12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.6 Sateliteak Lurraren orbitan
Egilea: Daniel Brenners; 2014ko abendua.
Laburpena. Gizateriaren gainetik, hogeita hamabost mila kilometro gorago, lehia bizia dabil, orbitako higiezinen negozioa zeinek eskuratu. Lurraren inguruan, orbita bakar bat dago, Orbita geoestazionarioa deritzona (GEO, ingelesezko sigletan), zeinetan satelite bat jarri baitaiteke puntu finko batean, Lurraren azaleraren gainetik, Lurrak bira egin bitartean1; espazio osoan ez dago halakorik egiteko aukera ematen duen beste tokirik. Kokapen apart horri esker, sateliteek komunikazio etengabea izan dezakete Lurrarekin. Satelite bidezko telebistak –100 bilioi balio dituen industria bat– GEOko sateliteak baliatzen ditu bere igorpenak egiteko milaka eta milaka etxetara munduan barna. Kokapen-sistema globalak (GPS) eta aplikazio militarrak orobat dira Lurraren inguruko eraztun horretan dauden sateliteen mendekoak. Zoritxarrez, GEOko espazioa mugatua da oso, eta tentsioa gero eta handiagoa da, ea nork bidal ditzakeen bere sateliteak zeruko aparkamendu baliotsu horretara. Aurreikusi gabeko korapilo legal eta soziopolitiko ugari eragiten dituzte GEOn kokatuko diren sateliteei dagozkien antolaketa-printzipioek. Lekua murriztu ahala, gero eta garrantzitsuagoa da arazo honi erantzutea, izan ere hainbat antolaketa-agente ari baitira lehian, sistema hau antolatu nahian –zeinak elkarreragin-jarduera aldakorrak ahalbidetzen baititu–.
Zer antolatu nahi da? Hauek dira antolatu nahi diren baliabideak: GEOn kokatu nahi diren sateliteak. Objektu fisikoak dira, orbitara jaurti direnak. Satelite bakoitza bakarra da, eta elkarreragin-jardueren sail bat eskain dezake. Atributu komun bakarra dute: ordenagailuak dira, eta ahalmena dute irrati bidezko seinaleak bidaltzeko eta jasotzeko Lurretik eta Lurrerantz. Halaber, orbitan jarraitze aldera, beren posizioa egokitzeko gai dira, propultsio-sistemen bidez.
Bilduma honetan etengabe gehitzen eta kentzen dira baliabideak, eta hori kudeatzeko antolaketa-sistema bat diseinatu da. Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (ITU) erregistratzen du ea orbitaren zer puska dagoen beteta.2 Sateliteek ezin dute orbitan iraun betirako, energia mordo bat xahutzen dutelako prozesu konputazionalak gauzatzen eta orbitan eusten, eta ahalmenik gabe geratzen direlako azkenerako. Baliabide bakoitzak bere bizi-zikloa du, baina, normalean, urtebete eta hamabost urteren artean irauten dute.3
Zergatik antolatu nahi da? Sateliteak GEOn antolatzen dira era askotako elkarreragin-jarduerak ahalbidetzeko. GEOri esker, sateliteak Lurraren maila berean mugitu daitezke, ondorioz, Lurraren gainazalaren % 40ren ikuspegi egonkorra dute. Ikuspegi hori aukera-aukerakoa da seinaleak igortzeko eremu handietara, eta urruneko hautematea egiteko. Halaber, transmisio-puntu funtsezkoak dira, telekomunikazioak helarazteko munduan barna. Horrez gainera, honako elkarreragin-jarduera hauek ahalbidetzen dituzte sateliteek: zelataritza, ikerketa zientifikoa, posizionamendu globala, nabigazioa eta errekonozimendu militarra.3 GEOko posizionamendu longitudinalak zehazten du zer elkarreragin-jarduera gerta daitezkeen eta zer erabiltzaile jardun daitezkeen elkarreraginean sateliteekin. Adibidez, satelitea Ozeano Atlantikoaren gain-gainean badago, ez da egokia izango telebista-seinaleak igortzeko; aitzitik, aproposa izango da baldin eta seinaleak igorri nahi badira Ipar Amerikatik Europara.
