12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.14 Arte Genomaren proiektua

Egilea: David Eicke; 2014ko abendua.

Zer antolatu nahi da? Artsy.net webguneak anbizio handiko helburu bat du: Interneteko konexioa daukan edonoren eskura ipini nahi dute «munduko arte guztia». Erronka handi bat da, ez soilik eskalaren aldetik –munduan dauden artelanen kopurua egundokoa da, eta etengabe hazten ari da gainera–, baizik eta, halaber, «artea» termino lausoa delako oso. Musika edo literatura sortzaileek «artistak» direla esaten dute. Baita dantzariek eta bestelako antzezleek ere. Haien lanak ere hartuko dira aintzat? Gaur egun, bilduman arte bisuala biltzen da batik bat, bai eta zenbait arkitektura-lan eta diseinuzko objektu ere.

Arstyren asmoa Artearen Genoma proiektuaren bidez gauzatuko da, hots, bilaketa- eta elkarreragin-jarduerak ahalbidetzen dituen antolaketa-motor baten bidez. Pandora egitasmoari zor zaio proiektuaren izena, baita antolatzeko prozesuaren beraren izena ere: «genomatzea» deitu diote. Genomatzea ez da gauza guztiz automatikoa oraindik, eta garestia da, beraz, Artsyk tentu handiz hautatzen du zer arte «genomatu» behar den. Lehentasun nagusia: Artsyk hitzarmena egindako galerietako artelanak biltzea. Galeriek dirua ordaintzen dute beren lanak webgunean antolatu daitezen, bilatzeko moduan. Lan horiek, beraz, azkar genomatu behar dira, enpresak martxan jarrai dezan. Artsyren motorrak, bestalde, hitzarmenik ez duten museoetako eta bestelako instituzioetako lanak ere hartzen ditu, baina instituzio horietako ugarik irudi-eskubideei buruzko arauak dauzkate, eta ezin dira bertako artelan guztiak argitaratu. Beste kasu batzuetan, artelanen irudiak hain dira eskasak non ezin baitira webean erakutsi.

Zergatik antolatu nahi da? Zergatik antolatu artea? Erantzunik sinpleena, hauxe: hezteko. Hori esanda, aspaldikoa da artea antolatzeko joera: mugimendu eta joeretan antolatu izan da beti. Getty Fundazioak, are, arte-hiztegi egiaztatu bat sortu zuen duela zenbait hamarkada, Artelanak Deskribatzeko Kategoriak izenekoa. Lehen begi-kolpean, badirudi Artsy gurpila berriro asmatu nahian dabilela. Nolanahi ere, webgune horrek antolaketa-sistema guztiz berezi bat darabil, zeinak ahalbidetzen baitu artelanen bildumarekiko elkarreraginean jardutea era berezi batzuetan.

Baliabideak antolatzeko bi egitura uztartzen dira Artsyn: egitura hierarkikoa eta grafiko-egitura. 1.000 ezaugarritik gora erabiltzen dituzte («geneak» deiturikoak), baliabideak nolakoak diren deskribatzeko. Ezaugarriak era askotakoak dira: arte-mugimenduei lotuak, ezaugarri formalak, teknikak, gaiak, etab. Nolanahi ere, artelanen arteko harremanei erreparatzen zaio batez ere. Adibidez, Artsyren geneetako bat «kontaktu bisuala» da: bada, gene horren ondorioz, pasa den hileko argazki bat –zeinean subjektuak zuzenean begiratzen baitu kamerara– eta duela ehunka urteko olio-margo bat –zeinean subjektuaren begiak margolariari so baitaude– oso hurbil egongo dira elkarren artean, klik batera bakarrik. Ez dago beste antolaketa-sistemarik, halako bi lan hain desberdin halako erraztasunez lotzeko aukerarik ematen duenik.

