3.4 Baliabideetan oinarrituriko elkarreraginak diseinatzea
Baliabide-bilduma bat berariaz deskribatzen eta antolatzen denean, eta, ondorioz, baliabide-bilduma hori antolaketa-sistema bihurtzen denean, elkarreragin batzuk ahalbidetzen dira, eta, hain zuzen ere, elkarreragin horiexetan zentratu behar dugu. Baliabide fisikoen kasuan, erraza da bi elkarreragin-mota hauek bereiztea: batetik, deskribapen- eta antolaketa-jarduera berariazkoen ondorioz antolaketa-sistemari esleitu zaizkion eta zuzenean ahalbidetzen dituen elkarreraginak, eta, bestetik, baliabideak eskuratu eta gero gauzatu daitezkeen elkarreraginak. Adibidez, liburutegian liburu bat maileguan hartu eta gero, hura irakurri, itzuli, laburbildu edo beste moduren batean erabil dezakezu; hala ere, elkarreragin horietako bat bera ere ez litzateke hartuko liburutegiari esleitu zaion liburuaren ahalmen moduan. Baliabide fisiko batzuk–adibidez, «giza baliabideak» eta objektu «adimentsuak», sentsoreak eta bestelako gaitasunak dituztenak– gai dira elkarreragin-jarduerak abiatzeko, baina baliabide fisiko gehienak pasiboak dira. Baliabideen agentziari buruzko ideia hori 4.2.3 atalean aztertuko dugu.
Kontrara, baliabide digitalak biltzen dituzten antolaketa-sistemetan, baliabideen eta elkarreragin-jardueren arteko muga logikoa lausoagoa da, sarritan ez baita agerikoa izaten zer egin dezakezun baliabide digital batekin eta zer ez. Are gehiago, baliabide fisikoei dagokienez mugatik kanpo dauden elkarreragin-jardueretako batzuk mugaren barnean egon daitezke baliabide digitalen kasuan. Adibidez, liburu fisiko bat mailegatzen duzunean liburutegian, eta hori itzultzen hasten bazara, liburua ez da liburutegian egongo itzulpenaren momentuan. Aitzitik, Google Books liburutegiko liburu digital bat irakurtzen hasten zaranean, liburuak bertan jarraitzen du, eta itzulpen-zerbitzua bera liburutegiaren «barruan» gertatzen da.
Baliabideekin egiten diren elkarreragin-jardueren diseinuari dagokionez, badira beste kontu aipagarri batzuk: kontuan hartu behar da, batetik, ea erabiltzaileek sarbide zuzena duten baliabideetara, ala bitartekariren baten bidez egiten duten, eta, bestetik, ea elkarreragin-jarduerak baliabideekin berekin gauzatzen dituzten, ala baliabideen kopiekin edo deskribapenekin. Esaterako, erabiltzaileek sarbide zuzena dute bilduma bateko baliabide originaletara bi kasu hauetan: bila ibiltzen direnean liburutegiko apaletan barna edo museoko galerietan zehar paseatzen direnean. Aldiz, zeharkako sarbidea izango dute katalogoak edo bilaketa-sistemak baliatzen dituztenean. Erraza baita baliabide digitalak erreproduzitzea, zaila suerta daiteke baliabide originala eta horren kopia bereiztea; ondorioz, egiazkotasunari buruzko galderak sortzen dira (4.5.3 atalean aztertuko ditugu).
3.4.1 Potentzialtasuna eta ahalmena
Potentzialtasuna (Affordance) deritzon kontzeptuak –J. J. Gibson-ek sortu zuen, eta Donald Norman-ek zabaldu eta ezagutarazi– zera adierazten du: baliabide fisikoek eta horien inguruneek berezko gaitasun batzuk dituztela, martxan jar daitezkeenak, eta horiek baldintzatzen dutela, kasuan kasuko agentearen ahalmenekin eta gaitasun kognitiboarekin batera, zer egin daitekeen baliabidearekin.
