6. Harremanak eta egiturak deskribatzea

Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney

6.5 Ikuspegi estrukturala

Ikuspegi estrukturalaren bidez aztertzen dira baliabideen arteko elkarketa, antolaketa, gertutasuna edo lotura, harremanen esanahiari edo jatorriari erreparatu gabe. Esaten baldin badugu familia bat «jende-bilduma» bat dela edo familia jakin batek –hala nola Simpson familiak– bost kide dituela, ikuspegi estrukturala baliatzen ari gara. Batzuetan, bi baliabide elkarri loturik daudela, ez dakigu besterik: hala izaten da, adibidez, nabarmendutako hitz edo esaldi batek webgune batetik bestera eramaten zaituenean. Beste kasu batzuetan, zertxobait gehiago dakigu baliabide-sorta baten artean dauden harremanei buruz; halere, egituran zentratzen gara, eta baliabideen arteko loturaren nozio orokorraren barruan uztartzen eta lausotzen ditugu elkarketen arrazoi guztiak.

Travers eta Milgram ikertzaileek, 1960ko hamarkadan, ikerketa bat egin zuten, gaur egun famatua bilakatu dena: AEBko mendebaldeko eta ekialdeko herritarrek mezuak bidali zizkioten elkarri. Pertsona batek ez baldin bazuen ezagutzen xede-hartzailea, zera eskatzen zitzaion: ezagutu zezakeela uste zuen norbaiti idatziko balio bezala idazteko mezua. Ikerketak, hain zuzen ere, «mundu txikiaren arazoa» frogatu zuen –hala deitzen zioten Traversek eta Milgramek–: ausaz hautaturiko bi pertsonaren artean, batez beste, sei loturako edo graduko bereizketa dago.

Gaur egun, ohikoa da bi baliabideren artean dauden «banaketa-gradu»en kopuruari buruz mintzatzea. Adibidez, Markoff eta Sengupta ikertzaileek azterlan bat egin zuten 2011n, Facebookeko datuak erabiliz, eta kalkulatu zuten ezen Facebooken dauden bi pertsonaren arteko «banaketa-gradua» honako hau dela: 4,74.

Geratu eta pentsatu: Kevin Bacon zenbakiak

«Kevin Bacon zenbakiek» neurtzen dute zenbat banaketa-gradu dauden, batez beste, 2,6 milioi aktoreren artean, 1,9 milioi film aintzat hartuta; neurketa horren froga bat ikusteko, ikus http://oracleofbacon.org webgunea. Travers eta Milgramen «sei banaketa-gradu»en harira, «Kevin Baconen sei banaketa-graduak» deritzon mahai-jolasa sortu zen (ingelesez, bi izenek antza dute ahoskeran): jolasaren muina da, hain zuzen ere, Bacon era askotako filmetan agertu dela; horregatik, aktore pila batekin aritu da lanean (film berean agertzen diren bi aktorek banaketa-gradu bat dute). Baconen beraren Bacon zenbakia 2,994 da, baina, hara non badiren beste 300 aktore Bacon baino gertuago daudenak filmen unibertsoaren erdigunetik. Hautatu aktore famatu batzuk eta ikusi ea beren Bacon zenbakia Baconena berarena baino handiagoa edo txikiagoa den. (Aholku bat: aktore zaharragoak film gehiagotan jardun dira).

Baliabide-mota askok, beste baliabideekiko dituzten egiturazko harremanez gainera, beren barne-egitura dute. 4.3 atalean aipatu bezala, gogoan izan behar dugu ezen, baliabideen zatiak deskribatzeko garaian, ausazko aukerak egin behar izaten ditugula sarri, deskribapenaren abstrakzio- zein xehetasun-maila zehazteko orduan; gauza bera gertatzen zaigu, halaber, baliabide batzuen elkarketak baliabide gisa identifikatu behar ditugun edo ez erabakitzeko. Auto baten egitura antolatzean, ez da erraza hori egitea, autoaren egiturak milaka zaitu dituelako; bestalde, are zailagoa da informazio-baliabideek gagozkionean, zeinetan hamaika modu baitaude zatiak eta osoak zer diren zehazteko. Nolanahi ere, informazio-baliabideen kasuan, badute abantaila bat: beren barne-egituren deskribapenak oso «konputagarriak» izan ohi dira. Gai hori sakonean landuko dugu 10. kapituluan: Elkarreraginak baliabideekin.

