12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.19 Irabazi-asmorik gabeko argitaletxe bat
Egilea: Emily Paul; 2014ko abendua.
Laburpena. Irabazi-asmorik gabeko argitaletxe bat da New Press; gutxi gorabehera, 1.000 liburu argitaratu ditu, eta horietako 800 aktibo daude, hau da, argitaratzen jarraitzen dira eta web orrian agertzen dira. Web orriaren diseinua berritu denez, liburuei dagozkien kategoriak aldatu dira. New Press argitaletxeak ez du liburuen sailkapen-sistema estandar bat baliatzen, hala nola BISAC, nahiz eta hori egitea ohikoa izan liburuen xehekako salmentan; aitzitik, bere sailkapen-sistema propioa garatu du. Halako sailkapen-sistemek badute xede estandar bat –irakurleek bilaketak egin ahal izatea kategorien artean–, baina, horrez gainera, sistema zehatz honek argitaletxearen fokua eta misioa islatu nahi ditu; horretarako diseinatua dago. New Pressen sailkapen-sisteman zenbait printzipio eta xehetasun-maila uztartzen dira, eta, aldi berean, BISACeko kategoria instituzional batzuetako elementuak txertatzen.
Xede bikoitz horrek erabilgarritasunean duen eraginari buruzkoak argitu nahian, webgunearen maketa bat eraiki eta probak egin nituen erabiltzaileekin, proposatzen genituen kategoria berrien harira. Erabiltzaileei eskatu nien, kategoriak eta azpikategoriak aztertu ahala, zer pentsatzen zuten adierazteko. Ondoren, zera eskatu nien: liburu jakin baten deskribapen eman nien –izenburua, azpi-izenburua eta deskribapen laburra–, eta hori aurkitzeko zer bide hartuko luketen azaltzeko eskatu nien. Azkenik, erabiltzaileei galdetu nien ea zer irudipen zuten New Pressi buruz, ea kategoriak nahasgarriak iruditu zitzaizkien eta ea zer kategoriara joko luketen baldin eta webgunera sartuko balira.
Zer antolatu nahi da? Liburuen presentzia digitala thenewpress.com webgunean; hori da antolatu nahi den baliabidea. Sailkapen-sistema New Pressen web orrian bakarrik erabiltzen da, eta FileMaker datu-base batean gordetzen da, zeinak datuak bideratzen baititu we orrira. Sistema berri hau lehenagoko sailkapen-sistema batean oinarritzen da. Halaber, aipagarria da ezen datu-baseko liburu-erregistroan BISAC kategoriak daudela orobat. Hornitzaileei eta liburu-saltzaileen zerrendei bidaltzen dizkiegu horrelakoak, kategoria estandarrak behar dituztelako. BISAC kategoriak, hain zuzen ere, kategoria instituzionalak dira, Liburugintzako Estandarren Taldeak sortuak. BISAC sistemaren diseinuan irakurlego orokorraren interesak eta ulerkerak islatzen dira. Hala, kategoria kulturalek eragina dute BISAC kategorietan, baina, aldi berean, BISAC kategoriak luze-zabal erabiltzen direnez liburugintzan, berek ere eragina dute kategoria kulturaletan. BISACeko kategoria instituzional batzuk eta kategoria kultural orokorrak erabiltzeaz gainera, New Press argitaletxeak talde espezifiko batzuen kategoria kulturalak baliatzen ditu –batez ere inguru akademikoei eta korronte politiko aurrerakoiei dagozkienak–, irakurle espezifiko batzuekin konektatzeko.
Zergatik antolatu nahi da? Helburu honekin kategorizatzen dira liburuak: irakurleek eta argitaletxearen babesleek bilaketak errazago egin ditzaten New Pressen webgunean. Elkarreragin-jarduera nagusi horretaz gainera, kategoriak aukera gisa baliatzen dira, New Press posizionatzeko eta haren misioa zein den adierazteko.
Zenbat antolatu nahi da? New Pressen webgunearen xedeei dagokionez, liburuak hainbat kategoria eta azpikategoriatan kokatu daitezke, baina liburu guzti-guztiak egongo dira kategoria batean gutxienez. New Pressi ez zaio ardura baliabideen aurkezpen fisikoa; hori dela-eta, aproposak iruditzen zaizkigun kategoria guztietan kokatu daitezke liburuak, nahi adina kategoriatan, alegia. Liburutegi eta liburu-dendetako sailkapen-sistemetan, ordea, esklusibotasun-printzipioa bete beharra dago, liburua kokapen fisiko bakar batean ipini daiteke-eta.
