12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.11 Antiziterako mekanismoa

Egilea: Murray Maloney; 2014ko martxoa.

Laburpena. 1900. urtean, gailu mekaniko bitxi bat aurkitu zuten hondoa jotako itsasontzi batean, Antizitera uhartearen ingurumarietan (Grezia). 1970eko hamarkadara arte, ordea, ez zuten jakin ezen mekanismo hura antzinako ordenagailu mekaniko bat zela, zeinak kalkulu astronomikoak egiten baitzituen; biradera baten bidez kontrolatzen zen, eta bira baten ratioa zeukan eguneko, denboran aurrera edo atzera egiteko aukerarekin. Erabiltzaile-interfazean, egutegiaren, eguzkiaren, ilargiaren eta planeten posizioak erakusten ziren.1

Antiziterako mekanismoak denboran iraun du, artefaktuen bilduma gisa eta lorpen intelektualen eredu gisa. Uste da Arkimedesek eraiki zuela, Sirakusan, edo Posidoniok bestela, Rodasen; hondoa jotako itsasontzi batean aurkitu zuten mekanismoa, Antizitera uharte greziarretik hurbil, 1900-1901 urteen bitartean. Aurkikuntzaren garrantzia, ordea, ez zen ageriko bihurtu 1970eko hamarkadara arte: orduan, ikertzaileek eskaneatze-teknologia modernoak baliatu zituzten mekanismoa ikertzeko. 2

Zer antolatu nahi da? Antizitera Mekanismoa baliabide-deskribapenen antolaketa bat da, zeinak eguzki-ilargi egutegi alexandriar klasiko bat erakusten baitzuen; horrez gainera, eguzkiak, ilargiak, planeta ezagunek eta izar jakin batzuek denboran izandako posizioen almanaka ere bazekarren. Baliabide-deskribapenak engranajeen neurketen bidez adierazten ziren, eta horiei zegokien informazioa, berriz, aurreko eta atzeko xafletan erakusten zen, engranajeen posizioaren arabera betiere. Baliabide-deskribapenek garaiko fenomeno astronomiko ezagunen berri ematen zuten. 3.

Mekanismoaren antolaketa honela osatuta dago: badago eguzkiari dagokion engranaje nagusi bat, eskuzko biradera bati lotua, eta engranajeen segida bat, zeinek kontrolatzen baitituzte, azken buruan, egutegiari, ilargiaren posizioari eta faseei, eguzkiaren eta planeta ezagun guztien posizioari eta eklipse hurbilenari erreferentzia egiten dioten orratzak. Mekanismoa, bestalde, egurrezko kaxa batean gordetzen zen, brontzezko xaflekin, zeinak gailuaren erabilerari baitzegozkion argiki; atzealdeko xafletan badira idazkun batzuk: erabiltzailearentzako gida bat osatzen dute, ziur aski.

Antizitera Mekanismoak ilargiaren posizioa kalkulatzen zuen lau engranaje-segida baliatuz, eta aintzat hartzen zituen ziklo hauek: saros zikloa, ziklo metonikoa, ziklo kalipikoa eta exeligmos zikloa. Hortaz, eguzki- eta ilargi-eklipseen data kalkulatzeko gai zen.

Gaur egun, laurogeita bi pusketak osatzen dute Antizitera mekanismoa: hondoa jotako itsasontzitik eta itsasoaren hondotik berreskuratu ziren, eta horien artean, hogeita bi pusketak idazkun argiak dituzte. Pusketen adinari dagokionez, K. a. 70. urtekoak direla kalkulatu dute, gutxi gorabehera, 1970eko hamarkadan berreskuratutako txanpon batzuekin konparatuz (Pergamoko eta Efesoko txanponak).

Antizitera Mekanismoa

Antizitera Mekanismoa

Antizitera Mekanismoari buruzko erakusketa, Atenaseko Arkeologia Museo Nazionalean.
(Irudia: Tilemahos Efthimiadis; CC-BY-2.0 lizentzia).

Zergatik antolatu nahi da? Ikuspegi huts-hutsean pragmatiko batekin, Antizitera mekanismoa gailu konputazional gutxi-asko eramangarri bat zen, zeina doitasunez erabil baitzitekeen egutegi-sistema jakin bat kalkulatzeko, eta egunen, hilabeteen eta urteen zikloak aurreikusteko, bai eta eklipseak, ilargiaren zikloak eta joko olinpikoak noiz gertatuko ziren zehazteko ere. Tresna preziatua izango zen garaiko astronomoentzat, matematikarientzat, ingeniari zibilentzat eta kartografoentzat.

Ikuspegi filosofiko batetik, berriz, halako zerbait egin zitekeela frogatzeko eraiki zen, hain zuzen ere, Antizitera Mekanismoa. Aristotelesen pentsamendua gauzatu zuen. Garaiz garai, zeruetako patroien asmakizun matematikoak erronka bat izan dira gure adimenarentzat, eta erantzun zientifikoak eman nahi izan dizkiegu asmakizun horiei. Antizitera mekanismoak garaiko pentsamendu modernoa gauzatu zuen –matematikari, ingeniaritzari, astronomiari eta egutegien kalkuluari zegokiona–, gailu mekaniko konputazional eramangarri batean. 4.