Negozio-egiturak

Kudeaketa-zientzietan etengabe ebaluatzen dira antolakundeen egiturak. Negozio handi askotan, antolaketaren goialdea modu beretsuan antolatzen da: zuzendaritza-batzordea, operazioen burua eta beste zenbait exekutibo, negozio-unitateetako lehendakariordeak edo zuzendariak kudeatzen dituztenak. Negozio-unitateen barruan eta horien artean, ordea, alde nabarmenak izaten dira, negozioek beren langileak antolatzeko duten erari dagokionez.

Negozioak hautaturiko antolaketa-estiloaren inguruan eraikitzen dira kudeaketa-estrategiak. Antolaketa-hautuek honako faktore hauek islatzen dituzte, besteak beste: operazio-buruaren kudeaketa-filosofia, industria, erregulazio-baldintzak eta operazioen eskala. Tradizioan, hierarkia zorrotzak ezarri izan dira, zuhaitz tankerako egitura batekin, langile beherenetik hasi eta operazio-buruarengana iritsiz. Foxconn enpresan, kudeaketa-hierarkia zorrotz baten premia dute, manufakturaren arloan diharduten behe-mailako langileen kopuru handiak gertutik ikuskatu ahal izateko; langile horiek, bestalde, kokapen fisikoaren arabera antolatzen dira.

Beste konpainia batzuetan, matrize erako egitura bat daukate: hala, langile batek proiektu batean baino gehiagotan jardun dezake lanean, eta, proiektuaren arabera, kudeatzaile batekin edo beste batekin izango ditu harremanak. Aholkularitza-enpresa baten matrize-egiturak, beharbada, langilearen funtzioa nabarmenduko du (adib.: «prozesuen ingeniaritzaren aholkularia»), eta ez du lotuko langilearen jatorrizko kokapenarekin: horregatik igarotzen dute aholkulariek denbora mordo bat hegazkinetan, proiektu batetik bestera bidaiatzen.

6.5.1 Egitura berariazkoa, inplizitua eta esplizitua

Antolatzearen diziplinan, jendeak edo prozesu konputazionalek sorturiko «berariazko egitura» nabarmentzen dugu, eta ez prozesu fisikoek edo geologikoek sorturiko egitura halabeharrekoak edo naturaz suertatuak. 1.5 atalean onartu genuenez, informazioa dago, noski, tornadoen edo tsunamien osteko hondakinetan eta Kanoi Handiaren estratuetan. Halako patroi estrukturalak interesgarriak suertatu ahal zaizkie meteorologoei, geologoei eta beste batzuei, baina ez dira gure arreta-gune nagusia, ez dituelako agente identifikagarri batek sortu, antolaketa-sistema bati edo gehiagori segituz.

Geratu eta pentsatu: Berariazko egitura inplizitu/esplizitua

Bila ezazu zure herrialdeko probintzien (edo bestelako banaketen) mapa bat. Seguru asko, bilduma gisa ikusten dituzu horien sorta batzuk. Antolaketa literalaz gainera (adibidez, «Yren ondoan dago X; Zren ekialdean dago Y), nola deskriba zenezake zer harreman duten elkarren artean, bildumaren baitan? Harreman horiek zertan daude oinarrituta: ezaugarri natural edo nahi gabekoetan ala berariazko ezaugarrietan? Hona adibide bat: Estatu Batuetan, Kalifornia, Oregon eta Washington estatuei «Mendebaldeko Kosta» deitzen zaie, eta Ozeano Bareak mugarritzen du hiru estatuen mendebaldeko muga. Estatuen arteko muga batzuk naturalak dira –ibaiek ezarriak, esaterako–; beste muga batzuk, ordea, berariaz edo ausaz hautatuak dira.

