12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.10 Honoluluko trenbide azkarra

Egilea: Carlo Liquido; 2015eko abendua.

Laburpena. Honoluluko Trenbide Azkarraren proiektua hirian barna ibiltzeko trenbide-sistema bat da, zeina eraikitze-bidean baitago Honolulun, O’ahu uhartean (Hawaii). Honoluluko trafiko izugarri kaskarrak bertakoei zein turistei kalte egin die hainbat hamarkadaz, eta beste horrenbeste denboraz, garraioaren auziari erantzuteko proposamenak eta konponbidearen kostua nork ordainduko duen erabakitzeak eztabaida zalapartatsuak eta politikoak eragin ditu. 2011n hasi ziren sare hori eraikitzen, eta 2019an amaitzea espero dute, baina atzerapen ugari izan dira.

Zer baliabide erabiltzen ari dira? O’ahu uhartean eraikitzen ari diren trenbide-sistema berria irlaren hego-mendebaldean barna ibiliko da, eta 20 milia hartuko ditu denera, Ekialdeko Kapoleitik hasi eta Honoluluko erdigunera, eta 21 geldialdi egingo ditu, toki estrategikoetan kokatuak. Proiektu honen helmena hainbat modutan zehaztu liteke: Zeintzuk dira muga kulturalak zein politikoak? Zer ondorio eragingo ditu ingurumenean eta zer baliabideri eragingo die zuzenean? Hawaiin trenbide-sare bat eraikitzeak zer muga topografiko dakartza? Nire analisiaren helmenari dagokionez, ordea, pertsonak izango dira baliabide nagusia –hots, zer gauza dituen xedetzat antolaketa-sistemak–. Antolaketa-sistemaren oinarrian, honako printzipio hau dago: trafikoa murriztea eta bidaiaren esperientzia efizienteagoa izan dadila oro har.

Trafikoa O’ahun

Trafikoa O’ahun

O’ahuko trafikoan buxadurak izaten dira sarri, bereziki Honolulu hiriaren inguruan, uhartearen hegoaldean eta hego-ekialdean.
(Garapen Ekonomiko eta Turismo Saila, Hawaii. CC-BY-2.0)

Zergatik antolatu nahi dira baliabideak? Trenbide-sistema azkarrari dagokion antolaketa-sistemaren printzipio nagusia zera da: trafikoa murriztea eta bidaia efizienteagoak lortzea. Negozio, Garapen Ekonomiko eta Turismo Sailaren arabera, 2012 eta 2014 bitartean, trafikoa hazi egin da O’ahuko errepide nagusi ia guztietan. Gainera, uharteko beste toki batzuetan, bereziki mendebaldean, lanpostuak eskasak dira, eta, hori dela-eta, Honoluluko herrigunera doan eta handik datorren trafikoa areagotu da, lehenengo mapan ikus daitekeen eran.

Trafikoaren joeren, higiezin-merkatu mugatuaren eta errepide azpi-egitura zurrunen eraginez, trenbide-sistema lur-gaineko bat ezartzeko beharra sortu da, O’ahuko mendebaldea eta Honoluluko erdialdea lotuko dituena. Antolaketa-sistema berri honek trafiko-sistema orekatu nahi du, baliabideak berrantolatuz, hau da, gidariak eta autobus-bidaiariak errepidetik kenduz eta trenbide-sisteman sartuz. O’ahun hiru autobide nagusi daude: H1, H2 eta H3. H2 mendebaldetik dator, eta buxadurak sortzen dira H1ekin lotzen denean. Gidarien eta autobus-bidaiaren antolaketak nahitaez dakar trafiko-buxadurak sortzea puntako orduetan. Trenbide-sareari esker, ziur aski antolaketa-geruza gehigarri bat izango du gaur egungo antolaketa-sistemak.

Zer neurritan antolatu nahi dira baliabideak? 20 miliako ibilbidean, 21 geltoki planifikatu dira. Dentsitate handiena duten eremuetan jarri dira geltokiak, albait jende gehienari zerbitzu emateko xedearekin.

