1.3 «Baliabide»aren kontzeptua

Baliabide kontzeptuak badu esanahi arrunt bat: jarduera baten bidez xede bat lortzeko modua eskaintzen duen baliozko edozer. Definizio horrek esan nahi du baliabide bat izan daitekeela gauza fisiko bat, gauza ez-fisiko bat, gauza fisikoei buruzko informazioa, gauza ez-fisikoei buruzko informazioa edo antolatu nahi zenukeen edozer. Baliabide bezain zabalak dira beste hitz hauek ere: entitate, objektu, item edo kasu. Dokumentu sarritan erabiltzen da informazio-baliabideez aritzeko –formatu digitalean zein fisikoan–; artefaktua, berriz, jendeak sortutako baliabideei dagokie, eta, aktiboak, azkenik, balio ekonomikoa duten baliabideak dira.

Baliabide kontzeptuak esanahi berezitu bat du Interneteko arkitekturan. Webguneak, irudiak, bideoak eta abarrak deskribatzean, baliabideak direla esan ohi da, eta horietara iristeko protokoloak – Hipertestua Transferitzeko Protokoloa (HTTP, ingelesezko sigletan)– baliabideen identifikatzaile uniformea erabiltzen du –Baliabideen Identifikatzaile Uniformea (URI, ingelesezko sigletan)–.

Baliabide primario gisa hartzen badugu identifika daitekeen edozein gauza, kontzeptuaren orokortze garrantzitsu bat egingo dugu, izan ere, modu horretan, Antolaketa Sistemen parte izan daitezke Interneten oinarritutako zerbitzuak, datuak elikatzeko sistema, RFID etiketak dituzten objektuak, sentsoreak eta bestelako gailu adimentsuak edo eragile konputazionalak.

Baliabide ukigaien eta ez-ukigaien arteko aldeak nabarmendu ordez, ezinbestekoa iruditzen zaigu honako kontu hau zehaztea: ea baliabide ukigaiak eduki informatiboa daukan –ea zerbaiti «buruzkoa» den edo beste baliabide bat ordezkatzen duen–, ala, kontrara, gauza fisiko bat den bezainbatean bakarrik hartu behar den. Liburu bat fisikoa zein digitala izan, bere eduki informatiboari erreparatuko diogu –zeri buruzkoa da?–; beraz, bere ezaugarri ukigaiak bigarren mailan geratuko dira. Kontrakarrean, armairuko esekigailuak edo sukaldeko neurketa-ontziak ez dira beste ezeri buruzkoak; beren funtzio utilitarioak besterik ez zaizkigu axola, horregatik, beren ezaugarri ukigaiak dira denetan garrantzitsuena. (Hemen, noski, ez dago bereizketa zorrotzik; eros ditzakezu «moda-modako esekigailuak», estiloari buruzko adierazpen bat egiten dutenak, eta baliteke etxeko neurketa-ontzi zaharra familiako oroitzapen kuttun bat izatea, bere garaian amonarena izan zelako).

Kontzertu-sarrerak

Kontzertu sarrerak
Kontzertu-sarrerak artefaktu fisikoak dira, eta metadatuak ematen dituzte gertakari bati buruz, hala nola ordua, tokia, eserlekua, prezioa eta sartzeko baldintzak, bai eta parte hartuko duten artisten izenak ere. Kontzertuetara joaten direnentzat, kontzertu-sarrera batek berekin dakar horren guztiaren promesa, eta gehiago jasotzearen izaera adierazezinaren oroitzapena.
Irudia: Murray Maloney

Kontzertu-sarrera

Kontzertu-sarrera batek gertakari bati buruzko baieztapenen multzo bat adierazten du, beraz, deskribapen-baliabide bat da, liburutegiko txartelen katalogoko txartelak bezalaxe. Era berean, kontzertu-sarrera bat baliabide bat da bere horretan, berezko balioa du: erosi eta saldu daiteke, batzuetan baliabidearen deskribapenak adierazten duena baino garestiago. Sarrerak baimena ematen du eserleku jakin bat erabiltzeko xede zehatz batekin eta ordu zehatz batean; emanaldiaren ostean, sarrerak galdu egingo du bere berezko balioa, baina baliteke balio kanpotiko bat eskuratzea: agian, bilduma bateko artefaktu bihur daiteke, beste horiek bezala.

