7. Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta -motak deskribatzea
Robert J. Glushko, Rachelle Annechino, Jess Hemerly, Robyn Perry, Longhao Wang
7.4 Kategorien diseinuari dagozkion auziak eta ondorioak
Jada aztertu ditugu kategoriak sortzeko printzipio garrantzitsuenak: baliabide-ezaugarriak, antzekotasuna eta helburuak. Printzipio horietako bat baino gehiago erabiltzen badugu kategoria-sistema bat garatzeko, erabakiak hartu behar ditugu sistemaren sakonerari eta zabalerari buruz. Atal honetan, honako ideia hau jorratuko dugu: kategoria-sistemetako abstrakzio-maila batzuk oinarrizkoagoak eta naturalagoak direla beste batzuk baino. Halaber, aipagai hartuko ditugu antolaketa-sistemak sortzen ditugun moduari eragiten dioten hautuak, eta nola taxutzen dituzten gure elkarreragin-jarduerak, sistema horretan kategorizaturiko baliabideak aurkitzeko premia daukagunean.
7.4.1 Kategorien abstrakzioa eta xehetasun-maila
Baliabideak kasu bakartzat zein baliabide-klase bateko kidetzat har ditzakegu. Klasearen tamaina –zenbat baliabide hartuko diren baliokide gisa– honen araberakoa izango da: zer propietate edo ezaugarri hartzen ditugun aintzat arlo bateko baliabideak aztertzen ditugunean. Baliabide-arlo bati buruz pentsatzeko dugun modua testuinguruaren eta helburuaren mendekoa da; hori dela-eta, baliabide bat modu abstraktuan hartuko da egoera batzuetan, eta gauza oso konkretu gisa beste batzuetan. 5. kapituluan –Baliabideen deskribapena eta metadatuak– azaldu dugun eran, horrek eragina du baliabide-deskribapenaren izaeran eta neurrian, eta, kapitulu honetan ikusi dugunez, berriz, eragina du, orobat, sor ditzakegun kategorien izaeran eta neurrian.
Pentsa ezazu, adibidez, arropa garbiak jasotzeari dagokion betekizunean. Arropa-item oro kategoria zabal bateko kidetzat har dezakegu, zeinetako kideak baitira pertsona batek jantz ditzakeen jantzi-mota guztiak. Kategoria bakar bat erabiltzen badugu arropa guztiak sailkatzeko, hau da, ez baditugu itemak bereizten modu erabilgarriren edo praktikoren batean, seguru asko mordo handi batean edukiko ditugu gure arropa guztiak, batere antolatu gabe.
Nolanahi ere, ezin dugu edozein arropa-item jantzi, ausaz: alkandora, prakak, galtzerdiak eta abarrak jantzi behar ditugu. Argi dago, beraz, jantzien kategoria zabalegia dela helburu gehienetarako. Beraz, kategoria xeheagoen bitartez antolatzen du arropa jendeak, item horiek janzteko duten moduarekin bat eginez.
7.3.2 atalean –Propietate bakarrak–, armairuan dauzkagun alkandorak antolatzeko sistema bat deskribatu dugu; hortaz, galtzerdiez mintzatuko gara orain. Galtzerdiei dagokionez, jende gehienak uste du galtzerdi-parea dela oinarrizko unitatea, aldiro bi galtzerdi erabiltzen dituztelako. Beraz, galtzerdi-pareak aurkitu behar badituzu, zentzuzkoa dirudi galtzerdiak binaka antolatzeak, arropa garbia ordenatzen ari zarenean. Zenbaitek, gainera, galtzerdi dotoreak eta kiroletakoak bereiziko dituzte, eta, gero, horietako bakoitza kolorearen edo materialaren arabera antolatu, galtzerdi-kategorien hierarkia bat sortuz –alkandoren adibidean egin dugun bezalaxe–.Halaber, bi konpainiaren edo konpainia bereko bi sailen informazio-sistemak uztartu nahi direnean, sistema bakar bat osatzeko, baliabideen abstrakzioari eta xehetasun-mailari buruzko kontuak azaleratzen dira. Alderdi guztiek modu berean adierazi behar dute gauza bakoitzaren identitatea, edo halako eran non gauzen arteko lotura aurkitzeko modua egongo baita, eskuz zein elektronikoki.