Antolaketa-printzipio batzuek oso egitura gutxi ezartzen dute. Baliabideen bilduma txikietan, baliteke baliabideak elkarren alboan ipintzea edo kokatzea beste antolaketarik behar ez izatea. Bi edo hiru dimentsiotako sistema koordinatuak ezarri ditzakegu «egitura inplizitu» honetan, eta baliabide baten kokapena nahi adinako zehaztasunez deskribatu dezakegu; nolanahi ere, baliabidearen kokapenaren egitura termino erlatiboetan adierazi ohi dugu. Hainbat modu daude baliabide batek beste baliabide batekiko duen harreman estrukturala adierazteko: «gainean», «azpian», «atzean», «goian», «behean», «gertu», «eskuinean», «ezkerrean», «alboan» etab. Batzuetan, hainbat baliabide sekuentzia edo ordena batean antolatuta egoten dira, edo itxura hori ematen dute; halakoetan, deskribapen posizionalak erabil ditzakegu egituraz mintzatzeko. 1990eko hamarkadaren amaierako telebista-saio batean, adibidez, honela deitzen zioten Lurra planetari: «hirugarren harkaitza, Eguzkitik hasita».

Baliabideen baitan eta baliabideen artean modu esplizituan aurkezten diren berariazko egiturei erreparatzen diegu bereziki, hain zuzen ere, diseinu- edo egiletasun-hautuak hezurmamitzen dituztelako, zenbat egitura inplizitu edo sor agerrarazi nahi diren erabakitzeari dagozkionak. Baliabide-bilduma handi-handien kasuan, oso garrantzitsuak bihurtzen dira algoritmo bidez erauz daitezkeen egiturak, izan ere, halako bildumen helmena eta eskala hain handiak direnez, gizakiok ez gara gai haien egitura aztertzeko.

6.5.2 Harreman estrukturalak baliabideen baitan

Gehientsuenetan, entitate unitario gisa ikusten ditugu gizakiak eta bestelako baliabide bizidunak. Halaber, baliabide fisiko ugarik, hala nola margolanek, eskulturek edo manufaktura-ondasunek badute halako osotasuna material bat, zeinaren ondorioz zatiezintzat jo ohi baititugu. Nolanahi ere, informazio-baliabideei dagokionez, ia beti dute edo izan dute barne-egitura moduren bat, edo hura osatzen duten datu-elementuen azpi-banaketa bat.

Hain zuzen ere, bit, byte, karaktere eta soken kodetze hutsak dira ordenagailuko fitxategi guztiak; hori dela-eta, baliabide digital orok dauka nolabaiteko barne-egitura bat, nahiz eta egitura hori software-agenteek bakarrik atzeman. Zorionez, pasa den hamarkadan XML formatua ezarri zenez geroztik, hitzen prozesamenduari dagozkion fitxategien barne-formatuak, garai batean zeharo ulertezinak gertatzen zirenak, askoz interpretagarriagoak dira orain.

Autore batek dokumentu bat idazten duenean, nolabaiteko barne-antolaketa bati jarraitzen dio: izenburua, atalen goiburuak, arau tipografikoak, orrialdeen zenbakikuntza eta bestelako mekanismoak erabiltzen ditu dokumentuaren zatiak identifikatzeko eta elkarrekiko duten harremana edo garrantzia nabarmentzeko. Egitura-hierarkia horren barruan, paragrafoa izan ohi da behereneko maila: paragrafoan biltzen da dokumentuaren edukia. Batzuetan, autoreari erabilgarria iruditzen zaio eduki-motak –hala nola glosarioko terminoak edo zeharkako erreferentziak– identifikatzea paragrafoaren barruan. Egituren deskribapenak eta eduki «pipitak» nahasten dituzten dokumentu-ereduei buruz esaten da eduki nahastua biltzen dutela.

Datuak barra-barra erabiltzen dituzten eremuetan zein arlo transakzionaletan, dokumentuen kasuak homogeneoak izan ohi dira, prozesu automatikoen bidez edo prozesu automatikoentzat ekoizten baitira, eta horien informazio-osagaiak elkarrekiko egiturazko harreman berdinean agertuko dira, aurreikusitako moduan. Halako egiturek, normalean, hierarkia bat osatzen dute, XML eskemen bidez edo hitzak prozesatzeko txantiloien bidez adierazten dena. XML dokumentuetan, edukira bideratutako elementuen bidez deskribatzen dira dokumentuaren osagaiak: <ITEMA>, <IZENA>edo <HELBIDEA>; bestalde, elementu horiek egitura edo edukiontzi agregatuak izaten dira maiz, elementu xeheagoak biltzen dituztenak. Datu-baseetako baliabideen egitura, normalean, ez da izaten hain hierarkikoa, baina egiturak berak zehatz-mehatz bildu behar dira datu-baseen eskemetan.

