4. Antolaketa-sistemetako baliabideak

Robert J. Glushko, Daniel D. Turner, Kimra McPherson, Jess Hemerly

4.2 Baliabideen arteko lau bereizkuntza

Baliabidearen nolakotasunak berebiziko garrantzia du kalitatezko antolaketa-sistemak sortzeko eta mantentzeko orduan. Baliabideez ari garenean, lau bereizkuntza egiten ditugu: arloa, formatua, agentzia eta fokua. 4.1 marrazkian –Baliabideen arloa, formatua, fokua eta agentzia baliabideei buruzko lau bereizkuntza, ikuspegi edo ikuspuntu horiek erakusten dira; ez direnez independenteak elkarren artean, ezin ditugu kategoria gisa aurkeztu.

4.1 marrazkia: Baliabideen arloa, formatua, fokua eta agentzia

Fitxa katalografikoa

Baliabideez ari garenean, lau bereizkuntza egin ditzakegu: arloa (materia- edo eduki-mota); formatua (fisikoa edo digitala); agentzia (aktiboa edo pasiboa) eta fokua (primarioa edo deskribapena).

4.2.1. Baliabideen arloa

Baliabideen arloa nozio intuitibo bat da: nozio horren bidez, baliabideak elkarren artean bereizteko balio duten ezaugarri-sorta naturalen edo intuitiboen arabera multzokatzen dira baliabideak. Toki berean eta uneren batean dauden baliabideak ad hoc edo ausaz multzokatzen dituen ideiaren aurkakoa da.

Baliabide fisikoei dagokienez, arloak bereiz daitezke, gutxi gorabehera, baliabideen materiaren arabera edo erraz hautematen diren ezaugarriak aintzat hartuz. Carl Linnaeus-ek, 1735ean, gauza guztien goi-mailako sailkapena egin zuen, animalien, landareen eta mineralen erreinuak ezarriz, eta sailkapen hori sakon txertatuta dagoenez hizkuntza eta kultura guztietan, arlo-kategorien sistema hierarkikoak sortzen dira. Kategorietako kidetzak ezaugarri partekatuen eta elkarri lotuen ereduz osaturik daude, eta horien muga naturalek baldintzatzen dituzte arlo-kategorien sistemako alderdi asko: kategoria bateko kidetzat jotzen den baliabide batek beste kategoria bateko kidea ere izan behar du, baldin eta zenbait ezaugarri, baina ez guztiak, partekatzen baditu harekin. Adibidez, museo bateko estatua marmolezko batek orobat izan behar du material-mota bat, eta aquarium batean dagoen arrain batek orobat izan behar du animalia-mota bat.

Dokumentu-motaren espektroa

Dokumentu-mota edo -arlo ezberdinak bereiz daitezke, honako faktore hauen arabera: dokumentuaren edukia zer neurritan dagoen semantikoki aurre-ezarria, zenbateko barne-egituraketa duen dokumentuak, eta zer lotura dagoen dokumentuaren aurkezpen/formatuaren eta eduki/egituraren artean. Edukiari, egiturari eta aurkezpenari dagozkion hiru ezaugarri horiek modu sistematikoan aldatzen dira dokumentu-mota narratiboetatik –eleberriak, kasu– dokumentu-mota transakzionaletara –fakturak, kasu–.

Dokumentu narratiboei dagokienez, jendeak idazten ditu, eta heterogeneoak dira bai egituran bai edukian; normalean, prosa eta elementu grafikoak biltzen dituzte, besterik ez. Aurkezpenaren ezaugarriek arduraz indartzen dute halako dokumentuen egitura eta semantika: adibidez, izenburuen eta goiburu nagusien letra-neurria handia izaten da, eduki garrantzitsua delako; oin-oharretan, berriz, letra-tamaina txikiagoa erabiltzen da. Dokumentu-mota transakzionalak, normalean, mekanikoki sortzen dira, eta, horren ondorioz, homogeneoak dira egituran eta edukian; «datuak» biltzen dituzte batez ere: letra-mota sendoan adierazitako edukia, semantika zehatz bati jarraitzen diona eta ordenagailu bidez prozesatu daitekeena.

Espektroaren erdialdean, badira dokumentu-mota hibridoak, hala nola testuliburuak, entziklopediak eta eskuliburu teknikoak, zeinetan hainbat eduki nahasten baitira: testu narratiboak, batetik, eta marrazkietan edo datu-koadroetan egituratutako edukia, bestetik.

Informazio-baliabideen kasuan, erraz hautematen diren ezaugarriak –hala nola liburu baten kolorea edo tamaina– ez dira hain modu fidagarrian lotzen baliabidearen arloarekin; horregatik, arloak bereizteko, ezaugarri semantikoak hartu ohi ditugu aintzat: «entziklopediak», «eleberriak» edo «fakturak» bereizteko, horien ohiko gaiak edo eduki-mota aipatzen dira, ezen ez halakoak aurkeztu ohi diren era askotariko formatu fisikoak. Oso bilduma txikia baldin badaukazu, edo argazki-estudio batean bazaude, zentzuzkoa izan daiteke liburuak kolorearen edo neurriaren arabera sailkatzea, baina liburutegi handi batean, ez litzateke batere erabilgarria izango liburuak ezaugarri fisikoen arabera antolatzea.

Informazio-baliabideen motak hierarkien arabera antola ditzakegu. Nolanahi ere, kategorien arteko mugak ez direnez guztiz zorrotzak, erabilgarriagoa da informazio-baliabideen motak continuum baten gisan irudikatzea, eduki narratibo ez oso egituratutik hasi eta eduki transakzional zeharo egituratuan buka. Marko horrek –Dokumentu Moten Espektroa deitu diote Glushkok eta McGrathek– honako ideia hau biltzen du: baliabide-arloen arteko mugak, ostadarreko koloreen arteko mugak bezalaxe, erraz bereizten dira espektroari urrunetik begiratu gero, baina zailagoa da bereiztea elkarren ondoan daudenean. (Ikus taula gehigarria: Dokumentu Moten Espektroa, eta horri loturiko 4.2 marrazkia).

