5. Baliabideen deskribapena eta metadatuak

Robert J. Glushko, Kimra McPherson, Ryan Greenberg, Robyn Perry, Matthew Mayernik, Graham Freeman, Carl Lagoze

5.1 Sarrera

Atal honek inflexio-puntu bat markatzen du liburuaren baitan. Aurreko ataletan, izan ere, antolatzearen diziplinari dagozkion ideia giltzarriak aztertu dira: antolatu beharreko baliabideak identifikatzea eta hautatzea, eta, ondoren, horiek eta horien Antolaketa Sistemak antolatu eta mantentzea. Azpimarratu dugun eran, beranduago gauzak aurkitzea da gauzak antolatzeko arrazoi nagusia. Eginkizun harrigarriki zaila izan daiteke hori. Gauza bera izendatzeko hamaika izen erabil daitezke, eta jendeak gauza beraren alderdi ezberdinak oroitzen ditu. 

«Antolamendua grisean eta beltzean, 1.»

Baliabideen formatua x fokua

«Antolamendua grisean eta beltzean, 1.» (1871). Olioa mihisean, James Abbott McNeill Whistler autoreak egina. Beste izenburu batzuk: «Artistaren amaren potreta» eta «Whistlerren ama». Margolana Parisen dago, Musée d’Orsay museoan.
(Argazkia: Jean-Gilles Berizzi. Iturria: Wikimedia Commons)

Hemen alboan daukazuen margolan famatua James Whistler margolariak egin zuen XIX. mendean, eta Musée d’Orsay museoan dago, Parisen. Garai viktoriarreko Mona Lisatzat hartu izan dute. Zer izenez ezagutzen duzu? Nola deskribatu beharko litzateke?

Artearen baitako baliabideak deskribatzean, honako elementu hauek aipatu ohi dira: artistaren izena, bitartekoa, amaiera-urtea eta, jakina, izenburua. Alderdi horietako gehienek modu zuzen samarrean deskribatzen dituzte baliabidearen ezaugarriak; izenburua, ordea, salbuespena izaten da sarri, bere garrantzia eta adierazte-indarra dela-eta. 

Askotan, margolanaren izenburuak margolanaren gaia du aipagai. Whistlerren margolana ezagutu baduzu, seguru asko haren izen kolokiala ezagutuko zenuen: «Whistlerren ama». Nahiz eta artistaren amaren erretratu bat izan –Anna McNeill Whistler deitzen zen–, margolariak beste izenburu bat eman zion lanari, guztiz ezberdina: Antolamendua grisean eta beltzean, 1 ., uste baitzuen margolanen ezaugarririk garrantzitsuena ez zela agertzen zuen gaia, ezpada haren ezaugarri estetiko hutsak eta ikuslearen gainean horiek zuten eragina. Horrenbestez, Whistlerrek, musika-konposizioen erara izendatu zituen bere margolanak, zeinak paisaiak eta potretak izan ohi baitziren: Gauekoa beltzez eta urrez; Sinfonia zuriz; Antolamendua arrosan, gorrian eta morean, eta abar. 

Baldin eta Whistlerren izenburuak harritu bazaitu –zeuk, berez, adineko emakume baten potreta gisa deskribatuko zenukeelako–, horrek argi frogatzen du ezen baliabide berari izen guztiz ezberdinak jarri ahal zaizkiola. Baliabideen deskribapenek eta metadatuek esanahia ematen dute, bai, baina norentzat? Baliabide batean nabarmentzen diren gauzek zerikusia dute testuinguruarekin; horregatik, denboraren joanarekin alda daitezke. Batzuentzat baliagarriak diren deskribapenek ez dute zentzurik beste batzuentzat. Jendeak «deskribapen okerrak» eta «metadatu okerrak» bilatzen baditu, ez du topatuko bilatzen ari dena.

Saint Helens, zeina AEBko Washington estatuko mendebaldeko ertzean baitago, mendi arrunt gisa deskribatu ohi zen 1980ra arte. Orduan, erupzio bat gertatu zen –AEBren historian hildako gehien eta kalte ekonomiko handiena eragin duena–: mendiaren tontorra lehertu, 57 lagun hil eta krater bat osatu zuen, milia bateko zabalera duena. Gaur egun, Saint Helens aipatzen den aldiro, erupzioa aipatzen da beti.

Baldin eta baliabideen deskribapenak guztiz eguneratuta mantenduko balira, azken-azken berriak ere bilduz, balirudike ezinezkoa izango litzatekeela deskribapen okerrak bilatzea; nolanahi ere, bilatzaileak boteretsuegiak dira jada, eta informazio gehiegi ekoizten dute. Bilaketari eta berreskuratzeari dagozkion hobekuntza teknologikoak egin arren, ahalegin kognitibo bat egin beharra dago, oraindik ere, gauzak zer diren oroitzeko, horien deskribapen egokiena aurkitu eta non egon daitezkeen pentsatzeko. Gauzak zergatik aurkitu behar ditugun beranduago: horra baliabideen deskribapenak eta metadatuak diseinatzeko gakoa. Atal honetan, nola eta zergatik aztertuko dugu. 

