6. Harremanak eta egiturak deskribatzea

Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney

6.3 Ikuspegi semantikoa

Baliabideen arteko harremanak deskribatzeko, harreman horiek zer esan nahi duten ulertu behar dugu. Ikuspegi semantiko hau dugu harremanen funtsa, azaltzen baitu zergatik duten harremana baliabideek beren artean; horretarako, zuzenean baliabideak hautemanez lortu ezin daitekeen informazioan oinarritzen da. Hel diezaiogun berriro Simpson familiaren adibideari: esan dugunez, Homer eta Marge ezkonduta daude, baina, horrez gainera, Bart, Lisa eta Maggieren guraso izateak lotzen ditu: bada, harreman horiek ezin dira zuzenean hauteman. Alegia, «Homer ezkonduta dago Margerekin» adierazpen semantiko bat da; «Homer zutik dago Margeren alboan», ordea, ez.

Harreman semantikoak, normalki, predikatu baten bidez adierazten dira, zeinak argumentu bat edo gehiago baititu. Predikatua aditz-sintagmaren eredu bat da, objektuen ezaugarriak edo objektuen arteko harremana zehazteko balio duena. Harreman askotan, predikatua ekintza edo elkarketa bat da, mota-jakin bateko hainbat parte-hartzaile biltzen dituena; argumentuek, aldiz, parte-hartzaileen rolak zehazten dituzte.

Homer eta Marge Simpsonen artean zer harreman dagoen adierazteko, predikatu eta argumentuen sintaxia erabil dezakegu, honela:

Honekin-ezkonduta-dago (Homer Simpson, Marge Simpson)

Argumentuen sekuentzia, mota eta rola ezinbesteko osagaiak dira harremanen adierazpenean. Baldin eta bi argumentu hartzen dituzten predikatuak subjektua-predikatua-objektua sintaxiaren bidez adierazten badira –sarritan, hirukote esaten zaio egitura horri, hiru zati dituelako–, sekuentzia eta rola berariaz bereizten dira. Hona adibide bat:

Homer Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Marge Simpson

However, we have not yet specified what the “is-married-to” relationship means. People can demonstrate their understanding of “is-married-to” by realizing that alternative and semantically equivalent expressions of the relationship between Homer and Marge might be:

Homer Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Marge Simpson
Homer Simpson ➔ honen-senarra-da ➔ Marge Simpson
Marge Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Homer Simpson
Marge Simpson ➔ honen-emaztea-da ➔ Homer Simpson

Urrats bat harago joanda, esan genezake jendeak baduela ezagutza linguistiko eta semantiko bat, «ezkonduta», «senarra», «emaztea» eta beste hitz batzuen errepresentazioak lotzen dituena, eta horregatik ulertzen duela zer-nolako baliokidetasuna dagoen hor goiko adierazpenen artean. Jakintza hori, ordea, ezin da ikusi orain arte aipatu diren harremanen adierazpideetan; izan ere, orain arte, harreman espezifikoak baizik ez baitira aipatu, norbanakoei buruzkoak, eta ez, ordea, baliabide-klaseen edo kontzeptuen arteko harreman abstraktuak. Orain arte, arazo zehatz honi erreparatu diogu: zer esan nahi duen adierazpen bat ulertzeak, adierazpena ulertzen ari den pertsonaren gogoan.

Zorrotzagoak izanik, adierazpen horietan erabiltzen diren hitzak azaldu ditzakegu, hartara, «munduan» ere egon daitezen, eta ez soilik adierazpenak ulertzen ari den pertsonaren «gogoan». Hiru baliabide-motaren definizioak idatz ditzakegu:

  • Ezkontza konbentzional edo tradizionala bizi osorako elkarketa bat da, senar-emazteek beren borondatez onartua, legez baietsia eta, sarritan, zeremonia erlijioso baten onarpena jasotzen duena.
  • Senarra bizi osorako kide gizona da, bere emaztearekiko harremanean.
  • Emaztea bizi osorako kide emakumea da, bere senarrarekiko harremanean.

