6. Harremanak eta egiturak deskribatzea
Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney
6.6 Ikuspegi arkitektonikoa
Ikuspegi arkitektonikoak azpimarra jartzen dio harremaneko osagaien kopuruari eta abstrakzio-mailari; faktore horiek, batera hartuta, harremanaren konplexutasuna ezaugarritzen dute. Laburki aztertuko ditugu arkitekturari dagozkion hiru kontu: gradua, kardinaltasuna eta norabidetasuna.
Kontzeptu arkitektoniko horiek datu-ereduen sorreratik datoz, eta harremanak zehaztasunez baina maila abstraktuan deskribatzeko aukera eskaintzen dute, zeina funtsezkoa baita baliabideen arteko harremanak inplementatzen dituen antolaketa-sistema bat mantentzeko. Aplikazioari eta teknologiari dagozkion bizi-zikloak inoiz baino motzagoak dira gaur egun, eta datu berrien kopuru eskergak sortzen dira, online elkarreraginen jarraipena handitu delako eta baliabide aktibo mordo bat dagoelako, Gauzen Interneten parte dena. Antolaketa-sistemak ez baldin badira zutarri arkitektoniko argiekin eraikitzen, zaila da horien neurria eta helmena areagotzea, baldintza berrietara molda daitezen.
6.6.1 Gradua
Harreman baten graduak zera adierazi nahi du: zenbat entitate-mota edo baliabide-kategoria dauden harremanean. Normalean, harremanen adierazpenean agertzen diren argumentu-kopuruaren berdina izaten da; ez beti, ordea.
- Homer Simpson (senarra) ⇔ honekin-ezkonduta-dago ⇔ Marge Simpson (emaztea)
Goiko esaldi hori 2. graduko harreman bat da, harreman bitar bat, zeinean bi entitate-mota baitaude. Izan ere, «honekin-ezkonduta-dago» harremanak, gure lehen definizioaren arabera, bi entitate-mota hauek behar baititu: «senarra» batetik eta «emaztea» bestetik.
Demagun, orain, ezkontzaren definizioa aldatzen dugula, eta ezkontzako bi parte-hartzaileak «pertsona» entitate-motaren edozein kasu izan daitezkeela. Bada, harremanaren adierazpena berdin-berdina izango da, baina gradu batekoa izango da, entitate-mota bakar bat aski baita bi argumentuak osatzeko:
- Homer Simpson (pertsona) ⇔ honekin-ezkonduta-dago ⇔ Marge Simpson (pertsona)
Harreman batzuk adierazteko modu onena hirutarra da, hiru entitate-mota biltzen dituzte-eta. Datu-ereduen liburu askotan agertzen den adibide bat da honako hau:
- Hornitzaileak ➔ zera-hornitzen-du ➔ Zatia ➔ honako-hau-muntatzen da ➔ Produktua
Harreman hirutarrak errepresentatzeko, harreman bitarren sorta bat erabil daiteke beti; horretarako, entitate-mota berri bat sor daiteke, zeinak besteak lotzen baititu, txandaka. Datu-ereduen sorreran, entitate-mota horri dummy esaten zaio.
- Hornitzaileak ➔ hornitzen-du ➔ DUMMY
- Zatia ➔ hornitzen-dena ➔ DUMMY
- DUMMY ➔ muntatzen da ➔ Produktua
Harreman hirutar zentzuzko bat hartzeak eta, hortik abiatuta, hiru harreman bitar sortzeak, DUMMY entitate-mota bat txertatuz, gauza bitxia eman dezake, baina, eragiketa horri esker, harreman guztiak bitarrak izan daitezke, jatorrizko harreman hirutarraren esanahiari eutsiz. Harreman guztiak bitar bihurtuta, errazagoa da harremanak gordetzea eta uztartzea, harreman berriak sortzeko xedez.
6.6.2 Kardinaltasuna
Harreman baten kardinaltasunak adierazten du zenbat kasu lotu daitezkeen harreman bateko entitate-mota bakoitzarekin. Lehen begi-kolpean, gradua bezalakoxea eman dezake, beste izen batekin, baina ez da.
Kardinaltasuna azaltzeko, harreman bitarrei erreparatzea da errazena. Homer eta Margeren adibidera itzuliz gero, ezkondutako senar-emazteak direla adierazten duen harremana banakakoa da, zeren senar batek emazte bat bakarrik izan baitezake aldi bakoitzean, eta emazte batek senar bakarra, Simpsontarrak bizi diren gizarte monogamoan bederen.
Horren kontrakarrean, «honen-gurasoa-da» harremana askotarikoa da, norbaiten guraso izatearen esanahian honako adierazpen hau bildu baitaiteke:
- Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart ETA Lisa ETA Maggie
6.6.1 atalean egin dugun moduan, harreman hirutar bat har dezakegu, eta horren harreman-arkitektura konplexua eraldatu, harreman sinpleago batzuk sortze aldera; horretarako, guraso izateari buruzko adierazpenak mugatuko ditugu, banakako kardinaltasuna izan dezaten:
- Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart ETA Lisa ETA Maggie
- Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart
- Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Lisa
- Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Maggie
Homerren hiru seme-alabei dagokien adierazpen askotarikoan, hiru umeak elkarrekin agertzen dira, argumentu gisa, adierazpen erlazional berean; adierazpen horretan agerikoagoa da harreman berdina partekatzen dutela, banakako adierazpen bereizi eta errepikakorretan baino.
6.6.3 Norabidetasuna
Harreman baten norabidetasunak zehazten du zer ordenatan dauden konektatuta harreman bateko argumentuak. Norabide-bakarreko harremanak norabide batean bakarrik jarrai daitezke; aldiz, bi-norabideko harremanak bi aldetara jarrai daitezke.
Harreman simetriko guztiak dira bi-norabidekoak; aldiz, bi-norabideko harreman guztiak ez dira simetrikoak (ikus 6.3.2.1 atala: Simetria). Nagusiaren eta haren manupeko langilearen arteko harremana zera da: «hau-enplegatzen du»; kontrako norabidean, ordea, beste harreman bat dago: «honek-enplegatzen-du». Sarritan, bi harremanen artean, bat bakarrik lexikalizatzen da.
