2.6 Nola (edo nork) antolatu nahi du?

"Interneten gorakadak eragina izan du informazioa antolatzeko lanean: lehen, indexatzaile eta katalogatzaile profesional gutxi batzuk ari ziren horretan; orain, ordea, populu bat da. Gaur egun, galdera garrantzitsu hau daukagu parez pare: ea unibertso bibliografikoa antolatu daitekeen adimenez (hau da, helburu bibliografiko tradizionalak betetzeko moduan), eta, aldi berean, automatikoki".

Goiko aipu horretan, Svenoniusek «informazioaren antolaketa» gauzatzeko hiru modu bereizten ditu: indexatzaile eta katalogatzaile profesionalek egitea, populuak egitea eta prozesu automatizatuek (konputazionalek) egitea. Antolaketa-sistemaren gure nozioa zabalagoa da Svenoniusen «unibertso bibliografikoa» baino, horregatik, haren taxonomia hedatu beharrean gaude. Autoreek, gero eta gehiago, berek sortutako edukia antolatzen dute, eta garrantzitsua da testuinguru formal eta informal zein instituzionaletako erabiltzaileak bereiztea. Halaber, antolaketa-agentea (ikus 1.6 atala) deritzon kontzeptua txertatu dugu, jendeak eta algoritmo konputazionalek egindako antolaketa-lana bateratzeko.

Indexatzaile eta katalogatzaile profesionalek formakuntza-saio sakonak jasotzen dituzte beren lan-eremuko kontzeptuak, hiztegi deskribatzaile kontrolatua eta sailkapen estandarrak ikasteko. Baliabideak banaka deskribatzeaz gainera, langile horien xedea da baliabideak sailkatzea bilduma zabalago baten baitan. Kalitate handiko antolaketa-sistemak sortzeko eta mantentzeko gai dira, baina beren lana egite aldera, ikerketa gehigarriak egin behar izaten dituzte sarri, eta hori garestia da.

Antolatzaile profesionalen klasean sartzen dira, orobat, informazio-zerbitzu komertzialetako langileak –hala nola Westlaw eta LexisNexis–, zeinek metadatu kontrolatu eta, maiz, jabetzapekoak gehitzen baitizkiote gobernuko dokumentuei eta beste albiste-iturri batzuei. Eremu bati buruzko jakintza sakona duten zientzialariak eta akademikoak ere antolatzaile gisa jarduten dira data-bilduma, argitalpen zein prozedura akademikoei eta beren diziplinetako beste informazio-baliabide espezializatu batzuei dagokionean. Antolatzaile Profesionalen Elkarte Nazionalak (NAPO) dioenez, milaka kide ditu, zeinak prest baitaude zure dokumentu-bilduma, sukaldea, armairua, garajea edo etxe osoa antolatzeko, edo bizitoki txikiago batera egokitzen laguntzeko.

Gaur egun edukia sortzen dutenen artean, litekeena da gehienak ez izatea antolatzaile profesionalak, baina, ziur aski, autoreak ulertzen du hobekien zergatik sortu duen zerbait eta zertarako erabil daitekeen. Autoreek erabiltzaileei lagundu nahi dieten neurrian baliabideak topatzen, deskribatzaileak edo sailkapenak gehituko dizkiote baliabideei, baliagarria izango delakoan beste erabiltzaileentzat. Baina, antolatzaile profesionalen kontrakarrean, autore gehienek ez dituzte ezagutzen hiztegi kontrolatuak eta sailkapen estandarrak; horregatik, haien deskribapenak subjektiboak izango dira, eta ez hain koherenteak.

Era berean, gutako gehienok ez ditugu antolatzaile profesionalak kontratatzen gure bizitza pertsonalean biltzen eta erabiltzen ditugun baliabideak antola ditzaten; hori dela-eta, gure antolaketa-sistemetan islatzen dira gure zaletasun eta idiosinkrasia indibidualak.

«Populu orokor»reko erabiltzaileek, autore ez direnek, beren mesederako antolatzen dituzte baliabideak gehienetan. Era horretako erabiltzaile arruntek, ziur aski, ez dituzte deskriptore eta sailkapen estandarrak erabiliko, eta, batzuetan, beren antolaketa-moduak hain argiki islatuko ditu beren ikuspegia eta helburuak, ezen ez baita erabilgarria izango besteentzat. Zorionez, «2.0 Web» edo «eduki komunitario» gisako aplikazioen erabiltzaile gehienek onartzen dute, hein batean behintzat, erabiltzaile guztien ekarpena agregatuz gauzatzen dela baliabideen antolaketa, eta horrek deskriptore eta sailkapen ez hain egozentrikoak erabiltzera bultzatzen ditu. Aplikazio famatuenetan, izugarria da erabiltzaileen zein baliabideen kopurua, eta horrek «etiketen konbergentzia» dakar ezinbestean, lagin handien estatistikengatik.

Azkenik, weba oso handia da, eta are handiagoa da web «sakon» edo ikusezina –negozioek eta jabetzapeko informazio-zerbitzuek gordetzen duten informazioak osatzen dute hori–; ondorioz, gaur egun iruditzen zaigu ezen bilatzaile-hornitzaileen bilaketa-ahalmen konputazional izugarriak bakarrik antolatu dezakeela halakorik (Google edo Microsoftek, adibidez). Halaber, datuen meatzaritza, aurreikuspen-analisiak, gomendio-sistemak eta beste aplikazio ugari –eredu eta sailkapen konputazionalen bidez gauzatzen direnak–, ezin izango lirateke egin beste modu batean.