1.5 «Berariazko antolaketa»ren kontzeptua

Berariazko antolaketak azpimarra jartzen die antolaketa-ekintza esplizitu zein inplizituei; ekintza horiek jendeak egin ditzake, baina baita prozesu konputazionalek ere, giza asmoen ahalordez edo horiek gauzatzeko. Banakoek Antolaketa Sistemak eratzen dituztenean eta nahieran erabaki dezaketenean nola antolatu beren baliabideak, halako kasuetan ikusten da hobekien berariazko antolaketa. Bestalde, erraza da berariazko antolaketa ikustea zenbait erakunderen Antolaketa Sistemetan –liburutegiak, museoak, negozioak eta gobernuak–, non antolatzeko ardura eta aginpidea zentralizatu eta esplizitatzen baita politika, lege eta araudietan. 

Edonola ere, goitik beherako berariazkotasuna ez da beti beharrezkoa Antolaketa Sistema bat osatzeko. Kontrol zentralik ez dagoen egoeretan, antolaketa modu bat sor daiteke jarrera kolektiboak gailentzen direnean denboran, banakoek erabakiak hartzen dituztenean berariaz, eta horren ondorioz arrastoak, erregistroak edo bestelako informazioak metatzen direnean denboran. Goitik beherako mekanismoak ez baizik behetik gorakoak erabiltzen dituzten Antolaketa Sistemei, maiz, autoantolaketa esaten zaie, eragileek baliabideekin edo beren artean izaten dituzten elkarreraginen metaketatik jaiotzen baitira. Autoantolaketako Sistemek beren barne-egitura edo funtzioa aldatu ahal dute, erreakzioen eraginez edo baldintzak aldatzen badira. 

Definizio hori aski zabala da bere baitan biltzeko negozioak, ekosistema biologikoak, trafiko-joerak eta iturri libreko software proiektuak. Hona hemen autoantolaketaren beste adibide on bat: bide-sistemak, non jendeak (baita inurriek eta beste animalia batzuek ere) beren aurrekariek hartu dituzten bideei jarraitu diezaieketen, eta, horrela, bideok indartu. Antolaketa oso txukun eta optimoak sortzen direnean inurrien, erleen, txorien, arrainen eta beste espezie batzuen tokiko elkarreragin-jardueren ondorioz, «erlauntzen adimena» esaten zaio maiz. Gizakien artean gauza bera gertatzen denean, hau da, gizakiek balio edo puntuazio jakin bat ematen dietenean albisteei, YouTubeko bideoei, jatetxeei edo bestelako baliabide digital eta fisikoei, «crowdsourcing» esaten zaio (lankidetza jendetsua edo irekia). Animalien eta gizakien kasuan, bada alderdi komun bat: informazioa trukatzen da banakoen artean. Batzuetan, komunikazioa zuzena da: adibidez, Amazon-ek erakutsiko dizu zenbateko puntuazioa daukan, bataz beste, zure antzeko jendeak erosi duen liburu batek. Beste batzuetan, aldiz, komunikazioa 

zeharkakoa da: eragileek aldatu egiten dute ingurunea (bideak sortzean bezalaxe), eta besteek ahalmena dute aldaketa horiei erantzuteko. Adam Smith-ek «esku ikusezina» aipatu zuen: kasu horrexetan ere, banakoek emaitza bat sortzen dute modu kolektiboan, nahiz eta ez zeukaten hori egiteko berariazko asmorik; halere, emaitza gauzatuko da, nork bere intereseko ekintzak egin dituelako, merkatuko prezio-seinaleei erantzunez. Era berean, nahiz eta ez duen goitik beherako antolaketatik, weba, bere osotasunean –trilioi bat baino gehiago orrialde bereiz ditu– autoantolaketa sistema bat da, zeinak, muinean, antolaketa printzipio argi batzuei jarraitzen baitie. 

Weba, Antolaketa Sistema gisa

Gaur egungo webak zerikusi gutxi dauka bere hastapenekin –Tim Berners-Lee fisikari eta informatikariak sortu zuen, txosten zientifiko eta teknikoak banatzeko sistema bat izan zedin; 1990ean izan zen, Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundeko laborategi batean, Genevatik gertu–. Nolanahi ere, Antolaketa Sistema bat den aldetik, weba, oraindik ere, Berners-Leek sorreran zehaztutako printzipioei jarraitzen die. Esaterako, datuen formatu eta elkarreragin protokolo estandarrak erabiltzen dira; ez dago kontrol zentralizatuaren beharrik orrialdeak sortzeko edo estekak sortzeko; sarera sartu daiteke, urrutitik, edozein tokitan egonda ere, eta gaitasuna du era askotako ordenagailu eta sistema operatibotan jarduteko. Arkitektura horren eraginez, gauza irekia eta hedakorra da weba; ordea, bere baitan ez du mekanismorik aginpidea edo konfiantza bermatzeko. 