Era horretako definizioei esker, pertsona batek ikasi egin dezake, eta Homer eta Marge biltzen dituen harremanaren adierazpenen zentzuari igarri. Nolanahi ere, definizio horien nolakotasunak ez du ahalbidetzen pertsona batek guztiz ulertzea Homer eta Margeri buruzko adierazpenak, izan ere, definizio horietan emantzat jotzen baitira zenbait termino, azaldu gabe (legez onetsia, bizi osorako etab.), eta ez da adierazten zer harreman dagoen definizioko kontzeptuen artean. Are gehiago, ordenagailu batek adierazpen horiek uler ditzan, hitzen eta esanahien artean dauden harremanak aurkeztu behar lirateke, ordenagailu bidez prozesatzeko eran, ondorioztapen eta ezaugarri semantiko nabarmen guztiak argi eta zehatz aipatuz.

6.3.1 Harreman semantikoen motak

Atal honetan, sinonimotzat joko ditugu kontzeptu hauek: entitate-mota, klasea, kontzeptua eta baliabide-mota. Entitate-mota eta klasea termino ohikoak dira datu-ereduen sorreran eta datu-baseen diseinuan; kontzeptua, berriz, ohiko terminoa da eredu konputazional edo kognitiboen sorreran, eta, azkenik, baliabide-mota terminoa erabiltzen dugu antolaketa-sistemez mintzatzen garenean. Era berean, entitate-gertaera, kasu edo baliabide-kasu terminoak erabiltzen ditugu gauza bakar bat aipatu nahi dugunean, ezen ez gauzen klase edo mota bat.

Harreman semantikoak sailkatzeari dagokionez, ez dago egiazko adostasunik; hala ere, hiru kategoria zabal hauek zentzukoak dira gure xedeetarako:

Inklusio-harremana

Entitate-mota batek bere barnean hartzen ditu eta osagaitzat ditu beste entitate-mota batzuk; predikatu hauen bidez adierazten da sarritan: «zera-da», «honen-mota-bat-da», «honen-parte-da» edo «honetan-dago».

Ezaugarritze-harremana

Ezaugarrien balioak adieraztea edo ezaugarriei balioak esleitzea; predikatua, beraz, ezaugarriaren arabekoa izango da: «honen-autorea-da», «honekin-ezkonduta-dago», «honen-manupekoa-da» etab.

Jabetza-harremana

Baliabide baten gaineko jabetza edo kontrola adieraztea; sarritan, «dauka» predikatuaren bidez adierazten da, esaterako, «matrikula-hau-dauka».

Horiek denak funtsezkoak dira antolaketa-sistemetan, bai baliabideak deskribatzeko bai baliabideak antolatzeko ere, eta orobat dira beharrezkoak baliabideen eta baliabide-deskribapenen arteko harremanak deskribatzeko.

6.3.1.1 Inklusioa

Inklusio-harremanen baitan, hiru mota daude: klase-inklusioa, inklusio meronimikoa eta inklusio topologikoa. Guztiak erabili ohi dira antolaketa-sistemetan.

Klase-inklusioa oinarrizkoa da, eta ondotxo ezagutzen dugu: «zera-da», «honen-mota-bat-da» edo «azpi-sorta» erako harremana dago bi entitate-motaren edo -klaseren artean. Bietako bat espezifikoagoa da bestea baino, eta zehatzagoa dena orokorragoaren baitan biltzen da.

Haragia ➔ zera-da ➔ Janaria

Elkarri lotuta dauden klase-inklusioko harremanen sorta batek hierarkia bat sortzen du, zeinari taxonomia esaten baitzaio maiz.

Haragia ➔ zera-da ➔ Janaria
Esnekia ➔ zera-da ➔ Janaria
Zereala ➔ zera-da ➔ Janaria
Berdura ➔ zera-da ➔ Janaria
Behikia ➔ zera-da ➔ Haragia
Txerrikia ➔ zera-da ➔ Haragia
Oilaskoa ➔ zera-da ➔ Haragia
Xerra ➔ zera-da ➔ Behikia
Haragi xehatua ➔ zera-da ➔ Behikia
...

Taxonomien erretratu bisualen bidez errazago ikusten da klaseen hierarkia. Ikus 6.1 marrazkia: Janariaren Taxonomia Partziala.