Kategoria gehienak liburuen gaian oinarritzen dira. Liburuen gaia propietate intrintseko estatiko bat da, ez baita aldatzen liburua kaleratu ostean. Nolanahi ere, gaia deskribatzeko erabiltzen diren kategoriak aldatu egin daitezke denborarekin, sailkapen-sistemara kategoria berriak gehitu ahala, izan ere, kategoria horiek sortu aurretik argitaratu diren liburuak kategoria berrietan sailkatu baitaitezke, atzeraeraginez. Liburuen gaiari buruzko kategoriak gauza estrintseko eta estatikotzat jo daitezke, horiek aldatzeko atalasea altuagoa delako beste propietate dinamikoago batzuen kasuan baino: hala nola «Denboraldi honetakoa», «Hurrengo denboraldia» eta «Salduenak» propietateak. Hiru kategoria horiek web orrian biltzen dira halaber, beste atal batean, eta propietate estrintseko eta dinamikoak dira denak, zeren denboran edo salmentan oinarritzen baitira, eta ez, ordea, liburuen propietate intrintsekoetan.
New Press sailkapen-sisteman badira kategoria hierarkikoak; hala ere, azpikategoriei dagokionez, argitaletxeak barra-barra argitaratzen dituen arloetan bakarrik sortzen dira horrelakoak. Arlo batean liburu gehiago biltzen badira, antolaketa xeheagoa izan daiteke, liburu bat edo liburu gutxi batzuk bakarrik biltzen dituen azpikategoriarik sortu gabe. Gainera, gaiari buruzko jakintza instituzionala handiagoa baldin bada, langileek bereizkuntza espezifikoagoak egin ditzakete gai-kategoria zabalagoaren baitan. Erabiltzaileen probetan, besteak beste, kontu honi erreparatu nion: ea bereizkuntza horiek premiazkoak diren erabiltzaileak elkarreraginean jardun daitezen liburuekin. Erabiltzaileek ez badute gaiari buruzko jakintza-maila parekoa, baliteke erabilgarria ez izatea, eta, are gehiago, erabilgarritasuna murriztea, azpikategorien baita xehetasun-mailaren bereizkuntzek.
Kategoria nagusien mailan ere, xehetasun-mailen sorta bat dago, eta kategorietan gorpuzten diren printzipioen sorta bat ere bai. Adibidez, «Historia» eta «Immigrazioa» goi-mailako kategoriak dira biak ala biak, baina Immigrazioa kategoriak gai-multzo espezifikoagoa biltzen du Historiak baino. Kategoria gehienak liburuen gaian oinarritzen dira; halere, goi-mailako kategoria zenbait beste printzipio batzuetan oinarritzen dira: «Ez-fikzio Grafikoa» kategoriak, adibidez, liburuaren formatuari erreparatzen dio; «Iturri Primarioko Dokumentuak» kategorian, berriz, jatorrizko materialak biltzen dira, eta «Biografia» kategorian, liburuaren generoa aipatzen da, baina ez da ezertxo ere esaten liburuaren gaiaz, norbaiten bizitzaz diharduela adieraztetik harago. Kategoria-printzipioak nahastea erabilgarria izan daiteke, bereziki alderdien araberako sistema batean, zeinean kategoria desberdinak uztartzeko aukera baitago, zehaztasuna handitu nahi bada. Sistema honen alderdikako bertsio bat erabiliko bagenu, honako elkarreragin-jarduera hau gauzatzeko aukera izango genuke: erabiltzaileak «Biografia» eta «Zuzenbidea» kategoriak hautatzeko aukera izango luke, epaileei edo abokatuei buruzko biografiak aurkitu ahal izateko. Sistema honetan, kategoria apropos guztietan sailkatzen dira liburuak; hori dela-eta, elkarreragin-jarduera hori egingarria da logikaren mailan, nahiz eta gaur egungo aurkezpenak ez duen horretarako modurik ematen. New Pressek alderdien araberako aurkezpen bat baliatuko balu, ziur aski, kategoriak bloketan banatuko lirateke, bisualki, antolaketa-printzipioak oinarritzat hartuz; hortaz, erabiltzaileek jakingo lukete zer alderdiren gainean egituratu litzaketen beren bilaketak. Baliteke, horren baitan, sekzio bat sortzea «Biografia», «Ahozko Historia» eta «Jatorrizko Iturriko Dokumentuak» kategoriak elkartuz, eta geografiari dagokion beste sekzio bat sortzea, «Mundua» kategoriako azpikategoriak bilduz.
