12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.1 Hainbat belaunalditako senideen argazki-bilduma
Laburpena Zure aitona hil da, 91 urte zituela, eta, haren ohearen azpian, maleta bat aurkitu duzue, zeinaren barruan baitaude hainbat argazki-album, ehunka irudirekin. Argazki horietako batzuen atzean, azalpen-ohar bat dago; beste askotan ez, ordea. Zer egingo duzu argazkiekin?
Lehenik eta behin, argazki digitalen artxibo bat eratzea otu zaizu, aitonaren bilduma osoa biltzen duena: modu horretan, zuk zeuk eta senide guztiek ikusi ahal izango dituzue irudiak. Bestalde, azalpenik ez duten erretratuen kasuan, argazki-oinak gehitu nahi dizkiezu. Zerorrek argazki digitalen bilduma zabal bat daukazu, webean oinarrituriko aplikazio batean gordetzen duzuna: beharbada, bi bildumak uztartu ditzakezu, hainbat belaunalditako senideen argazkien antolaketa-sistema bat sortzeko.
Proiektu hori gauzatu nahi baduzu, hainbat faktore hartu behar dituzu aintzat: digitalizazioa, artxibatzea, sare sozial digitalei loturiko auziak, beste senideekiko negoziazioak eta beste senideengandik informazioa biltzea, zeinak, akaso, ez baitira zure iritzi berdinekoak izango.
Zer antolatu nahi da? Informazio franko dago argazki zaharren digitalizazioari buruz, baina uste baino erabaki gehiago hartu behar dira prozesu horretan. Zer erresoluzio eta formatu erabiliko duzu? Zuk zeuk digitalizatuko dituzu irudiak, ala zerbitzu profesional bati bidaliko dizkiozu aitonaren argazki eder-ederrak, horiek galtzeko arriskuarekin? Argazkiak digitalizatzeko prozesuaren baitan, irudiak zaharberritzeko edo kalitatea hobetzeko teknikak baliatu behar zenituzke?
Diseinuari dagokionez, badira erabaki funtsezkoago batzuk, antolaketa-sistemaren helmenari eta eskalari lotuak. Aitonaren argazkiak digitalizatuko badituzu, eta zeure argazkiekin uztartu, kanpoan utziko duzu belaunaldi bat. Ez al zenituzke, halaber, zeure gurasoen eta aitonaren beste seme-alaben irudiak gehitu behar? Belaunaldi horrek, bada, bi motatako argazkiak ditu, digitalak eta analogikoak; gurasoak eta osaba-izebak, ordea, ez dira oso ondo moldatzen ordenagailuekin –ez zu bezainbeste–, eta, horregatik, haien argazki digitalak ez daude modu sistematikoan biltegiratuta, hainbat gailutan sakabanatuta baizik (CD-ROMak, DVDak, USB memoriak, SD argazki-txartelak…): ondorioz, irudiak digitalizatzeko eta antolatzeko lana zailduko da. Biltegiratze-moduek berariazko antolaketa bat islatzen al dute, eta antolaketa horri eutsi behar zaio? Gainera, badago kaxa bat, Super 8 kartutxoekin eta VHS bideoekin betea –denak ere familiari buruzkoak–, eta aspaldiko grabaketa batzuk ere badaude tartean, familiako bilkuretan eginak: zer egingo duzu material horrekin?
Familiaren historia kudeatzeko sistema bat, zeinak baliabide-mota ugari biltzen baititu, askoz proiektu handiagoa da, hasiera-hasieran, aitonaren maleta aurkitu zenuenean, irudikatu zenuen egitasmoa baino. Errazagoa litzateke, bestalde, antolaketa-sistema bereiziak erabiltzea, elkarri lotuta daudenak hala ere, baliabide-mota bakoitzarentzat; azken batean, webean oinarrituriko hainbat aplikazio balia zenitzake horretarako. Are, web aplikazioen artean, aukera gehiegi dago egiaz. Aplikazio batzuen funtzionaltasuna eta erabilgarritasuna erakargarriak dira oso, baina zure antolaketa-sistemak bizialdi luzea izango duela kontuan hartuta, badira beste kontu funtsezko batzuk, aintzat hartu behar dituzunak: zeure antolaketa-sistemak bezain beste iraungo al du webguneak? Eta, hala ez bada, zenbateko erraztasunez esportatu ahal izango dituzu zuren baliabideak eta baliabide-deskribapenak beste lekuren batera?
