrantzia egokituz. Baina, zorrotzak izanda, ikaskuntza ikuskatuko teknikek ez dituzte kategoriak ikasten: aldiz, jasotako edo beste norbaitek emandako kategoriak inplementatzen eta ezartzen dituzte. Jendeak sorturiko kategorien inplementazio konputazionalaz xeheago hitz egingo dugu 7.5 atalean.

CAFE estandarrak: Kategorizazio-ikuspegien arteko mugak lausotuz

CAFE estandarren bitartez (Batez Besteko Erregai Ekonomia Korporatiboaren laburdura, ingelesez), bi kategoriatan sailkatzen dira ibilgailuak: «bidaiari-autoak» eta «kamioi arinak», eta, erregai-efizientziari dagokionez, kamioiei baino minimo altuagoa ezartzen zaie autoei, kamioiek bestelako erabilera arrunt batzuk izaten dituztelako.

CAFE estandarrak indarrean sartu zirenean, kamioi arin gisa sailkaturiko ibilgailuak «betekizun arin»etarako erabiltzen ziren oro har, nekazaritza- eta ekoizpen-arloetan. Pentsa genezake «kamioi arinak» erdibideko kategoria bat direla, tartekoa: kamioi arinak ez dira autoak, ez eta kamioien parekoak ere; horregatik, ibilgailuen sailkapenari dagokionez, «arin» kategorian sar daitezke. «Autoa» eta «kamioi arina» kategorien ezaugarriak zehaztea eta tartekotasun edo erdibidekotasun hori formalizatzea: horra hor erregai-efizientziari dagokion politika koherente eta garden bat, ibilgailuen arteko bereizkuntza informalak eta gradualak baliatzen dituena, inplementatzeko modu bakarra.

Ekoizle batek urte batean saltzen dituen ibilgailu guztien batez besteko erregai-ekonomia CAFE estandarrak baino baxuagoa baldin bada, isunak ordaindu behar ditu. Hori dela-eta, «kirol ibilgailu utilitarioak» ekoizten dituzte (SUV, ingelesezko sigletan), zeinak bat baitatoz, CAFE estandarren arabera, kamioi arinen ezaugarriekin; edonola ere, jende gehienak auto gisa baliatzen ditu ibilgailu horiek. Era berean, PT Cruiser deritzon ibilgailua, Chrysler enpresak 2000-2001 urteetan ekoitzitako retro estiloko eta bost ateko ibilgailua, auto bat dela iruditzen zaio jende askori. Auto baten itxura du; bidaiarien garraioarekin lotzen dugu, eta ez nekazal lanekin, eta, hain justu ere, igorpen-estandarrei dagokionez, auto gisa sailkatzen da formalki. Nolanahi ere, kirol ibilgailu utilitarioak bezalaxe, PT Cruiser kamioi arin bat da CAFE sailkapen-sisteman.

CAFE estandarrak garatu egin dira denborarekin, eta kategoria kultural holistikoen eta kategoria instituzional formalen arteko talka politikoen agertoki bihurtu, zeinean eragina baitute industriaren, gobernuen eta antolakunde politikoen presioek. Bestalde, CAFE estandarrek eta ekoizleen aterabideek eragina izan dute kategoria kulturaletan: autoen itxurari buruzko ulerkera kulturala aldatzen ari da, ekoizleek PT Cruiser eta antzeko ibilgailuak diseinatzen dituztelako: halako ibilgailuek, autoen funtzio bera bete arren, ezohiko tankera dute, eta etekina atera diezaiokete CAFE estandarrek kamioi arinen harira ezartzen dituzten zehaztapenei.

Kontrara, ikaskuntza automatikoko teknika konputazional ugari gai dira baliabide-bilduma bat aztertzeko eta itemen arteko erregulartasun edo korrelazio estatistikoak deskubritzeko; ondorioz, kategoria-sortak eratu ditzakete, aurrez etiketaturiko datuekin prestatzeko premiarik gabe. Prozesu horri, beraz, ikaskuntza ez-ikuskatua edo patroi estatistikoen antzematea esaten zaio. Zientzialari kognitiboek sorturiko kategorizazio-eredu konputazionaletan, ikaskuntza-metodo estatistiko ez-ikuskatuak erabiltzen dira sarri, eta ez da harritzekoa, zeren, 7.2.1 atalean –Kategoria kulturalak– esan dugun moduan, kategoria kulturalei buruz dakigun gehiena ez baitugu heziketa esplizituaren bidez ikasten.

