12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.18 Neurozientzia-laborategia
Egilea: Colin Gerber; 2013ko abendua.
Laburpena. Neurozientzia-laborategi batean Parkinson gaitzari buruzko ikerketak egiten ari dira, eta, horretarako, esperimentuak egiten dituzte arratoiekin. Arratoi-mota desberdinak, ebakuntzak eta botikak erabiltzen dituzte esperimentuetan, eta informazio hori dena bildu behar dute datuak analizatzeko, argitalpenetarako eta laborategien ikuskatzaileei erakusteko.
Ordenagailu pertsonalak hedatu aurretik garatu zen gaur egun laborategian darabilten antolaketa-sistema, eta bilakabide geldoa izan du harrezkeroztik. Hala ere, sistemaren azpian dagoen egiturak ordenagailuen aurreko kontzeptuetan ditu erroak. Sistema eguneratu nahi da, teknologia modernoagoak txertatzeko: horren harira, zer aldaketa egin behar dira baliabideei, baliabideen deskribapenei eta sistemaren egiturari dagokienez?
Zer antolatu nahi da? Antolaketa-sisteman baliabide hauek biltzen dira gaur-gaurkoz: arratoiak, ebakuntzak, esperimentuak, botikak eta esperimentuetan bildutako datuak. Badira beste baliabide batzuk, antolaketa-sisteman txertatu litezkeenak.
Esaterako, baliabide berri bat dira ebakuntza-teknikak. Orain arte, zirujiari loturiko teknikak maisu-aprendiz metodoaren bidez transmititu dira, eta horri buruzko informazioa, berriz, jakintza inplizitua zen: ebakuntzak gauzatzen zituzten ikertzaileek gordetzen zuten, eta ez zen modu esplizituan adierazten sisteman. Zergatik? Bada, zaila delako, berez, zirujiaren korapiloak testu bidez adieraztea; are zailagoa da, bestalde, ikertzaile berri batek ebakuntza bat nola egiten den ikastea informazio testualaren bidez. Nolanahi ere, multimedia baliabideak gordetzeko eta horiei iruzkinak egiteko ahalmenak egoera aldatzen du. Orain, izan ere, posible baita irakaskuntza-bideoak egitea ebakuntza-mota bakoitzari buruz, baliabide-deskribapenak gehitzea bideo-fitxategiari eta hori dena antolaketa-sisteman gordetzea.
Halaber, badago beste baliabide bat, bere bizi-ziklo osoan baliabide bakar bat balitz bezala hartzen dena; baina, egiaz, baliteke bi baliabide izatea. Arratoiak antolaketa-sisteman txertatu zirenean, arratoi-baliabide mota baten agerpen gisa hartu ziren; hortaz, arratoiak trukatu daitezke, eta multzo jakin bateko edozein arratoi balia daiteke ebakuntzetan. Ebakuntza egin ostean, arratoia aldatu egiten da, eta baliabide-kasu berri bat izango da. Ebakuntza egin zaion arratoi zehatz horrek baliabide-deskribapenen sorta berri bat dauka orain.
Neurozientziaren ikerketarako ekipamendua
Egilearen laborategian, baliabide fisikoak antolatzeko garaian, aintzat hartzen da ezen, medikuntzaren arloko ikerketetan, elkarreragin-jarduerek zehatz-zehatzak izan behar dutela, eta hori errazteko moduan diseinatzen da dena. Argazki honetan, anplifikatzaile eta galbaheen sorta bat ikus dezakegu (ezkerrean), zeinek balio baitute arratoien garun-uhinen seinaleak prozesatzeko eta erregistratzeko; apalategi bertikal batean daude aparatuak, eta ebakuntza-ekipamendutik hurbil koka daitezke. (Argazkia: Colin Gerber. Baimenarekin erabili dugu).
Zergatik antolatu nahi da? Antolaketa-sistemaren xede nagusia al da esperimentu bakoitzean arratoi egokiak erabiltzen direla ziurtatzea? Ala, aldiz, erregistroak egunean mantentzen direla bermatzea, ondoren laborategi-ikuskariei erakusteko? Halaber, sistemaren xedea izan liteke datuen analisia eta artikuluen idazketa efizienteagoak izan daitezela. Erabaki horiek eragina izango dute baliabide-deskribapen moten kopuruari eta deskribapenen xehetasun-mailari dagokionez.