4.2 marrazkia: Dokumentu Moten Espektroa

Fitxa katalografikoa

Dokumentu Moten Espektroa dokumentu-moten continuum bat da: mutur batean dokumentu narratiboak daude, gehienbat testua biltzen dutenak, hala nola eleberriak, eta beste muturrean, berriz, dokumentu transakzionalak, informazio oso egituratua biltzen dutenak, hala nola fakturak. Bien artean, badira dokumentu-mota hibridoak, zeinak eduki narratiboa eta transakzionala izaten baitute; horren adibide dira hiztegiak eta entziklopediak.

4.2.2 Baliabideen formatua

Baliabideek era askotako formatuak izan ditzakete; oinarrizko bereizkuntza hau izaten da: baliabidea formatu fisikoan ala digitalean dagoen. Bereizkuntza hori bereziki garrantzitsua da baliabideak biltzeko edo kontserbatzeko sistemei dagokienean, izan ere, biltegiratzeko orduan, ezaugarri fisikoak aintzat hartu behar izaten dira, eta, are, batzuetan muga bihurtzen dira. Bereizkuntza horrek, ordea, ez du halako garrantzirik maila logikoan, baliabideekin gauzatuko diren elkarreragin-jarduerak diseinatzean, zeren baliabide fisikoen ordezko digitalekin gainditu baitaitezke ezaugarri fisikoek ezarritako mugak. Online denda batean bila gabiltzanean, auto bat edo etxetresnak erosi nahian, ez du axola non dauden, egiaz, auto edo etxetresna horiek, ez eta nola antolatu diren ere. (Ikus taula gehigarria: Antolaketa-sistemen hiru lerroak).

Errepresentazio digital asko aise lotu daitezke dagozkien baliabide fisiko edo digitalekin, baina jakin beharra dago zein den baliabide originala edo primarioa, bereziki baliabide bakar edo baliotsuak direnean.

Gaur egun, antolaketa-sistemetako baliabide asko digitalki sortuak dira: hitz-prozesadoreen, kamera digitalen eta audio- zein bideo-grabagailuen munduan eratuak. Beste baliabide digital batzuk, berriz, «gauza adimentsu»etako sentsoreen bidez sortzen dira, eta, horietaz aparte, bestelako sistema batzuek baliabide digitalak sortzen dituzte elkarreraginean jarduten direnean barra-kodeekin, QR kodeekin, RFID etiketekin edo identitateari eta kokapenari jarraitzeko beste mekanismo batzuekin.

Kontrara, badira digitalizazioaren bitartez sortzen diren baliabide digitalak: digitalizazioa deritzon prozesuaren bitartez, jatorriz formatu fisikoa duten artefaktuak eraldatzen dira, ordenagailu bidez gordetzeko eta erabiltzeko. Liburuak, argazkiak, planoak eta disko-bildumak digitalizatzen ditugu. Liburuak digitalizatzeko, adibidez, orrialdeak eskaneatu daitezke, eta karaktereak identifikatzeko softwareak erabili; bestela, testua berridatz daiteke ordenagailuan.

Formatu digital mordoxka bat daude, zeinak ezberdinak baitira hainbat modutan, baina, gutxi gorabehera, bi dimentsiotan aldera ditzakegu: zer neurritan bereizten duten eduki informatiboa eta aurkezpena, eta edukiaren arteko bereizkuntzak zer-nolako argitasunarekin azaltzen dituzten. Bi dimentsio horiek batera hartuz gero, «Informazio IQ» orokorraren arabera aldera ditzakegu baliabideen formatuak: printzipio nagusia izango litzateke ezen formatu «adimentsuagoek» ordenagailu bidez prozesatu daitekeen informazio gehiago biltzen dutela; hala erakusten du 4.3 marrazkiak: Informazio IQ.

Formatu digital sinpleek, «testu soil»eko dokumentuetarako erabiltzen direnek, ordenagailuko teklatuan ikusten dituzun karaktereak biltzen dituzte, besterik ez. Formatu sinpleen artean, ASCII da gehien erabiltzen dena, baina ASCII desegokia da hizkuntza gehienentzat, karaktere-sorta zabalagoak dituztelako; bestalde, ASCII formatuak ezin ditu karaktere matematikoak kudeatu. Unicode deritzon kode estandarra, hain zuzen, muga horiek gainditzeko diseinatu zen. (ASCII eta Unicode xehetasun handiz aztertuko ditugu atal honetan: 9.3.1 Oharpenak).

Dokumentu-formatu gehienek, halaber, egiturazko osagaien hierarkia bat kodetzen dute modu esplizituan: atalak, azpiatalak edo osagai semantikoak, hala nola deskribapenak edo prozeduraren urratsak; batzuetan, aurkezpenaren edo forma inprimatuaren itxura ere zehazten dute. Gainera, aintzat hartu behar da beste bereizkuntza bat, ea informazioa testu-karaktereen sekuentzia gisa kodetuta dagoen, ordenagailuez gainera gizakiek ere irakurtzeko eran. Karaktereak XML bidez kodetuz gero, esaterako, berariaz sorturiko kode edo oharpen geruzak txertatu daitezke, «testu soila»ri dagokion edukiaz gainera. XML prozesatzaileek Unicoderen erabilera ahalbidetu behar dutenez, XML dokumentuetan edozein karaktere ager daiteke. Formatu digital konplexuenak, ordea, multimedia baliabideei eta dimentsio ugariko datuei dagozkienak dira: halakoetan, datuen formatua asko optimizatzen da, analisi edo aplikazio berezituetarako.

Baliabide ez-testualak digitalizatu nahi direnean, hala nola argazki analogikoak, marrazkiak eta audio- zein bideo-grabaketa analogikoak, aukeratu behar da, besteak beste, zenbat pixeletan egingo den eta zein izango den kolorearen sakonera, laginketa-tasa, iragazki-maiztasuna eta konpresioa, izan ere, faktore horiek eta beste alderdi tekniko batzuek baldintzatuko baitute errepresentazio digitala.

