1.9 «Elkarreragin-baliabide»en kontzeptua

Baliabide fisikoekin izaten diren elkarreraginek, batzuetan, arrastoak edo bestelako frogak uzten dituzte. Arrasto horietako asko nahigabe eginak dira –hatz-markak, kafe-kikara baten orbana egunkari-orri batean, edo zelai bateko bidezidorraren higadura–. Sherlock Holmes eta CSI saioen zaleek ondotxo dakiten moduan, ikertzaile forentse zoliak gai izaten dira, elkarreraginen hondakinak baliatuz, susmagarriak identifikatu edo errugabetzeko. Elkarreraginen beste arrasto batzuk, ordea, nahita egiten dira: adibidez, ikasle batek horiz azpimarra ditzake testuliburu bateko zatiak, edo oharrak gehitu; eraikinetako grafitiak ere nahita egindakoak dira. Dena dela, elkarreragin guztiek ez dute arrastorik uzten; arrasto batzuk denborarekin desagertzen dira, eta baliabide berarekin lotutako zenbait arrasto ez datoz bat. Horregatik, arrasto gehienak ez dira oso erabilgarriak. 

Hala ere, Antolaketa Sistemetan biltzen direnean baliabide fisikoak edo sentitzeko, grabatzeko eta komunikatzeko gaitasun duten baliabide digitalak, elkarreraginaren arrastoak aurreikusi, egonkortu eta bateratu daitezke. Erabiltzaileak egindako hautu bakoitza erregistratzen da –baliabideak berreskuratzea, nabigatzea, erostea, azpimarratzea, estekatzea edo beste edozein elkarreragin-jarduera egitea–, eta «elkarreragin-baliabide» bihurtzen: ondoren, horiek aztertu daitezke, baliabideen bilduma berrantolatzeko xedez, edo baliabide primarioekin izango diren hurrengo elkarreraginetan beste moduren batean eragiteko. 

Elkarreragin-baliabideak, informazio-pusketak diren aldetik, maiz funtsezkoak izaten dira Antolaketa Sistemek behar bezala jardun dezaten. Lehen, peajeetan, bertako langileak arduratzen ziren bidaiarien bidesariak biltzeaz; orain, ordea, desagertu egin dira gehienak, eta, horien ordez, «tak» deritzen txartel adimentsuak ezarri dira autoetan: peajetik pasatzean, ibilgailuak irrati-hargailu batetik igarotzen dira, eta etiketak, orduan, bere identitatea igortzen du. Sortzen den elkarreragin-baliabide bakoitzak kontu eta kreditu-txartel bat identifikatzen ditu, eta horien bitartez ordainduko da bidesaria: elkarreragin-baliabide horien bilduma osoa hartuz gero, baliabide primario gisa erabil daiteke trafiko-buxadurak kudeatzen dituzten edo errepideen diseinua bideratzen duten Antolaketa Sistemetan. Era berean, bilatzaileek sortzen dituzten elkarreragin-baliabideak har daitezke eta bilaketa-kliken ordena egokitu, iragarkiak hautatu edo webguneen edukiak pertsonalizatu.