Zergatik antolatu nahi da? Aitonaren argazkiak gordetzeko xede orokorraren arrazoiketa argi dago, baina baliabideak gordetzea al da sistemaren xede nagusia? Edo, kontrara, urruti bizi diren senideei argazkiak ikusteko aukera ematea al da helburua? Edo, bestela, familiako argazkiak biltzeko gordailu bat sortzea, argazki berriak sortu ahala bertan txertatzeko? Edo, baliteke, argazkietatik harago, sistemaren funtsa bestelakoa izatea, eta argazkiek erakusten duten informazioa, familiaren historiari buruzkoa, bildu nahi izatea; kasu horretan, metadatuen bilduma (argazkien datari eta kokapenari buruzko informazioa zehatza, nor agertzen den argazkian etab.) izango litzateke garrantzitsuagoa?
Erabaki horiek zehazten dute zeintzuk izango diren antolaketa-sistemak ahalbidetuko dituen elkarreragin-jardueren baldintzak; nolanahi ere, argazkiak biltegiratzeko eta partekatzeko aplikazioak taxutuko du, neurri handi batean, elkarreragin-jardueren errepertorioa. Aplikazio batzuetan, lainoko gordailuetan biltegiratzen dira argazkiak, eta argazkigintza digitaleko tresnen sail oso indartsu bat ahalbidetzen dute; nolanahi ere, tresna horiek baliatzea konplexua izan daiteke, eta baliteke teknologiarekin hain ondo moldatzen ez diren zure senideak estu eta larri egotea ataka horretan. Haientzat nahikoa eta sobera litzateke bilduman barna nabigatzea eta bilaketak egitea.
Zenbat antolatu nahi da? Ondotxo dakizu ezen, sistemako kategoria-sorta tentuz diseinatzen baduzu, eta txarteletan erabil daitekeen hiztegia kontrolatzen baduzu, bilaketa- eta nabigazio-jarduera zehatzak egiteko modua izango duzula; horregatik, multzokatzea eta etiketatzea ahalbidetzen duen aplikazio bat hautatu duzu. Halere, jende guztiak ez luke baimenik eduki behar argazkiak multzokatzeko edo etiketak gehitzeko, eta, urruneko senideei dagokionez, argazkiak ikusteko aukera izango dute, baina ez, ordea, argazkirik gehitzeko.
Aitonak zenbait izendapen erabiltzen zituen, argazkiak albumetan antolatzen zituenean eta argazki-oinak idazten zituenean; horiek ere sartuko al dituzu zure kategorietan eta etiketetan? Iruzkinak gehitzeko modua eskainiko duzu? Beharbada, oporraldi bateko argazki bat agertzen da bilduman: toki berera itzultzen bazara, loturaren bat ezarri nahi duzu bi argazkien artean?
Bestalde, ez ahaztu: gorde itzazu aitonaren album originalak toki seguru batean, eta ez ohe azpian.
Noiz antolatu nahi da? Kategoriak eta etiketak sortu ostean, horiek erabiltzeko baldintza ezar diezaiokezu jendeari, bildumara irudi berriak gehitzen dituenean. Beharbada, baliabide-deskribapenak osatu edo hobetu ahal izango dituzu familia-bilkuretan, jarduera kolektibo gisa. Ekin horri lehenbailehen: aitonaren arreba Gladys, haren bigarren senarra eta senarraren arreba identifikatzeko gai direnak adinean sartuxeak daude honezkero.
Nola edo nork antolatu nahi du? Zeure gain hartu duzu editore- zein kuradore-lana, baina ezin duzu den-denda zeure kasa egin, eta jende-multzo batekin elkarlanean jardunez gero, antolaketa sendoagoa lortuko duzue seguru asko. Bestalde, egoera deserosoak suertatzen badira –adibidez, jendea dibortziatzen bada edo liskarren bat izaten bada senideen artean–, lagungarria izaten da taldean jardutea: senide jakin horiek agertzen diren edo berek egin dituzten argazkiak ezabatuko dituzue?
Beste kontu batzuk: Bilduma epe mugagabe batez mantendu nahi baldin bada, zehaztu beharra dago nor izango den kuradorearen oinordekoa. Demagun izen bakarra agertzen dela biltegiratze-aplikazioaren kontuan, eta pertsona bakar batek daukala bertako pasahitza: pertsona hori hiltzen bada, argazkietara iristeko modua gal zenezakete. Aitonaren akatsetako bat izan zen argazki-bildumaren helburuak argiki zehaztu gabe hil zela; hortaz, egiten duzuna egiten duzula, azalpen zehatzak eman behar zenituzke, bai eta jarraikortasun-plan bat sortu ere, bildumaren kuradorea izateari uzten diozun garairako.