Baliabide digitalizatuek xede-erabilera eta -gailu asko izan ditzakete, eta, beharbada, horietako bakoitzak ikuspegi edo formatu zehatz bat behar izango du digitalizazioari dagokionez. Baliabide digitalizatuen ibaian-beherako erabiltzaileek jakin beharra dute zer formatutan sortu zen kasuan kasuko artefaktu digitala, dagoen moduan berrerabili edo beste moduren batean prozesatu behar ote duten jakiteko.

Formatu digital batzuek ahalbidetzen dituzten elkarreragin-jarduerak indartsuagoak dira baliabide fisikoek ahalbidetzen dituztenak baino, eta ezberdinak dira kalitateari dagokionez ere. Museoak, adibidez, teknologia birtuala erabiltzen ari dira erakusketa interaktiboak sortzeko, zeinetan bisitariek aukera baitute eguzki-sisteman barna hegan egiteko, beren gorputzak eskaneatzeko eta, grabitatea aldatuz, pareta batetik bestera jauzi egiteko. Dokumentu digitalen formatu sofistikatuei esker, elkarreragin-jarduerak egin daitezke irudi edo bideo digitalekin, 3 dimentsioko grafikoekin edo datu-sorta txertatuekin –oharpenak dituztenekin–. Google Art Project deritzon egitasmoan, margolan ezagunen erresoluzio handi-handiko argazkiak biltzen dira, zeinetan artelanen xehetasun ñimiñoak ikus baitaitezke, museotako behaketa-baldintza normaletan hauteman ezinak.

Nolanahi ere, baliabide fisikoen errepresentazio digitaletan informazio eta gaitasun garrantzitsuak galdu daitezke. Adibidez, hip-hop musikan bada soinu bereizgarri bat, binilo diskoak jogailuan daudelarik «harramazkatuz» sortzen dena, eta soinu hori ezin da egin MP3 formatuko musika-fitxategiekin.

4.3 marrazkia: Informazioa IQ

Informazioa IQ

Informazio IQ nozioak adierazten du ezen dokumentu-formatuak bi dimentsiotan izan daitezkeela ezberdinak: batetik, edukiaren errepresentazioaren argitasunari dagokionez; bestetik, edukiaren eta aurkezpenaren banaketari dagokionez. Dokumentu eskaneatu bat, adibidez, dokumentu baten argazki bat baino ez da, ez du halako bereizkuntzarik egiten, beraz, puntuazio baxua du bi dimentsioetan. Datu-sortek eta XML dokumentuek, aldiz, argi eta garbi bereizten dituzte eduki-motak, eta aurkezpenak ere modu bereizian esleitzen dituzte; horregatik, puntuazio altua dute bi dimentsioetan eta Informazio IQ altuena dute. HTML dokumentuetan, edukiari dagozkion bereizkuntzak aurkezpenaren bidez egiten dira normalean, hortaz, IQ baxuagoa dute. Informazio IQ altua duten formatuek erraztu egiten dute ordenagailu bidezko prozesamendua

Copyrightak, sarri, oztopoak jartzen dizkio digitalizazioari: batetik, lege-kontuak daude; bestetik, digitalizazioak berak ahalbidetzen du copyrighta betearaztea digitalizazioaren sorreraren aurretik ezinezkoa zen neurrian, izan ere, ezabatu egiten ditu elkarreragin-jarduera eta irisgarritasun ohiko batzuk, liburu fisikoei berez dagozkienak, hala nola beste norbaiti emateko edo saltzeko gaitasuna.

4.2.3 Baliabideen agentzia

Pertsonak baliabide

Liburu honen lehenagoko bertsioetan itzuri egin genion pertsonak baliabide direneko galderari, Antolatzearen Diziplina ez zailtzeko. Jendeak hamaika modutara antolatzen du bere burua, elkarren alboan bizitzeko, jakintza partekatzeko eta norbanako gisa lor zezakeena baino gehiago lortzeko; bestalde, baliteke zenbait jarrera, hala nola konfiantza edo elkarrekikotasuna, «antolaketa-printzipioak» izatea gizartean. Baina halako harreman eta elkarreragin organikoek ez dute izaten berariazko antolaketarik, eta egiazko Antolaketa Sistemetan hala izan behar duela uste izaten da. Salbuespena dira, alde horretatik, «berariazko komunitateak».

Edonola ere, Antolaketa Sistemen harira eman dugu definizioaren baitan, jendea baliabidetzat har daiteke: giza baliabideak, baliabide digitalak eta fisikoak bezalaxe, identifikatu, kategorizatu eta deskribatu daitezke beren atributuen eta harremanen arabera, eta giza baliabideek, orobat, elkarreragin-jardueretan parte hartzen dute, balioa sortzeko. Negozioetan, jendea antolatzen da bere gaitasunak, jakintza eta agentzia areagotzeko. Konpainien antolaketa-grafikoek hierarkia formal bat erakusten dute maiz, zeinean langile bakoitzaren rola zehazten baita haren arduren arabera, eta konpainiako beste batzuekin dituen harremanen arabera. Langileak modu abstraktuan irudikatzen badituzu, hau da, irudikatzen baduzu baliabideak direla, nor bere funtzio, input eta output espezifikoak eta aurreikusgarriak dituztenak, langileak eta prozesuak elkarren mendeko izan daitezke, bata bestearen lanaren xehetasunetan katramilatzeko beharrik gabe. «Kutxa belzteko» prozesu horrek (blackboxing) espezializazioa bultza dezake, eta antolaketaren funtzionamendu eraginkorragoa ekarri.