Ahalmenak eta gaitasun kognitiboak aintzat hartzen baitira, potentzialtasunaren definizioan kontuan hartzen dira irisgarritasunaren inguruko hausnarketak. Baliabide bat irisgarria izango da baldin eta elkarreragin-jarduerak gauzatzeko modua ematen badu bakarrik; bestalde, baliabideekiko elkarreragin-jarduera batzuk diseinatzen badira, baina pertsona batzuk ezgai badira jarduera horiek gauzatzeko, diseinua ez da eraginkorra izango. Testu bat ikusteko gai ez den pertsonak ezin du testu hori irakurri, edo gurpil-aulki batean doazen pertsonek ezin dute liburu bat hautatu liburutegiko apal altu batetik. Gai hori –nola deskribatu eta eraldatu baliabideak irisgarritasuna bermatzeko– xehetasun handiagoz landuko dugu 3.4.2.3 atalean: Irisgarritasuna.
Baliabide fisikoak antolatu behar dituzuenean eta, horretarako, kaxak, edukiontziak, armairuak edo apalak erabili behar dituzuenean, erraz atzematekoak dira irisgarritasunari eta erabilerari lotutako potentzialtasunak eta inplikazioak. Neurri eta pisu jakin bateko baliabideak hartu egin daitezke, eta beste norabait eraman. Liburu-apalategiaren azpialdean dauden liburuak erraz eskura daitezke; zaila da, ordea, lurretik 3 metrora gordeta dauden horietara iristea.
Baliabide fisikoen antolaketa-sistemak azter ditzakegu, berekin dakartzaten potentzialtasunak eta balizko elkarreragin-jarduerak identifikatzeko. Baliabide fisikoen mota jakin bat antolatzeko sistema ezberdinek zer potentzialtasun eta elkarreraginerako gaitasun orokor eskaintzen duten alderatu dezakegu, eta sarritan horixe egiten dugu, pentsatu gabe. Objektu fisikoak edo formatu fisikoan dauden informazio-baliabideak antolatzen ari garenean, nahitaez hartu behar da kontuan bi faktore hauen arteko konpentsazioa: zenbateko ahalegina eskatzen duen baliabideen bilduma bat antolatzeak eta zenbateko ahalegina eskatzen duen baliabide horiek aurkitzeak eta erabiltzeak. Azkar asko ohartuko gara ezen biribilkitan gordetako informazioak ez duela ahalbidetzen liburuetan dagoen ausazko irisgarritasun-gaitasuna.
Baliabide fisiko estatikoen bildumekin dihardugunean –liburuen edo oinetakoen bildumekin, kasu–, normalean erraza izaten da balizko elkarreragin-jarduerak hautematea eta ulertzea; nolanahi ere, halako bildumetatik urrundu ahala, zailagoa suertatzen da, antolaketa-sistemen gaitasunak konparatzeko orduan, zer eta nola neurtu behar den erabakitzea. Ordenagailuei, informazio-sistemei eta, oro har, baliabide digitalei dagokienean, potentzialtasunen eta gaitasunen inguruko erabakiak ez dira hain agerikoak.
Hasteko, baliteke guk potentzialtasun bat hautematea, baina potentzialtasun horrek loturarik ez izatea ezein elkarreragin-jarduera erabilgarrirekin. Donald Normanek txiste bat kontatu ohi zuen horren harira: ordenagailu-pantaila guztiek, gugandik aski gertu badaude, ukitzearen potentzialtasuna eskaintzen dute, baina gailuak ez badu ahalmenik ukimenaren arabera erreakzionatzeko, pantailak garbitzeko produktuen saltzaileek bakarrik aterako dute etekinik potentzialtasun horretatik.
Bigarrenik, baliabide digitalek ahalbidetzen dituzten elkarreragin-jarduera gehienak ez dira begien bistakoak. Ez duzu jakingo zer diren izenagatik bakarrik, baina baliteke, iraganeko esperientziari esker, «.doc» eta «.pdf» artxiboekin zer elkarreragin-jarduera gauza daitezkeen ezagutzea. Aldiz, ziur aski ez dakizu zer elkarreragin-jarduera ahalbidetzen dituzten «.xpi» eta «.mobi» artxiboek.
Behin topatu duzunean baliabide digitalen eta informazio-sistemen gaitasuna zein den, ebaluatu egin dezakezu, funtzio-kopuruaren, zerbitzu-kopuruaren edo aplikazio-programaren interfaze-kopuruaren arabera. Dena dela, neurketa guztiz landugabe horretan ez dira aintzat hartzen elkarreragin-jarduera zehatzen gaitasuna edo orokortasuna. Adibidez, baliteke bi antolaketa-sistemak bilaketa-funtzioa ahalbidetzea, baina ezberdintasunak izan ditzakete beste hainbat arlotan – hala nola zer eragile baimentzen dituzten; zein den edukiaren aurre-prozesamenduaren sofistikazioa, index terminoak sortzeko xedez; edo zenbateraino den erabilerraza–, eta faktore horien poderioz alde izugarriak izan ditzakete ahalmenari, zehaztasunari eta eraginkortasunari dagokionez.
