10. Elkarreragin-jarduerak baliabideekin
Vivien Petras, Robert J. Glushko, Ian MacFarland, Karen Joy Nomorosa, J.J.M. Ekaterin, Hyunwoo Park, Robyn Perry, Sean Marimpietri
10.1 Sarrera
Irudika ezazu gela ilun bat, Detroit hiriko komisaldegiko sotoan, metalezko apalategiz beterik: apalategietan kaxa mordoxka bat dago, ebatzi gabeko kasuen fitxategiekin; aztarnak gordetzen dituzte, zorrotz bildurik eta kategorizaturik, baina sekula argituko ez diren erailketen dokumentazioa ez du inork ikuskatuko. Irudikatu, bestela, New Jerseyko hiri txiki bateko historia elkartearen liburutegia: aurrekontu-murrizketei aurre egiteko, zuzendaritza-batzordeak itxi egin du, eta giltzapeturik geratu dira hango altxorrak; tentu handiz zainduta egon arren, ikus-entzuleek ezin dute horietara jo. Edo irudikatu, bestela, biltegiratze-formatu umezurtz batean kodetutako datu baliagarriak: negozioei buruzko erregistroak, ordenagailu modernoetan ez dabilen datu-base sistema batean; erroldari buruzkoa datuak, 1970eko jabetzapeko kasete magnetikoetan gordeta; zeure nobela amaitu gabea, diskete-sail batean gordea. Badakizu, jakin, datuak hor daudela, baina ezin duzu elkarreraginean jardun horiekin.
Elkarreragin-jarduerarik gabeko antolaketa-sistemak gauza tristea dira benetan.
Elkarreragin-jarduerak dira 1. kapituluan proposatu genituen bi galdera funtsezkoren erantzuna: zergatik eta noiz antolatzen dira baliabideak?
«Zergatik?» galdera liburu honetako kapitulu guztietan agertu da, atzealdean zein lehen lerroan: baliabide bat hautatzen dugun aldiro, antolaketa-sistema batean txertatzeko, deskribatzeko, edo antolaketa-printzipioren baten arabera antolatzeko, elkarreragin-jarduera bat darabilgu buruan. Gure erabiltzaileek haien premia izango dutelako sartzen ditugu baliabideak gure sisteman; gure erabiltzaileek errazago topa ditzaten, uler ditzaten edo beste baliabide batzuekin modu esanguratsuan lot ditzaten esleitzen dizkiegu baliabideak kategoria bati edo gehiagori.
Kapitulu honetan, txandaka jorratuko dugu elkarreragin-jardueretarako diseinua eta elkarreragin-jardueren diseinua: horretarako, «noiz?» galderaz gogoetatu behar dugu. 2.5 atalean, baliabideak «sarreran» edo «irteeran» antolatzea alderatu genuen, baina bereizketa hori ez da beti aproposa. Errepara diezaiogun liburu-apalategi bati: ez badituzu baliabideak sarreran antolatzen (alegia, liburua apalategian jartzen duzunean), ezin dituzu irteeran antolatu; liburu-apalategi desantolatu bat daukazu, besterik ez. Liburu bat berreskuratzeko garaia iristen zaizunean, bilaketa-algoritmo lineal bat erabili beharko duzu, indar hutsezkoa: liburu-bizkar guzti-guztiak irakurri beharko dituzu, harik eta nahi duzun hori topatu arte, eta ekintza horrek ez du berekin ekarriko apalategiko gainerako liburuak antolatuago egon daitezela.
Baliabide digitalak eta web antolaketa-sistemak, ordea, guztiz bestelakoak dira. Are, «informazio-antolaketaren» eta «informazio-berreskurapenaren» artean tradizionalki ezarri izan den muga lausotzen dutela argudiatzen dugu; webaren bidez, informazio digital nonahikoaren bidez eta lainoen konputazio-prozesamenduak zein Mooreren legeak bideratzen duen prozesatze-, biltegiratze- eta komunikazio-gaitasun mugagabearen bitartez, milaka milioika pertsonak web orriak sortzen dituzte, horietan barna nabigatu, blogak idatzi, etiketak ipini, txiokatu eta era guztietako edukia kargatzen zein deskargatzen dute, «antolatzen» edo «berreskuratzen» ari ote diren pentsatu gabe. Jendeak bere telefono adimentsuak erabiltzen dituenean webean ibiltzeko edo aplikazioak baliatzeko, telefonoak bere kokapenari buruzko informazioa igortzen du, eta informazio hori baliatzen da bilaketen ondorioz berreskuratuko den informazioa galbahetzeko eta berrantolatzeko. Emaitzak antolatzea erabiltzailearen kokapenarekin bat etor daitezen, kurazio konputazionalaren molde bat da, baina azkar eta modu automatikoan gertatzen denez, ez gara hartaz apenas ohartzen. Era berean, hasiera batean informazioa berreskuratzeko modutzat jotzen zen aplikazio oro, gaur egun, informazio-antolaketari ez legozkiokeen jarduerekin eta funtzioekin uztartzen da gero eta gehiago.