Agentziak adierazten du zer neurritan abia ditzakeen baliabide batek ekintzak bere kabuz. Continuum bat ezar dezakegu: mutur batean, baliabide guztiz pasiboak daude, ekintzarik abia ezin dezaketenak; beste muturrean, berriz, baliabide aktiboak, zeinak gai baitira ekintzak abiatzeko, oinarritzat hartuz inguruan nabaritzen duten informazioa edo beste baliabide batzuekiko elkarreraginean erdiesten dutena. Demagun liburu bat irakurtzen ari garela hondartzan; liburuak eguzkiaren energia xurgatuko du eta berotuko da, halere, ez dauka modurik bere tenperatura neurtzeko, eta baliabide guztiz pasiboa da. Merkuriozko termometro arruntek tenperatura nabaritzen eta erakusten dute, baina ez dira gai beren neurketa adierazteko; termometro digital haririk gabekoak eta estazio meteorologikoak, ordea, bai.

Baliabide pasiboek izen edo eragingai gisa funtzionatzen dute: ekintzak gauzatzen dira horien gainean; baliabide aktiboak, berriz, aditzen edo eragingarrien modukoak dira: ekintzak gauzatzen dituzte. Agentziaren kontzeptua premiazkoa zaigu honako baliabide hauek antolaketa-sistemaren markoan sartzeko: informazio-iturri aktiboak direnak edo izaera konputazionala dutenak. Halaber, kontzeptu horri esker, antolaketa-sistemei buruzko eztabaidetan, aintzat har ditzakegu baliabide bizidunak, edo, zehatzago esateko, gizakiak, modu orokorrago batean, haien agentzia azpimarratuz.

4.2.3.1 Baliabide pasiboak edo eragingaiak

Baliabide pasiboz edo eragingaiez osaturiko antolaketa-sistemak edonon aurki ditzakegu, arrazoi sinple baten ondorioz: bizi garen mundu hau baliabide fisikoz beterik dago, zeinak izendatzen eta identifikatzen baititugu haiekin elkarreraginean jardun ahal izateko. Baliabide pasiboak, normalean, ukigaiak eta estatikoak izaten dira; horrenbestez, haien gainean ekintzaren bat edo elkarreragin-jardueraren bat gauzatzearen poderioz bihurtzen dira baliotsu.

Baliabide fisikoak eta horien baliokide digitalizatuak gordetzen diren antolaketa-sistema gehienetan, baliabide horiek pasibotzat hartzen dira. Liburutegiko apalean dagoen liburu fisikoak, irakurgailu elektronikoan dagoen liburu digitalak, museoko galerian dagoen estatuak edo supermerkatuko hozkailuan dagoen garagardo-kaxak balioa sortuko du norbaitek maileguan hartzen duenean, edo behatzen duenean, edo kontsumitzen duenean; bestela, ez. Baliabide horien artean, ezeinek ez du agentziarik erakusten, eta ezin du ekintzarik abiatu, balioa bere kabuz sortzeko.

4.2.3.2 Baliabide aktiboak edo eragingarriak

Baliabidek aktiboek balioa edo emaitzak eragiten dituzte beren kabuz; batzuetan, elkarreragin-jarduerak abiatuz baliabide pasiboekin. Baliabide aktibo izan daitezke gizakiak, beste baliabide bizidun batzuk, agente konputazionalak, informazio-iturri aktiboak, webean oinarrituriko zerbitzuak, ibilgailu autonomoak (gidaririk gabe ibil daitezkeenak), robotak, aplikazioak, makinak eta bestelako objektu batzuk, hala nola bonbillak, aterkiak edo oinetakoak, zeinei, berez arruntak badira ere, «adimena» erantsi baitzaie. Ahalmen konputazionala, biltegiratze-gaitasuna eta komunikazioaren banda-zabalera baliatu dezakegu, eta horien bidez baliabide aktiboak sortu, zeinak gai izango baitira baliabide fisiko pasibo arruntek egin ezin ditzaketen gauzak egiteko eta elkarreragin-jarduerak gauzatzeko.

Baliabide aktiboez denez bezainbatean, bost gaitasunen arabera aztertu ditzakegu. Gaitasun horiek baliabideen agentzia areagotzen duten pixkana-pixkana: bata bestean oinarrituz, baliabideei eta parte hartzen duten antolaketa-sistemei modu gehiago eskaintzen dizkiete balioa sortzeko, elkarreragin-jardueren eta informazio-trukeen bitartez.

Zentzumenak edo jabekuntza

Baliabide batek nolabaiteko agentzia izan dezan, gai izan behar du, gutxien-gutxienez, bere inguruneko edo beste baliabide batzuekin dituen elkarreragin-jardueretako alderdi batzuk sentitzeko edo horien jabe izateko. Termometroak, adibidez, tenperatura neurtzen du; foto-detektatzailea izeneko gailuak, berriz, argia neurtzen du; gasolina-adierazleak zehazten du zenbat gasolina geratzen den autoko gordailuan; GPS gailuak bere kokapena konputatzen du, sateliteen seinaleak detektatu eta analizatu ostean; soinean eramateko sentsoreak gai dira zure bihotzaren taupada eta noraino ibili zaren adierazteko. Hala ere, zerbait sentitzeak ez du baliorik sortzen, berez, antolaketa-sistema batean. Zerbait egin behar du.

