12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.9 CODIS datu-basea, DNAri dagokiona

Egilea: Becca Stanger; 2013ko abendua.

Laburpena. DNA Index Sistema Konbinatua, CODIS izenekoa, FBI agentziaren DNA datu-basea da, eta tokiko, estatuko eta herrialdeko mailan dihardu. 2013ko urrian, DNA Index Nazionalean (NDIS) –CODISen baliokide federala–, 10.647.800 delitugileren profilak, 1.677.100 atxiloturen profilak eta 522.200 profil forentse biltzen ziren. Krimenak argitzeko xedez diseinatu zen datu-base hau: 255.400tik gora bilaketatan asmatu du eta lagungarria suertatu da 216.200 ikerketa baino gehiagotan. Antolaketa-sistema honek funtsezko zeregina bete du krimenaren murrizketan, poliziaren baitan inoiz baino elkarreragin-jarduera gehiago gauzatzea ahalbidetu baitu; hala ere, auzi etiko ugari azaleratzen ditu, aztertu beharrekoak.

Zer antolatu nahi da? CODIS datu-basean, arlo penaleko kasuekin zerikusia duten era askotako pertsonen erregistro digitalak edo «DNA profilak» gordetzen dira: delitugileak, atxiloturiko pertsonak, desagertuta dauden pertsonak eta abar. Profil horietan, zehazki, aurrez ezarritako 13 locus-sekuentzia genetiko bakarretako alelo bat edo bi neurtzen dira. Neurketa zehatz horiek hain dira xeheak, ezen norbanako zehatz bat esklusiboki identifikatzeko modua ematen baitute.

Baliabide-deskribapen hauek sortzeko, polimerasaren kate-erreakzioari dagozkien teknologiak baliatzen dira, DNA espezimen-baliabide originaletik abiatuta; laborategi egiaztatuek gauzatzen dute lan hori, nazio osoan. Sortu ostean, baliabideak berak –espezimenak– laborategitan gordetzen dira; ostera, baliabide-deskribapenak –profil digitalak–, CODIS datu-basera gehitzen dira. Delitugileen identifikatzaile pertsonalak ez dira profiletan eransten; hala ere, profilarekin batera gordetzen da bidali duen agentziari, espezimenari eta langileari buruzko informazioa.

Baliabide-deskribapenen bilduman zentratu ordez, FBIk bere kasa bil litzake baliabide originalak. Alabaina, baliabide fisikoak maila horretan koordinatu behar balira (banatu, gorde, mantendu, etab.), gobernu federalak kostu gehigarri bat ordaindu beharko luke, eta ziur aski onarpen legislatiboa jaso beharko luke. Horrenbestez, ulertzekoa da FBIk kostua eta ahalegina minimizatu nahi izatea, eta baliabide-deskribapenetan soilik zentratzea.

Zergatik antolatu nahi da? Garai batean, poliziak bere eremu geografikoko delituak argitu behar zituen, besterik ez. Adibidez, polizia bat hilketa bat ikertzen ari bazen Kalifornian, ez zuen jakingo hilketa hari loturiko beste kasu bat zegoela New Yorken. CODIS datu-basearen antolaketa-sistemak, ordea, polizia-agentzien arteko koordinazioa hauspotzen du, delituak argitzeko ahaleginean.

NDISen bakarrik, 10.647.800 delitugileren profilak daude; hortaz, CODIS datu-base masiboak antolaketa-sistema baten premia zuen, lagungarria suertatuko bazen datu-base hori zerabilten polizia-agentzientzat. Antolaketa-sistema hori sortu eta mantendu da, arrakastaz, eta, horri esker, elkarreragin-jarduera berriak eskaini zaizkie era askotako gobernu-funtzionarioei. Polizia-agentziez gainera, CODISen antolaketa-sistemara jo dezakete auzitegiek, defentsa-abokatuen bulegoek eta biztanleria-estatistikak egiten dituzten agentziek: horrela, era askotako funtzioak egiteko aukera dute, besteak beste, balizko susmagarriak aurkitzea krimenen ikerketetan, desagertuta dauden pertsonak identifikatzea, biztanleriari buruzko estatistikak egitea eta zigortutako delitugileak absolbitzea.

Zenbat antolatu nahi da? Lehenago esan dugun eran, locus genetikoen 13 sekuentzia espezifikoen neurketak xehetasun-maila handiko deskribapenak sortzen ditu, eta, horrela, DNA profilek modu esklusiboan identifikatzen dute datu-baseko gizabanako bakoitza. Hori esanda, DNA profilak ez dira, besterik gabe, datu-base masibo batean pilatzen.

Ostera, datu-baseak mantentzen dira hala estatuen mailan nola maila federalean. Profil berri bat sortzen denean, estatuko datu-base txikiagoan ote dagoen egiaztatuko da, baina baita datu-base nazional handiagoan ere. Gainera, datu-baseak zenbait indexetan banatzen dira, DNAren jatorriaren arabera: delitugileen indexa, atxilotuen indexa, index forentsea eta desagertu diren pertsonen indexa.