Baliabide dinamikoak edo bizidunak antolatzeko sistemetan, gaitasun funtzionalaren antzeko neurketa bat erabil daiteke: jarreren errepertorioa, hots, abiatu daitezkeen jarduera ezberdinen edo jarduera-sorten kopurua.
Ez genuke ondorioztatu behar elkarreragin-jardueren mota gehiago ahalbidetzen dituzten sistemak hobeak direnik edo gaitasun handiagoa dutenik; aitzitik, zera hartu behar da kontuan: zenbateko balioa sortzen edo eragiten den elkarreragin-jarduera bakoitzean. Zure smartphonea josita badago inoiz erabiltzen ez dituzun ezaugarriz eta aplikazioz, telefonoak elkarreragin-jarduera mordoxka bat ahalbidetuko ditu, bai, baina gehienek ez dute baliorik gehituko. Sentsore bidez pertsona bat hurbiltzen ari dela hautematen eta automatikoki irekitzen diren ateek ez dute eskulekurik behar, ez eta elkarreragin-jarduera espliziturik ere. Antolaketa-sistemek informazio biltegiratua erabil dezakete, erabiltzaileen zaletasunei edo iraganeko elkarreragin-jarduerei buruzkoa, erabiltzaileen premiak aurreikusteko edo gomendioak pertsonalizatzeko. Ondorioz, elkarreragin-jarduerekin ordezkatzen da informazioa, elkarreragin-jarduera batzuek beharrezkoak izateari utz diezaioten edo sinpleagoak bihur daitezen.
3.4.2 Elkarreragin-jarduerak eta balioaren sorrera
Baliabideekin egiten diren elkarreragin-jarduerak bereizteko modu erabilgarri bat da kontuan hartzea nola sortzen duten balioa, Apte-k eta Mason-ek sortutako sailkapen baten arabera. Biek azpimarratu zutenez, elkarreragin-jarduerak ezberdinak dira beren intentsitate orokorrari dagokionez, baina, horrez gainera, orobat da ezberdina, bai kopuru erlatiboari bai absolutuari dagokionez, elkarreragin-jarduerak gauzatzeko zenbateko maneiu fisikoa behar den, zenbateko kontaktu interpertsonala edo enpatikoa behar den, eta zenbateko maneiu sinbolikoa edo informazio-trukea behar den.
Are gehiago, Aptek eta Masonek onartu zuten diseinuko parametro gisa kudea zitezkeela balioa sortzeko hiru jarduera-mota horien proportzioak, batez ere zeharo bereiz badaitezke informazioa berreskuratzean edo informatizatzean sortzen den balioa eta ekintza fisikoen edo aurrez aurreko topaketetan sortzen den balioa. Balio-sorreraren konfigurazio horrek bidea ematen dio auto-zerbitzu automatizatuari –zeinean teknologiak ordezkatzen baitu zerbitzuak hornitzen zituen pertsona– eta azpikontratazioari –zeinean zerbitzuak hornitzen dituen pertsona eta zerbitzuen erabiltzailea ez baitaude ez leku ez denbora berean–.
3.4.2.1 Balioa sortzea, baliabide fisikoei dagokienean
Baliabide fisikoen bildumekin elkarreraginean jardutean, jarduera-mota intrintseko bat izan ohi da baliabideen maneiu fisikoa. Batzuetan, beharrezkoa izaten da baliabidea modu jakin batean erabiltzea, edo baita ulertzea ere, elkarreraginean jardun ahal izateko; sarritan, gainera, baliabidearekin elkarreraginean jarduteko esperientzia asegarria edo entretenigarria izaten da, eta xede bat bihurtzen da bere horretan. Jendea maiz joaten da museoetara, galerietara, zooetara, animalien parke berezietara eta baliabide fisikoak biltzen dituzten bestelako instituzio batzuetara, hain zuzen ere estimatu egiten dutelako halako antolaketa-sistemetan ahalbidetzen den elkarreragin zuzena, hautamenezkoa eta bestelako bitartekaritzak gabea.