Baliabide aktiboak: Nest termostatoaren «ekosistema»

Fitxa katalografikoa

Bi argazki horietan, iPadeko Nest aplikazioa ikus dezakezue: lehenengoan, termostatoa kontrolatzeko taula ikus dezakezue; bigarrenean, berriz, energiaren erabileraren historiala agertzen da, pop-up erako ohar batekin, zeinean azaltzen baita, tenperatura berrezartzearen ondorioz, egun horretan energia gehiago erabili dela, batez beste erabiltzen dena baino. Nest termostatoak gailu zentral gisa funtzionatzen du, beste baliabide aktiboekin komunikatzen baita: argiekin, etxetresnekin, ke-detektagailuarekin, soinean eramateko osasun-sentsoreekin etab. (https://nest.com/) (Pantailaren argazkiak: Andrea Angquist. Baimenarekin erabiliak)

Aktibazioa

Baliabide bat aktibatzeko gai izango da baldin eta, sentitzen duen informazioaren ondorioz, ekintza bat abiatu eta emaitzak edo balioa sor baditzake. Maiz, «aktibatzaile» esaten zaio mekanismo edo sistema fisikoak mugitzeko edo kontrolatzeko gai den baliabideari; aldiz, baliabidea biologikoa denean, «efektore» esaten zaio. Baliabideak hainbat modutara aktibatu daitezke: argiak piztu ditzakete, baita bozgorailuak, kamerak, motorrak edo etengailuak ere; mezuak bidal ditzakete sentsore baten egoerari edo balioari buruz, edo hara-hona ibil daitezke (robotak, adibidez).

Baldin eta baliabide batek bere egoeraren alderdi batzuk erakutsi eta igorri baditzake, baina, balioa sor dadin, ezinbestekoa bada beste baliabide batek (gizaki batek, seguru asko) hori ikustea edo entzutea, eta horren arabera ekintzaren bat gauzatzea, aktibazio potentzial edo sor bat eratuko da.

Esate baterako, baliabide pasiboak baliabide aktibo bilaka daitezke RFIP txipak gehituta; txip horiek, funtsean, barra-kodeak dira, irrati-transpondedore bat txertatua dutenak. RFID txipak igortzen hasiko dira RFID irakurgailu bat sumatzen dutenean. Horren bidez, kokapenaren jarraipen automatizatua ahalbidetzen da, eta baliabideek beren testuingurua senti dezakete. RFID hargailuak txertatzen dira muntaketa-kateetan, karga eta deskargako portuetan, aparkamenduetan, bidesari-postuetan edo dendetako apalategietan, hartara, hauteman dezakete noiz dagoen RFID etiketa duen baliabide bat kokapen esanguratsuren batean. RFID etiketak erabilgarriagoak izango dira baldin eta tenperatura, hezetasuna, abiadura eta, are, kutsadura biologikoa hautematen duten sentsoreetako informazioa erregistratu eta helarazi badezakete.

Konektibitatea

Baliabide aktibo batek zeregin erabilgarriak gauzatuko baditu, konektatuta egon behar du, nola edo hala, beste baliabideren bat maneiatzen edo kontrolatzen duen aktibazio-mekanismoarekin. Gerta liteke, baliabidearen eta aktibatzen den gauzaren artean, konexio zuzen eta iraunkor bat egotea; hala izaten da, adibidez, termostatoen kasuan: tenperatura sentitzeko gaitasuna du, zeina modu finkoan lotuta baitago berotzeko edo hozteko sistemarekin; ondorioz, tenperaturaren arabera, sistema piztu egingo da, edo itzali.

Baliabide aktiboen diseinuari dagokionez, berrikuntza garrantzitsu bat gertatu da: baliabide fisikoei software «estalki» bat jartzen zaie, IP helbide bat eman, eta Interneteko protokoloekin konektatzen dira; horrela, informazioa bidal dezakete aplikazio batera, zeinak ekiteko ahalmen handiagoa baitu. Halako baliabideei buruz esaten da «Gauzen Internet»en parte direla.

Telefono adimentsuak, bestalde, baliabide aktiboak dira, eta gai dira testuinguruari dagozkion parametro gero eta gehiago identifikatzeko eta partekatzeko –besteak beste, beren kokapena, norabidea eta abiadura–; modu horretan, informazio-zerbitzuak pertsonalizatzeko balio dute. Halaber, telefono adimentsuak gai dira zenbait aplikazio martxan jartzeko, zeinak mezuak trukatzen baitituzte beste baliabide adimentsu batzuekin, nola jarduten diren kontrolatzeko eta optimizatzeko xedez.

Konputazioa edo programagarritasuna

Baliabide aktibo sinpleak modu deterministan jarduten dira: sentsoreak honako hau irakurtzen badu, harako hura egingo du. Beste baliabide aktibo batzuk, ordea, gaitasun konputazionalak dituztenez, gai dira sentsoreen bidez jasotako uneko informazioa zein informazio historikoa aztertzeko, elkarreragin-baliabide horietan datu-balio edo -eredu nabarmenak identifikatzeko, eta beren jarduna horren arabera moldatzeko.

Termostato asko programagarriak dira, baina jende gehienak ez du programatzeko lanik hartzen; horrenbestez, ez dute energia aurrezten, nahiz eta horretarako balizko aukerak eduki. Nest Labs konpainiak termostato berezi batzuk sortzen ditu, beren kabuz programatzen direnak. Nest termostatoak tenperatura, hezetasuna, mugimendua eta argia hautemateko sentsoreak ditu, etxea inor badagoen ebazteko gai direnak, eta, halaber, Wi-Fi konexioa dauka, tokiko eguraldiaren datuak biltzeko.

Roomba xurgagailu-robota sigi-saga ibiltzen da etxean barna, altzariak eta kableak saihestuz eta eskailerak igoz zein jaitsiz; gainera, garbiketa-ibilbideak optimizatzen ditu, toki bereziki zikinetara iristeko. Edonola ere, hautsa eta zikina xurgatzen ditu, besterik ez. Badira robot sofistikatuagoak, gaitasun asko izan ditzaten eta egokitu daitezen diseinatzen direnak: horrela, gai dira kasuan kasuko ekoizpen-prozesurako behar diren eginkizunak behin eta berriro egiteko, eta, horretaz aparte, etengabe hobetu daitezke, software-eguneraketen bidez, zure mugikorreko aplikazioak bezalaxe. Roboten belaunaldi berri bat sortu da, eta horren adibide dugu Baxter deritzon robot bat, zeinari ekintza baten adibidea erakutsi eta ikasi egiten baitu: pertsona batek Baxterren besoak eta eskuak mugituko ditu, zer egin behar duen erakuste aldera; Baxterrek, orduan, bere burua programatuko du ekintza hori errepikatzeko, eta behin hori egin duenean, baietz adieraziko du buruarekin.