Laborategi batean hainbat antolaketa-sistema daude, eta sistema hau horietako bat baino ez da; hortaz, sistemaren helmena eta beste antolaketa-sistemekin izango dituen elkarreragin-jarduerak zehaztea gauza garrantzitsua da oso. Erabaki inportantea da, adibidez, sistemak laborategiko kide berrien prestakuntza ahalbidetuko duen zehaztea. Esperimentuen eta ebakuntzen bideoak gordez gero, halako baliabideek modua eskain lezakete irakaskuntza-jarduerak gauzatzeko ikertzaile berriekin. Alabaina, ikertzaileek beste prestakuntza-jarduera asko egin behar dituzte; horiek ere bildu behar lirateke antolaketa-sistemaren barruan? Hala balitz, antolaketa-sistema konplexuagoa bihurtuko litzateke; sistemaren helmena ebakuntzetatik eta esperimentuetatik harago zabalduko litzateke, baina sistema bakar baten barruan gordeko lituzke irakaskuntza-baliabide guztiak.
Beste aukera bat, antolaketa-sistema bereizi bat sortzea, prestakuntza-materialaz arduratzen dena, eta ahalmena duena prestakuntzarako aproposak diren multimedia baliabideekin elkarreraginean jarduteko, nahiz eta beste sistema batean gordeta egon. Horrela eginez gero, sistemaren helmena ez litzateke hedatuko; mantentze-lanak, ordea, zailagoak izango lirateke. Ebakuntza-teknika bat edo esperimentu bat aldatu aldiro, bi sistema eguneratu beharko lirateke, aldaketak gordetzeko eran.
Zenbat antolatu nahi da? Erabiltzaile-mota ugarik jotzen dute sistema honetara, eta horietako bakoitzak elkarreragin-mota desberdin bat bilatzen du. Ikertzaileek, adibidez, arratoi eta ebakuntza-teknika egokia zeintzuk diren bilatu behar dute. Laborategien ikuskatzaileak, berriz, botiken gordailuak egiaztatu behar ditu, eta zirujia-metodoak zein -ekipamendua egunean daudela ziurtatu behar dute. Ikertzaile nagusiak proiektuen aurrerabideari buruzko laburpen bat ikusi nahi du.
Gaur egun, kategoria hierarkikoen arabera antolatzen da sistema; kategoria nagusiak hauek dira: ebakuntzak eta esperimentuak. Antolaketa-modu horri esker, erraza suertatzen da baliabide espezifikoak berreskuratzea. Halere, sistemarekin normalean gauzatzen diren elkarreragin-jardueretan bietako baliabideak erabiltzen dira; ondorioz, ikuspegi hierarkiko hori ez da optimoa inondik ere.
Alderdien araberako sailkapenaren ikuspegia egokia izan liteke elkarreragin-jarduerak ahalbidetzeko. Alderdietan, jatorrizko kategoriak bil litezke –zirujia eta esperimentuak–, baina, halaber, alderdi berriak gehi litezke elkarreragin-mota bakoitzeko. Kasu horretan, baliabide berdinaren baliabide-deskribapen desberdinak sailkatuko lirateke maiz, alderdi desberdinetan. Baliabide-deskribapen horiek, sarritan, baliabideen beren rola izango dute. Adibidez, laborategi-ikuskatzaileek botikei buruzko deskribapen-baliabideak aztertu nahi izango dituzte –iraungipen-data eta noiz erabili den botika bat ebakuntzetan–, eta ez, ordea, botika bera.
Noiz antolatu nahi da? Neurozientzia-laborategietan, baliabideen deskribapenak galdu egiten dira maiz, non eta ez diren neurketaren momentuan erregistratzen. Adibidez, arratoi baten pisua neurtzen bada, botika-dosi egokia kalkulatzeko, hala dosia nola animaliaren pisua erregistratu behar lirateke sisteman. Arratoiaren pisua ez baldin bada neurketaren unean erregistratzen, ezinezkoa izango da arratoia beranduago pisatzea eta emaitza berdina jasotzea (arratoiaren pisua aldatu egiten baita denborarekin). Ohiko arazoa da hori, horregatik, baliabide eta deskribapen guztiak sisteman txertatu behar lirateke, eskuratzen diren unean bertan.
Nola edo nork antolatu nahi du? Laborategian diharduten ikertzaileak arduratzen dira baliabideen antolaketaz, osoki. Haiek sortzen dituzte baliabide zein deskribapenak berriak, eta haiek daukate jakintza gehien bai baliabideei buruz bai baliabideen arteko harremanaren inguruan.
Beste kontu batzuk. Sistema aldatuz gero, eta datu guztiak neurketaren unean txertatzen badira, ikertzaileek lan gehiago egin beharko dute hasieran, baina horrek, gero, elkarreragin-jarduera zehatzagoak ekarriko ditu, eta berreskurapen-lan gutxiago egin beharko da datuak analizatzeko eta artikuluak idazteko garaian.