Formatu fisikoan gordetako informazio-baliabideekin elkarreraginean jarduteko, hala nola liburutegietako liburu fisikoekin aritzeko, baliteke beharrezkoa izatea maneiu fisikoa eta pertsonen arteko kontaktua.
Hala ere, jende gehienarentzat, liburutegi batekin elkarreraginean jarduteko xede nagusia hauxe da: liburutegiko baliabideetan gordetzen den informaziora iristea. Jende askok nahiago du dokumentu edo liburu digitaletara jotzea, baliabide fisiko originalera baino, baliabide digitalekin jarduteko ez dagoelako bigarren mailako elkarreragin-jarduera fisikorik egin beharrik, ez eta beste pertsona batzuekin kontaktuan aritu beharrik ere. Gainera, ezagutzen ditugun itemen bila jotzen dugu sarritan liburutegira, eta hori aise asko ahalbidetzen du bilaketa digitalak.
Antolaketa-sistema batzuetan, robot-gailuek, prozesu konputazionalek edo bestelako entitateek, giza agenterik gabe eta modu autonomoan jarduteko gai direnek, gauzatzen dituzte elkarreragin-jarduerak baliabide fisikoekin. Roboten eraginkortasuna izugarri hazi da materialen kudeaketan, biltegietan «hautatzen eta paketatzen», bulego barruko posta igortzen eta beste hainbat arlotan, zeinetan, lehenago, giza agenteak jarduten baitziren baliabide fisikoak kokatzen, berreskuratzen eta bidaltzen. «Liburutegi-robotek», liburuak aurkitzeko edo liburuak apaletik hartzeko ahalmena dutenek, apalategi arruntetan bil daitezkeenak baino zazpi aldiz liburu gehiago kudeatu ditzakete.
3.4.2.2 Balioa sortzea, baliabide digitalei dagokienean
Baliabide digitalekin jardutean, ez dago maneiu fisikoaren ez pertsonen arteko kontaktuaren premiarik; elkarreraginaren funtsa, aitzitik, informazio-trukea edo baliabidean bildutako informazioaren maneiu sinbolikoa da. Bestela esanda, jendearekin edo baliabide fisikoekin lotuta dauden elkarreragin-jarduerak ordezkatzen dira, baliabide sinbolikoen bidez, eta, horrela, antolaketa-sistemek kostuak murrizten dituzte, erabiltzaileen asetasunari kalte egin gabe. Hori dela-eta, negozio askok beren prozesu informatikoak automatizatu dituzte, auto-zerbitzurako teknologiekin.
Era berean, webeko bilatzaileek ezabatu egin dute liburutegira joateko egin behar den ahalegin fisikoa, eta erabiltzaileek modua dute baliabide digitalak errazki irisgarriak kontsultatzeko. Bilatzaileak zerrenda bat itzultzen dizu, baliabideen orrialdeei dagozkien izenburuekin, eta horietara zuzenean sar zaitezke beste klik batekin; horrenbestez, ez da ahalegin handirik egin behar bilaketaren e maitzetatik baliabide primariora heltzeko.
Museoek gogotik ekin diote beren bildumak irisgarri jartzeari webean. Museoetara joaten diren bisitari gehienek nahiago dute margolanak, eskulturak edo bestelako artefaktu fisikoak zuzenean ikustea, irudi digital bat behatzea baino; hala ere, webean jarri ezean, ez dago artefaktu batzuk ikusteko modurik. Museo-bilduma gehienak puskaz handiagoak dira obra erakusteko dagoen espazioa baino; hortaz, webak ahalbidetzen du osterantzean ezkutuan geratuko liratekeen piezak irisgarri jartzea.
Negozio batek bere informazio-baliabideak sortzen baditu edo horien jabe baldin bada, etekina atera diezaieke formatu digitalek ahalbidetzen dituzten elkarreragin-jarduera hobetuei. Liburutegietan, halere, copyright-eskubideak oztopo izaten dira digitalizazioa garatzeko, lege-kontuak tarteko, eta, halaber, digitalizazioak ahalbidetzen duen copyright-betearazpena ez delako posible baliabide fisikoei dagokienean.