Konposagarritasuna eta lankidetza

Baliabide aktibo «adimentsuenak» gai dira biltzen duten informazioa aztertu eta beren jarduna moldatu baino gauza gehiago egiteko. Esaterako, gai dira, formatu eta protokolo estandarrak eta ez-patentatuak erabiliz, zer dakiten eta beste baliabide batzuei zer egin diezaioketen adierazteko. Horrek esan nahi du ezen modu independentean diseinatu eta martxan jarritako baliabideak gai direla elkarrekin lan egiteko, eta, horrela, balioa sortzeko.

Webeko antolaketa-sistema asko baliabide digital aktiboen bildumez edo konfigurazioz osaturik daude. Mota horretako baliabide aktiboen artean, elkarreragin-jarduerek negozio-eredu oso informatizatuak inplementatzen dituzte, zeinetan balioa sortzen baita informazioa trukatuz, maneiatuz, eraldatuz edo beste moduren batean prozesatuz, eta ez, ordea, baliabide fisikoak maneiatuz, eraldatuz edo beste moduren batean prozesatuz.

Pixkana-pixkana, baliabide fisikoei ere modulartasunaren eta konposagarritasunaren printzipioak ezartzen ari zaizkiela ikusi dugu: jatorri libreko software-liburutegiak sortu dira, sentsoreak eta mikro-kontrolagailuak erabiltzeko, bai eta API erabilerrazak ere. Funtsean, softwarea eta baliabide fisikoak erabiltzen ari gara eraikuntzarako bloke funtzionalak balira bezalaxe, eta estandarrek berebiziko garrantzia izango dute.

«Etxe adimentsuei», «bulego-eraikin adimentsuei» eta «hiri adimentsuei» buruzko lanetan, baliabide fisiko «adimentsu»en antolaketa-sistemak osatzeko diseinuak sortzen ari dira. Martxan daude esperimentu asko, eta produktu berriak ere atera dira, zeinek hainbat modutara uztartzen baitituzte hardwarea eta softwarea, horien arteko diseinu-konpentsazioak ulertzeko eta, horrela, gailu «adimentsuak» non egon behar liratekeen ahalik hobekien zehazteko. Adibidez, bi hauek aldera ditzakegu: batetik, «etxe adimentsu» bat, gailu zentral oso adimentsu baten inguruan eraikia, zeina beste gailu «ez hain adimentsu» batzuekin komunikatzen eta koordinatzen baita, eta gailu guztiak dira ekoizle berdinak egindakoak; bestetik, «etxe adimentsu» bat, zeinean gailu guztiek baitute adimen-maila bera, eta hainbat ekoizlek egindakoak baitira.

Eskala konplexuagoei erreparatuta, berokuntza- eta hozte-sistemak kontrolatu nahi balira eraikin zinez adimentsu batean, ez lirateke termostato programagarriak bakarrik erabiliko; aitzitik, eredu bat eraikiko litzateke, aztertze aldera nola berotu eta hoztu daitekeen eraikina energiaren erabilera eta kostua optimizatzeko eran, eta geletan tenperatura egokia mantenduz betiere: modelo horretarako input gisa, aintzat hartuko lirateke eguraldiaren iragarpenak, bidaia-egutegiak, elektrizitatearen kosturari buruzko informazioa –hainbat iturritatik bildua– eta beste datu garrantzitsu batzuk.

Aplikazioen interfaze estandarren bitartez, baliabide aktiboak elkarreraginean jardun daitezke jendearekin, osterantzean sentsoreen bidez jasoko luketen informazioa biltzeko, edo sentsoreak dakarren informazioa areagotzen duten datuak jasotzeko. Termostato programagarri bat gai baldin bada erregistratzeko ea zein diren berak kontrolatzen duen espazioaren erabiltzaileen lehentasunak denborari dagokionez, gaitasun handiagoa izango du tenperatura-atalase bakar bat daukan termostatoak baino. Interneteko protokolo estandar bat erabil liteke termostatoarekin komunikatzeko, eta, horren bitartez, termostatoa urrunetik kontrolatzeko aukera egongo litzateke.

Datu-formatu eta komunikazio-protokolo irekien eta estandarren bidez, mota berdineko baliabide aktiboen kasu ugaritako informazioa agregatu eta aztertu ahal izango litzateke. Adibidez, Google Maps aplikazioa darabilten telefono adimentsuek, informazioa igortzen dute beren abiadurari eta kokapenari buruz. Dat u-sorta horri dagozkion ikaskuntza automatikoko teknikek eta optimizazio-teknika sofistikatuek adimen kolektiboa sor dezakete, zeina atzera itzuli aha l baitzaio informazio eman zuten baliabideei. Kasu honetan, Google gai da trafiko-pilaketak identifikatzeko, eta pilaketa batean geldirik dauden gidariei bide alternatiboak proposatzeko.

Nolanahi ere, ordenagailu bidezko ekintzak ez dira aukera egokiena kasu guztietan. Webak ahalbidetu du pertsonak baliabide aktibo gisa jardutea, eta zeregin labur batzuk egitea, zeren ordenagailuek ezin baititzakete zeregin horiek modu fidagarrian gauzatu, zehaztasunez deskribatzeko gai izan arren. Halako zereginetarako, sarritan, irizpide estetikoak edo subjektiboak behar izaten dira. Webean oinarrituriko zeregin horietan jarduten diren pertsonei «Turkiar Mekanikoak» esaten zaie, erreferentzia eginez XVIII. mendeko xake-jokatzeko makina automatikoari, zeinaren barruan pertsona bat ezkutatzen baitzen, eta hark mugitzen baitzituen piezak.