Erabiltzailea: Lurreko jende guztia. Herritar xeheek satelite geoestazionarioak erabiltzen dituzte GPS sistemak baliatzen dituzten aldiro edo dei bat transmititu behar dutenean munduko eremu urrunen batera. Antolakunde komertzialek, hala nola telebista-kateek, telebista-seinalea ikus-entzuleei helarazteko erabiltzen dituzte sateliteak. Bestalde, satelite geoestazionarioak bereziki erabilgarriak dira armadaren alarma-sistemetan, munduan zehar gertatzen diren gertakari balistikoak hautemateko.
Zenbat antolatu nahi da? Baliabideek GEOn kokatzeko ahalmena badute, hutsune batean jartzen dira, eskatzaileak berak hautatzen duena, zer elkarreragin-jarduera ahalbidetu nahi dituen eta zer erabiltzailerengana heldu nahi duen aintzat hartuta. Seinaleetan ez dadin interferentziarik ez talkarik gertatu, sateliteak elkarren artean oso urrun jarri behar dira; ondorioz, 2.000 toki bakarrik daude GEOn sateliteak ipintzeko.4 ITUk eskaeren ordenari erreparatzen dio orbitako lekuen antolaketa-printzipio gisa: lehena nork eskatu, hari eman; betiere eskatzaileak aplikazio-prozesu luzea betetzen baldin badu.
Tokia eskatu duen antolakundeari dagokio satelitea non kokatu aukeratzea. ITUk longitude-gradu gisa katalogatzen ditu tokiak, eta beste baliabide-deskribapen batzuk biltzen ditu halaber, adibidez, satelitearen izena, operatzailearen herrialdea, erabiltzaile-motak, masa, esperotako bizi-zikloa eta kontratatzailea.3 Sateliteek Lurraren zer longituderekin izan behar duten elkarreragina, hantxe kokatzen dituzte antolakundeek beren sateliteak. Latitudea zero gradutan finkaturik dagoenez, longitude berdina baina latitude desberdina duten herrialdeek (elkarren iparrean edo hegoaldean daudenek, alegia), toki berdinengatik lehiatu beharra dute.
Noiz antolatu nahi da? ITUk onartu eta orbitara jaurtitzeko modua egon bezain laster gehitzen dira sateliteak. Beren bizi-zikloaren amaieran, Komunikazioen Batzorde Federalak agintzen du AEBko sateliteak hilerri-orbita batera bidali behar direla, GEOtik ehunka kilometrora.5 Une horretan, beste satelite bat gehi daiteke huts geratutako toki horretara, ITUren aplikazio-prozesuaren bitartez.
Nola edo nork antolatu nahi du? Antolaketa-agente asko elkarren artean lehiatzen dira, sistema hau beren premien arabera antolatu nahian. Era askotako agenteek egiten dituzte GEOn sateliteak jartzeko aplikazioak: herrialdeek, erakunde zientifikoek, enpresek eta herritar xeheek. Satelite bidezko telebista-kateak –DirectTV, Dish Network edo Intelsat, besteak beste– mendebaldeko hemisferioko tarte askoren jabe dira. AEB, Errusia eta Erresuma Batua, berriz, satelite militarren gehiengoaren jabe dira, eta Europako antolakunde multinazionalek orobat dauzkate orbitako tarte ugari beren jabetzan.3
Beste kontu batzuk. ITU erakundeak eskumena dauka, berez, antolaketa-sistema honen gainean, baina espazioaren jabetzaren inguruko lege-irizpideak anbiguo samarrak izanik, edonor saia liteke sistema hau antolatzen. ITUren ardura da tarte beteak katalogatzea eta tarte hutsak nola betetzen diren bideratzea –zeregin erabilgarriak bi-biak–, baina ez du gidalerrorik indarrean jartzeko modurik.
