4. Antolaketa-sistemetako baliabideak
Robert J. Glushko, Daniel D. Turner, Kimra McPherson, Jess Hemerly
4.1 Sarrera
Atal honek oinarritzat hartzen ditu 1. Kapituluan aurkeztu diren kontzeptu funtsezkoak, xehetasun handiagoz esplikatze aldera zer esan nahi dugun baliabideez ari garenean. Zehazki, identitatearen auziari erreparatuko diogu –beste baliabide bereizi bat bezala tratatuko dugu–, eta hizpidera ekarriko ditugu baliabide bakoitzari bere izena edo identifikatzailea esleitzean kontuan hartu beharreko auziak eta printzipioak.
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
4.2 atalean –Baliabideen arteko lau bereizkuntza–, baliabideen baitan ezartzen ditugun lau bereizkuntzetan sakonduko dugu: arloa, formatua, agentzia eta fokua. 4.3 atalean –Baliabideen identitatea–, bereizkuntza horiek aintzat hartuz, aztertuko dugu nola zehazten den baliabideen identitatea baliabide fisikoei, baliabide bibliografikoei eta informazio-sistemetako baliabideei dagokionez, eta orobat aipatuko ditugu baliabide aktiboak zein gauza adimentsuak. 4.4 atalean –Baliabideak izendatzea–, izendapenaren arazoak eta printzipioak hartuko ditugu gaitzat: behin baliabideak identifikatuta, nola izendatuko ditugu, eta elkarren artean bereizi? Azkenik, 4.5 atalean –Baliabideak denboran– denboraren igaroarekin baliabideen harira sortzen diren auziak aipatuko ditugu.
4.1.1 Zer da baliabide bat?
Baliabideak dira antolatzen dugun hori.
Baliabidea deritzon kontzeptua 1.3 atalean aurkeztu genuen –«Baliabide»aren kontzeptua–, bere ohiko esanahia aipatuz: «jarduera baten bidez xede bat lortzeko modua eskaintzen duen baliozko edozer»; halaber, nabarmendu genuen baliabideen multzoak bilduma gisa tratatu zitezkeela antolaketa-sistemetan. Baina, zer esan nahi dugu, zehazki, «baliozko edozer» esaten dugunean? Irudi luke ezen identitateari dagokion galderak, hots, baliabide bakar bat zer den zehazteak, ez lukeela erantzuteko zaila izan behar. Azken batean, baliabidez beteriko mundu batean bizi gara, eta egunero jarduten gara baliabideak bilatzen, aukeratzen, deskribatzen, antolatzen eta aipatzen. Bestalde, nahiz eta giza baliabideak ez diren liburu honen gai nagusietako bat, arduragabea litzateke jendeari buruzko ikuspegi horren zentzua zertan datzan ez azaltzea. Ikus taula gehigarri hau: Jendea baliabide.
Nolanahi ere, gauza ukigaiekin dihardugunean ere, baliabide horiek nola antolatu erabakitzea ez da beti guztiz agerikoa, edo, zehatzago esanda, ez da agerikoa gutako bakoitzarentzat modu berean denbora guztian. Pertsona guztiek ez dute ikusmolde berdina baliabide horietaz. Baliabide bat gauza ukigai bat dela hautematea lehen urratsa baino ez da, baliabide hori eta haren antzekoak antolatu ahal izateko bidean. Gure esperientziek, helburuek eta testuinguruek eragina izango dute prozesu guztian; faktore horien arabera, baliabide batzuek piztuko digute arreta, eta baliabide batzuk antolatuko ditugu.
Baliabide bat izendatzen edo deskribatzen dugunean, informazioa gehitzen diogu; orduan, «hori» baino gehiago bihurtzen da. Baliabide berdina hainbat modutara deskribatu daiteke. Unearen arabera, baliabide jakin bat izan daiteke kategoria zabal bateko kide ugarietako bat, edo kategoria estu bateko kide apurretako bat, edo kasu bakar bat, bere kategoriako kide bakarra. Adibidez, esan dezakegu baliabide jakin bat oihal-zati bat dela, edo galtzerdi bat dela, edo, zehazki, atzoko mendi-buelta luzean erabili eta gero zulo bat egin zaion galtzerdi zikina. Hala ere, zerbait kategorizatu ondoren ere, baliteke horri buruz modu zabar samarrean hitz egitea: sarritan esaten dugu bi objektu «gauza bera» direla, baina, egiaz, zera esan nahi dugu: «gauza-mota bera direla». Hain zuzen ere, eztabaidagarria da ea kategoriatzat har daitezkeen, zinez, kide bakar bateko kategoriak; izan ere, hala baldin bada, lausotu egiten baita item edo kasu zehatzen eta horiek biltzen dituzten mota edo kategorien arteko bereizkuntza.
