4.6 Laugarren kapituluko gakoak

  • Baliabide bat izan daiteke kategoria zabal bateko kide ugarietako bat, edo bere kategoriako kide bakarra, edo bi mutur horien arteko edozein aukera. (Ikus 4.1.1 atala: Zer da baliabide bat?)
  • Baliabideak aztertzeko garaian aintzat hartzen ditugun ezaugarriek baldintzatzen dute kategoriaren tamaina –baliokidetzat jotzen diren baliabideen kopurua–. (Ikus 4.1.1 atala: Zer da baliabide bat?)
  • Informazio-baliabide fisikoen antolaketa-sistemek lehentasuna ematen diete deskribapen-baliabideei edo ordezko baliabideei, hala nola eduki informatiboa deskribatzen duten erregistro bibliografikoei, eta ez hainbeste baliabidearen ezaugarri fisikoei. (Ikus 4.1.1.2 atala: Baliabide bibliografikoak, informazio-osagaiak eta «gauza adimentsuak» baliabide gisa)
  • Identifikatzailea izen-mota berezi bat da, modu kontrolatuan esleitzen dena, balizko balioei eta izendatzeko-arauei dagozkien arauak kontuan hartuz. Identifikatzaile iraunkorrak diseinatu nahi badira, biak hartu behar dira kontuan: eskatutako denbora-tartea eta identifikatu beharreko baliabide-kopurua. (Ikus 4.1.2 atala: Identitatea, identifikatzaileak eta izenak)
  • Baliabidek aktiboek balioa edo emaitzak sortzen dituzte beren kabuz; batzuetan, elkarreragin-jarduerak abiatuz baliabide pasiboekin. Baliabide aktibo izan daitezke gizakiak, beste baliabide bizidun batzuk, agente konputazionalak, informazio-iturri aktiboak, webean oinarrituriko zerbitzuak, ibilgailu autonomoak (gidaririk gabe ibil daitezkeenak), robotak, aplikazioak, makinak eta bestelako objektu batzuk, hala nola bonbillak, aterkiak edo oinetakoak, zeinei, berez arruntak badira ere, «adimena» erantsi baitzaie. (Ikus 4.2.3.2 atala, Baliabide aktiboak edo eragingarriak)
  • Agentziak adierazten du zer neurritan abia ditzakeen baliabide batek ekintzak bere kabuz. Continuum bat ezar dezakegu: mutur batean, baliabide guztiz pasiboak daude, ekintzarik abia ezin dezaketenak; beste muturrean, berriz, baliabide aktiboak, zeinak gai baitira ekintzak abiatzeko, oinarritzat hartuz inguruan nabaritzen duten informazioa edo beste baliabide batzuekiko elkarreraginean erdiesten dutena. (Ikus 4.2.3 atala: Baliabideen agentzia)
  • Baliabideek sentitzeko eta komunikatzeko gaitasunak dituztenean, baliabide aktibo bihurtzen dira. (Ikus 4.2.3 atala: Baliabideen agentzia)
  • Sarritan, gure arretaren fokuaren arabera erabakitzen dugu zer baliabide diren primarioak eta zeintzuk diren metadatuak. (Ikus 4.2.4 atala: Baliabideen fokua)
  • Erabilgarria izan daiteke informazio-baliabideen arloak Dokumentu Moten Espektroan kokatzea: mutur batean, egitura gutxiko eduki narratiboa; bestean, eduki transakzional oso egituratua. (Ikus koadro gehigarria: Dokumentu Moten Espektroa)
  • Baliabide bibliografikoaren identitatea garatuz joan da, eta, arian-arian, lau urratseko abstrakzio-hierarkia bat sortu da: lehenik, lan abstraktua dago; ondoren, horren adierazpenak, hainbat formatu edo generotan egon daitezkeenak; segidan, agerraldi zehatz bat, formatu edo genero horietako bati dagokiona, eta, azkenik item fisiko espezifiko bat. (Ikus 4.3.2 atala: Identitatea eta baliabide bibliografikoak eta 4.5 marrazkia: FRBR Abstrakzio Hierarkia)
  • Baliabideak IP helbide bat baldin badauka, «Gauzen Internet» delakoaren parte da. (Ikus 4.3.4 atala: Identitatea eta Baliabide aktiboak)
  • Hizkuntza natural guztiek modu bat baino gehiago eskaintzen dute pentsamenduak azaltzeko, edo, zehatzago esanda, normalean hainbat hitz erabil daitezke gauza edo kontzeptu bera aipatzeko. (Ikus 4.4.2 atala: Izendatzearen arazoak)
  • Baliabide askoren izenak ezaugarrietan oinarritzen dira, eta, arazoak sor ditzakete etorkizunean, ezaugarriaren balioa edo interpretazioa aldatzen baldin bada. (Ikus 4.4.2.4 atala: Behin-behineko ezaugarriei loturiko izenak)
  • Pertsonek ez baizik prozesu automatikoek deskribatzen dituztenean baliabideak, ezberdintasun bat sortzen da izendatzearen eta deskribapenaren ikusmoldeari dagokionez, eta horri esaten zaio hutsune semantikoa. (Ikus 4.4.2.5 atala: Hutsune semantikoa)
  • Izendatzearen printzipio oinarrizkoenak dioenez, izen informatiboak aukeratu behar dira. (Ikus 4.4.3.1 atala: Sor itzazu izen informatiboak)
  • Baliabideen eremu bati edo zeregin bati izen onak jartzeko modu ona da hiztegi kontrolatu bat sortzea. Hiztegi kontrolatua esaten zaio hiztegi finko edo itxi bati, zeinean biltzen baitira eremu jakin batean erabil daitezkeen terminoak. Hiztegi kontrolatuaren bidez, erabilitako hitz-kopurua murrizten da; horrela, sinonimia eta homonimia gutxiagotzen da eta lotura ez-desiragarriak ezabatzen dira. Azkenerako, esanahi zehatzeko hitzen sorta bat geratzen da, haiek erabiltzeko arau zorrotzekin batera. (Ikus 4.4.3.2 atala: Erabili hiztegi kontrolatuak)
  • Baliabide bibliografikoez denez bezainbatean, hiztegi kontrolatuaren alderdi nabarmenak dira, besteak beste, autoreen izenen forma egiaztatuak zehaztea, lanen izenburuak bateratzea eta gai jakin bat zer terminoren bidez aipatuko den bateratzea. Bibliotekonomian, autoritate-kontrola esaten zaio izen eta termino estandarrak sortzeko eta mantentzeko prozesuari. (Ikus 4.4.3.2 atala: Erabili hiztegi kontrolatuak)
  • Kontserbazio- eta gobernantza-jarduerak gauzatzen dira ziurtatze aldera baliabideek behar bezain beste iraungo dutela. (Ikus 4.5.1 atala: Iraunkortasuna)
  • Baliabide askok, edo horien ezaugarri askok, eraginkortasun lokatiboa edo denborazkoa daukate, hau da, denbora edo toki jakin batean jartzen dira martxan; hortaz, ziur asko, eraginkor izateari utziko diote etorkizuneko data batean, eta baliteke eraginkor izateari uztea zenbait tokitan. (Ikus 4.5.2 atala: Eraginkortasuna)
  • Baliabide baten egiazkotasuna bermatzeko modu bakarra da «kustodia-kate» oso-osoa ikuskatu ahal izatea, sortu zenetik orainaldira. (Ikus 4.5.3 atala: Egiazkotasuna eta 4.5.4 atala: Jatorria)