8. Sailkapena: Kategoriei baliabideak esleitzea
Robert J. Glushko, Jess Hemerly, Vivien Petras, Michael Manoochehri ,Longhao Wang ,Jordan Shedlock, Daniel Griffin
8.5 Jarduera-egituraren araberako sailkapena
Sailkapen-sistema instituzionalek, maiz, hierarkia eta taxonomia zorrotzak izaten dituzte, zeren halako sistemen erabiltzaileek era askotako xedeak izaten baitituzte; halatan, testuingururik gabeko antolaketak edo antolaketa semantikoak dira aproposenak. Nolanahi ere, arlo murriztu bati gagozkionean, erabilera-modu gutxiago izan ditzakeena, askoz eraginkorragoa izan daiteke, baliabideak antolatzeko garaian, horiek ahalbidetzen dituzten zereginak edo jarduerak hartzea aintzat. Zereginetan edo jardueretan oinarrituriko sailkapen-sistemak izendatze aldera, taskonomy* terminoa asmatu zuten Janet Dougherty eta Charles Keller antropologoek: ikerketa etnografiko bat egin zuten, hain zuzen ere, errementariek beren tresnak antolatzen zituzten moduari buruz. Bada, errementariek ez zituzten beren tresnak gordetzen horien arteko harreman semantikoak aintzat hartuz, hau da, Donald Norman-ek «burdindegiko antolaketa» izendatu zuen maneran; aitzitik, erabilera-tokiaren arabera antolatzen zituzten: «sutarako tresnak», «zanpatzeko tresnak», «zulatzeko makina hidraulikoaren apaleko tresnak» eta abar.
Antolaketa-sistema pertsonalak halakoak izaten dira sarri. Esate baterako, zer egiten duzu plateren bat prestatu nahi duzunean errezeta bati jarraituz? Lehenik osagai guztiak hartzen dituzu bilduta dauden tokitik, eta multzotan sailkatzen dituzu, jardueraren arabera, prestaketa-eremuan?
Sukaldariek modu horretan aztertzen badute jardueren eta tresnen arteko harremana, errazago ikusiko dute zein den sukaldeko tresnak antolatzeko modurik onena. Adibidez, mozteko balio duten itemek elkarren ondoan egon behar dute prestaketa-eremuan: sukaldariak aizto baten beharra badu, eta sukaldeko beste puntara joan behar badu horren bila –oilasko-saldaren ondoan gordeta dagoelako adibidez–, mugitu beharrak kalte egingo dio sukaldariaren lan-erritmoari. Askoz zentzu gehiago luke mozketarako balio duten item guztiak eremu bakar batean gordetzeak.
Sukalde profesional bateko tresnen berariazko antolaketak 8.1 koadroaren antza izango luke:
8.1 koadroa: Sukaldari baten zeregin-taxonomia
| Prestaketa | Labea | Sua | |
|---|---|---|---|
| Hegaztiak zatitzeko aiztoa | Laberako eskularruak | Lapikoak eta zartagiak | |
| Azala kentzekoa | Aluminio-papera | Egurrezko koilarak | |
| Labana | Labe-papera | Woka | |
| Mozteko taula | Laberako azpila | ||
Geratu eta pentsatu: Bulegoko zeregin-taxonomia
Nolakoa da zure bulegoa? Baliteke espazio hibrido interesgarri bat izatea: seguru asko, sistema hierarkiko batean sailkatzeko moduko dokumentuak dauzkazu bertan, baina lanerako eremu bat ere badenez, egokia izango litzateke zeregin-taxonomia bat ezartzea. Bi aukera horien artean, zeinen antz gehiago du? Nola konpontzen dituzu hierarkiaren eta zeregin-taxonomiaren arteko gatazkak?
* Zeregina (task) eta taxonomia (taxonomy) uztartzen dituen neologismoa. Euskaraz ez duenez funtzionatzen, zeregin-taxonomia gisa itzuliko dugu aurrerantzean (Itzultzailearen oharra).↩