Lanen arteko lotura aske horien bitartez, jakintza bilatzeko modu jakin bat ahalbidetzen da, «masustak biltzearekin» konparatu izan dena: eredu horretan, zerbaiten bila dabilenak ez du zertan jakin zeren bila dabilen zehazki. Erabiltzaile batek, beharbada, bilaketari ekingo dio, pentsamendu lauso batetik abiatuta: adibidez, gustuko duela hanka luzeko errinozeroen eskultura, Salvador Dali-rena. Baliteke zehazki zer atsegin duen ez jakitea, baina Daliren beste lanak ikusiko ditu webgunean. Agian, atsegin duen margolan bat aurkituko du «Daliren beste lan batzuk» sekzioan, eta klik egingo du bertan. Ondoren, margolanaren ezaugarrien zerrenda bat agertuko zaio interfazean, eta horietako edozeinetan egin dezake klik, nahieran. Baliteke «Surrealismoa» ezaugarrian klik egitea, eta mugimendu horri dagozkion beste lan batzuk aurkitzea. Baliteke «itsas ikuspegiak» ezaugarrian klik egitea, eta ozeanoaren bestelako irudiak topatzea. Erabiltzailea aske da artea nahieran esploratzeko eta deskubritzeko; aske da zer gustatzen zaion, eta zergatik gustatzen zaion, deskubritzeko. Artsyren Genoma Proiektuaren zuzendariak dioenez, gauza batetik bestera «saltoka» ibiltzen den irakasle bat antzeratzeko asmoz irudikatu zen sistema.

Zenbat antolatu nahi da? Goian esan dugun moduan, Artsyk 1.000 ezaugarritik gora erabiltzen ditu gaur egun («geneak»), baliabideak deskribatzeko. Ezaugarri horiek ia edozer gauzari buruzkoak izan daitezke: artelanaren forma, gaia, eta baita artelana egiteko baliatu den teknika ere. Adituak arduratzen dira artelanei geneak esleitzeaz; ondoren, gene horiei 0-100 puntu bitarte ematen dizkiete, ezaugarri horiek artelan horretan duen garrantziaren arabera. Geneez gainera, artelanari buruzko beste deskribapen batzuk azaltzen dira: tamaina fisikoa (zenbat espazio hartzen duen), saldua izan den edo ez, zer galeriatan dagoen, prezioa (salgai badago), sorrera-data eta, jakina, nork sortu zuen. Halako deskribapen-sorta aberatsari esker, Artsyk API publiko bat sortu zuen, garatzaileek egoki iritzi bezala erabil zezaten informazio hori guztia.

Noiz antolatu nahi da? Artsyko baliabideen deskribapena etengabeko prozesu bat da. Bilduta daukaten arte-bilduma askoz handiagoa da erakusgai daukaten arte-bilduma baino. Artelan gehienak genomatzeko zain daude: baimenak edo irudi-eskubideen agiriak behar direlako horretarako. Beste faktore bat, baliabideak antolatzeko uneari dagokiona: galeriekin hitzarmenak sinatzea. Hitzarmena egindako galerietako artelanek lehentasuna dutenez, Artsyko adituek lan horiek genomatzen dituzte, iritsi bezain pronto.

Adituek gene berriak esleitzen eta pentsatzen dituzten arren, baliabideak etorri ahala, orobat oinarritzen dira hainbat mendez artearen historiaren arloan egin den lan akademikoan. Adibidez, Artsyeko adituek ez dute «Dadaismoa» antolaketa-kontzeptua asmatu. Hortaz, hein batean, lan hauetako zenbait aspaldi-aspaldi antolatu ziren.

Nola edo nork antolatu nahi du? Artsyren barruan, arte historialaren eta adituen multzo bat dago: Artsyk biltzen dituen (eta bilduko dituen) baliabideak deskribatzen dihardute. Zenbait esperimentu egin dituzte irudiak errekonozitzeko softwarearekin, baina deskribapenak ez ziren antolaketak ahalbidetu nahi dituen elkarreragin-motak ahalbidetzeko bezain aberatsak. Adituengana jotzeak, ordea, baditu desabantaila batzuk, agerikoak. Eskala handitzen bada, ez da konponbide egokia, eta gogora dakar Yahook hasiera batean baliatu zuen estrategia, zeinetan liburuzainak jardun baitziren web edukiak deskribatzen. Gainera, gizakiek egindako deskribapenetan joera partzialak izaten dira beti.

Beste kontu batzuk. Halako anbizio handia izanik, alegia, antolaketa-sistema egiaztatu bat bihurtu nahi badute artearen espazioan, baliteke Artsyk oztopo bat izatea bide horretan: izan ere, irabazi-asmoak dituen egitasmo bat da. Interes ekonomikoen mesedetan joera partzial gehiegi ez izatea lortzen badute ere, jendeak irudipen hau izango du halere: Artsykoak artea sailkatzen ari direla ez horrenbeste hezkuntza hauspotzeko, ezpada dirua egiteko.