Baliabide-kasuei eta baliabide-klase eta -motei dagokienez, horiei buruzko auzi garrantzitsuak eta hartu beharreko erabakiak ezin dira guztiz bereizi. Edonola ere, saiatuko gara, atal honetan, baliabide-kasuei erreparatzen; baliabide-klaseak eta -motak, berriz, 7. kapituluan landuko ditugu: Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta -motak deskribatzea.
4.1.1.1 Zatiak dituzten baliabideak
Objektu bakunekin jardutean, zaila izan daiteke erabakitzea baliabide bat zer den; halere, are erronka zailagoa da hori zehaztea hainbat zatiz osaturiko objektuekin edo sistemekin badiharduzu. Halako kasuetan, baliabidetzat hartu behar dira bai objektuaren edo sistemaren osotasuna bai objektua edo sistema osatzen duten zatiak ere, eta, gero, zatien eta osotasunen arteko harremana landu behar da, ingeniaritzako marrazkiekin eta muntaketa-prozedurekin egiten dugun eran.
Zenbat gauza dira auto bat? Autoaren muntaketa irudikatu baduzu, dozena bat zati handi etorriko zitzaizun gogora, gutxienez: egitura, esekidura, transmisio mekanikoa, gasolina-gordailua, galgak, motorra, erauzketa-sistema, bidaiaren konpartimentuak, ateak eta aurrez muntaturiko beste osagai batzuk. Osagai horiek, jakina, hainbat zatiz osaturik daude aldi berean –motorra, adibidez, edo irratia bera–. Iturri batzuen arabera, auto arruntek hamar edo hamabost mila zati dituzte, baina, xehetasun-maila horretara joanda ere, zatietako askok gauza konplexuak izaten jarraitzen dute. Era askotako torlojuz eta kablez beterik daude; gehiegi dira, ezin dira kontatu.
Informazio-baliabideetan ere, batzuetan ezin da zehazki jakin zenbat zatik osatzen duten baliabidearen osotasuna: egunkari bat, adibidez, baliabidetzat har daiteke bere horretan, baina, ziur aski, hainbat atal izango ditu, atal bakoitzean hainbat albiste eta artikulu, horietako bakoitzean hainbat paragrafo, eta abar. Era berean, web orri bat baliabidetzat har daiteke, baina zati txikiagoan bilduma gisa ere har genezake, zeinak banaka identifikatu baitaitezke, esteka baten iturri gisa. Halaber, banku batean kreditu-txartel bat egiteko eskatzen duzunean, hainbat datu eska diezazukete –ea baduzun kreditu aipagarririk, zein den zure ordainketa-historiala, zenbat irabazten duzun gaur egun–, baina, akaso, zure kreditu-puntuazioari erreparatuko diote –indize estatistiko bat da, finantzari dagokion informazioa zenbaki bakar batean biltzen duena–, eta kito.
Zenbat gauzak osatzen dute xake-joko bat?
Xake-jokoek argi islatzen dute hainbat modutara erabaki daitekeela zer hartu baliabide bereizitzat eta zer ez. Goiko hori zer da: xake-joko bat, xake-piezen bi sorta, xake-piezen sei mota (errege bat, erregina bat, bi dorre, bi alfil, bi zaldun eta zortzi peoi alde bakoitzean), edo hogeita hamahiru gauza bereiz (hogeita hamabi pieza gehi joko-taula?). (Argazkia: Emma Jane Hogbin Westby. Creative Commons CC-BY-2.0 lizentzia)
4.1.1.2 Baliabide bibliografikoak, informazio-osagaiak eta «gauza adimentsuak» baliabide gisa
Informazio-baliabideek, oro har, erronka gehigarriak sortzen dituzte deskribatu edo identifikatu behar direnean, izan ere, beren ezaugarri garrantzitsuena edukian egoten da normalean, eta ez da erraza izaten hori hautematea, eta beti ez da modu berean hautematen. Informazio-baliabide fisikoak antolatzen dituzten antolaketa-sistemek –liburutegiek, adibidez– malabarismoak egin behar izaten dituzte halako baliabideen dualtasunarekin: batetik, gauzapen ukigai bat dute; bestetik, informazio-baliabide abstraktuak dira berez. Alegia, liburu fisikoa vs liburuan gordetzen den jakintza. Halako kasuetan, antolaketa-sistemek lehentasuna ematen diete deskribapen-baliabideei edo ordezko baliabideei, hala nola eduki informatiboa deskribatzen duten erregistro bibliografikoei, eta ez hainbeste baliabidearen ezaugarri fisikoei.