Webak ez duenez ezein aginpide zentral edo autoretza-kontrolen beharrik, pertsona eta erakunde orok gehitu ditzake gauzak bertara. Hori dela-eta, nahiz eta webak –bere osotasunean– ez duen erakusten Antolaketa Sistemetan ohikoa den moduko berariazko antolaketa zentralizaturik, esan genezake weba osatzen dutela milioika Antolaketa Sistemak, eta horietako bakoitzak berariazko antolaketa bat gauzatzen duela, modu bereizian, bere webgunean. Gainera, webarekin elkarreraginean jarduten garenean, maiz zeharka egiten dugu, bilatzaileen bidez, eta bilatzaileak, hain zuzen, bat datoz Antolaketa Sistemaren definizioarekin, zerrendak osatzen dituztelako eta informazioa berreskuratzeko algoritmoak baliatzen dituztelako printzipio gisa. 

Antolaketa Sistema pila bat gauzatzen dira webguneen bilduma gisa. Bilduma horietako batzuk webean sortzen dira, orrialde berriak balira bezala; beste batzuk, aldiz, aurretik baziren baliabide-bildumak eraldatuz sortzen dira, eta, beste batzuek, azkenik, baliabide zaharrak eta berriak uztartzen dituzte.

Berariazko antolaketaren baldintza dela-eta, prozesu fisiko edo geologikoak, naturaz gertatzen direnak, ez dira Antolaketa Sistematzat hartzen. Informazioa dago, noski, tornado edo tsunamien osteko hondakinetan eta Kanoi Handiaren estratuetan. Baina ez dira Antolaketa Sistemak: naturako indar determinatzaileek sortu zituen, eta ez, ordea, eragile batek, antolaketa-printzipio bati edo gehiagori segituta. Bestalde, datu geologikoen bildumak –hala nola Kanoi Handiko hainbat estratu eta tokitako konposizio geologikoaren neurketak–, Antolaketa Sistemak dira, baiki. Izan ere, halakoetan, hainbat erabaki hartzen ditu geologoak –zer neurtu, nola uztartu eta aztertu neurketa horiek eta zer teoria frogatzen saiatu edo zer teoria berri sortu–, zeinek datuen berariazko antolaketa bat islatzen baitute. 

Baliabideak antolatzeko beste eredu batzuk, ordea, irudipenak dira, hautemateari dagozkionak: premiazkoa da talaia jakin batetik begiratzea horiek ikusteko. Horren adibide argiena, hauxe: izarren joerak, lurretik beha dagoen bati agertzen zaizkion eran. Zehatz-mehatz lerrokatutako hiru izarrak, «Orionen gerriko» izendatuak, ehunka argi-urtera daude Lurretik, eta elkarren artean ere bai. Ezin da ukatu halako antolaketa bat hautematen dela izarren artean; izarrak, halere, ez daude lerrokatuta unibertsoan. Konstelazio astronomikoak –esaterako, Orion– berariazko antolaketak dira, izarren kokapenari buruzko dugun hautemateari inposatzen zaizkionak; hautemandako antolaketa horiek –eta horiek azaltzeko izendatu diren konstelazioak ere– Antolaketa Sistema bat dira, zeina sakon sustraituta baitago giza kulturan eta itsaso gaineko nabigazio zerutiarraren praktikan.

Ez da berariazko antolaketa bat

Kanoia

Geologoek luze eta zabal aztertu dute Kanoi Handiko arroka geruzen konposizioa eta antolaketa («estratuak»); AEBko hego mendebaldean dago eremu hori. Arrokaren konposizioak iradokitzen du nolako ingurumenean sortu ziren haitz horiek; arroka geruzen antolaketa absolutuak eta erlatiboak, berriz, gertakari geologiko garrantzitsuak noiz gertatu ziren adierazten dute.

(Irudia: B. Rosen; Creative Commons CC BY-ND 2.0 lizentzia.)

Antolaketa Sistemetako baliabideen berariazko antolaketak, batera hartuta, honako erabaki hauen ondorio dira: zer baliabide antolatu diren, zergatik, zer neurritan, noiz, nola eta zeinek antolatu dituen (horietako bakoitza xehe aztertuko dugu 2. atalean). Diseinuaren alorrean hartutako hautuen ondorioak elkartu, eta horiek baldintzatuko dute Antolaketa Sistema. Nolaz eta galdera horiek denak loturik dauden elkarren artean, horien erantzunak modu bateratuan agertzen dira, Antolaketa Sistema osatuz.