Antolaketa-sistema hau interesgarria da, agente asko ari direlako eginahalak egiten sistema bera antolatzeko. Halaber, sistemaren antolaketa-printzipioek berekin dakartzate ondorio sozial interesgarri zenbait. ITUk eskaera-ordenaren arabera ematen ditu tarteak; horren ondorioz, teknologia aurreratua duten antolakundeek bakarrik kudeatu dezakete bilduma. Antolaketa-printzipio horrek ez du aintzat hartzen ezen, herrialde ugariren kasuan, teknologia-mota hori erabili ahal izatea lortzen dutenean behingoz, ez dela tokirik egongo GEO gerrikoan.
Antolaketa-sistema honen gaineko subiranotasunari dagokionez izan diren lege-erreklamazioak, ironikoki, oro har sistema antolatzeko modurik ez duten herrialdeetatik etorri dira. 1976an, ekuatoreko zortzi herrialdek, GEO gerrikoaren azpian daudenak hain justu, Bogotako Adierazpenean aldarrikatu zuten eskubide esklusiboak zituztela orbitako kokapen horien gainean.6 Beren aldarrikapena arrazoitzeko, zera azaldu zuten –azalpen ahul samarra–: orbita ez dela espazioaren parte, Lurraren grabitatearen mendekoa baita zeharo, eta ekuatoreko herrialdeen mugen barneko lurrek sortzen dutela GEO, beren grabitazio-indarraren bitartez. Aditu ugari ez datoz bat azalpen horrekin; aitzitik, uste dute ilargiaren eta beste gorputz zerutiar batzuen grabitazio-indarrak taxutzen duela GEO, eta orbita, gainera, espazioan dagoela, Lurretik 100 kilometro baino urrunago dagoelako. Muga horri Kármánen lerroa deitzen zaio, eta luze-zabal onartzen da, espazioaren hasieraren mugarri gisa.7 GEO, horrenbestez, 1967ko Espazioaren Hitzarmenaren baitan egongo litzateke: ez dago inork orbitaren jabe izateko aukerarik.
Auzi interesgarria da, baiki, espazioa eta Lurraren atmosfera bereizten dituen lerroa zein den zehaztea, batez ere aintzat hartzen badugu kategorizazio horren arabera ebatz daitekeela –zer dagokion espazioaren kategoriari vs. zer dagokion Lurraren atmosferaren kategoriari– balio handiko baliabideen gaineko jabetza. Kasu honetan, Kármán lerroak zera adierazten du, gutxi gorabehera: altitude jakin batean, hegazkinek, ez erortzeko, Lurraren biratze-abiadura baino azkarrago propultsatu behar dute beren burua; bada, altitude horri deritzo Kármán lerroa. Ez da mugarri intuitiboa (ez da mundua sailkatzea bere junturen arabera, inondik ere), bai ordea erabilgarria, eta, gainera, ez da zeharo ausazkoa. Xedeen araberako kategoria gisa har liteke, zeinean xedea izango bailitzateke bitarteko tradizionalak erabiltzea airean barna bidaiatzeko, aeronautikaren bidez. Zentzuzkoa da, beraz, Nazioarteko Federazio Aeronautikoak lerro hori erabiltzea astronautika eta aeronautika bereizteko.
GEOn tarte mugatuak baitaude, eta herrialde erlatiboki gutxik baitaukate sateliteak jaurtitzeko ahalmena, herrialdeen arteko zatiketa areagotzeko arriskua dago. Herrialde gehienek sateliteak jaurtitzeko ahalmena lortzen dutenerako, ziur aski ez da tokirik geratuko haientzat GEOn. Gaur egun, 400 satelite baino ez daude orbita geoestazionarioan, hala ere, ITUri aplikazio gehiago iristen zaizkio, hutsik dauden tarteak baino.4 Herrialde gutxi batzuk baino ez dira gai izango GEOri etekina ateratzeko; gainerako herrialdeak, berriz, haien mende egongo dira komunikazioari, ikerketa zientifikoari eta zelatatzeari dagokionez. Are gehiago, egoera horren ondorioz, baliteke garapen gutxiagoko herrialdeen elkarreragin-jarduerak mugatzea, eta satelite geoestazionarioak dituzten herrialdeen xedatutako elkarreragin-jarduerak bakarrik gauzatu ahal izatea. Herrialde garatuek, zehazki, eragin handia izan dezakete herrialde ez hain garatuetako herritarrek satelite bidez jasotzen duten informazioan.