Zenbat antolatu nahi da? Pusketa handienetako batzuk Atenaseko Arkeologia Museo Nazionalean daude ikusgai; besteak gordeta daude.

Antizitera Mekanismoak, itxuraz, hogeita hamar engranaje inguru zituen; egitura batean gordetzen ziren, liburu handi bat baino bolumen gutxiago zuena. Ez zen halako miniaturizatze-lanik ez zehaztasunik berriro ezagutu hurrengo milurtekora arte. Halako zerbait eraikitzeko, proba-ereduen, plan zehatzen eta berariaz sortutako tresnen premia izango zuten. Gaur egun hainbat ahalegin egin dira Antizitera Mekanismoa birsortzeko, edo, behinik behin, itxuraz erakusten zuen eredua berreraikitzeko. 5.

Noiz antolatu nahi da? Mekanismoa operatzen duen pertsonak eskuzko biradera bati eragiten dio, eta data bat ezartzen du, edo egun horretako data egiaztatzen, behaketak eginez eta ezarpenekin alderatuz. Aurrealdean, honako hauek agertzen dira: eguzki-ilargi egutegiaren esfera, esfera zodiako bat eta almanakari dagokion beste esfera bat, hainbat izar noiz jaikitzen eta etzaten diren adierazten duena. Atzeko xaflan, ostera, ilargiaren bost zikloak erakusten dira.

Harrigarria iruditzen zaigu Antizitera Mekanismoa eraikitzeko, abiatzeko eta mantentzeko behar izan zuten ingeniaritza-datuen antolaketa; halere, beste antolaketa-sistema hau are txundigarriagoa da: buztinezko xaflatan bildu eta erregistratu ziren behaketa astronomikoak, ehunka urtez. 6.(Ikus koadro gehigarria: Dokumentu kuneiforme bat Pergamo museoan).

Engranajeak

Engranajeak

Engranajeen antolamendua.
(Iturria: Wiki Commons).

Antizitera Mekanismoaren pusketei dagokion antolaketa Atenaseko Arkeologia Museo Nazionaleko Brontze Bildumaren eskutan dago.

Nola edo nork antolatu nahi du? Antzinako astronomo eta ingeniari kaldearrek, greziarrek eta erromatarrek; gaur egungo urpekariek, itsas arkeologoek, kuradoreek eta ikertzaileek. 1978an, Jacques Cousteauk espedizio bat egin zuen itsas hondora, eta, itzuleran, zenbait artefaktu historiko ekarri zituen berekin, zeinek, nahiz eta ez duten zerikusirik Antizitera mekanismoarekin, testuinguru historikoari buruzko informazioa ematen baitute, eta lagungarriak suerta daitezke aurkikuntzaren data zehazteko.

Antizitera Mekanismoa Ikertzeko Proiektuan, lankidetzan dihardute hainbat ikertzaile akademikok, industrialek eta zientifikok: punta-puntako teknologiak erabiltzen ari dira, Antizitera Mekanismoaren ahalmenak eta aplikazioak aztertzeko, bai eta haren testuinguru historikoa eta garrantzia argitzeko ere.

Beste kontu batzuk. Itsasontzi bateko kapitain eta eskifaia zorigaiztokoaren ikuspegitik, Antizitera Mekanismoa, ziur aski, zamaren parte bat baino ez zen; hala ere, baliteke, zamarekin batera, bidaiari zorigaiztoko bat ere joatea itsasontzian, munduko lehen ordenagailua Erromara, Zesarren auzitegira, eramateko asmoz. Ez dakigu nola edo zergatik zegoen gailua itsasontzi hartan, ez eta zer patu egokitu zitzaion ere; istorio hori, nolanahi ere, ikertzaileek eta historialariek argitu beharrekoa da.

Antizitera Mekanismoa

Baliabideen formatua x fokua

Antizitera Mekanismoaren berregin bat, Atenaseko Arkeologia Museo Nazionalean ikusgai.
(Irudia: Tilemahos Efthimiadis; CC-BY-2.0 lizentzia).


Oharrak: Hurrengo oharrak ikerketa-kasu honi dagozkio bakarrik.

  1. PBS telebista-kateak Ancient Computer programa eman zuen 2013ko apirilaren 3an. BBC kateak, berriz, Ancient Moon «computer» revisited saioa eman zuen.

  2. Antizitera Mekanismoa Ikertzeko Proiektuak zera argitaratu du berriki: The Inscriptions of the Antikythera Mechanism, (2016). Y. Bitsakis, M.G. Edmunds, A. Jones et alia. Almagest 7-1, 2016ko maiatza.

  3. Zizeronek antzeko gailu bati buruz hitz egin zuen, Arkimedesek sortu omen zuena, honako lan honetan: M. Tulli Ciceronis de Republica Liber Primus . Iturria: Gears from the Greeks. The Antikythera Mechanismo: A Calendar Computer from ca. 80 B. C; Derek de Solla Price: Transactions of the American Philophical Society New Series, 64. bolumena, 7. zenbakia (1974), 1-70 orrialdeak.