Nolanahi ere, datu-baseak indexetan banatzeak arazo bat sortzen du konpentsazioari dagokionez. CODISek ez balitu datu-baseak banatuko index federalen, estatu-indexen eta jatorri-indexen arabera, baliteke algoritmoak kasu zailagoetan ere asmatzea, bilaketaren parametroak zabalduko balira. Zenbait eta maizago asmatu, baliteke orduan eta ikerketa gehiagori laguntza ematea.

Hala ere, bilaketa-parametroak zabalduz gero, bilaketa-algoritmo konplexuago baten premia egongo litzateke, eta bilaketa-prozesua bera luzeagoa izango litzateke. Atzerapen horren ondorioz, kasu gutxiagotan asmatuko litzateke oro har. Beraz, gobernu-instituzioetan, zeinetan denbora eta baliabideak mugatuak baitira, garrantzitsuagoa da, CODIS antolaketa-sistemaren erabiltzaileentzat, kasu gehiagotan asmatzea, datu-base azpi-zatituekin, ezen ez kasu zehatzagotan asmatzea datu-base kolektibo batean. CODIS antolaketa-sistemako kategoriei esker, elkarreraginaren prozesua sinplifikatzen da.

Noiz antolatu nahi da? Tokiko, estatuko zein herrialdeko laborategi egiaztatuek bidaltzen dituztenean sartzen dira DNA profilak CODIS antolaketa-sisteman. Horrenbestez, laborategiko teknikariek, baliabideak eta baliabide-deskribapenak kudeatzen dituztenek, banan-banan erabakitzen dute nola kategorizatu behar litzatekeen profil bakoitza, eta zer indexetara gehitu behar litzatekeen.

Hori esanda, laborategiko teknikariek estandar zorrotz batzuk bete behar dituzte DNA profilen kategorizazio-moduari dagokionez. Estandar horiek ez dira berdinak estatu guztietan, estatuko legediaren araberakoak dira.

Nola edo nork antolatu nahi du? Laborategiek eta estatuak CODISekin duten harremanetik harago, FBIk mantentzen eta ikuskatzen du CODIS datu-basea azken buruan. Softwarea eta bilaketa-algoritmoak mantentzen ditu, bilaketak egiten ditu sisteman barna, eta kalitatea bermatzeko estandar zorrotzak ezartzen dizkie datu-basean diharduten laborategi guztiei.

Laborategiko teknikarien joera inpartzialen edo akatsen arriskua murrizteko, FBIk bere kabuz egin lezake laborategiko prozesamendu- eta kategorizazio-lana. Aldaketa horrek, ordea, erronka berriak ekarriko lituzke, esaterako, gobernuak kostu gehigarriak ordaindu behar lituzke aurrez aipaturiko baliabideak mantentzeari eta prozesatzeari dagokionez. Gainera, baliabide-guzti-guztiak FBIren prozesamendu-zentro batean bateratu nahi balira, zorrotz-zorrotz erregistratu behar litzateke baliabidearen sorrera-estatua zein den, baliabide-deskribapenak estatuko legediaren arabera kategorizatzen direla ziurtatzeko. FBIk estandar eta arau zorrotzak ezartzen ditu baliabideen mantentzeari dagokionez, eta horixe da aukera onena akatsen eta joeren arriskuari aurre egiteko.

Beste kontu batzuk. CODIS antolaketa-sistemak auzi etiko interesgarrien sail zabal bat aurkezten digu, arrazari, generoari, arlo penalari eta pribatutasunari loturik. DNA datu-baseei dagokionez, eztabaida bereziki bizi bat azaleratu zen honako kasu honen haritik: 23andMe enpresa pribatuak DNA testak egiten zituen, eta halako batean iragarri zuen handik aurrera utzi egingo ziola test genetikoak saltzeari, FDA erakundeak (Elikagaien eta Sendagaien AEBko Administrazioa) hala eskatuta; horren ondorioz, inoiz baino galdera gehiago piztu ziren DNA datu-baseen mantentzeari eta erabilerari buruz.

Halaber, hainbat jendek zalantzan jarri du ea CODISek zilegitasunez mantentzen dituen DNA profilak. ACLU elkarteak (Eskubide Zibilen Batasun Amerikarra), adibidez, zera aipatu du: gobernuak DNAren datu-base bat mantentzeak berekin ekar dezakeela datu-basearen hasierako xedeen zabaltze gradual bat, herritarren pribatutasunari kalte egiteko arriskuarekin, eta horrek «bai mundu berri» baterantz eraman dezakeela herrialdea arin bai arin, zeinetan informazio genetiko pribatua bilduko bailitzateke, eta botere-gehiegikerietarako zien diskriminaziorako erabili.

Kontuan harturik 23andMe eta gobernua bera zaintzapean daudela eta komunikabideak horren berri ematen ari direla, CODIS antolaketa-sistemaren mantentzearen zilegitasunak, beharbada, arreta gehiago jasoko du datozen urteetan.