Eremu kualitatiboagoetan, zeinetan informazioak ez baitu hainbesteko garrantzirik, eta esperientzia gailentzen baita, Dokumentu Moten Espektroaren mutur narratiborantz egiten dugu, eta dokumentuen kasuak heterogeneoagoak bilakatzen dira, jendeak ekoizten dituelako, eta jendearentzat (Ikus koadro gehigarria: Dokumentu Moten Espektroa). Dokumentuetan bildutako informazioa kontzeptuala izaten da, edo gairen bati buruzkoa, ezen ez transakzionala; gainera, dokumentuko zatien arteko egiturazko harremanak askoz ahulagoak izaten dira. Egitura zehatzaren eta edukiari loturiko arauen ordez, hierarkia azaleko bat baino ez da egoten, Word prozesadorearen edo HTML ereduaren etiketek markatua: <IZENBURUA>, <I1>, <I2> eta <ZERRENDA>

Baliabide baten barne-egituraren hierarkia, maiz, erauzi egiten da, eta beste deskribapen-baliabide bereizi sortzen da horrekin, ezagun askoa: «aurkibidea», zeinak ahalbidetzen baitu baliabide primarioa topatzea eta elkarreragin-jarduerak egitea harekiko. Argitalpen fisikoetan, baliabideak behin bakarrik agertuko dira seguru asko, eta aurkibideak adieraziko du zer orrialdetan dauden; hala, irakurleak modua izango du kasuan kasuko kapitulua, atala edo eranskina aurkitzeko. Hipertestuen kontestuari dagokionez, baliabide bat liburu bateko kapitulua izango da beharbada, eta beste baten eranskina. Aurkibide batzuk egituraren deskribapen estatiko gisa sortzen dira; beste batzuk, ordea, modu dinamikoan eratzen dira, barne-egituretan oinarrituta, norbaitek baliabidera jotzen duen aldiro. Gainera, beste sarrera-puntu batzuk sor daitezke eduki-osagaien deskribapenetatik edo izenetatik, esaterako, koadro-zerrenda hautagarriak, marrazkiak, mapak edo kodeak.

Dokumentuetako osagaiak eta horien arteko harreman estrukturalak identifikatzea erraza da baldin eta dokumentuek arau koherenteak betetzen badituzte egiturari dagokionez (adib.: osagai ez-testual guztiek izan behar dute izenburu bat eta oin bat) eta aurkezpenari dagokionez (adib.: webguneetako hipertestu-esteken gainean sagua pasatzen duzunean, azpimarraturik agertzen dira, eta kurtsorearen forma aldatzen da), eta arau horiek are nabarmenago erakusten badituzte informazio-osagaien moten arteko bereizkuntzak. Egiturari eta aurkezpenari dagozkion ezaugarriak, askotan, neurri batean edo bestean ordenatzen dira (adib.: letra-neurria, lerroen zabalera, zuriguneen kopurua), eta erabili ere hala erabiltzen dira, eduki-osagaiaren garrantzia adierazteko.

Indexatze-algoritmo askok «hitz-poltsa» gisa hartzen dituzte dokumentuak; horrela, estatistikak kalkulatzen dituzte dokumentuetan bildutako hitzen maiztasunari eta banaketari buruz, batere jaramonik egin gabe dokumentuaren semantikari eta egiturari. Baina badaude beste algoritmo batzuk, zeinak barne-egituraren deskribapena baliatzen baitute dokumentuen zati espezifikoagoak berreskuratzeko, eta, 10. kapituluan –Elkarreraginak baliabideekin–, bi ikuspegiak alderatuko ditugu.

Metadatu estrukturalak

Metadatu estrukturalek, datu-baseen edo dokumentuen eskemaren forma hartzen dutenek, informazio-baliabideen klase bat deskribatzen dute, eta, beharbada, osagaien arteko inklusio- eta ezaugarritze-harremanei dagozkien xehetasun gramatikalak ere ezarri ditzakete. Adibidez, liburu honetako kapituluetan, lau azpiatal-maila biltzen dira. Atal horietako bakoitzak badu izenburua, zenbait paragrafo eta bestelako testu batzuk, eta azpiatalak ere bai. Paragrafoetako eduki testualean, zenbait termino edo esaldi azpimarratuta daude, zeinen definizioa in situ azaltzen baita, eta berriro aipatzen baita glosarioan edo indizean; bestalde, badira aipu bibliografikoak, bibliografian eta indizean agertzen direnak. Ezaugarri horiek behaketaren bidez deskubritu ditzakegu, baina orobat azter ditzakegu liburuaren metadatu estrukturalen bidez, liburuaren eskeman.