Taxonomietako maila bakoitzak goiko klasea zatitzen du, azpi-klaseak sortuz; ondoren, azpi-klase bakoitza zatitzen da, harik eta klase bakoitzeko kideen artean dauden ezberdintasunek garrantzirik ez duten arte, antolaketa-sistemak ahalbidetu behar dituen elkarreragin-jarduerei dagokienez. 7.3 atalean aztertuko dugu antolaketa-sistema hierarkikoen diseinua –«Kategoriak sortzeko printzipioak»–.

Atal honetako adibide guztietan klaseen arteko harreman abstraktuak aipatu ditugu; aurreko atalean, berriz, adibide zehatzak erabili ditugu, jende espezifikoaren arteko harremanak adierazten zituztenak (Homer eta Margeren artekoak, hain zuzen). Homer eta Marge, izan ere, «jende ezkondua», «senarrak» eta «emazteak» klaseetako kasuak dira. Adierazten baldin badugu kasu jakin bat klase bateko kidea dela, kasu hori sailkatzen ari gara. Sailkapena klase-inklusioari dagokion harreman bat da, baina kasu baten eta klase batean artean gauzatzen da, eta ez bi klaseren artean. (8. kapituluan sakonago aztertuko dugu Sailkapena).

Homer Simpson ➔ zera-da ➔ Senarra

6.1 marrazkia: Janariaren taxonomia partziala

Janariaren taxonomia partziala

Janariaren taxonomia partzial honetan, prestaturiko janariari eta haragiari dagozkion kategoriak bereizten dira; ondoren, haragiaren azpi-kategoria gisa bereizten dira oilaskoa, behikia eta txerrikia; azkenik, behikiaren azpi-kategoria gisa bereizten dira haragi xehatua eta xerra.

Horra hor klase-hierarkiaren maila baxuena, zeinean Homer behe-behean kokatzen baita; Homer orobat da gizona, gizakia eta organismo biziduna (marrazki bizidunen lurraldean, behinik behin). Gogoan izan klase-inklusio bibliografikoaren hierarkia, 4.3.2 atalean aipatu genuena: item fisiko jakin bat, hala nola Macbethen zure kopia, azal bigunekoa eta orrialdeak tolestuak dituena, orobat da formatu edo genero bateko agerraldi bat, eta adierazpen hori, hain justu ere, lan abstraktu baten adierazpen ugarietako bat da.

Kasua ➔ honen-parte-da ➔ klasea

Inklusio-harremanei dagokienez, zatia-osoa inklusioa edo inklusio meronimikoa aipatu behar dugu bigarrenik. Normalean, «honen-parte-da» adierazpidearen bidez edo antzeko predikatu-adierazmoldeen bidez adierazten da. Winston, Chaffin eta Herrmann ikertzaileek sei mota bereizi zituzten zatia-osoa harremanetan. Harreman-mota bakoitzaren esanahia zertxobait ezberdina da, faktore hauen arabera: ea zati bakoitza modu bereizian identifikatu daitekeen eta ea zati hori funtsezkoa den osoa osatzeko.

  • Atala-Objektua harremanean, zatia atal bereizi bat da, zeina beste atal batzuekin batera antolatzen edo mihiztatzen baita, baliabide handiago bat sortzeko. 4.1.1.1 atalean, «Zatiak dituzten baliabideak» deritzonean, autoaren eta motorraren arteko harremana aipatu genuen atala-objektua harremanaren adibide gisa:
    Motorra ➔ honen-parte-da ➔ Autoa

    Era horretako harremanetan, atalek ez dute zertan izan objektu fisiko bat; esate baterako, atala-objektua harreman bat da honako hau ere: «Alemania honen parte da: Europar Batasuna». Garrantzitsuena zera da: atala bere horretan identifikatu daitekeela entitate integral bat den heinean, eta atalak nolabaiteko antolaketa-eredu edo egitura baten bidez elkartzen direla osotasun bat sortzeko. Zati guztiek, bateraturik, konposizio bat osatzen dute, osotasun bat. Autoak ez badu motorrik, ez da ibiliko.

  • Kidea-Bilduma harremanean, zati guztiak dira elkarren antzekoak eta osotasunaren antzekoak; aurreko bi harremanetan, ordea, ez zen hala, motorrak ez baitira gurpilak edo autoak bezalakoak, ez eta liburuak ere binilo-diskoak edo liburutegiak bezalakoak.
    Liburua ➔ honen-parte-da ➔ Liburutegia

    Bildumako kideak modu bereizian existitzen dira, ez daude osotasunaren mende; osotasunak existitzeari uzten badio ere, baliabideek bere horretan iraungo dute.