Hala, sistemetako baliabideak antolatzeko uneari dagokion galderara iristen gara: informazioa berreskuratzeko teknika konputazionalak ezar diezazkiokegu baliabide-sorta bati, zeina ez baitago antolatuta guk gauzatu nahi genukeen elkarreragin-jarduera bat ahalbidetzeko moduan. Baliteke sistemaren diseinua kaskarra izatea, edo beste xede baterako diseinatua egotea; baliteke hainbat antolaketa-sistemetako baliabideak bildu edo agregatu nahi izatea, eta horietako bakoitzak bere helburuak eta diseinu-akatsak izatea. Arrazoiak edozein izanda ere, baliabideak berrantolatzen ari gara «irteeran», liburu honetako aurreko zortzi kapituluetan aipatu ditugun printzipioei eta prozedurei jarraituz.
Museoetako elkarreragin-jarduera ohikoenak
Museoetan, sarri, baliabide oso bitxiak edo baliotsuak biltzen dira, zeinak ez baitira tokiz aldatzen; hori dela-eta, museotako item ospetsuenen inguruan jendea egoten da pilaka. Sarritan, jendetzaren ondorioz, ez da aukerarik izaten item bitxiari lasai erreparatzeko. Egoera ironiko hori argi bai argi erakusten du adibide honek: Pariseko Louvre museoan, 6 metroko kontrol-hesi bat ezartzen da Gioconda (edo «Mona Lisa») margolanaren inguruan. (Argazkia: R. Glushko)
Antolaketa-sistemen elkarreragin-jarduera funtsezkoa zera izaten da: baliabideetara edo baliabide-deskribapenetara iristea, bai fisikoki bai digitalki. Batzuetan, baliabideak edo baliabide-deskribapenak uztartu behar ditugu baldin eta eraginkortasunez iritsi nahi badugu horietara; horrek, beraz, hainbat erronka dakartza berekin, estrategiari, diseinuari eta inplementazioari dagokionez. Izan ere, ekoizleek, maiz, identifikazio-, deskribapen- eta katalogo-formatu desberdinak baliatzen baitituzte antzeko baliabideetarako. Zerbitzu-hornitzaileek teknologia desberdinak erabiltzen dituzte, informazio-politika desberdinak ezartzen, eta prozesu desberdinak garatzen dituzte beren antolaketa-sistema bereizietan.
Antolaketa-sistema batzuek ahalmena dute beste sistemek zer deskribapen-estandar erabili behar duten zehazteko. Walmart, adibidez, AEBko xehekako saltzaile handiena da, eta antolaketa-sistema bat diseinatu du bere horniketa-katerako, zeinak ondasun fisikoak efizientzia eta eraginkortasun maximoarekin eskuratzea eta mugitzea ahalbidetzen baitu. Sistema horri esker, enpresak dirua aurrezten du inbentarioaren kudeaketan eta banaketan, eta, gainera, aurrezpena maximizatzeko, Walmartek bere hornitzaileei eskatzen die datu-eredu berdina erabil dezaten, konpainiak ezarritako estandarrak bete ditzaten eta teknologia berriak ezar ditzaten, hala nola barra-kodeak eta RFID etiketak, sistema horrek behar dituen elkarreragin-jarduera oso efizienteak ahalbidetzeko.
Beste antolaketa-sistema batzuek, berriz, halabeharrez moldatu behar dute beren lehiakideek garatzen duten horretara. Shopstyle.com online xehekakoan, esaterako, e-merkataritzako interfaze arrunt bat aurkezten da: erosleak modari eta edertasunari loturiko produktuen sailetan barna ibil daitezke, zeinak kategoria ezagunetan antolatuta baitaude. Atzealdean, ordea, Shopstyle webgunea 250etik gora online dendaren katalogoak agregatzen ari da, eta sarbide-elkarreragin etengabea eskaintzen du horien guztien merkantzietara. Egiaz, ez du ezer saltzen: bezeroak bideratzen ditu beste online dena horietara, han eros dezaten dena delako produktua. Walmartek baliabide fisikoak mugitzen ditu; Shopstyleren elkarreragin-jarduera garrantzitsuenak, ordea, baliabide digitalen deskribapenak mugitzea eta uztartzea dira.