Metadatu estrukturalei esker, deskriba dezakegu zer harreman dagoen datu-baseetako atalen artean, liburu bateko kapituluen artean edo inbentarioa kudeatzeko sistema bateko zatien artean; halaber, harremanak deskribatu ez ezik, harremanak ezarri ditzakegu horien artean. Esate baterako, HTML eskemak jakinarazten digunez, <A> elementua erabil daiteke hipertestu baten esteka seinalatzeko; esteka hori aingura bat edo jomuga bat den, edo biak batera, atributuei esleitutako balioen konbinazioaren araberakoa izango da. HTML eskeman, REL atributu hautazkoak hipertestu-esteka baten helburua adierazten duen balio bat ekar dezake, eta HTMLko elementu guztietan txerta daiteke KLASE atributu-balio bat, zeina CSS hautatzaile gisa balia baitaiteke, formateatzeko edo elkarreragin dinamikoak izateko xedez.

Eskemen erabilgarritasun-maila, sarritan, honen araberakoa izango da: nolako zehaztasunarekin egiten ditugun adierazpen erabilgarriak, eskemak eskaintzen dituen deskribapenetan eta ezarpenetan oinarrituz. Eskema instituzionalek ezarpen eta muga gehiago izaten dituzten normalean, ortodoxia profesionala eta hiztegi kontrolatuekin bat-egitea nabarmenduz. Aplikazio sozialetako eta informaletako informazio-edukiari dagozkion eskemek, ordez, ez dituzte hainbeste arau ezartzen. Metadatu estrukturalak erabiltzen diren, eta nola erabiltzen diren, konpentsazio bat da. Metadatu estrukturalak funtsezkoak dira informazio-bilketari eta argitalpenari dagozkion prozesuetan kalitatea kontrolatzeko eta mantentzeko, baina norbaitek egin behar du metadatu horiek sortzeko lana.

6.5.3 Harreman estrukturalak baliabideen artean

Baliabide-mota askok «harreman estrukturalak» dituzte, elkar lotzen dituztenak. Web orriak, gehienetan, beste orri batzuekin lotuta daude. Batzuetan, orri-sorta baten arteko loturak orrien baitakoak dira, adibidez, online merkataritzako katalogo baten gunean. Ohikoagoa da, ordea, orrietako estekak beste webgune batzuekin lotuta egotea, eta, hala, esteken sare bat sortzea, zeinak guneen mugak gainditzen eta lausotzen baititu.

Dokumentuen arteko loturak azter daitezke, inferentziak egiteko dokumentuen egileen arteko konexioei buruz. Dokumentuen arteko loturen patroia erabiltzea, aztertze aldera nolakoa den sortzen duen jakintzaren eta komunitate intelektualaren egitura, ez da ideia berria, baina indarberritu egin da, beste pertsonekin partekatzen dugun informazioa webean edo formatu digitaletan dagoelako gero eta gehiago. Google bilatzailearen funtzio garrantzitsu bat da, hain zuzen ere, orriak sailkatzeko algoritmoa, zeinak web orrien garrantzia kalkulatzen baitu, besteak beste, zenbat esteka zuzentzen zaizkion kontuan hartuz, eta garrantzia gehiago emanez esteka gehien jasotzen dituzten web orriei.

Geratu eta pentsatu: Metadatu estrukturalak ikasketa-programetan

Azter ezazu aurtengo ikasketa-programaren egitura. Zeintzuk dira haren elementu estrukturalak, eta elementu horiek antolatzeko balio duten arauetako batzuk? Gogoan izan: erreparatu egiturazko elementuei, eta ez aurkezpenari dagozkionei. Nolakoa da ikasketa-programa horren eskema estrukturala, beste ikasketa-programa batzuekin alderatuta? Zer elkarreragin-mota ahalbidetuko lirateke baldin eta ikasgai guztietan egitura berdina erabiliko balitz ikasketa-programak egiteko?

Webean oinarrituriko sare sozialen bitartez, jendeak modua dauka beste pertsona batzuekiko dituen loturak adierazteko; horrela, ez dago premiarik dokumentuetako edo bestelako mezuetako esteken konexioak aztertzeko eta inferentziak egiteko.