  • Puska-Masa harremanean, zati guztiak dira elkarren antzekoak eta osotasunaren antzekoak; aurreko bi harremanetan, ordea, ez zen hala, motorrak ez baitira gurpilak edo autoak bezalakoak, ez eta liburuak ere binilo-diskoak edo liburutegiak bezalakoak.
    Koskorra ➔ honen-parte-da ➔ Ogi-barra
  • Materia-Objektua harremana, gehientsuenetan, «honekin-egina-dago» predikatuaren bidez adierazten da; ez da osagai-objektu harremanen modukoa, zeren materia ezin baita objektutik bereizi haren identitatea aldatu gabe. Materia ez da atal bereizi bat, objektua sortzeko erabili dena; objektua sortu ondoren, haren osagai bihurtzen da.
    Ardoa ➔ honen-parte-da ➔ Alkohola
  • Tokia-eremua harremanak, hain zuzen ere, eremuen eta horien baitako toki edo kokapen zehatzen artean sortzen dira. Bildumetako kideek bezalaxe, tokiek ez diote ekarpen zehatzik egiten osotasunari.
    Everglades parke nazionala ➔ honen-parte-da ➔ Florida
  • Ezaugarria-jarduera deritzon harreman-motan, osagaiak zera dira, etapak, faseak edo azpi-jarduerak, denboran gertatzen direnak. Harreman-mota honek badu antzik atala-objektua harremanarekin: osotasunaren atalak egitura edo eredu baten bidez antolatzen dira.
    Luzapena ➔ honen-parte-da ➔ Futbol-partida

Storeyk, bere aldetik, zatia-osotasuna harremanen zazpigarren mota bat proposatu zuen, Fasea-Jarduera deritzona.

  • Fasea-Jarduerak badu antzik ezaugarria-jarduera deritzon harremanarekin; edonola ere, faseek, bere horretan, ez dute zentzurik jarduera gisa, jardueraren osotasunak emandako testuingururik gabe.
    Ordaintzea ➔ honen-parte-da ➔ Erosketak egitea

Hel diezaiogun inklusio-harremanen hirugarren motari: Inklusio Topologikoa, Lokatiboa eta Denborazkoa, zeinak adierazten baitu zer inklusio-harreman duten edukiontziek, eremuek eta denbora-tarteek horren barruan edo inguruan daudenekiko. Gehienetan, «honetan-da» edo «honetan-dago» harremanaren bidez adierazten da. Hala ere, osotasunak biltzen edo inguratzen duen entitatea ez da osotasunaren beraren zati bat; hortaz, hau ez da zatia-osotasuna harreman bat.

Vatikanoa ➔ honetan-dago ➔ Italia
Bilera ➔ honetan-da ➔ Arratsaldea

6.3.1.2 Ezaugarritzea

Inklusioari dagozkion adierazpenek baliabideen arteko harremanak adierazten dituzte; ezaugarritze-harremanetan, berriz, balioak adierazten dira edo esleitzen zaizkie baliabide jakin baten ezaugarriei. 5. kapituluan, «ezaugarri» terminoa erabili genuen «baliabide-deskribapenen atal zatiezin bat» deskribatzeko, eta «propietate» terminoaren sinonimotzat jo genuen. Oraingoan, ordea, zehatzago jardun behar dugu, eta tentu handiz bereizi behar ditugu ezaugarri-mota eta zer balio daukan. Objektu baten kolorea, adibidez, objektuaren ezaugarri bat izango da, eta ezaugarri horren balioa, berriz, «berdea» izan liteke.

Eredu semantikoak sortzeko marko batzuetan, «ezaugarri» terminoa oso modu estuan definitzen da: argumentu bakar bat hartzen duten predikatuetan bakarrik erabiltzen dute, baliabide bakar baten ezaugarriak adierazteko, eta bereizi egiten dute bi argumenturen premia duten baliabideen arteko harremanetatik edo baliabide-motetatik.