Kategoria konputazional asko kategoria indibidualen antzekoak dira, baliabide- edo datu-bilduma konkretuekin loturik daudelako, eta xede mugatu batzuk asetzeko sortu direlako. Mezu elektronikoen sarrera-ontzia edo ordenagailuko fitxategiak antolatzeko darabiltzazun kategoriek zeure interesak, jarduerak eta sare pertsonalak islatzen dituzte, eta, ziur aski, bestelakoak izango dira beste edonoren kategorien aldean. Halaber, bankuak zure transakzio espezifikoak aztertuko ditu, kategoria konputazionalak sortzeko eta bezero ona edo iruzurgilea izango zaren zehazteko; nolanahi ere, bankuko bezero bakoitzak bere kategoria izango du.

Kategoria konputazional asko kategoria indibidualen antzekoak dira, baliabide- edo datu-bilduma konkretuekin loturik daudelako, eta xede mugatu batzuk asetzeko sortu direlako. Mezu elektronikoen sarrera-ontzia edo ordenagailuko fitxategiak antolatzeko darabiltzazun kategoriek zeure interesak, jarduerak eta sare pertsonalak islatzen dituzte, eta, ziur aski, bestelakoak izango dira beste edonoren kategorien aldean. Halaber, bankuak zure transakzio espezifikoak aztertuko ditu, kategoria konputazionalak sortzeko eta bezero ona edo iruzurgilea izango zaren zehazteko; nolanahi ere, bankuko bezero bakoitzak bere kategoria izango du.

Ikaskuntza ikuskatua eta ez-ikuskatua

Ikaskuntza automatikoaren barruan, badira bi azpi-atal, garrantzitsuak direnak antolaketa-sistemei dagokionez: ikaskuntza ikuskatua eta ez-ikuskatua. Ikaskuntza ikuskatuan, ikaskuntza automatikoko programa bati itemen edo dokumentuen adibideak ematen zaizkio, kategorien arabera sailkatuak, eta, horrela, programak ikasten du item berriak kategoria egokian sailkatzen. Ikaskuntza ez-ikuskatuan, programak item berdinak jasotzen ditu, baina bere kabuz sortu behar ditu kategoriak, itemen artean zer korrelazio dagoen aztertuz; horregatik, batzuetan patroi estatistikoen antzematea deitzen zaio ikaskuntza ez-ikuskatuari.

Ikuspegi zehatz hori agerikoa bihurtzen da kategoria konputazionalak deskribatzeko moduei erreparatzen diegunean. «Iruzur-transakzioa 4264123456780123 txartel-jabearen kasuan»: kategoria kulturalak ez bezala, ez da kategoria lexikalizatu bat, hitz bakarreko etiketa bat duena. «Atea» eta «leihoa» hitzek helmen zabala dute, ez daude xede bakar batekin lotuta. Beste modu batera esanda, «atea» eta «leihoa» kategoria kulturalak behin eta berriro erabiltzeko modukoak dira, eta, zentzu horretan, datu ekonomikoak edo osasunari buruzko datuak biltzeko erabiltzen diren kategoria instituzionalen antzekoak dira, zeinak hainbat xedetarako aztertu baitaitezke. «Atea» eta «leihoa» kontzeptuen definizioa zertxobait lausoa izan daiteke, baina kategoria instituzionalak zehatzago zedarritzen dira, legeen edo araudien bidez maiz. Horren adibideak dira Ipar Amerikako Industria Sailkapen Sistema (NAICS, ingelesezko sigletan) –AEBko Errolda Bulegoak kudeatzen du– eta Produktu eta Zerbitzu Estandarren Nazio Batuetako Kodea (UNSPC, ingelesezko sigletan).

Azkenik, badago beste alde bat jendeak eta prozesu konputazionalek sorturiko kategorien artean: jendeak sortutako kategoriei dagokienez, beste pertsona batzuek ikuskatu ditzakete era horretako kategoria ia guztiak, eta zer arrazoiketaren arabera sortu diren azaldu; konputazio bidez sorturikoen kasuan, ordea, gutxi batzuk bakarrik dira gai hori egiteko. Eredu konputazional batek mailegu-eskatzaileak kategorizatzen baditu, kreditua jasotzeko hautagai onak edo kaskarrak diren kontuan hartuz, seguru asko zenbait propietate erabiliko ditu horretarako: adina, diru-sarrerak, helbidea eta ezkontza-egoera, hartara bankuko langileak erabakia ulertu edo azaldu dezan. Nolanahi ere, beste kategoria konputazional askoren kasuan, bereziki ikaskuntza teknika sakonen bidez sortuak direnak, ezin dira bereizi horiek erabiltzen ikasi duten eredu matematikoetatik; ondorioz, jendeak ezin ditu interpretatu.