12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.16 Mumbaiko Dabbawala-k

Zakote-ontzien sistema indiarra

Egilea: Pratibha Rathore; 2014ko abendua.

Laburpena. Mumbaiko dabbawala zerbitzuak txundidura eragiten du munduan barna, eta liluratuta nauka neu ere: Mumbain aritu nintzen lanean bi urtez, eta dabbawala deritzen langileek janari-zakotea («dabba» esaten zaio) ekartzen zidaten etxetik bulegora (44 miliako distantzia zegoen bien artean). Teknologiarik ez baliabide digitalik erabili gabe, antolaketa-sistema honek etxean egindako bazkarien banaketa kudeatu du denbora luzez –mende bat baino gehiago–, eta janaria helarazi die Indiako milaka bulego-langileri, hilabetean 3-7 dolar bitarte ordaintzearen truke. Dabbawala deritzen langileen komunitatea gai izan da bere bezeroentzat balioa sortzeko, bere jardunaren printzipioak optimizatuz eta estandarizatuz, eta antolaketa-sistema zentzuzkoa eta gizakietan oinarritua sortuz.

Zer antolatu nahi da? Dabbawala sistemak antolatu behar dituen baliabide primarioak dabbak dira, hau da, bezeroaren bulegora banatu beharreko zakoteak; horiek antolatzeko, kolore-kode bat erabiltzen da, sinplea baina eraginkorra. Ondoren, lan-indarra ere antolatu behar da: 5.000-6.000 langile bitarte jarduten dira lanbide horretan, dabbawala esaten zaienak; horiek ere antolatu behar dira, bai eta egunero eta hutsik gabe dabbak toki egokian eta dagokion orduan banatzea ahalbidetzen duen hornikuntza-katea eta operazio logistikoak ere. Dabbawala langileen komunitateak –Mumbaiko Zakote-Ontzien Banatzaileen Elkartea (MTBSA)–, antolaketa-egitura lau bat baliatzen du; hots, egunez egun ondo jarduteko motibazioa norberaren grinari eta erantzukizunari dagokio.

Zergatik antolatu nahi da? Jendeak dabbawala zerbitzua erabiltzen du, nagusiki, jatordu on bat egin nahi duelako, etxean prestatua: familiarekin konektatzeko modu bat da, lanean egon arren. Dabbawala sistemak ahalbidetzen dituen elkarreragin-jarduerek bi abantaila aipagarri eskaintzen dizkiote bezeroari: modu osasuntsuan jan dezake, gastuak kontrolatuz, eta denborari dagozkion mugak orekatu ditzake. Bulegoko langile gehienak goizeko zazpietan ateratzen dira etxetik, aldirietatik Mumbaira iristeko: hegoaldera jotzen dute, Mumbaiko gune komertzial nagusira, eta arratsaldeko zazpiak arte ez dira itzultzen normalean. Trenbide-sarea, puntako orduetan, goraino beteta egoten da; jendeak treneko barrei heldu behar die esku batekin, orekari eusteko, beraz, une horretan zakote bat eramatea ez da oso egingarria. Bidaiari gehienek ez dute dirurik egunero kanpoan jateko, eta errepide-bazterrean jatea txarra da osasunarentzat zein higieneari dagokionez. Gainera, langileek elikadura-ohitura askotarikoak dituztenez, bulegoetako kantinei zaila suertatzen zaie eskaria kudeatzea. Zorionez, dabbawala sistemak arazo hauek guztiak konpontzen ditu, eta bezeroak asebeteta geratzen dira % 100ean, izan ere, langile bakoitzak bere etxean prestatutako janaria jasotzen baitu bulegoan.

Zenbat antolatu nahi da? Mumbaiko zakote-ontzien sistema enpresa arrakastatsua da, eta sozialki jasangarria. Egunean 300.000 dabba banatzen dira bulegoetara, eta atzera etxera itzuli; hortaz, egunean 600.000 elkarreragin-jarduera gauzatzen dira. Elkarreragin-jardueren kopurua oso handia izan arren, pertsona bakoitzak elkarreragin-jardueren azpi-sail txikiago bat kudeatzen du aldi bakoitzean. Sistemaren helmena eta operazioen eskala iraunkor samarra da, nahiz eta dabba gutxi batzuk gehitzen edo kentzen diren hilabete bakoitzean. Interesgarriena, ordea, zera da: ordenagailurik, teknologia mugikorrik eta prozesu automatizaturik erabili ez arren, bi hilabetean behin bakarrik galtzen da dabba bat, hau da, akats bat baino gutxiago gertatzen da 6 milioi banaketaren artean. Horra hor eraginkortasuna! Zenbait antolaketa-printzipio arrakastaz inplementatzen dituelako lortzen du sistemak halako sendotasuna. Hasteko, zakote guztiek neurri eta forma estandar bat dute. Bigarrenik, dabba ontzien kolore-kodeak jendearen ikusmen-gaitasuna baliatzen du, gizakietan oinarrituriko diseinu-ikuspegi bati jarraituz. Hirugarrenik, dabba-ontzien banaketa-sekuentzia –jatorritik helmugara eta helmugatik jatorrira– errepikagarria, aurreikusgarria, sistematikoa eta iteratiboa da berez; ondorioz, jarraipena eta monitorizazioa ahalbidetzen du. Azkenik, komunitatearen baitako gobernantza lortzeko, etika, balioak eta printzipioak sustatzen dira langileen artean, eta langileak dira erantzule une oro.