Martin sugandila ➔ txikia da
Martin sugandila ➔ berdea da

Nolanahi ere, halako baieztapenak beti adieraz daitezke bi argumenturen arteko harremana adierazteko moduan:

Martinek ➔ tamaina hau dauka ➔ txikia
Martinek ➔ azal-kolore hau dauka ➔ berdea

Ezaugarritze-harremanek badute beste alderdi korapilatsu bat, izan ere, ikuspegi semantikotik erreparatuta, maiz hainbat modu izaten dira ezaugarri-balio baliokideak adierazteko:

Martinek ➔ tamaina hau dauka ➔ 6 hazbete
Martinek ➔ tamaina hau dauka ➔ 152 mm

Bi adierazpenek adierazten dute Martin txikia dela. Hala ere, ezaugarritze-harremanen inplementazio askotan, ezaugarriaren balioak modu literalean ulertzen dira. Alegia, ez baditugu bi adierazpen horiek prozesatzen beste harreman baten bidez, zeinak adierazten baitu hazbete-kopuruaren eta milimetro-kopuruaren arteko baliokidetasuna, baliteke bi adierazpenak oker interpretatzea, eta uste izatea gauza ezberdinak adierazten dituztela Martinen neurriari buruz.

Azkenik, aipatu behar dugu ezen beste harreman batzuei buruzko ezaugarri-harremanak aipatu ahal direla, adibidez, harreman bat abiatu zen egunari buruzkoak. Homer eta Marge Simpsonen ezkontza-urteurrena, esaterako, «honekin-ezkonduta-dago» harremanaren ezaugarri bat da.

6.3.1.3 Jabetza

Harreman semantikoen barruan, badago beste kategoria bat: jabetzari dagokiona, hain zuzen. Jabetza harremanek, azalean behintzat, zatia-osoa harremanen parekoak dirudite.

Robertek ➔ zera dauka ➔ auto bat
Autoak ➔ zera dauka ➔ gurpilak

Edonola ere, predikatu berdina erabil daitekeen arren, bigarren adibidea ez dagokio jabetza-harreman bati, ezpada zatia-osoa harreman bati: bigarren adibidean, «honako-zati-hau-dauka» harremanaren laburdura gisa ulertu behar da «zera-dauka» harremana.

Jabetzaren kontzeptua bereziki garrantzitsua da antolaketa-sistema instituzionaletan; izan ere, horrelakoek ahalbidetzen dituzten elkarreragin-jardueren artean, guztiz garrantzizkoak izan baitaitezke jabetzari, kontrolari eta erantzukizunari loturiko auziak, hala nola jabetzaren, kontrolaren eta erantzukizunaren transferentziari dagozkionak. Dena den, nozio konplexua da jabetzarena, berezko loturak baititu jabetasunari eta senidetzari dagozkion arau eta konbentzio sozialekin; ondorioz, prozesu instituzionalek desio luketena baino nahasiagoa suerta daiteke kontua.

Halaber, jabetza-harremanek berekin dakarte iraupena edo iraunkortasuna, eta, maiz, zaila izaten da jabetza-harremanak eta ohiko kokapenari edo jarduerari dagozkionak bereiztea. Miller eta Johnson-Laird ikertzaileek, jabetza-harremanen izate konplexua islatzeko, esaldi hau proposatzen dute, jabetza-harremanen hiru mota bereizten dituena:

Gizona aterki baten jabe da, baina emakumeari utzi dio maileguan; emakumeak, hala ere, ez dauka aterkia une honetan.

6.3.2 Harreman semantikoen ezaugarriak

Harreman semantikoek hainbat ezaugarri berezi izan ditzakete, lagungarriak suerta daitezkeenak harreman horiek zer diren azaltzeko, eta, batez ere, elkarrekiko zer lotura duten azaltzeko. Hurrengo ataletan, labur-labur esplikatuko dugu zer ezaugarri diren garrantzitsuenak baliabideak antolatzeko sistemetan eta baliabide-deskribapenetan.

