12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
Bide-orria aplikatzea
- 12.1. Hainbat belaunalditako senideen argazki-bilduma
- 12.2. Jakintzaren kudeaketa, aholkularitza-enpresa txiki batentzat
- 12.3. Nekazaritza adimentsuagoa Japonian
- 12.4. Iturri bakarreko testu-liburu baten argitalpena
- 12.5. Sukalde bat antolatzea
- 12.6. Sateliteak Lurraren orbitan
- 12.7. CalBug eta bere bilaketa-interfazearen diseinu berritua
- 12.8. Astekari bat
- 12.9. CODIS datu-basea, DNAri dagokiona
- 12.10. Honoluluko trenbide azkarra
- 12.11. Antiziterako mekanismoa
- 12.12. Auto autonomoak
- 12.13. IP helbideak Internet globalean
- 12.14. Arte Genomaren proiektua
- 12.15. Dokumental bat egitea
- 12.16. Mumbaiko Dabbawala-k
- 12.17. Datu-zentroetako baliabideei buruzko informazioa kudeatzea
- 12.18. Neurozientzia-laborategia
- 12.19. Irabazi-asmorik gabeko argitaletxe bat
Laburpena
Liburu honen promesa beteko dugu orain: bide-orriko kontzeptuak eta faseak gauzatzen dituzten ikerketa-kasuen adibideak aipatuko ditugu. (Lehen lau kasuak liburuaren lehen argitalpenean agertu ziren. Gainerakoak, berriz, beste ikasle edo irakurle batzuek helarazi dizkigute, eta orraztu eta moldatu egin ditugu, kohesioaren mesedetan).
Ikerketa-kasuen txantiloia
Koherentziari eutsi nahian, 2. kapituluko galderak erabiliko ditugu, ikerketa-kasuak azaltzeko txantiloi modura. Jarraian dituzue diseinuari dagozkion sei galdera-multzoak –talde bakoitzeko alderdi garrantzitsuenak nabarmendu ditugu–:
- Zer antolatu nahi da? Zein da eremuaren helmena edo tamaina? Zein neurritan nahasten dira gauza fisikoak, gauza digitalak eta gauzei buruzko informazioa antolaketa-sisteman? Zertarako diseinatu nahi da antolaketa-sistema: baliabideen bilduma berri bat sortzeko, jada badagoen baliabide-bilduma itxi bat katalogatzeko ala baliabideak etengabe gehitzen eta kentzen zaizkion bilduma bat kudeatzeko? Baliabideak bakarrak dira, ala kategoria bateko partaide trukagarriak? «Bizi-ziklo» aurreikusgarri bat izaten dute, «bizitza erabilgarri» batekin? Elkarreraginerako baliabideei dagokienez, sistemaren erabileraren poderioz sortutakoak erabiltzen ditu, ala beste antolaketa-sistema batetik erauzi eta gehitzen ditu? (Ikus 2.2 atala).
- Zergatik antolatu nahi da? Zer elkarreragin edo zerbitzu ahalbidetuko dira, eta zeinentzat? Ezagunak dira erabilerak eta erabiltzaileak, edo ezezagunak dira? Erabiltzaileak zeintzuk dira: jendea, edo prozesu konputazionalak batez ere? Antolaketa-sistemak asetu behar al ditu pertsonen, gizartearen edo instituzioen xedeak? (Ikus 2.3 atala).
- Zenbat antolatu nahi da? Zein da ezarri nahi den deskribapen, sailkapen edo egitura erlazionalaren helmena, zehaztasun-maila edo esplizitutasuna? Zer antolaketa-printzipioren arabera antolatzen dira baliabideak? Baliabide guztiak maila berean antolatzen dira, ala antolaketa urria da, eta ez da uniformea? (Ikus 2.4 atala)
- Noiz antolatu nahi da? Noiz ezartzen zaie antolaketa baliabideei: sortzen direnean, bilduma baten parte bilakatzen direnean, elkarreragin-jarduerak gertatzen direnean horiekiko; badaezpada bakarrik, garaiz, denbora guztian? Antolaketa hori legez egin beharra al dago; sektoreko ohiturek edo tradizio kulturalak taxutzen dute? (Ikus 2.5 atala)
- Nola, zeinek, edo zer prozesu konputazionalek antolatu nahi du? Nork antolatzen du: norbanakoek, talde informalek, talde formalek, profesionalek, metodo automatizatuek? Berak al dira antolatzaileak eta erabiltzaileak? Norbanako eta taldeen antolaketa-jarduerak zehazten dituen araurik dago? (Ikus 2.6 atala)
- Non antolatu nahi da? Baliabideen kokapena mugatzen al dute diseinuak edo araudiren batek? Baliabideak kokapen estatiko batean al daude? Baliabideak mugimenduan daude? Baliabideen kokapena beste parametro batzuen mendekoa da, adibidez, denboraren mendekoa? (Ikus 2.7 atala)