Liburutegiei dagokienez, badago beste galdera guztiz garrantzitsu bat: zer baliabide-sorta har behar litzateke lan bakar bat bezala, funtsean eduki artistiko edo intelektual antzekoa gordetzen duelako? Macbeth antzezlana aipa dezakegu, Shakespearek idatzia, baina zer da, egiaz, «Macbeth» deitzen diogun gauza hau? Hitzen kate zehatz bat al da, ordenagailuko fitxategi batean gordea edo folio batean idatzia? Ala letra-tipo jakin batekin eta orrialdeen ordena jakin batean inprimaturiko hitzen bilduma al da? Hitz horien edizio eta inprimaketa guztiak al dira Macbeth berdina? Nola antolatu behar genituzke Macbeth izena duten antzezlan eta film ugariak? Eta zer egingo dugu, Macbethen oinarritu arren, «Macbeth» izenburua ez duten lanekin, hala nola Akira Kurosawaren Kumonosu-jo filmarekin, zeinak Japonia feudalean kokatzen baitu argumentua? Patrick Wilson-ek, adibidez, analogia genealogiko bat proposatu zuen: lana, ikuspegi horren arabera, «testuen multzo edo familia» bat izango litzateke, eta, aztertzen ari garen kasu zehatzean, Shakespearek sortutako Macbeth antzezlana izango litzateke «familiako kidea berriagoen arbasoa».
Informazio-sistemen diseinatzaileek eta arkitektoek antzeko erronkak izaten dituzte, diseinuari dagokionez, negozioetako edo zientziako antolaketa-sistemen informazio-osagaiak deskribatzen dituztenean. Eduki informatiboa, kasu eta testuinguru espezifiko batean erabiltzen den aldiro, modu intrintsekoan uztartzen eta nahasten da egiturarekin eta aurkezpenarekin. Logikaren ikuspegitik, eskaera-formulario batean honako informazio-osagaiak egongo dira: ITEMA, BEZEROAREN IZENA, HELBIDEA eta ORDAINKETARI DAGOKION INFORMAZIOA; hala ere, osagai horien antolaketa, zer letra-motatan eta neurritan agertuko diren, eta bestelako ezaugarri ez-semantikoak oso ezberdinak izan daitezke eskaera-formularioaren arabera eta baita informazio-sistema bakarraren baitan ere, baldin eta osagai horiek berrerabiltzen badira gutunetan, bidalketa-ohartarazpenetan, postako etiketetan edo datu-baseko sarreretan.
Baliabideen identitatea dela-eta, antzeko galderak sortu ditu konputazio nonahiko eta oro-hartzailearen agerpenak: horren bidez, informazioa prozesatzeko gaitasuna eta konektatzeko ahalmena txertatu dira objektu fisikoetan, hala nola telefono mugikorretan eta horien ingurunean. Gauza adimentsu horiek, sentsoreei, irrati-frekuentzia identifikatzeko etiketei (RFID), GPS datuei eta erabiltzaileek emandako metadatuei esker, informazio-nahaspila bat sortzen dute, kokapenari eta beste ezaugarri batzuei buruz, zeina hainbat kanaletan sailkatu behar baita, eta jatorrizko baliabidearekin lotu, gero.
4.3 atalean –Baliabideen identitatea–, «zer da baliabide bat?» zehazteko izaten diren auziak eta metodoak aipatuko ditugu, baliabide fisikoei dagokienean, bai eta baliabide bibliografikoei, informazio-osagaiei eta gauza adimentsuei dagokienean ere –4.1.1.1 atalean aipatu ditugu hiru horiek: Zatiak dituzten baliabideak–.