6.3.2.1 Simetria

Harreman gehienetan, subjektuari eta objektuari dagozkion argumentuak zer ordenatan adierazten diren, horrek funtsezkoa eragina izango du harremanaren esanahian. X-k harreman bat baldin badu Y-rekin, Y-k ez du harreman berdina izango X-rekin, kasu gehienetan. Esaterako, «honen-gurasoa-da» harreman asimetrikoa da, bi lotura hauetako lehena bakarrik baita egia:

Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart Simpson (EGIA)
Bart Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Homer Simpson (EZ DA EGIA)

Aldiz, beste harreman batzuk simetrikoak edo bi-norabidekoak izaten dira; hori dela-eta, harreman-predikatuko argumentuen ordena aldatuta ere, esanahia ez da aldatuko. Lehen esan dugun bezala, bi adierazpen hauek baliokideak dira semantikoki, «honekin-ezkonduta-dago» harremana simetrikoa baita:

Homer Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Marge Simpson
Marge Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Homer Simpson

Halako harremanen izaera simetrikoa edo bi-norabidekoa adierazteko, bi buruko geziak erabil ditzakegu:

Homer Simpson ⇔ honekin-ezkonduta-dago ⇔ Marge Simpson

6.3.2.2 Iragankortasuna

Hona hemen harreman semantikoei ezar dakiokeen beste ezaugarri bat: iragankortasuna. Harremanak iragankorrak direnean, zera gertatzen da: X-k eta Y-k harreman bat baldin badaukate, eta Y-k eta Z-k harreman berdina baldin badaukate, horrek esan nahi du X-k ere harreman horixe duela Z-rekin. Ordenan oinarrituriko harreman guztiak dira iragankorrak, eta halakoen barnean sartzen dira numerikoak, alfabetikoak eta kronologikoak, bai eta kopuruaren zein kalitatearen neurketari dagozkionak. «Hau-baino-altuagoa-da» harremana, esaterako, iragankorra da, hortaz:

Homer Simpson ➔ hau baino altuagoa da ➔ Bart Simpson
Bart Simpson ➔ hau baino altuagoa da ➔ Maggie Simpson

Eta, horrenbestez:

Homer Simpson ➔ hau baino altuagoa da ➔ Maggie Simpson

Inklusio-harremanak iragankorrak dira berez, izan ere, «hau-baino-altuagoa-da» tamaina fisiko erlatiboari buruzko baieztapen bat den bezala, «honen-mota-bat-da» eta «honen-parte-da» klase edo kategoria abstraktuen tamaina erlatiboei buruzko baieztapenak baitira. Hona hemen zatia-osoa harreman baten edo harreman meronimiko baten iragankortasunaren adibide bat: 1) karburadorea motorearen parte da, 2) motorra autoaren parte da, 3) horrenbestez, karburadorea autoaren parte da.

Harreman iragankorren bitartez, inferentziak egin daitezke klaseen kidetzari edo ezaugarriei buruz, eta modu eraginkorragoan adieraz ditzakete antolaketa-sistemek: iragankortasunaren bidez, premiazkoak direnean bakarrik adierazten dira harreman inplizituak modu esplizituan.

6.3.2.3 Baliokidetasuna

Harreman bat simetrikoa eta iragankorra baldin bada, baliokidetasun-harreman bat izango da; «honen-berdina-da», adibidez, baliokidetasun-harreman bat izango da, noski, zeren A=B baldin bada eta B=A baldin bada, eta A=B baldin bada eta B=C baldin bada, A=C izango da. Beste harreman batzuk, ostera, baliokideak izan daitezke «berdin-berdinak izan gabe»: hirukien arteko «kongruentzia» dugu horren erakusgarri.

Maiz, klase edo ezaugarri jakin batek beste klase edo ezaugarri baten esanahi berdina duela, edo elkarren ordezkoak direla, berresteko premia izaten dugu. Hori adierazteko, baliokidetasun-harremanak erabiltzen ditugu:

Sister (ingelesa) ⇔ honen-baliokidea-da ⇔ Hermana (gaztelania)

6.3.2.4 Alderantzizkoa

Harreman asimetrikoetan, erabilgarria izaten da harremanaren esanahia argiki azaltzea, harremaneko argumentuen ordena alderantzikatzen denean. Hala, alderantzizko harremana sortzen da, edo lehen harremanaren aurkakoa. Antolaketa-sistema batek zera adierazten badu argiki:

Honen-haurra-da ➔ honen-alderantzizkoa-da ➔ Honen-gurasoa-da

Zera ondorioztatu dezakegu:

Bart Simpson ➔ honen-haurra-da ➔ Homer Simpson

6.3.3 Ontologiak

Harreman semantikoen motak eta ezaugarriak aski xehe deskribatu ditugunez, lehenago aipaturiko erronkara itzul gaitezke orain: zer informazio behar da harremanak guztiz ulertzeko? Galdera hori hainbat hamarkadaz eztabaidatu da, eta ez daukagu asmorik galderari erantzuteko ezein neurritan. Nolanahi ere, konponbidearen oinarrizko alderdi batzuk zirriborratu ditzakegu.