Nolanahi ere, orbitako kokapenen gaineko lehia bizi-bizi dabil teknologia garatua duten herrialdeen artean ere. 2014. urtearen hasieran, GSSAP programaren berri eman zuen (Espazioko Kokapenaren Jabetza Geosinkronikoaren Programa) AEBk, zeinaren xedea baita satelite maniobragarriak sortzea, GEO gerriko preziatua monitorizatzeko eta babesteko.8 Albistea, hain zuzen ere, Txinak sateliteen kontra dituen misil-ahalmenak probatu eta zenbait hilabetera iritsi zen.9 Errusian, aldiz, 300 milioi dolar xahutu dituzte gailu bat eraikitzeko, zeinak «espazioko erratza»renak egingo bailituzke, sateliteak orbita geoestazionariotik kanporatuz. AEBk antzeko programa bat dauka, Fenix izenekoa, DARPA agentziaren baitan (Defentsa Ikerketa Aurreratuko Proiektuen Agentzia); egitasmo horren bidez, robot-gailu bat garatu nahi dute, sateliteak mantentzen laguntzeko eta, beharbada, hondakin espazial gehiegi sortzen duten beste satelite batzuk desegiteko.
Seguru asko, gihar militarra handiagotzen saiatzen ari dira herrialde horiek, besterik ez; hala ere, teknologia horiek denek ahalmen berri bat erakusten dute, herrialdeei aukera ematen diena GEOko baliabideak beren komenientziara antolatzeko. Duela hainbat urte, sateliteak orbitan jartzeko ahalmena zuten herrialdeek jasotzen zituzten etekinak. Orain, ordea, badirudi beste garai batean sartzen ari garela, non herrialdeek beren tokia lortzeko duten gaitasunak –indarrak– baldintzatuko baitu ea herrialde horrek erabil ote ditzakeen baliabide mugatu hauek ahalbidetzen dituzten elkarreragin-jarduera preziatuak.
Oharrak: Jarraian datozen oharrak ikerketa-kasu honi dagozkio bakarrik.
NASAren Erreaktore Propultsio Laborategia, Espazioko Hegaldien oinarriak, 1. sekzioa, 5. kapitulua: «Planeten orbitak» https://solarsystem.nasa.gov/basics/chapter5-1/ ↩
ITU Espazioko Zerbitzuen Saila (SSD), 2014 https://www.itu.int/ITU-R/go/space/en ↩
Kezkaturiko Zientzialarien Elkartea, Sateliteen Datu-Basea https://www.ucsusa.org/resources/satellite-database#.VJKNXmTF-5I ↩
Posen, M.: «Have We Got a Slot?», RPC Telecommunications Ltd.; Espazioari buruzko Mundu Foruma; Dubai, 2010eko martxoa http://www.rpctelecom.com/files/Have We Got A Slot.pdf ↩
De Selding, P.: «FCC Enters Orbital Debris Debate», Space News, 2004ko ekainak 28. ↩
Finch, M.: «Limited Space: Allocating the Geostationary Orbit»; Northwestern Journal of International Law, 7. bolumena, 4. Zenbakia, 1986ko udazkena. ↩
Haraszti, G.: «Questions of International Law», 2. bolumena. Akademiai Kiado Budapest, 1981. ↩
Hsu, J.: «Global Conflict Could Threaten Geostationary Satellites: China, Russia and the U.S. have the ability to destroy one another’s eyes in the sky». Scientific American, 2014ko martxoak 31 https://www.scientificamerican.com/article/global-conflict-could-threaten-geostationary-satellites/ ↩
Shalal-Esa, A.: «U.S. sees China launch as test of anti-satellite muscle», Reuters, 2013ko maiatza https://www.reuters.com/article/us-china-launch-idUSBRE94E07D20130515 ↩
