11. Antolaketa Sistemen bide-orria
Robert J. Glushko
11.1 Sarrera
1. kapituluan adierazi genuen moduan, antolaketa-sistemak zera dira: «berariaz antolatu den baliabideen bilduma bat, eta horren bidez gauzatu daitezkeen elkarreragin-jarduerak». Antolaketa-sistema bat sortzeko, honako galdera hauei erantzun behar zaio: zer antolatu nahi den, zergatik antolatu nahi den, zenbat antolatu nahi den, noiz antolatu nahi den, eta nola edo nork antolatu nahi duen; galdera horiei erantzunez azaleratuko da antolaketa-sistema. 2. kapituluan, berriz, antolaketa-sistemei dagozkien lau jarduera komunak deskribatu genituen: baliabideak hautatzea, antolatzea, baliabideekiko elkarreragin-jarduerak diseinatzea eta ahalbidetzea, eta baliabideak mantentzea; hain zuzen ere, lau jarduera horietan islatzen dira 1. kapituluan aipatutako galderen erantzunak eta horiei dagozkien konpentsazioak. 4. kapitulutik 10. kapitulura bitarteko bidean, modu progresiboan, antolaketa-sistemen zati guztiak aztertu ditugu: baliabideak, baliabide-deskribapenak, baliabide-kategoriak eta -bildumak eta baliabideekiko elkarreragin-jarduerak; gainera, kontzeptu eta metodo gehigarriak ere azaldu ditugu, zati bakoitzarekin lotuta daudenak.
Bide honetan barna, antolaketa-sistemen mota ugari deskribatu ditugu. Batzuetan, antolaketa-sistemen kategoria zabalak aztertu ditugu, adibidez, liburutegiei, museoei, negozioetako informazio-sistemei eta webean oinarrituriko zerbitzuen konposizioei dagozkienak. Beste zenbaitetan, ordea, antolaketa-sistemen adibide zehatzak jorratu ditugu: Aleen Liburutegia, argazkiak elkarbanatzeko Flickr gunea, Amazonen kargamentu-biltegia eta zure etxeko sukaldea zein armairua.
Orain, 1-10 kapituluetan jarritako zutarrietan bermatuz, «bide-orri» bat sor dezakegu, antolaketa-sistemaren bizi-zikloan azaleratzen diren auziak eta hautuak, diseinuari dagozkionak, antolatzeko eta laburbiltzeko. Diseinuari dagozkion auziek, hain zuzen ere, zenbait ereduri jarraitzen diote, eta horiei esker hobeto uler ditzakegu gaur egun existitzen diren antolaketa-sistemak; halaber, bestelako hautuak egin eta antolaketa-sistema berriak asmatzeko modua iradokitzen digute.
Aurreko kapituluei buruzko aipamenez josita dago kapitulu hau: bide-orrian aipatzen diren auzien eta hautuen azalpen xeheetara bideratzen zaituzte. Bide-orri hau erabili dugu 12. kapituluko adibideen saila aztertzeko, eta horietako bakoitzaren inguruan dagoen «diseinu-ingurua» aztertzeko. 1. kapituluko galderek halako txantiloi bat eskaintzen dute, adibide bakoitza berdin egituratzeko balio duena; horrela, espero dugu irakasleek, ikasleek eta liburu honen gainerako irakurleek adibide gehiago proposatzea, webgune honetan: disciplineoforganizing.org
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
Hasteko, 11.2 atalean, Antolaketa-sistemen bizi-zikloari erreparatuko diogu, zeinak lau fase aurkezten baititu: banan-banan aztertuko ditugu. Lehen fasea hauxe da: Antolaketa-sistemen arloa zehaztea eta zedarritzea (11.3 atala); fase horrek baldintzatzen du, hein handi batean, zer-nolako baliabide-deskribapenak behar diren baliabideak antolatzeko eta elkarreragin-jarduerak gauzatzeko. Bigarren fasean, Antolaketa-sistemen baldintzak identifikatzea (11.4 atala), eragin nabarmena dute faktore ekonomikoek eta muga edo hautu teknologikoek. 11.5 atalak (Antolaketa-sistemak diseinatzea eta inplementatzea) azpimarratzen duenez, argi eta garbi bereizi behar dira baldintzak eta inplementazioa, pentsamendu arkitektonikoa deitzen diogu printzipioaren arabera. Azkenik, 11.6 atalean (Antolaketa-sistemak operatzea eta mantentzea), laugarren fasea aztertuko dugu, zeinetan bi mantentze-mota bereiziko ditugun: baliabide eta deskribapen espezifikoen mantentzea eta sistema osoaren mantentzea.