  4. Aristotelesek, Zeruei buruz lanean (K. a. 350), adierazten du simetria matematikoa eta perfekzioa existitzen direla esferen bidaietan; hala, zikloen eta epizikloen mugimendua irudikatu zuen.

    K. a. 343. urtean, Mazedoniako Akademiako burua zen Aristoteles; bertan, Alexandroren eta haren etorkizuneko jeneral Ptolomeo I.-aren tutorea izan zen. Alexandrok, K. a. 331. urtean, Babilonia konkistatu zuen, eta, horren ostean, Kalistenesi agindu zion behaketa astronomiko historiko guzti-guztien itzulpena antola zezala; modu horretan, hasiera eman zion behaketa astronomikoen bilduma handienaren transferentziari: bilduma hori zaharra zen oso, K. a. 747. urteko datuak ere biltzen baitzituen. Urtebeteren buruan, Kalipok egutegi berri bat garatu zuen: K. a. 330. urteko udako solstizioa ezarri zuen mugarritzat, bai astronomoentzat bai egutegien kalkuluei zegokionez. Kaliporen zikloak –76 urte ken egun bat– 27.759 egun irauten ditu, eta 940 ilargialdi, eta ziklo horixe erakusten da mekanismoaren engranajeetan.

    Ptolomeok Alexandria bihurtu zuen hiriburu, eta museo bat sortu zuen, bai eta liburutegi bat ere, Platonen erara. Haren oinordekoek, Kleopatraren garaira arte, papiroak gehitu zituzten liburutegira. Matematikari, astronomo, ingeniari mekaniko, zientzialari: antzinako munduko pentsalari ospetsuenak Alexandriako Liburutegian jardun ziren ikasten. Guri dagokion testuinguruan, aipagarriak dira Euklides, Arkimedes, Eratostenes, Hiparko, Aristarko eta Posidonio.

    Julio Zesarrek, baina, egutegi hura eraldatu zuen, eta, Plinioren esanetan, Kleopatraren astronomoa izan zuen laguntzaile zeregin horretan: Sosigenes Alexandriakoa, zeinak «eguzkiaren joeraren arabera bereizi zituen urteak, berriz ere».

  5. 2010ean, Andrew Carol-ek Antizitera Mekanismoaren eredu bat eraiki zuen Lego piezekin, erronka bati erantzunez. John Pavlus-ek, berriz, film labur bat idatzi eta zuzendu zuen gaiaren harira: Behind the Scenes: Lego Antikythera Mechanism.

    Hublot enpresak –luxuzko erlojugile-enpresa suitzarra– edizio berezi bat sortu zuen: Antizitera erlojua. Hublotek, bestalde, diru-laguntzak ematen ditu ikerketarako. Ikus «Return to Antikythera»: Greziako Kultura eta Kirol Ministerioaren proiektu bat da, Woods Hole Instituzio Ozeanografikoaren laguntzarekin.

    Antizitera Mekanismoaren simulazio bat eskura dago, iturri irekiko aplikazio gisa. Github webgunean.

    Antizitera Mekanismoaren eredu solidoen zerrenda bat gordetzen du Antizitera Mekanismoa Ikertzeko Proiektuak.

  6. Almagesto liburuan, Klaudio Ptolomeok garai baten hasiera markatzen du, 1 Tot 1 Nabonasar izenarekin, bat etorriz eguzki-eklipse batekin eta Kaldeako errege Nabonasarren igoerarekin (K. a. 747. urtea); ikus Almagestoaren efemerideak. Nabonasarrek egutegi-erreformaren atzetik, zazpiehun urtez, erregistroak, indexak, laburpenak eta ikasketak gauzatu ziren zorrotz-zorrotz. Ustez, Nabonasarrek abiatu zuen astronomiaren ikerketa zientifikoa, behaketen erregistroan oinarritua. Antolatzearen diziplinari buruz mintzatzean, txapela kendu behar genuke Nabonasarren aurrean.

    John M. Steele (2000). Observations and Predictions of Eclipse Times by Early Astronomers. Kluwer Academic Publications, 43-45 orrialdeak.

    Museo Britainiarren gordetzen dira «Babiloniako egunkari astronomikoak», antzinako testu kuneiformeen bilduma oso sistematizatu bat, zeinean aldian behingo gertakari astronomikoak, ondasunen prezioak eta eguraldiaren baldintzak erregistratzen baitira, K. a. I. mendetik K. a. 652 urtera arte.

    Aaboe, Asger: «The culture of Babylonia: Babylonian mathematics, astrology, and astronomy». The Assyrian and Babylonian Empires and other States of the Near East, from the Eighth to the Sixth Centuries B.C.E Editoreak: John Boardman, I. E. S. Edwards, N. G. L. Hammond, E. Sollberger eta C. B. F. Walker. Cambridge University Press, (1991).

Irakurgai osagarriak: Ikus 4.5 atala: Baliabideak denboran. .