11. Antolaketa Sistemen bide-orria

Robert J. Glushko

11.7 Hamaikagarren kapituluko gakoak

  • Antolaketa-sistemak sortzean hartu behar diren erabaki espezifiko askori dagokienez, hastapeneko erabakiek taxutzen dituzte –hala nola zein izango diren sistemaren alorra, helmena (baliabideen aniztasuna) eta eskala (baliabide-kasuen kopurua)–. (Ikus 11.2 atala: Antolaketa-sistemen bizi-zikloa)
  • Helmen handiak duen eraginari dagokionez, bildumako baliabideen heterogeneotasunarekin lotuta dago, eta ez hainbeste bildumaren eskala absolutuarekin. (Ikus 11.3.1 atala: Bildumaren helmena eta eskala)
  • Bilduma handiak antolatzeko eta mantentzeko, jende gehiago behar da; hortaz, komunikazio- eta koordinazio-arazoak azaleratzen dira, bilduma baino puskaz bizkorrago hazten direnak. (Ikus 11.3.1 atala: Bildumaren helmena eta eskala)
  • Estandarizazioa da helmenari eta eskalari dagozkion arazoak saihesteko modurik onena. (Ikus 11.3.1 atala: Bildumaren helmena eta eskala)
  • Antolaketa-sistemek, arlo berdinekoak izan arren eta antzeko helmena edukita ere, baliabide nabarmenki desberdinak bildu eta elkarreragin-jarduera nabarmenki desberdinak ahalbidetu ditzakete, baldin eta erabiltzaile-kategoria desberdinak badituzte. (Ikus 11.3.2 atala: Erabiltzaileen kopurua eta nolakotasuna)
  • Diseinatzaileek, baldin eta onartzen badute beren sistemek egiazko ondorioak eragiten dituztela egiazko jendearen bizitzan, gardentasun-neurriak ezarri eta negoziazio-prozesu jarraikor batean jardun behar lukete; prozesu horren bidez, teknologiaren ondorioen mende dauden pertsonek adierazi lezakete zer-nolako efektu kaltegarriak dituen sistemak beren bizitzen eta komunitateen gainean. (Ikus 11.3.2 atala: Erabiltzaileen kopurua eta nolakotasuna)
  • Antolaketa-sistema gehienetan –sistema pertsonalak salbu–, faktore ekonomikoek eragin handia dute ahalbidetzen diren elkarreragin-jardueren sortan. (Ikus 11.4.1 atala: Elkarreragin-jardueren baldintzak)
  • Antolaketa-sistema guztietan badago baldintza funtsezko bat: xede-erabiltzaileek ahalmena izan behar dute sistemak ahalbidetzen dituen elkarreragin-jarduerak deskubritzeko eta horietara heltzeko. (Ikus 11.4.1 atala: Elkarreragin-jardueren baldintzak)
  • Prozesu automatiko zein informatizatuek ahalmena dute baliabide-deskribapenak sortzeko antolaketa-sistema batean, eta, gehienetan, bilduma oso handia delako erabiltzen dira. (Ikus 11.4.2 atala: Baliabide-deskribapenen izaerari eta neurriari buruz)
  • Antolaketa-printzipioak baliabide-deskribapenen mende daude, hortaz, lehenengoari dagozkion baldintzak bigarrengoari dagozkionekin txirikordatuta egoten dira beti. (Ikus 11.4.3 atala: Berariazko antolaketari buruz)
  • Baliabideen deskribapena edo antolaketa zehatzegia edo zurrunegia bada, sistema ez da erraz moldatuko etorkizunean bildumari gehitu ahal zaizkion baliabideekin. (Ikus 11.5 atala: Antolaketa-sistemak diseinatzea eta inplementatzea)
  • Pentsamendu arkitektonikoak, diseinuaren arloan, modularitate eta abstrakzio handiagoa sustatzen du; horrela, errazagoa suertatzen da inplementazioa aldatzea baldin eta baldintza berriak asetu nahi badira eta teknologia zein prozedura berritzaileei etekina atera nahi bazaie. (Ikus 11.5.2 atala: Pentsamendu arkitektonikoa)
  • Baliabide digitalei dagokionez, biltegiratzea merketu denez, eta banda-zabalera handitu, edukierak jada ez dio mugarik ezartzen antolaketa-sistemei, salbu eta datu handien kasuan: hala esaten zaie datu-baseen software- edo hardware-arkitektura ohikoetan kudeatzeko handiegiak diren datu-bildumei. (Ikus 11.5.2 atala: Pentsamendu arkitektonikoa)
  • Aurreikusitako bizialdi luzea duten antolaketa-sistemei dagokionez, mantentze-lan aurreikusgarrienak hauek dira: deskribapen-hiztegiei eta sailkapen-sistemei loturiko aldaketa gradualak.

    Badago beste jarduera-mota bat, oso aurreikusgarria, eta antolaketa-sistemetan gauzatu behar izaten dena denboraren igaroarekin: teknologia eguneratzea. Jarduera horrek antolaketa-sistemaren kalitatea edo ahalmenak hobetzen ditu, baina ez dio eragiten antolaketa-printzipioei.

    (Ikus 11.6.2 atala: Propietateak, printzipioak eta teknologiaren ikuspegia)
  • Antolaketa-sistemetako mantentze-lanen artean, baliabideen antolaketa-printzipioen aldaketari eta inplementazio-teknologiaren aldaketari dagozkionak dira korapilatsuenak. (Ikus 11.6.2 atala: Propietateak, printzipioak eta teknologiaren ikuspegia)
  • Zer baliabide antolatu nahi da? Zergatik antolatu nahi dira baliabideak? Zeinek antolatu nahi ditu? Noiz antolatu nahi dira baliabideak? Non antolatu nahi dira baliabideak? Zer neurritan antolatu nahi dira baliabideak? (Ikus 12. kapituluan aurkezten diren kasuak).