Merkantzia-katalogoetan nabigatzea
Shopstyle.com orrialdeak interfaze garden bat eskaintzen du, ehunka online arropa-saltokiren katalogoetara bideratzen zaituena; horretarako, katalogo horien zerrendak agregatzen ditu, den-denak orrialde bakar batean eskuragarri egon daitezen. (Pantailaren argazkia: Ian MacFarland)
Beste zenbait antolaketa-sistema, halere, erakundeek xedatutako estandarren arabera jarduten dira, edo beren antolaketa-praktikak eta elkarreraginak lerrokatzeko prozesu demokratiko eta neketsuetan parte hartzen dute. Liburutegiek eta museoek, adibidez, hala egiten dute. Liburutegietako elkarreragin-jarduera garrantzitsuena mailegua da, noski: liburu bat hartzea, liburutegitik kanpo erabiltzeko, eta, amaitzen duzunean, atzera liburutegira itzultzea. Bezeroek, katalogoaren bidez, gai jakin bati buruzko liburuak, edo autore batenak, edo izenburu jakin bat daukatenak, bilatzen dituzte; ondoren, dagokion apaletik hartu, edo liburuzain bati eskatuko diote liburuak berreskuratzeko. Interes publikoaren izenean sortutako instituzioak direnez, liburutegiek estandarrekin eta prozesu demokratikoekin bat egiten dute, ziurtatze aldera erabilera-modu koherenteak eta ezagunak eskainiko dizkietela bezeroei, eta, halaber, bilaketa-elkarreragin boteretsuak ahalbidetuko dituztela, esate baterako, katalogo bateratuak, zeinetan hainbat liburutegitako baliabide-deskribapenak uztartzen baitira, bilaketa eskaini aurretik. Katalogo bateratuei esker, bezeroek, bilaketa bakarrarekin, egiazta dezakete ea baliabide jakin bat eskura dagoen berek erabil dezaketen liburutegietako batean.
Museoek interes publikoari men egin behar diote orobat, eta estandarrak eta prozedura demokratikoak erabiltzen dituzte liburutegien antzera, baina museoetako bisitariek ez dituzte baliabideak mailegatzen; aitzitik, baliabideak behatzen dituzte. Museoen bitartez, artefaktuak erakusten dira sormen-testuinguruetan, eta jendeak hala deskubritzen edo esperimentatzen ditu baliabideak; bestalde, museoek elkarreragin hori online inplementatzen dutenean, hala nola webgune batean, sarbide publikoaren aukera izugarri hazten da. Urruneko bezeroek, ezin dutenek museo fisikora joan, bilduma birtualera jo dezakete; gainera, halako bildumetan, momentu jakin horretan ikusgai ez dauden baliabideak ere erakusten dira.
Era berean, digitalizazioari esker, bisitariek beste ikuspegi batetik errepara diezaiokete museoko baliabideei, museo fisikoan egin ezin daitekeen moduren batean, alegia. Adibidez, Googlen Arte Proiektuan, erabiltzaileek zooma baliatu dezakete margolan digitalizatuen xehetasun txikiak ikusteko. Museoak hasiak dira teknologia eta 2.0 Webaren zenbait ezaugarri, hala nola etiketak eta sare sozialak, baliatzen, bisitari berriak erakartzeko.
2004an abiatu zen MuseumFinland egitasmoa, zeinak atari bat eskaini nahi du museo bilduma heterogeneoak argitaratzeko Web Semantikoan. Getty Informazio Institutuak eta Nazioarteko Dokumentazio Batzordeak – Nazioarteko Museoen Kontseiluaren parte da– estandarrak sortu dituzte, ziurtatze aldera mundu osoko museoek modu koherentean kudeatzen dutela beren bildumei buruzko informazioa.
Nola kudeatu daitezke desberdintasun horiek, etenaldirik gabeko elkarreraginak izan daitezen antolaketa-sistema barruan eta horien artean? Zer baldintza bete behar dira desio diren elkarreragin-jarduerak eskaintzeko? Nola inplementatzen dira inplementazio-mota desberdinak? Azkenik, nola ebaluatu daiteke elkarreragin-jardueren kalitatea, horiek sortzeko baldintzekin alderatuta? Elkarreraginei dagozkion galdera nagusi horiei erantzuten saiatuko gara.
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
Kapitulu honetan zera aztertuko dugu: zer prozesu garatzen dituzten elkarreraginek, antolaketa-sistemetako baliabideen bidez, zerbitzu baliagarriak eskaintzeko beren erabiltzaileei (gizakiak zein agente konputazionalak). Hala, honako gai hauek landuko ditugu: elkarreragin-jarduera egokiak zehaztea (10.2 atala), baliabideak antolatzea elkarreragin-jardueretarako (10.3 atala), elkarreragin-jardueren inplementazioa (10.4 atala) eta elkarreragin-jardueren ebaluazioa eta egokitzapena (10.5 atala). Galdera funtsezkoek antolaketa-sistema guzti-guztiei eragiten diete; nolanahi ere, atal honetan, beren xedeak betetzeko ordenagailuak darabiltzaten sistemei erreparatuko diegu.