6.5.3.1 Hipertestu-estekak

Soilik-irakurtzeko edo soilik-jarraitzeko egituren kontzeptua, bi dokumentu elkartzen dituena, Vannevar Bushek sortu zuela uste izaten da, 1945ean saiakera nabarmen bat argitaratu baitzuen: «As We May Think». Bushek, hain zuzen ere, indexatze asoziatiboa deitu zion, eta honako definizio hau eman zuen horren harira: «xedapen bat, zeinaren bidez edozein itemi eragin ahal baitzaio beste item bat hautatzea berehala eta automatikoki». Modu horretan konektaturiko «itema», Bushen ikuspegian, liburu bat edo artikulu zientifiko bat izaten zen gehienetan. Nolanahi ere, hipertestu-esteka baten aingura eta xedea edozein xehetasun-mailako baliabide bat izan liteke: karaktere bat, paragrafo bat, dokumentu bat edo hipertestu-estekak konektatzen duen beste edozein baliabide-zati. Web esteka baten aingura eta xedea dira haren zehaztapen estrukturalak, baina, sarritan, estekak beste ikuspegi batzuetatik aztertu behar ditugu (Ikus koadro gehigarria: Hipertestu-estekei buruzko ikuspegiak).

Theodor Holme Nelson-ek, handik zenbait hamarkadara, indexatze asoziatiboa berrizendatu zuen Literary Machines izeneko liburuan, eta hipertestua deitu zion, ideia zabalduz, idazteko ez ezik irakurtzeko modu bat ere izan zedin. Nelsonek idazleei eskatu zien hipertestuak erabil zitzaten narratiba ez-sekuentziala sortzeko, eta, hala, irakurleei aukerak emateko; modu horretan, idazketa-teknika berri bat sortuko litzateke: transklusioa izendatu zuena.

Transklusioa

Transklusioa esaten zaio baliabide bat edo baliabide-zati bat, hipertestu-erreferentzia baten bidez, beste baliabide batean txertatzeari. Transklusioa, normalean, automatikoki egiten da, erabiltzaileek esku hartu gabe. Web dokumentuetan irudiak txertatzea, horra hor transklusioaren adibide bat. Transklusioaren teknika maiz erabiltzen da negozioetako edo zuzenbideko dokumentuen prozesamenduan, arlo horietan ezinbestekoa baita eduki koherenteak eta eguneratuak erabiltzea, eraginkortasuna eta koherentzia lortzeko.

Garai beretsuan, eta Nelsonen lanaren berri izan gabe, Douglas Engelbart-ek beste liburu bat idatzi zuen, Augmenting the Human Intellect, eta bertan deskribatu zuen etorkizuneko mundu bat non badauden profesional batzuk, ordenagailu interaktiboak dauzkatenak, eta elkarri estekatutako baliabideen informazio-espazio ba baliatzen dutenak.

1960ko hamarkadan, ordenagailuek ez zeukaten aurkezpen grafikorik, eta arazo matematiko eta zientifiko konplexuak ebazteko erabiltzen ziren batik bat; arazo horiek ebazteak hainbat minutu, ordu edo egun iraun zezakeen. Hortaz, garai hartan, zertxobait urruna eman zezakeen Nelsonen eta Engelbarten proposamenak, hipertestuetan oinarrituriko konputazio pertsonalak alegia. Nolanahi ere, 1968. urterako, Engelbartek eta bere taldeak ordenagailuekiko giza interfazeak sortu zituzten, bai eta hipertestuak eta material interaktiboak ere, gidaritza-printzipio zenbaitekin batera.

Gaur egun, hipertestu-estekak mekanismo estruktural ezaguna dira informazio-aplikazioetan, World Wide Web deritzonaren ondorioz, zeina 1989an proposatu baitzuten Tim Berner-Lee eta Rober Cailliau egileek. Hipertestu-estekak kodetzeko eta jarraitzeko metodoak asmatu zituzten, geroztik famatua bihurtu den HTMLren bidez («Hipertestuak markatzeko hizkuntza» esan nahi du, ingelesez). Hipertestu-esteka bat hautatuez gero, dei egiten zaio hari lotutako baliabide bati: argazki bat, bideo bat edo aplikazio interaktibo bat izan daiteke.