Saint Helens, aurretik eta ondoren

Baliabideen formatua x fokua

1980. urtearen aurretik, Saint Helens «postaletan» erakusteko moduko mendi bat zen, elurrez estalia. Orain, ordea milia bateko zabalera duen kraterra ikusten dugu lehen tontorra zegoen tokian, zeinak gogora ekartzen baitigu bolkanaren erupzio latza.
(Kredituak: AEBko Basozaintza Zerbitzuaren eta USGSren domeinu publikoko irudiak). 

Geratu eta pentsatu: Toki hauek badituzte beren uneak

Saint Helensi buruz egiten genuen deskribapena betirako aldatu zen bolkanaren erupzioaren ostean. Zeuk ere, seguru asko, ezberdin oroituko dituzu garai eta toki batzuk, gertakari garrantzitsu baten parte izan zirelako. Senideren baten ezkontza? Joko Olinpikoak? Hondamendi natural bat? Dorre Bikiak? 

Erraza da, sarean bilaketa bat eginda, Saint Helensen irudiak aurkitzea, erupzioaren aurrekoak eta ondokoak. Zer informazio lotzen da irudi horiekin? Kamera modernoek identifikatzaile bat esleitzen diete beren biltegiko argazkiei, eta, era berean, irudiaren ekoizpenaren deskribapen teknikoa biltzen dute: kamera-mota, leiarra, obturadorearen abiadura, argiarekiko sentikortasuna, irekiera eta beste ezarpen batzuk. Kamera moderno ugarik, gainera, informazioa biltzen dute irudia sortu zeneko egoera geografikoari eta denborari buruz: data, ordua eta Lurreko zer tokitan hartu den argazkia. Argazkia kameratik kanpora igortzen denean eta argitara ematen denean, denek ikusteko moduan, lagungarria suerta daiteke datu biografiko batzuk erregistratzea argazkilariari buruz, hartara ikusleak harekin identifika daitezen eta hobeto uler dezaten haren kontestua. Bestalde, baliteke copyrightari dagozkion datuak azaltzea argazkiarekin lotuta: noren jabetzakoa den eta nola erabil daitekeen zehaztuz, adibidez. 

Har dezagun beste testuinguru bat, zeharo ezberdina. Zazpi urteko lau haur Lego blokeak hautatzen dabiltza, beren azken eraikuntza osatu nahian. Lehenak, «bateko zilindroak» nahi ditu; bigarrenak, berriz, «coca-cola botilak»; hirugarrenak, «gurpilak» eta azkenak, aldiz, «adreilu biribilak». Bada, gauza beraren bila dabiltza denak: haur bakoitzak bere terminoak sortu ditu eraikuntza-bloke ñimiñoak deskribatzeko. Beren deskribapen ugarien artean, batzuk kolorean oinarritzen dira soilik («gorriak»); beste batzuk, kolorean eta forman («tunel urdina»); beste batzuk, funtzioan («konektoreak»), eta beste batzuk, azkenik, erreferentzia kulturaletan («laser ezpatak»). Beste termino batzuei dagokienean –«kartzela karakola» edo «barea», esaterako–, ezinezkoa ematen du zer esan nahi duten identifikatzea, salbu eta 7 urteko haur horren buru barruan baldin bazaude, noski. Beren kasara jolasten direnean, ez du axola haur bakoitzak bere deskribapena erabiltzen badu; batera jolastu nahi badute, aldiz, ados jarri beharko dute. 

Margolanak, argazki digitalak eta Lego blokeak oso ezberdinak dira beren artean, baina, egoera horiek guztiek galdera garrantzitsuak agerrarazten dituzte baliabideen deskribapenari dagokionean, eta saiatuko gara atal honetan auzi horiei erantzuten: 

  • Zein da baliabideak deskribatzearen helburua?

  • Baliabidearen zer ezaugarri deskribatu beharko lirateke?

  • Nola sortzen dira baliabideen deskribapenak?

  • Zeintzuk dira baliabideen deskribapen onak sortzeko gakoak?

Atal honetan barna ibiltzeko

Hasieran, laburpen bat egingo dugu baliabideen deskribapenari buruz: gure proposamenean, kontzeptu zabal horren baitan txertatzen ditugu beste kontzeptu zehatzago batzuk, hala nola deskribapen bibliografikoak eta metadatuak. 5.3 atalean, Baliabideak deskribatzearen prozesua, baliabideak deskribatzeko balio duen prozesu bat azalduko da, 7 urratsez osatua: helmena, jomuga eta helburua zehaztea, baliabidearen ezaugarriak identifikatzea, deskribapenari dagokion hiztegia diseinatzea, deskribapenaren forma eta inplementazioa diseinatzea eta deskribapenak sortu eta ebaluatzea. Baliabideak deskribatzeko printzipio eta metodoen artean, horietako asko testu baliabide fisikoentzat sortu ziren; hori dela-eta, 5.4 atalean, Baliabide ez-testualak deskribatzea0, aztergai hartuko dugu, labur bada ere, zer auzi sortzen diren bestelako baliabide batzuk deskribatzeko garaian: museoetako baliabideak eta baliabide artistikoak, irudiak, musika, bideoak eta baliabide kontestualak.