Honako hau gertatzen bada, harako hura egin

Programazio sistema bat da IFTTT («If This Then That» esaldiaren laburdura; euskaraz: «Honako hau gertatzen bada, harako hura egin»): horren bidez, programatzaileak ez diren pertsonek baliabide aktiboak konektatzeko eta kontrolatzeko ahalmena dute, mundu fisikoan zein digitalean. IFTTT programek –errezeta esaten zaie– informazioa har dezakete Internet-zerbitzuetako liburutegi gero eta handiagotik (data/ordua, egutegia, eguraldia, albisteak, posta elektronikoa, sare sozialak etab.), eta informazio hori kontrol-logika sinpleekin erabili, ekintzak eragiteko beste zerbitzu eta baliabide batzuetan. Halako errezetek, adibidez, Instagrameko argazki bat kopiatu dezakete Google Driven, Fitbit-eko datuak gehitu kalkulu-orri batean edo argiak piztu eta itzali, orduaren, eguraldiaren edo egunsentiaren arabera.

Fitxa katalografikoa

«Eguzkia ateratzen bada, hargune elektrikoa piztu». Ezkerreko ikonoak eragiten du eskuineko ikonoak adierazten duen ekintza. (Argazkia: R. Glushko)

4.2.4 Baliabideen fokua

Baliabideen arteko laugarren bereizkuntzak honako baliabide hauek bereizten ditu: batetik, baliabide primarioak edo originalak; bestetik, horiek deskribatzen dituzten baliabideak. Baliabide primario bakoitzari deskribapen-baliabide bat baino gehiago lot dakioke, hartara errazagoa izan dadin kasuan kasuko baliabide primarioa aurkitzea, interpretatzea edo harekin elkarreraginean jardutea. Antolaketa-sistema batzuek ez daukate baliabide primarioen gaineko kontrolik, eta deskribapena da baliabide primarioetara iristeko edo horiekin elkarreraginean jarduteko modu bakarra: horrelako kasuetan, deskribapen-baliabideak funtsezkoak dira. Deskribapen-baliabideei, sarritan, metadatu deitzen zaie.

Baliabide primarioen eta deskribapen-baliabide edo metadatuen arteko bereizkuntza sakonki txertaturik dago bibliotekonomian eta antolaketa-sistema tradizionaletan, zeinetako bildumak testuzko baliabidez osatuak izaten baitira batez ere: liburuak, artikuluak eta bestelako dokumentuak. Deskribapen-baliabideei, testuinguru horietan, baliabide bibliografiko edo katalogo esan ohi zaie, eta baliabide primario bakoitzari deskribapen-baliabide bat baino gehiago lotu ohi zaio.

Geratu eta pentsatu: Gauzen Internet

Gauzen Internet deritzonari dagokionez, egia da publizitate gehitxo ematen zaiola; edonola ere, egia da, halaber, berrikuntza handiak daudela hor. «Gauzen Internet» esaldia bilatzen baduzu, ondoan ia edozein baliabide fisikoren izena jarrita, ziur zerbait topatuko duzula. Saiatuko hitz hauekin: «umetxoa», «txakurra», «sardexka», «letxuga», «pijama», «farola» eta zeuk aukeratutako beste zenbait.

Negozioetan informazio-baliabide digitalak antolatzeko erabiltzen diren sistemei dagokienez –hau da, negozio-dokumentuak edo transakzioen zein prozesu konputazionalen bidez sortutako datu-erregistroak antolatzeko balio duten sistemei dagokienez–, halakoek ia beti erabiltzen dituzte baliabide gehigarriak, baliabide primarioen sorta edo klase handiak deskribatzen dituztenak edo horiekin nolabait ere lotuta daudenak.

Testuinguru askotan oso erabilgarria suertatzen da baliabide primarioen eta deskribapen-baliabideen arteko aldea, baina antolaketa-sistemei modu orokorrean erreparatzen diegunean, sarritan zaila izaten da biak bereiztea, eta zehazten dugunean zer baliabide diren primarioak eta zeintzuk diren metadatuak, sarritan, gure arretaren fokuaren arabera hartzen dugu erabaki hori, unean-unean.

Adibidez, Twitterren erabiltzaile askorentzat, 140 karaktereko mezua da baliabide primarioa, eta ez zaizkie hain garrantzitsuak iruditzen mezuarekin loturiko metadatuak (nork bidali duen, txio arrunt bat den, erantzun bat den, estekarik badakarren etab.). Hala ere, zenbait konpainiak Twitter erabiltzen dute bidaltzaileen eta marken eragina neurtzeko, eta gizarte-sareak edo -jarrerak identifikatzeko: horien kasuan, metadatuak dira fokua, ezen ez edukia.

Beste adibide bat jarriko dugu: kirol-talde profesionaletako jokalariak giza baliabideak dira; aldiz, milioika pertsona jarduten dira alegiazko kirol-ligetan jokatzen, bideo-jokoen munduan adibidez. Halakoetan, egiazko giza jokalarien estatistikak hartu, eta horietan oinarrituz sorturiko baliabideekin osatzen dira taldeak. Beste era batera esanda, egiazko kirolean baliabide erantsiak direnak baliabide primariotzat hartzen dira liga alegiazkoetan.

4.2.5 Baliabideen formatua x fokua

Baliabideen formatuari dagokion bereizkuntza –baliabide fisikoak ala digitalak diren– eta baliabideen fokuari dagokiona –baliabide primarioak ala deskribapen-baliabideak diren– alderatzen baditugu, marko erabilgarri bat lortuko dugu, lau baliabide-kategoria ezartzen dituen (4.4 marrazkia: Baliabideen formatua x fokua).

4.4 marrazkia: Baliabideen formatua x fokua

Baliabideen formatua x fokua

Baliabideen formatuari eta baliabideen fokuari dagozkien bereizkuntzak uztartuta, lau baliabide-kategoria sortzen dira: baliabide fisikoak, baliabide digitalak, deskribapen fisikoak eta deskribapen digitalak.