Nabigatzaileek ezagun bihurtu dituztenetik, hipertestu-estekak beste aplikazio konputazional batzuetan erabili izan dira, hala nola egitura- eta nabigazio-mekanismoetan.

Hipertestu-estekei buruzko ikuspegiak

Esteka baten presentzia adierazteko edo esteka-motak kodetzeko erabiltzen diren hitzei dagokie hipertestu-estekei buruzko ikuspegi lexikoa. Webean, aingura-testua deitzen zaio esteka estruktural bat txertatzen zaien hitzei. Modu orokorragoan, egitura erretorikoaren teoriak zera aztertzen du: nola adierazten duten testuko arauek edo seinaleek zer harreman dagoen testuen edo testu-zatien artean; esate baterako, alde sotilak daude bi seinale hauen artean: «ikus» eta «ikus, halaber».

Web orrietako hipertestu-esteka asko estrukturalak dira huts-hutsean, ez dutelako modu argian erakusten harremanaren arrazoia. Hala egiten dutenean, estekaren ezaugarri semantikoari esteka-mota esaten zaio.

Estekei buruzko ikuspegi arkitektonikoak zehazten du ea estekak norabide-bakarrekoak edo bi-norabidekoak diren. Bi-norabideko estekak sortzen direnean aingura baten eta xede baten artean, honelako zerbait gertatzen da: automatikoki sortzen da norabide-bakarreko esteka bat, kontrako norabidean ere jarraitu daitekeena. Xede berdina beteko lukete norabide-bakarreko bi estekak, baina itzultzeko esteka ez da automatikoki sortzen lehenengo esteka sortzean. Ikuspegi arkitektonikoari lotuta, badago beste kezka bat: ea esteka bitarrak erabili –zeinak aingura bat eta xede bat lotzen baititu– edo n esteka bat erabili –zeinak aingura bat lotzen baitu hainbat xederekin– (Ikus 6.6 atala).

«Front end» edo «azaleko» inplementazioaren ikuspegiak, berriz, zera aztertzen du: nola adierazten den esteka baten presentzia erabiltzaileen interfazean. «Estekaren marka» esaten zaio horri: webeko esteketan, testu klikagarria azpimarratzea edo kolorez aldatzea da estekak markatzeko ohiko modu bat. «Back end» inplementazioari dagokionez, estekak non gordetzen diren zehazten du: estekatutako baliabideetan txertatuta, ala bereiz, esteka-base batean (ikus 6.7 atala).

6.5.3.2 Esteka-egiturak aztertzea

Baliabideen arteko esteka-sorta bat irudikatu dezakegu grafikoki, kaxen eta esteken patroi baten gisan. Baliabide batetik bestera esteka-konexio bat egoteak ez du esan nahi beste konexio bat dagoenik kontrako norabidean; hori dela-eta, norabide-bakarreko eta bi-norabidetako estekak bereizten ditugu.

6.3 marrazkiaren ezkerraldean –Esteka-egiturak aurkeztea– esteka-egitura baten errepresentazio grafikoa agertzen da. Esteka-sare txiki batekin ari garenean, halako diagrama bati esker errazago ikus dezakegu ezen baliabide batzuek esteka gehiago bidaltzen edo jasotzen dituztela beste batzuek baino. Nolanahi ere, kasu gehienetan, ordenagailu-programen bidez aztertzen ditugu esteka-egiturak, eta askoz hobeagoa da esteka-egiturak modu abstraktuagoan islatzea, matrize-forma batekin. Matrize horretan, lerroaren eta zutabearen buruko baliabide-identifikatzaileek estekaren jatorria eta xedea adierazten dute. Hau matrize bete bat da, esteka guztiak ez baitira simetrikoak; 1. eta 2. baliabideen artean esteka bat egoteak ez du esan nahi esteka bat dagoenik 2. eta 1. baliabidearen artean.

6.3 marrazkia: Esteka-egiturak irudikatzea

Esteka-egiturak irudikatzea

Web baliabideen arteko esteken egitura modu grafikoan adieraz daiteke, edo matrize batean. Matrizearen irudikapena abstraktuagoa da, eta ordenagailuek azter dezakete.