Adibidez, nola erabiliko dituzte bezeroen helbideak negozio-sistema batean? Gutunazaletan idatzirik agertzen direnean, normalean, hainbat lerroko testu-objektu oso gisa agertzen dira «helbideak». Informazio-sistemetan, ordea, hobe da helbideak informazio-osagai argiki identifikagarrien multzo gisa gordetzea. Helbideak xehetasun-maila handiarekin antolatuz gero, errazagoa suertatzen da bezeroak hiriaren edo posta-kodearen arabera antolatzea, salmenta- edo marketing-kontuetarako. Informazio-osagaien abstrakzioa edo xehetasun-maila, eta dokumentuetan aurkezten edo berrerabiltzen diren modua batez ez badatoz, arazoak sortuko dira inter-operazionaltasunari dagokionez, negozioek informazio elkarbanatzeko premia dutenean.
Intuizioaren kontrakoa dirudien arren, gizakiek sorturiko kategorien sistema bat konplexuegia denean eta jendeak ezin duenean modu fidagarrian interpretatu eta baliatu, sailkatzaile konputazionalak –item berrien eta jada kategorizatuen arteko antzekotasun estatistikoa kalkulatu dezaketenak– hobeto jardun daitezke gizakiak baino.
7.4.2 Kategoria oinarrizkoak edo naturalak
Kategorien abstrakzioa deskribatzeko, kategoria-mailen hierarkia bat erabili ohi da: gorenak, oinarrizkoak eta mendekoak. «Arropa», adibidez, kategoria goren bat da; «alkandorak» eta «galtzerdiak», berriz, kategoria oinarrizkoak, eta «mahuka luzeko alkandora zuri dotoreak» zein «artilezko mendi-galtzerdi zuriak», azkenik, mendeko kategoriak dira. Oinarrizko kategorietako kideek, hala nola «alkandorak» edo «galtzerdiak» kategorietako kideek, hautemate-ezaugarri asko dituzte komunean, eta lotura handiagoa dute motrizitatearekin, goreneko kategorietako kideek baino. Mendeko kategorietako kideek ezaugarri asko dituzte komunean, baina ezaugarri horiek orobat dagozkie kategoria-hierarkian abstrakzio-maila berdinean dauden beste kategoria mendekoei. Hau da, «mahuka luzeko alkandora zuri dotoreak» kategoriako kide guztiek dituzten ezaugarri komun ugari identifikatu ditzakegun arren, kategoria horretako kideek orobat dauzkate ezaugarri komun asko «mahuka luzeko alkandora urdin dotoreak» eta «mahuka-luzeko alkandora beltz kotoizkoak» kategoriekin alderatuz gero.
7.4.3 Estalduraren / Doitasunaren konpentsazioa
Abstrakzio-mailak baldintzatuko du zenbateko xehetasunekin identifikatzen ditugun baliabideak. Baieztapen orokor bat egin nahi dugunean, edo gure interesaren helmena zabala dela adierazi nahi dugunean, kategoria gorenak erabiltzen ditugu; adibidez: «Zenbat animalia daude San Diegoko zooan?». Zehatzago aritu nahi dugunean, ordea, mendeko kategoria doiak erabiltzen ditugu: «Zenbat emu heldu daude San Diegoko zooan gaur egun?».
Arropen adibidera itzulita, oso erraza izango da mendiko galtzerdi zuri artilezkoen pare bat aurkitzea baldin eta galtzerdien antolaketa-sisteman kategoria-maila xehe-xeheak badaude. Baliabideak xehe-xehe deskribatu edo antolatu badira eta bila zabiltzan baliabidea pareko xehetasun-mailarekin zehazten baduzu, nahi duzuna topatuko duzu, zehatz-mehatz. Mendi-galtzerdi zuri artilezkoak gordetzen diren tokira iristen zarenean, hantxe topatuko dituzu denak, eta ez beste ezer. Bestalde, galtzerdiak nahas-mahas gordetzen badituzu tiradera batean, galtzerdi bila joaten zarenean seguru asko ez zara gai izango nahi dituzunak topatzeko, eta, aitzitik, nahi ez dituzun mordoxka bat topatuko duzu. Kontrakarrean, ez diozu denborarik eskainiko galtzerdien antolaketari –jende askok gorroto du–; hortaz, zeuk aukeratu behar duzun denbora zeri eskaini, galtzerdiak antolatzeari edo bilatzeari, zure zaletasunen arabera.