Noiz antolatu nahi da? Dabbawala langileen arteko elkarreragin-jarduerak, dabbak banatzeko helburua dutenak, «hub and spoke» deritzon ereduaren arabera antolatzen dira. Dabba bakoitza, sukaldetik bulegora iristeko bidean, hainbat banatzailek kudeatzen dute –hirutik hamabira bitarte–. Dabbawala langilearen lanegun tipikoa goizeko 9:30etan hasten da; ondoren, behargina ordubete inguruz jarduten da berari dagokion eremuko etxeetan dabbak jasotzen: 25-30 bitarte biltzen ditu. Banatzailea etxe bakoitzera iristerako, janariak prest egon behar du. Behin janaria bilduta, tren-geltokira joaten da eta bere eremuko beste dabbawala batzuekin elkartzen da. Ondoren, dabbak antolatzen dituzte, geltokien ordenaren arabera, eta geltoki bakoitzeko dabbawala arduradunari banatzen dizkiete zakoteak. Abiapuntu-geltoki guztietan, dabbak banatzen dira, beren helmugarantz. Prozesu berdina errepikatzen da itzuleran ere, dabba hutsak bueltatzeko.

12.3 marrazkia: Dabbawalla banaketa-prozesua

Dabbawalla banaketa-prozesua

Dabbawala banaketa-prozesuaren eredu bat.

Nola edo nork antolatu nahi du? Banaketen kudeaketa-sistema arrakastatsu honen gakoa zera da: dabbak kolore-kode baten bidez antolatzea. Dabbawala langileek diseinuari dagozkion neurri sinpleak erabiltzen dituzte, hala nola kolore desberdinak, zenbakiak, marrak, puntuak, letrak eta sinbolo arruntak, hainbat parametro adierazteko: jatorria, zer bidetatik joan, xede-geltokia, arduraduna, kalea, eraikina, solairua etab. Dabbawala gehienak analfabetoak dira; horregatik, markaketa-sistemaren sintaxia ulertzeko eta inplementatzeko erraza dela ziurtatzen da. Dabba ontzietako markak inplementatzeko eta deskribatzeko erabiltzen den hiztegia prozesu estandar eta auto-deskriptibo baten bidez sortzen da; hala, anbiguotasuna eta aldakortasuna ezabatzen dira, eta antolaketa-sistema efektiboagoa bilakatzen da. Zenbakiak eta letrak bakarrik erabiltzen direnez, baliabide primarioen (dabbak) deskribapenari dagokion sintaxia ez da tokiko hizkuntzaren mendekoa, eta nahita egiten dute hori, izan ere, modu horretan, denek ikasi, ulertu eta prozesatu baitezakete sintaxia, nahasterik gabe, joera partzialik gabe eta gehiegizko informaziorik gabe.

12.4 irudia: Dabba bide-kodeak

Dabba bide-kodeak

Dabba bat identifikatzeko eta bideratzeko erabiltzen den kode-sistemaren azalpena.

Prozesuaren urrats bakoitzean, kodearen zati bat bakarrik irakurri behar da: seinale baten funtzioa betetzen du horrek, eta dabba egokiak oso azkar hartzeko modua eskaintzen du. Halaber, metodo bereziki efizientea da dabba ontzien jarraipena egiteko, izan ere, dabbawala batek, dabba bat ikusi bezain pronto, zer norabidetan bidali behar duen jakingo du. Dabba bat galtzen bada, edo nonbait ahaztu, edozein dabbawala izango da gai berriz bide onean jartzeko. Ez da beharrezkoa kolore-kodeen egitura hor goian deskribatu duguna baino xeheagoa izan dadin, dabbawala langileek buruz ezagutzen baitituzte bilketa-eremuak. Gainera, antolaketa-sistemari baliabide berri bat gehitu nahi bazaio, prozesu zuzen eta egituratu bat dago horretarako. Baliabide berri bat –hots, bezero berri bat– sartzen baldin bada antolaketa-sisteman, dabbawala langileak bidaia osoa egingo du, xede-helbidea egiaztatzeko, eta komunitateko beste kide batzuekin hitz egingo du, ea nork daukan tokirik beste dabba bat garraiatzeko. Banaketaren sekuentzia ezarri ostean, eta trukerako geldialdi guztiak zehaztu direnean, dabbaren helbidea markatzen da eta sistemaren parte bilakatzen da.

Beste kontu batzuk. Interesgarria izango litzateke zera jakitea: ea banaketa-eredu hau erabil litekeen beste hiri batzuetan, izan ere, hiri handietan beti baitaude lanera joateko bidaia luzeak egin behar dituztenak eta etxean egindako janariaren premia dutenak. Nire iritziz, jarduna estandarizatzen bada eta joera kulturalak zein tokikoak ulertzen badira, beste hiri batzuek modua izan dezakete eredu hau inplementatzeko, eta, aldi berean, lanpostuak eskaintzeko prestakuntza ertaina duten langileei.