4.1.2 Identitatea, identifikatzaileak eta izenak
4.1.1 atalean, galdera bat egin dugu: Zer da baliabide bat? Bada, horren erantzunak bi zati ditu:
- Lehen zatia identitateari dagokio: zer gauza hartzen dugu baliabide gisa?
- Bigarren zatia, berriz, identifikazioari dagokio: baliabide zehatz hori eta beste baliabideak bereiztea.
Bi arazoak elkarri lotuta daude, estu gainera. Behin erabaki duzunean zer hartuko duzun baliabidetzat, izen bat edo identifikatzaile bat sortzen duzu, baliabideaz modu fidagarrian mintzatzeko. Izena zera da: baliabide bat beste baliabideetatik bereizteko erabiltzen den etiketa bat. Identifikatzailea, berriz, izen-mota berezi bat da, modu kontrolatuan esleitzen dena, balizko balioei eta izendatzeko-arauei dagozkion zenbait arau kontuan hartuz. Baliabide digitalen kasuan, horien identifikatzailea input bat izan daiteke sisteman edo funtzioan, eta baliabidearen kokapena zehazten du, baliabidea berreskuratzeko modua egon dadin: prozesu horri ebaztea edo ebazpena esaten zaio.
Sarritan, eginkizun zaila eta gatazkatsua izaten da izenak eta identifikatzaileak aukeratzea –berdin du norentzat den: pertsona bat, zerbitzu bat, leku bat, joera bat, lan bat, dokumentu bat, kontzeptu bat…–. Izendatzeko zeregina oztopatzen dute ezin konta ahal faktorek, besteak beste, izena eskuratu, partekatu eta erabili nahi duen jende-multzoak, hizkuntzaren mugek, politika instituzionalek eta joera pertsonal zein kulturalek.
Baliabide batek izen edo identifikatzaile bat baino gehiago dauzkanean, arazoak sortu ohi dira. Gauza batek izen bat baino gehiago daukanean, izen horietako bakoitzari sinonimoa esaten zaio. Baliteke liburu fisiko jakin bati tapa gogorreko liburu, poltsiko-liburu edo testu deitzea. George Furnas-ek eta harekin batera ikertzen ibili zirenek hiztegiaren arazoa deitu zioten baliabide edo kontzeptu berdinak hainbat izen izatearen auziari.
Liburu deitu zein testu deitu, halako baliabideek, normalean, bi identifikatzaile izaten dituzte: Kongresuko Liburutegiko katalogo-zenbakia eta ISBN zenbakia. Argitaratzaileak liburu baten hainbat ale bidaltzen badizkio, kartoizko kaxa batean, liburu-denda edo liburutegi bati, kartoizko kaxan barra-kode bat egongo da, banaketa-zerbitzuak esleitutako jarraipen-zenbakiarekin, eta argitaratzaileak sorturiko faktura edo adierazpen batekin, zeinaren identifikatzaileak lotzen baititu bidalketa eta bezeroa. Identifikatzaile hauetako bakoitza bakarra da, ezarritako helmen edo testuinguru batekiko.
Hiztegiaren arazoari aurre egiteko konponbide partzial bat da hiztegi kontrolatua erabiltzea. Hain zuzen ere, arauak ezar ditzakegu, baliabideei izenak eta etiketak esleitzen zaizkien modua estandarizatzeko xedez. Bestalde, mapak sor ditzakegu, gure ohiko hizkeran erabiltzen ditugun terminoak eta termino kontrolatuak zein egiaztatuak lotzeko. Nolanahi ere, hiztegi kontrolatuak ezin du anbiguotasun oro deuseztatu. Pasaporteen eta identitate-agiri nazionalen sisteman, izen-abizenak azaldu behar dira, eta ezin da goitizenik erabili; halere, ziur aski Robert John Smith bat baino gehiago egongo da sisteman.
Xede jakin baterako erabiltzen den hizkuntza kontrolatzeak bestelako galdera batzuk dakartza berekin: Nork idazten eta betearazten ditu arau horiek? Zer gertatzen da arau ezberdinen arabera funtzionatzen duten antolaketa-sistemak alderatzen, uztartzen edo beste moduren batean elkartzen direnean, berez sortu ziren xede-testuingurutik kanpo?