Biztanleriaren dentsitatea

Biztanleriaren dentsitatea

Honolulu inguruko biztanleak behealdeko eremuetan bizi dira batik bat.
(Garapen Ekonomiko eta Turismo Saila, Hawaii. CC-BY-2.0)

Eremu ilunagoek dentsitate handiko tokiak adierazten dituzte; eremu argiek, berriz, dentsitate baxukoak. Keahi aintziratik Honolulu erdigunera doan eremuan jende mordo bat bizi da, eta trafikoa ere handia da bertan. Hortaz, zentzuzkoa da trenbide-sistemako geltoki guztien ia erdia eremu horretantxe egotea, nahiz eta ibilbide osoaren laurdena izan.

Bestalde, geltokiak hautatzeko orduan, aintzat hartu ziren, orobat, etxeetako diru-sarrerak. Trenbide-sarea, batez ere, diru-sarrera txikiak dituzten auzoetan barna doa (hirugarren mapan, gune laranja eta marroiek diru-sarrera baxuak adierazten dituzte; berdeek, berriz, diru-sarrera altuak). Diseinu-printzipio horrek honako uste hau gorpuzten du: probableagoa dela diru-sarrera gutxiago duen jendeak garraio publikora jotzea.

Noiz antolatu nahi dira baliabideak? Halako tamaina duen eraikuntza-prozesu orotan bezalaxe, antolaketa-sistema zehatz-mehatz planifikatu zen, eraikitzen hasi aurretik, xehetasun txikietaraino: baita zutabe-kopurua, hormigoi-kopurua eta bagoiak egiteko inportatu beharra zen altzairu-kopurua kalkulatzeraino ere. Dena den, eraikuntza-lanen prozesuan, antzinako hilerriak aurkitu ziren, eta Hawaiiko natiboen komunitateak hainbat aldaketa egiteko eskatu zuen. Geltoki-kopuruari eutsi bazaio ere, ibilbidea errotik aldatu da.

Etxebizitza bakoitzeko diru-sarrerak Honolulu inguruan

Etxebizitza bakoitzeko diru-sarrerak Honolulu inguruan

Dentsitate handiena duten eremuetan daude diru-sarrera txikienak dituzten etxebizitzak.
(Garapen Ekonomiko eta Turismo Saila, Hawaii. CC-BY-2.0)

Nola edo nork antolatu nahi du? Badira zenbait alderdi, gaian interesa dutenak, botere-gradu desberdinekin. Lehen begi-kolpean, gobernuak du azken hitza –hau da, Hawaiiko estatuak–. Alabaina, Hawaiiko herritarrek eragin zuzena dute gobernuaren erabakietan.

Baliabide kulturalak, praktikak eta sinesmenak babestea gauza inportantea da Hawaiin, bai legearen bai kulturaren aldetik. Arkeologia-enpresa pribatuak, estatuko funtzionarioak eta kulturaren oinordekoak elkarrekin jarduten dira, ondasun arkeologiko nabarmenen gaineko ondorioak murrizteko eta arintzeko. O’ahu Irlako Ehorzketa Kontseilua, esaterako, estatu-mailako batzorde bat da, iwi puna (antzinako hezurrak) babesten laguntzeko sortua. Kontseilu horrek azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da, trenbide-sistema ezartzeko indusketak gauzatu aurretik, oinordeko lineal aitortuei baimena eskatzea edo gaiaz galdetzea.

Non antolatu nahi da? Antolaketa-sistemaren «non» osagaia ez da hain garrantzitsua analisi honen helmenari dagokionez; nabarmenagoak dira diseinuari loturiko beste auzi batzuk. Nolanahi ere, proiektuaren izaera fisikoak muga handiak ezartzen ditu sistemaren antolaketa-moduari dagokionez. O’ahu uhartean sumendiak daude; horregatik, ezin da trenbide-sarerik eraiki lurraren azpian. Sumendi-tontor pikoek uhartea zeharkatzen dute, eta trenbide-sistema nondik joan daitekeen mugatzen dute.