Noiz antolatu nahi da? Kategorien eguneraketa amaitu ostean, aurrez argitaratu ditugun liburu guztiak berrikusiko dira, eta kategoria berrietan sailkatuko dira, behar izanez gero. Aurrera begira, liburu berriak denboraldiaren arabera antolatuko dira, eta baliteke aurrez argitaraturiko liburuak kategoria berrietan sailkatzea ad hoc (liburua kategoria apropos batean sailkatzeaz ahaztu baginen berrikusketaren unean edo kategoria zein azpikategoria berriak sortu baditugu). Sistema malgua da, liburuak kategoria apropos guztietan sailkatu daitezke-eta; horren ondorioz, kategoria berri bat txertatzeak ez du esan nahi aurreko sailkatze guztiak aldatu beharra dagoenik. Halaber, azpikategoriak ere malguak dira, zeren, horietako bat garrantzitsuagoa bilakatzen bada denborarekin, haren maila erraz aldatu daiteke aurkezpenaren geruzan.
Nola edo nork antolatu nahi du? Salmenta-, marketing- eta inbentario-arduradunak esleitzen ditu kategoriak, talde editorialaren eta marketing-taldearen ekarpenekin. Lantzean behin, kategoria berri bat edo kategoria-esleipen bat iradoki dezakete beste sailetako kideek, hala nola diru-bilketari edo publizitateari dagozkion sailetakoek. FileMaker datu-base baten bitartez esleitzen dira kategoriak: datu-base horretan, existitzen diren kategorien eta azpikategorien zerrenda bat dago, eta bertatik hautatu daitezke kategoriak aldi bakoitzean. Kategorien esleipenak webgunera bideratzen dira FileMaker datu-basetik, liburuei buruzko beste datu batzuekin batera.
Beste kontu batzuk. Zaila da luze-zabal ulertuko den sailkapen-sistema bat sortzea. Kasu honetan, sistema sinplifikatzeak New Pressen helburuetako bat lortzea ahalbidetuko luke, hau da, irakurlego zabal batengana iristea. Erabiltzaileekin egindako probek erakutsi zutenaren arabera, gaur egungo kategoria-sistema oztopo bat da helburu hori lortzeko bidean, semantikari, xehetasun-mailari eta egiturari dagozkion kontuengatik. Egituraren auziei heltzea komeni da ezer baino lehen: azpikategoriak ez dira koherentziaz erabiltzen, eta horrek nahasmen handi samarra sortu zuen erabiltzaileen probetan. Azpikategoriak ezabatzen badira, eta, horren ordez, bilaketak egiten uzten bazaie erabiltzaile adituei edo zehazki zer nahi duten badakitenei, argitaletxeak lor lezake kategoriak albait aproposenak izan daitezen irakurlego orokorrarentzat. Hori azpimarratzeko, hitz gako aproposak erabil litezke liburuen deskribapenetan, bilaketa ahalbidetzeko. Probetan parte hartu zuten erabiltzaile batzuk, hasieran, harrituta geratu ziren goi-mailako kategoria ezohiko batzuekin; edonola ere, esango nuke ezen, sistemaren beste alderdi batzuk sinplifikatu eta gero, argitaletxeak kategoria bereziago batzuk arrakastaz erabiltzeko aukera izan dezakeela, bere argitalpen-arloak errepresentatzeko eta antzera pentsatzen duten irakurleekin konektatzeko. Adibidez, Immigrazioa eta Kode Penala ez dira goi-mailako kategoriak BISAC sailkapenean, baina irakurlego orokorrak aise ulertzen ditu, eta New Press argitaletxearen arlo garrantzitsu batzuk nabarmentzeko balio dute. Sailkapen-sistemetan joerak agertzen dira, ezin da saihestu. Hori negatiboa izan daitekeen arren, bereziki antolatzaileak ez badira joera horietaz jabetzen, helburu positiboetarako baliatu daiteke berebat, antolakundearen eta haren balioen berri emateko. Gai horri tentuz heldu behar zaio, ondo pentsatuta, eta probak egin behar dira erabiltzaileekin, ulertze aldera nola jarduten diren antolakundetik kanpoko pertsonak sistemarekiko elkarreraginean.