Liburutegi-robota
Liburutegi-robot automatizatuak –Dematic Taldeak instalatzen du– horrela gordetzen ditu liburuak: bost korridore luze dauzka, metalezko apal oso-oso garaiekin –hiru solairuko eraikin bat bezain garaiak–; apaletan, edukiontziak daude, liburuz beteak denak. Liburutegien sailkapen eskema erabili ordez, tamainaren arabera gordetzen dira liburuak metalezko edukiontzi sakonetan –30 cm–, zeinean ehun bat liburu sartzen baitira, gutxi gorabehera. Online katalogo batean liburu bat bilatuz gero, sistemak egiaztatzen du ea zer edukiontzitan gorde zen liburua azkenekoz, eta, ondoren, robota bideratzen du, liburua ekar dezan edukiontzitik maileguen mahaira. Giza liburuzainek, orduan, eskatutako liburua hartzen dute, eta kodea eskaneatzen, zeinak eskatzaileari adierazten baitio liburua jaso dezakeela. Liburu gordetzeko, berriz, liburuzainak barra-kodea eskaneatzen du, eta tokia daukan eta gertuen dagoen edukiontzian gordetzen da. (Argazkia: Scott Abel. Baimenarekin erabilia)
3.4.2.3 Irisgarritasuna
Desgaitasuna duten pertsonei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak oinarrizko giza eskubidetzat jotzen du informazio- eta komunikazio-teknologien irisgarritasuna. Gainera, irisgarritasuna onuragarria da negozioen ikuspuntutik ere: hainbat ikerketak erakusten dutenez, webgune irisgarriak sarriago erabiltzen dira, mantentzeko errazagoak dira eta emaitza hobeak ematen dituzte bilaketetan.
Baliabideak irisgarri bihurtzeko teknika askok baliabidea bera edo horren deskribapena eraldatzen dute, eta beste forma bat ematen diote, baliabidearen forma originala hautemateko edo horrekin elkarreraginean jarduteko gai ez ziren pertsonei horretarako aukera emanez. Sistema operatibo ohikoenek irisgarritasuna bermatzeko ezaugarri orokor batzuk dituzte, hala nola ozen irakurtzea; mintzamena identifikatzea; testua handitzea; kurtsoaren tamaina handitzea; gauzak argi-distirekin nabarmentzea, eta ez soinuekin; argien bidez adieraztea teklatuko lasterbideak, hautaketari eta nabigazioari dagozkionak; eta Braille hizkuntza pantailan agerrarazten duten gailuetara konektatzea. Google Translate-k hizkuntza batetik bestera itzultzen ditu testuak, eta, jende askok gutxi gorabeherako zirriborroak sortzeko baliatzen du tresna hori; ondoren, giza itzultzaile batek bukatuko du lana.
Badira beste teknika batzuk, orokorrak eta automatikoak ez direnak; halakoen kasuan, autoreek edo diseinatzaileek ahalegin bat egin behar dute, informazioa irisgarri bihurtzeko. Webguneak irisgarriagoak izaten dira baldin eta irudiek edo bestelako eduki-mota ez-testualek izenburu, oin-ohar edo bestelako testu argigarriren bat badaukate, zeri buruzkoak diren azaltzen dutenak. Funtsezkoa da nabigazioaren kontrolerako elementuak eta elkarreraginerako trepetak modu koherentean kokatzea eta itxuratzea; adibidez, salmenta-gune batean, «Erosketa-saskia» beti egoten da orrialdearen goialdean, eskuinean.
<Ikus 4.2.2 atala –Baliabideen formatua– eta 4.3 marrazkia –Informazio IQa–).Smithsonian museoak, zeina Washington D.C-.n baitago (AEB), bisitari guztiei eskatzen die bildumako 137 milioi objektuei buruzko deskribapenak egiteko, audio bidez, beren mugikorretan; gero, jende guztiaren eskura jartzen dituzte deskribapen horiek. Erakusketak irisgarriago bihurtzeko ahaleginaren adibide xume bat baino ez da hori. D-Scriptive izeneko enpresa baten bitartez, jende itsuak aukera dauka Broadwayko emanaldiez gehiago gozatzeko: enpresa horrek ehunka audio-deskribapen grabatzen ditu, aktoreen dialogoekin sinkronizaturik.