Esteka-egitura berdinaren matrize-irudikapen bat ikus daiteke 6.3 marrazkiaren eskuinaldean . Irudikapen horretan, baliabideak erpinak dira, eta harremanak, berriz, baliabideak konektatzen dituzten ertzak dira. Orain, grafikoen algoritmoak baliatu ditzakegu ezaugarri erabilgarri asko zehazteko. Ezaugarri oso garrantzitsu bat da irismen-gaitasuna, hots, «hemendik hona irits zaitezke» ezaugarria. Hona hemen beste ezaugarri erabilgarri batzuk: bidaltzen eta jasotzen diren esteken bataz besteko kopurua, bi baliabideren arteko batez besteko distantzia eta horien arteko bide laburrena.

6.5.3.3 Bibliometria, shepardizing, metrika alternatiboa eta sare sozialen analisia

Informazio-zientzialariek duela mende bat ekin zioten aipu zientifikoen egitura ikertzeari (orain, bibliometria esaten zaio arlo horri), zientzialari eta argitalpen eragin handikoak identifikatzeko xedez. Argitalpenen bidez izaten diren ideia-fluxuak aztertuz, zientzialarien «lankide ikusezinak» identifikatu zitezkeen –elkarren ikerketetan oinarritzen zirenak–, eta diziplina zientifiko zein ikerketa-alor berrien sorrera atzeman. Unibertsitateek bibliometriaren bidez erabakitzen zuten ea goragoko postu bat edo kontratu finko bat eskainiko zieten irakasleei; liburutegiek, berriz, ea zer baliabide aukeratuko zuten beren bildumarako.

Dokumentuen arteko aipu-harremanak adierazteak ñabardura mordo bat ditu zuzenbidearen arloan; izan ere, epaiketetan, aurreko kasuak baliatzen baitira aurrekari gisa: hori dela-eta, zehatz-mehatz bereizi behar da ebazpen berri batek zer jarrera hartzen duen aipaturiko aurrekariarekiko: ea jarraitzen dion, ala, kontrara, errefusatu egiten duen. Shepardizing esaten zaio kasu edo ebazpen bat oraindik ontzat jo ote daitekeen ikusteko lege-arloko aipuak aztertzeari, izan ere, 1800eko hamarkadaren amaieran, Frank Shepard delako batek argitaratu baitzuen, estreinakoz, kasu-aipuen zerrenda bat, iruzkin eta guzti; Shepard, hain zuzen ere, lege-arloko argitalpen-enpresa bateko saltzailea zen.

Aiputzat har litezke webgune batera bideratzen duten estekak, beraz, tentagarria da analogia hori egitea, eta webaren shepardizing prozesuaz mintzatzea. Nolanahi ere, lege-epaiak iraunkorrak diren arren, web orriak ez dira horrelakoak, eta auzitegiek bakarrik daukate aipaturiko kasuak aurrekaritzat jo daitezkeen edo ez erabakitzeko eskumena; horrenbestez, Shepard-tankerako metrika bat erabili nahi bagenu web orrietarako, zaila suertatuko litzateke hori kalkulatzea, eta ez litzateke oso fidagarria izango.

Edonola ere, ukaezina da webak sekulako garrantzia duela argitalpen- eta komunikazio-bitarteko gisa, eta akademikoalari asko, gazteak bereziki, ekarpenak egiten ari dira beren arloetan blog-sarrerak idatziz, txiokatuz, iruzkinak eginez online argitalpenetan, Wikipediako artikuluak idatziz, online ikastaro ireki masiboak emanez (MOOC, ingelesezko sigletan), eta idazlanak, kodeak eta datu-sortak igoz sarbide askeko gordailuetara. Bibliometria tradizionalak ez baitu aintzat hartzen lan-multzo hori, metrika alternatiboak proposatu dira, eragin akademikoaren bilgune berri horiek aztertzeko.

Facebooken balorea honetan datza: gai da pertsona baten sare sozialaren egitura ustiatzeko, eta, horren bidez, iragarki pertsonalizatuak sortzeko pertsonarentzat eta harekin konektaturik dauden «adiskideentzat». Zenbait pertsonen jarduerek edo mezuek eragin jakin bat dute besteen gainean, besteek dirua gastatzea eragiten baitute, eta informatikaren arloko ikertzaile asko lanean dabiltza buru-belarri, zehaztu nahian zeintzuk diren jende horren ezaugarri garrantzitsuenak eta zer harremanek identifikatzen dituen hobekien.