2.8 Bigarren kapituluko gakoak
- Dimentsioetan oinarritutako ikuspegiari esker, errazagoa da kategoria edo diziplina jakinetako hiztegi espezifikoen artean itzulpenak egitea; horrela, diziplina ezberdinetan diharduen jendeak elkar uler dezake bere antolaketa-jarduerei buruz ari denean. (Ikus 2.1 atala: Sarrera).
- Egoeraren arabera, aldatu egin daiteke «gauza» berari buruzko ikuspegia: egoera batean, item bakar bat izango da; beste batean, aldiz, kategoria zabal bateko partaide baliokidea, edo item baten zatia, ezen ez item bat bere horretan. (Ikus 2.2 Zer antolatu nahi da?)
- Baliabide fisiko bat, une jakin batean, toki bakarrean egon daiteke, eta baliabidearen tamainak, kokapenak eta bestelako ezaugarriek eragina izango dute horrekiko elkarreragin-jardueretan. Aldiz, kopia eta ordezko digitalak toki batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean, eta modua ematen dute bilaketak egiteko, sailkatzeko eta bestelako elkarreragin-jarduerak gauzatzeko, gauza ukigaiekin ezinezkoa suertatzen den eraginkortasunez eta abiaduran. (Ikus 2.2 Zer antolatu nahi da?)
- Antolatu nahi diren baliabideek informazioa biltzen badute, erronka bat izango da antolaketa-unitatea zehaztea; ziur aski, beharrezkoa izango da ezaugarri fisikoetatik harago joatea eta baliokidetasun kontzeptual edo intelektuala aintzat hartzea. (Ikus 2.2 Zer antolatu nahi da?)
- Liburutegi, museo eta artxiboak memoriaren instituziotzat jotzen dira sarri, oroz gain baliabideen gordailu direla nabarmentzeko. (Ikus 2.3 atala: Zergatik antolatu nahi da?)
- Enpresek eta gobernu-organoek, normalean, erregistro batean gorde behar dituzte, legeak hala aginduta, honako alderdi hauei buruzko datuak: finantza-transakzioak, erabakiak, langileei lotutako kontuak eta bestelako informazio funtsezkoak –hala nola negozioaren iraupenari, arau eta prozedura legalekin bat egiteari eta gardentasunari dagozkionak–. (Ikus 2.3 atala: Zergatik antolatu nahi da?)
- Sistemak lortzen badu elkarreraginaren aztarnak hartzea eta elkarreragin-baliabide bilakatzea, balio gehigarria sor daiteke baliabide horiek aztertuz: elkarreragin-jarduerak hobetu daitezke, berriak iradoki, edo aurreikuspenak egin, jakite aldera nola jardungo diren erabiltzaile indibidualak zein erabiltzaile-multzoak. (Ikus 2.3 atala: Zergatik antolatu nahi da?)
- Baliabideak antolatzen direnean, antolaketa beti diseinatzen da halako moduan non balioa izango duen pertsona batzuentzat (adib., baliabideen jabeentzat edo baliabideak gehien erabiltzen dituztenentzat), eta ez beste batzuentzat. (Ikus 2.3 atala: Zergatik antolatu nahi da?)
- Merkatari edo enpresek erabaki ezberdinak hartzen dituzte SKU delakoei esleitzen dizkieten deskribapenen neurri eta xehetasun-mailaren harira, aldeak baitaude hornitzaileen, xede-bezeroen eta bestelako negozio-estrategien artean. (Ikus Ikus 2.4 atala: Zenbat antolatu nahi da?)
- Sentsore edo ordenagailu bidez sortutako deskribapen xehe batek, itxuraz behintzat, giza behatzaile batek sorturiko deskribapen sinplea baino zehatzagoa edo fidagarriagoa eman dezake, nahiz eta gizakiak egindakoa erabilgarriagoa izango litzatekeen lortu nahi diren helburuetarako. Transakzioei buruzko datu xeheak erabil daitezke pribatutasuna eta eskubide zibilak urratzeko. (Ikus Ikus 2.4 atala: Zenbat antolatu nahi da?)
- Baliabide gehiago antolatzeko, deskribapen gehiago egin behar dira, baliabideak elkarren artean bereizteko, eta antolaketa-printzipio mugatzaileagoak ere behar dira. Antzeko baliabideak multzokatu edo sailkatu behar dira, hartara bereizketa garrantzitsuenak nabarmentzeko bildumako baliabideen sorta osoan. (Ikus Ikus 2.4 atala: Zenbat antolatu nahi da?)
- Baliabideak antolatzeko bi modu hauek alderatu ditzakegu: batetik, «sarreran» antolatzen diren baliabideak – sortzen direnean edo bilduma batean txertatzen direnean–; bestetik, «irteeran» antolatzen direnak –horiekiko elkarreragin-jarduera bat gertatzen denean–. (Ikus Ikus 2.5 atala: Noiz antolatu nahi da?)
- Prozesu automatikoen bidez sortzen diren baliabide digitalek, oro har, antolaketa- eta egituraketa-maila altua izaten dute, automatikoki eratzen baitira, datu- eta dokumentu-eskemekin bat eginez. (Ikus Ikus 2.5 atala: Noiz antolatu nahi da?)