Adibide hori informazio-berreskurapenaren jargoira itzuliz gero, esango dugu antolaketa xeheagoek estaldura murrizten dutela –bilaketa baten ondorioz aurkitzen edo berreskuratzen duzun baliabide-kopurua–, baina estalitako sortaren doitasuna areagotzen dutela, hau da, estalitako itemen garrantziaren proportzioa. Kategoria zabalagoek, berriz, estaldura handiagotzen dute, eta doitasuna gutxiagotzen. Ondotxo ezagutzen dugu web bilatzaileetan suertatzen den negoziazio latz hori: hitz bakar bat bilatuz gero, emaitzak berehala iritsiko dira, baina seguru asko ez zaizkigu erabilgarriak irudituko; ordea, bilaketa ondo zehazten badugu, hainbat hitz erabiliz eta tentuz, bilatzen dugun informazioa bilduko dugu. Informazio-berreskurapenaren estaldura, doitasuna eta ebaluazioa zabalago jorratuko dugu 10. kapituluan: Elkarreraginak baliabideekin.
Adibide guztiz arrunt horrek erakusten du zein den antolaketaren eta berreskurapenaren artean dagoen funtsezko konpentsazioa. Antolaketa-sistema ia orotan agertzen da antolaketari eskainitako ahaleginaren eta berreskurapenari eskainitako ahaleginaren arteko konpentsazioren bat. Baliabideak antolatzeko zenbat eta ahalegin gehiago egin, orduan eta eraginkortasun handiagoz berreskuratuko ditugu. Zenbat eta ahalegin gehiago egin baliabideak aurkitzeko, gutxiago antolatu beharko ditugu aldez aurretik. Antolatzailearen eta berreskuratzailearen artean zer harreman dagoen, horren arabera banatuko dira kostuak eta onurak bien artean. Pertsona bera dira? Zeinek egiten du ahalegina, eta nork jasotzen ditu onurak?
7.4.4 Kategorien hartzaileak eta xedeak
Jendeak hainbat molde baliatzen ditu kategorizazioak egiteko, betiere hainbat faktoreren arabera: kategorizazioaren helburuak, kategorizatu behar den bildumako baliabideen zabalera eta antolaketa-sistemaren erabiltzaileak. Demagun hizkuntzak kategorizatu nahi ditugula. Lehenengo urratsa izango da hizkuntza bat zer den zehaztea, ez baitago adostasun orokorrik dialektoen eta hizkuntzen arteko aldeez, eta batzuek, are, zalantzan jartzen baitute halako bereizketarik existitzen denik ere.
Edonola ere, «ingelesa» eta «txinera» kategoriekin adierazi nahi duguna aldatu egin daiteke gure hartzaileen eta gure helburuen arabera. Hizkuntza-eskola bati dagokionez, «ingelesa»ren errepresentazioak zerikusia izango du hainbat kontu praktikorekin, adibidez, nola erabiliko duten ikasleek ikasten ari diren hizkuntza, edo zer hizkuntza ikasteko aukera dagoen. Hizkuntza globalak irakasten dituen zentro batean, berriz, «hizkuntzak» kategoriako kasutzat hartuko dira («ingelesa» kasutzat, zehazki) ingelesaren aldaera estandarretako bat (botere politikoarekin lotua dagoena) edo hainbat aldaeraren estandarren uztarketa bat.
Era berean, «txinera» kokatzen den kategoria-egitura testuinguruaren arabera alda daiteke. Eskola batzuetan, «txinera» ez da izango hainbat aldaera linguistiko biltzen dituen kategoria bat, ezpada «hizkuntzak» kategoriako kasu bereizia; beste eskola batzuetan, ordea, irakatsiko dute ezen «txinera» hizkuntza-kategoriako dialektoak direla mandarina, wu eta kantonera, eta idazketa-sistema estandar bakar batek bateratzen dituela denak. Horrez gainera, hizkuntzalari batek hizkuntzak sailkatzeko sistema bat sortu nahi duenean zenbait printzipiori jarraituz, baliteke mandarina, wua eta kantonera elkarren artean ulergaitzak direla ebaztea, eta, ondorioz, hizkuntza bereizitzat jotzea «txinera» kategoria zabalagoaren baitan.
Jendeak era bakar bat erabil balezake gauzak kategorizatzeko, Pyramid telebista-saioak ez luke zentzurik izango –saio horretan, lehiakideek asmatu behar dute zer kategoriari dagozkion beren taldekideek aipaturiko adibideak–. Kategorizazioak sormenerako bidea ematen du; horrela, jendeak mundua antolatu dezake, eta kontzeptuen arteko harremanak aipatu, erreferente-gako batzuen bidez. Modaren hizkuntzari buruz hitz egiten dugunean, iradokitzen dugu ezen, esaten ari garenaren testuinguruan, antzekoak direla «ingelesa», «txinera» eta «moda» kasuak, hizkuntza gisa kategorizatuko ez genituzkeen beste gauza batzuetatik bereizteko adina.