4.2.5.1 Baliabide fisiko primarioen deskribapen fisikoak

Baliabide fisikoen eta deskribapen-baliabideen arteko harreman zaharrena hauxe da: baliabide fisikoei buruzko deskribapenak edo bestelako informazioa formatu fisikoan kodetuta egotea. Mesopotamian, duela hamar mila urte gutxi gorabehera, buztinezko pieza txikiak gordetzen ziren buztinezko edukiontzitan, inbentario gisa edo ondasunak zein ganadua zenbatzeko. 5.000 urte beranduago, buztinezko piezatxoak gordetzearen ideia garatu, eta horrela sortu zen idazketa kuneiformea: buztinezko piezatxoak bildu ordez, buztinean markak egiteari ekin zioten; ondorioz, alferreko bihurtu ziren bai piezatxoak eta bai edukiontziak ere.

Liburutegietan, fitxa inprimatuak erabili dira, bi mendez, liburuak deskribatzeko baliabide moduan.

Dokumentu kuneiforme bat Pergamo museoan

Baliabideen formatua x fokua

Pergamo museoan (Berlin, Alemania), Babiloniako, Persiako eta Asiriako artefaktuen bilduma handi bat daukate, duela ia hiru mila urtekoak denak ere; tartean, buztinezko taula kuneiforme ugari daude: adibidez, goiko argazkian agertzen dena. (Argazkia: R. Glushko)

4.2.5.2 Baliabide primario fisikoen deskribapen digitalak

Kasu honetan, baliabide digitalak baliabide fisiko bat deskribatzen du. Hauxe da harreman horren adibiderik ezagunena: liburutegietako online katalogoa, liburutegiko baliabide fisikoak zer apaletan dauden adierazten duena: 1960an, txartel fisikoak baztertu eta datu-baseen erregistroak ezarri ziren. Museotako online katalogoetan, margolanaren, eskulturaren edo katalogoko sarrerak deskribatzen duen dena delako objektuaren argazki digital bat agertu ohi da.

Baliabide primario fisikoen deskribapen-baliabide digitalak funtsezkoak dira hornikuntza-katearen kudeaketan, xehekako logistikan, garraioan eta bestelako negozio-eredu batzuetan, zeinetan ezinbestekoa baita informazio zehatza izatea, eta garaiz, gauzen kokapenari edo egoerari buruz. Deskribapen-baliabide digitalak sortzen dira baliabide fisiko primarioarekiko elkarreragin-jarduera baten emaitza gisa –sentsore bat, adibidez–, edo bigarren mailako baliabide fisiko baten bitartez bestela, zeina jada lotua baitago baliabide fisiko primarioarekin –RFID etiketen edo barra-kodeen kasua da, adibidez–.

Barra-kodeak erostea supermerkatu birtual batean

Baliabideen formatua x fokua

Australiako Woolworths supermerkatu-konpainiak «supermerkatu birtual» bat sortu zuen, argazkiz eta barra-kodez osatua. Kasuan kasuko produktuaren barra-kodea eskaneatuz, produktu hori eskatzen duzu, eta gertuen duzun supermerkatutik bidaltzen dizute. (Argazkia: R. Glushko)

Errealitate areagotuko sistemetan, baliabide fisiko bati buruzko informazio digitalaren geruza bat gehitzen zaio, denbora errealean, baliabide fisikoaren ikuspegi edo irudikapen digital bati. Esate baterako, futbol amerikarreko partidak ematen dituztenean telebistan, marra horixka batzuk gainjartzen dira pantailan, jokaldiak markatzeko. Errealitate areagotuari dagozkion teknikak –metadatu deskribatzaileak edo identifikatzaileak gainjartzen dituztenak– hainbat arlotan erabiltzen dira: ekipamendu konplexua maneiatu edo mantentzeko gailuetan, telefono mugikorren nabigazioan zein turismo-gidetan, iragarkietan eta bestelako eremu batzuetan, non erabiltzaileek, beharbada, beste informazio-iturri bat kontsultatzeko premia izango baitute. Hegazkin-kabinetako teknologia aurreratuak gai dira abisuak emateko; horretarako, datu garrantzitsuak adierazten dituzte, eskura dagoen tresneriaren bitartez: adibidez, hegazkinetan, lainoen edo lanbroaren ondorioz ikusgaitasun kaskarra dagoenean, pistako argiak nabarmentzen dira errealitate areagotuari esker.

Errealitate areagotuko gailuak txertatu dira, berriki, teknologia eramangarrian, esaterako, Google Glass deritzen betaurrekoetan: betaurrekoak soinean dituzularik, dena delako informazioa eskatzen duzu ahotsaren bidez, eta betaurrekoen markoan txertaturiko gailuak Interneten bilatu eta emaitza erakutsiko dizu lentean bertan. Luxuzko autoak saltzen dituzten etxe batzuek antzeko teknologia darabilte gidariaren haizetakoan proiektatzeko autoaren aurreko paneleko datuak, trafikoaren egoera eta jarraibideak.

4.2.5.3 Baliabide primario digitalen deskribapen digitalak

Baliabide digital baten bidez deskribatzen da beste baliabide digital bat. Harreman hori suertatzen da liburutegi digitaletan eta webean oinarrituriko antolaketa-sistema orotan; ondorioz, baliabide digital primarioa irits zaitezke, zuzenean, bigarren mailako baliabide digitaletik.

4.2.5.4 Baliabide primario digitalen deskribapen fisikoak

QR barra-kode bat ikusten dugunean egunkari edo aldizkarietako iragarkietan, iragarki-ohol handietan, espaloietan, kamisetetan edo dendetako apaletan, baliabide primario digital baten deskribapen fisikoaren aurrean egongo gara. QR kode bat mugikorreko kamerarekin eskaneatu eta gero, hainbat ekintza abiatu daitezke: webgune bat ireki daiteke, informazioa biltzen duena produktu edo zerbitzu baten inguruan; web katalogo batean aukeratutako itemaren unitate bat eska daiteke; telefono-zenbaki bat markatu edo beste aplikazio edo zerbitzu bat martxan jarri.