Ahozko adierazpenak testuan jartzeari –denentzat irisgarriak izan daitezen eta bilaketak egiteko aukera eskain dezaten– transkribaketa esaten zaio. Zenbaitetan transkribaketak beharrezkoak dira irisgarritasun-irizpideak betetzeko, baina sarritan edukia antolatzeko bakarrik egiten dira: adibidez, gidoi bat sortzen da, irratiko zein telebistako elkarrizketa eta piezetan agertzen diren ahotsak bereizteko.
Ordenagailuak gai dira testuen transkribaketak irakurtzeko –ez ordea audio eta bideo artxiboak–, horregatik, testuen transkribaketak gehituz gero, bilatzaileek ahalmena izango dute audioak eta bideoak indexatzeko, lehen ezinezkoak ziren eretan. Pop Up Archive enpresak –audio-bilaketen enpresa bat da, eta Kaliforniako Oakland hirian dago– ahozko adierazpenak testu bihurtzeko softwareak baliatzen ditu, bereziki albisteetan eta ahozko jardunean zentratuz, hartara bilaketak ahalbidetzeko irratiko, podcastetako eta bestelako artxiboetako audioetan. Transkribaketak guztiz balekoak izaten dira bilatzaileentzat, nahiz eta akats gutxi batzuk izan, hala ere, jendeak espero izaten du transkribaketak guztiz perfektuak izatea, eta hori erronka bat da audioetan bilaketak egiteari dagokionez.
Baldin eta adierazpenak norberak ulertzen ez duen hizkuntza batean egin badira, itzulpena behar da. Agian, nazioarteko hegaldi batean joango zinen inoiz, eta, film bat ikustean, hainbat hizkuntzatako azpitituluak izango zenituen aukeran. Atzerriko filmetarako azpitituluak sortzea zeregin asinkronikoa da, eta puskaz errazagoa da aldi berean itzultzea baino; hori dela-eta, hitzaldietarako edo bestelako egoera sinkronikoetarako itzultzaileen premia handia dago oraindik, bai eta ahozko adierazpenak zeinu-hizkuntzara itzultzen dituzten interpreteena ere.
3.4.3 Sarbideari dagozkion arauak
Baliteke bilduma bateko baliabide edo erabiltzaile-kategoria guztiek elkarreragin- edo helmen-maila berdinak ez izatea. Adibidez, badira liburutegi-bilduma guztiz publikoak, erabilera mugatua dutenak zein erabat pribatuak direnak.
Helburu komertzialak eta lehiakorrak dituztenez, negozioen arloko antolaketa-sistemek muga xeheagoak ezarriko dituzte jendeari sartzen uzteko garaian, eta erabiltzaileak bereiziko dituzte, kontuan hartuta zer zeregin duten eta nolako elkarreragin-jarduerak gauzatzen dituzten baliabideekin.
Antolaketa-sistema diseinatu eta inplementatu duen pertsonak antolaketa-sistema erabiltzen duenean, egoera aipagarri bat suertatzen da. Kasu horretan, pertsonak askoz hobeto ezagutuko ditu baliabideak eta horiek ahalbideturiko elkarreragin-jarduerak. Halako egoerak, batez ere, sukaldeko, armairuko eta eremu oso pertsonaletako antolaketa-sistemetan gertatzen dira, baina beste arlo batzuetan ere ager daitezke, hala nola ezagutza barra-barra erabiltzen duten negozioetan eta eremu profesionaletan: aholkularitza, bezeroekiko harremanaren kudeaketa eta ikerketa zientifikoa.
Norbanakoek baliatzen dituzten antolaketa-sistema asko testuinguru fisikoetan txertatuta daude, non sarbidearen gaineko kontrola gauzatzen baita modu zabar batean izan arren. Etxera sartu nahi badugu, giltza behar dugu, baina ez dugu bestelako baimen edo pasahitz gehigarririk behar armairuan zerbait bilatzeko edo apalategitik liburu bat hartzeko. Nolanahi ere, gure online bizitzetan, aise onartzen eta ezartzen ditugu sarbide-kontrol xeheagoak. Esaterako, norbanako batek «lagun» eskaera bidaltzen badigu Facebook bidez, baietz edo ezetz esan dezakegu, eta Flickr atariko argazkiei dagokienez, publiko edo pribatu moduan sailka ditzakegu, eta soilik talde edo norbanako jakin batzuek ikusteko moduan jarri.