Antolaketa Sistemetako baliabide asko deskribapen-baliabideak edo ordezko baliabideak dira; baliabide primarioak deskribatzen dituzte: adibide ezagunak dira liburutegiko katalogoetako sarrerak edo bilatzaileetan agertzen diren emaitza-zerrendak. Museotan, baliteke baliabidea bera baino garrantzitsuagoa izatea horren ekoizpenari, aurkikuntzari edo jabetzaren historiari buruzko informazioa: esaterako, zeramika ezpal batzuek ez dute balio handirik, non eta ez diren informazio-baliabideekin uztartzen. Era berean, negozioen eta zientziaren arloko datuak ezin dira ulertu ez aztertu, non eta ez dagoen informazio gehigarririk datuak bildu diren moduari buruz. Interneten oinarritutako negozio gehienek beren mesederako erabiltzen dituzte bezeroek baliabideekin duten elkarreraginari buruzko datuak, esaterako, egiten duzun bilaketa ororen, klikatzen duzun esteka ororen eta sartzen zaren webgune ororen erregistroak. 

Batzuetan, metadatu esaten zaie beste baliabide batzuk deskribatu edo beste baliabide batzuekin lotuta dauden baliabideei. Nolanahi ere, Antolaketa Sistemei modu zabalagoan begiratzen baldin badiegu, sarritan zaila suertatzen da bi hauek ezberdintzea: baliabidea bera deskribatua denean eta baliabidearen edo hari lotutako edozein deskribapen ematen denean. Batetik, honako erronka hau dago: deskribapenak baliabideetan txertatuta daudenean –eta, sarritan, metadatuak hala egoten dira: liburu baten azalean, egunkariaren goiburuan edo webguneen iturrian–, sarritan hautu arbitrario bat da baliabide primarioak zein diren erabakitzea. 

Hona beste erronka bat: baliteke pertsona edo prozesu batek metadatu gisa erabiltzea gauza bat, eta beste batzuentzat, ordea, hori bera baliabide edo datu primarioa izatea. Baliabide primarioen eta horiei loturiko baliabideen arteko ezberdintasuna ez da berezko kontu bat; aitzitik, sarritan, kontua da ea zer baliabidetan zentratzen garen egoera batean. Natur historiaren museo batean, baliteke animalia bat baliabide primario bat izatea museoko bisitarientzat eta anatomia interesatzen zaien zientzialarientzat; ekologia edo migrazioa landu nahi duten zientzialarientzat, aldiz, animalia bildu den tokiari buruzko informazioa izango da baliabide primarioa.

Antolaketa Sistemetan, jendea baliabide gisa hartzen da, eta sarritan termino hori erabiltzen dugu, hartara ez zehazteko langile edo behargin baten generoa edo betekizun espezifikoa; adibidez, kudeaketako kontzeptu bat da «giza baliabide»en saila, lantokietan dagoena. Negozioen ezaugarri bereizgarria da giza baliabideen berariazko antolaketa; antolaketa horretan, bietatik dago: hala aniztasuna nola erregulartasuna (ikus taula gehigarria: Negozio egiturak).

Antolaketa Sistemetan, baliabide fisiko ez bizidunen edo digitalen paretsuak dira giza baliabideak ere: hautatu egiten dira, antolatu, eta kudeatu, eta balioa sor dezakete bai banaka eta bai beste batzuekin elkarreraginean jardunda, sistemaren barruan zein kanpoan. Edonola ere, giza baliabideak bakarrak dira beren konplexutasunean; horiek erabiltzen dituen Antolaketa Sistema orok aintzat hartu behar ditu haien eskubideak, motibazioak eta harremanak (Ikus taula gehigarria: Jendea, baliabide gisa).