Hasteko, gogora dezagun taxonomiek zera biltzen dutela: klase-inklusioko harremanen sistema bat, eremu jakin batean. Baina, ikusi dugun eran, harreman-mota mordoxka bat daude, klase-inklusioarekin zerikusirik ez dutenak. Beste harreman-mota horiek denek eremuari buruzko jakintza erakusten dute, eta baliteke jakintza hori behar izatea eremuari buruzko adierazpenak ulertzeko eta, baliabideen edo jardueren eremu bat baino gehiago elkartzen direnean, horren zentzua argitzeko.

Adibidez, janariaren eremuan –zeinaren taxonomia partziala 6.2 marrazkian agertzen baita: Janariaren taxonomia partziala–, klaseen eta kasuen ezaugarrien artean dauden harremanak adieraz ditzakegu, horien baliokidetasunak adierazi, eta janariaren eremuaren aurkezpena beste eraren batean hobetu, harremanen sare konplexu bat sortzeko moduan. Gainera, janariaren eremua beste eremu batzuekin gurutzatzen da: janariaren prestaketarekin, nekazaritzarekin eta merkataritzarekin, besteak beste. Halaber, eremu horien arteko harremanak adierazi behar ditugu, horietako edozein ulertu nahi badugu.

Parrila ➔ honen-mota-bat-da ➔ Janari-prestaketa
Tenperatura ➔ honen-neurri bat da ➔ Parrila
Hanburgesa ➔ honen-baliokidea-da ➔ Haragi xehatua
Hanburgesa ➔ honela-prestatzen-da ➔ Parrila
Hanburgesa-ogitartekoa ➔ honen-mota-bat-da ➔ Prestaturiko janaria
Gutxi egina ➔ zera-da ➔ Janaria prestatzeko era bat
Ondo egina ➔ zera-da ➔ Janaria prestatzeko era bat
Haragia ➔ honela-gordetzen-da ➔ Izoztuta
Desizoztea ➔ honen-alderantzizkoa-da ➔ Izoztea
...

Adibide sinple horretan ikus dezakegunez, klase-inklusioko harremanek halako bizkarrezur bat osatzen dute, zeinera eransten baitira beste harreman-mota batzuk. Era berean, ikus dezakegu badirela adierazpen potentzialki esanguratsu ugari, zeinek, batera hartuta, gutako gehienok janariari eta antzeko eremuei buruz dugun jakintza erakusten baitute. Halako harreman-sareek beste baliabide bat sortzen dute, ontologia deritzona. Ontologiaren errepresentazio bisualak erakusten duenez, taxonomiak dira ontologien aldamio kontzeptualak (Ikus 6.2 marrazkia: Janariaren ontologia partziala).

Ontologiak funtsezko osagaiak dira antolaketa-sistema batzuetan, bereziki informazio ugari erabiltzen dutenetan; halakoetan, baliabideen helmena eta eskala hain dira handiak, ezen deskribapen-hiztegi zabal eta kontrolatu bat behar baita. (Ikus 5.3 atala: Baliabideak deskribatzearen prozesua). Inoiz sorturiko ontologia zabalena Cyc deitzen da: 1984an sortu zen, adimen artifiziala ikertzeko xedez. Hiru hamarkada geroago, Cyc ontologiaren azken bertsioak ehunka milaka termino biltzen ditu, eta horien arteko loturei buruzko milioika adierazpen.

6.2 marrazkia: Janariaren ontologia partziala

Janariaren ontologia partziala

Janariaren ontologia partzialak janariaren taxonomiari gainjartzen dizkio zenbait adierazpen, janariaren eremuko kategoriei, kasuei eta harremanei buruzkoak. Besteak beste, horrelako adierazpenak agertuko dira: «Parrila janari-prestaketa mota bat da», «Haragia izoztuta gordetzen da» eta «Hanburgesa haragi xehatuaren baliokidea da».