12. Ikerketa kasuak

Robert J. Glushko

12.4 Iturri bakarreko testu-liburu baten argitalpena

Laburpena. Laugarren adibidea ere egiazko kasu bati dagokio: adibide auto-erreferentzial bat da, hain zuzen ere. Antolatzearen diziplina liburuaren sorreran, ekoizpenean eta banaketan baliatu zen antolaketa-sistema aztertzen du (ikus Glushko, 2015).

Proiektua hasi zenetik, argi ikusi dugu liburu honek ohiko testu bat baino gehiago izan behar zuela. Liburu fisikoak uneko argazki intelektualak dira, eta, zentzu askotan, data jakin batean finkatuta geratzen dira, argitalpenaren egunean. Gainera, proiektu honen helburua da Antolatzearen diziplina testuliburu gisa erabil dadila informazio-eskoletan eta antzeko programetan, baina, konputazio-ahalmenak eta teknologien berrikuntza etengabe hazten ari direnez gure ekonomian eta kulturan, zeinetan informazioa barra-barra erabiltzen baita, xede hori zailagoa bilakatzen da egunetik egunera. Gure ustez, liburu elektronikoen argitalpenak aukera berritzaileak eskaintzen dizkigu, baldin eta iturri-fitxategien sorta bat bakarra erabili ahal badugu liburu honen bertsio fisikoa zein elektronikoa eguneratzeko.

Zer antolatu nahi da? 2010. urtearen hasieran ekin genion liburu honen edukia biltzeari: Robert J. Glushkok, Antolatzearen diziplinaren egile eta editore nagusiak, «Informazioaren antolaketa eta berreskurapena» izeneko eskolak ematen zituen Kaliforniako Unibertsitateak Berkeleyn duen campusean, eta 1.000 diapositibatik gora eta horiekin loturiko ohar mordoxka bat bildu zituen horren harira. Diapositibak eta oharrak XML metaereduan sortu ziren, eta, HTMLra eraldatu ziren gero, ikasleen aurrean web nabigatzaile baten bidez aurkezteko.

Baliabideen antolaketari buruzko lehen erabakiak zera ekarri zuen: 26 eskola-saiotako diapositibak modu iteratiboan sailkatu ziren 10 kapitulutan, liburuaren egituraren lehen zirriborroan. Bigarren erabakia, berriz, libururako sortuko ziren eduki-baliabide berrien xehetasun-mailari zegokion. Egile-taldea kapituluka antolatu zen; hala, kapituluak ziren fitxategiak kudeatzeko eta bertsioak kontrolatzeko xehetasun-maila naturala. Autoreak han eta hemen sakabanatuta zeudenez, lainoko biltegiratze-zerbitzu bat erabili genuen –Dropbox–, lana bateratzeko. Alabaina, liburuan era askotako gaiak landu behar genituenez, eta horietan sakondu, kapituluek barne-egitura sendo bat izan behar zuten (zenbait tokitan, lau goiburu-maila); gainera, azpi-atal horietako bakoitza baliabide bereizi bilakatu zen, eta kapitulu batetik bestera mugitzen zen, harik eta bere txokoa aurkitu arte.

Liburu fisikoan biltzen den eduki testualaz eta ilustrazioez gainera, beste gauza batzuk antolatu beharra genuen: bideo laburrak, adibide interaktiboak eta beste aplikazio batzuk, liburuaren bertsio digitaletan txertatzeko.

Azkenik, kudeatu beharreko baliabidetzat hartu behar ditugu, halaber, softwareak, zeinek iturri-fitxategiak eraldatzen, muntatzen, formateatzen eta estilo baten arabera moldatzen baitituzte, artefaktu bidalgarri bilaka daitezen. Liburuaren lehen eta bigarren edizioan, zortekoak izan ginen, O’Reilly and Associates enpresak eman baitzigun bai liburu fisikoa bai elektronikoa eraikitzeko behar genuen softwarearen puska handi bat –enpresa horrek teknologia berritzaileak argitaratzen du, eta iturri bakarreko argitalpen-sistema bat garatu dute, Atlas deritzona–. Berriki, elkarreragin- eta nabigazio-ahalmen aberatsagoak, irakurleak kontrolaturiko pertsonalizazioa eta beste ezaugarri batzuk txertatu nahian ibili gara, Atlasek ahalbidetzen duen horretatik harago doazenak; horregatik, gaur egun guk geuk sortutako iturri bakarreko argitalpen-sistema bat darabilgu.

Zergatik antolatu nahi da? Testu baten bertsio fisikoa eta elektronikoa, biak, argitaratu nahi badira, horren kostua efektiboa izan dadin eta bertsioak mantentzeko eran, iturri-fitxategi bakarra erabiltzea da hori egiteko modu bakarra. «Eskuzko lana»ren premia duten ikuspegiak erabiliz gero, ezinezkoa izango litzateke liburua garaiz berrikustea. Horretaz aparte, 2012ko udan inkesta bat egin zen Berkeleyko ikasleen artean: liburu digitalak irakurtzeko plataformen inguruan galdetuta, argi geratu zen era askoko gailuak erabiltzen zituztela ikasleek, besteak beste, ordenagailu eramangarriak, Apple eta Android tabletak eta liburu elektronikoen zazpi irakurgailu mota. Aukera guztiak asetu nahi badira, iturri bakarreko argitalpen-estrategia bat erabili behar da nahitaez.

Liburu honetan biltzen diren eduki-baliabideek egitura xehe-xehea dute, eta, horri esker, erreferentzia gurutzatuak askoz zehatzagoak dira; ondorioz, errazagoa da liburu hau testu-liburu gisa edo lanerako osagarri gisa baliatzea. Halaber, modu horretan errazagoa suertatuko da testuak egokitzea online eskoletan erabiltzeko (online eskolei dagokienez, azken ikerketek diotenez, hitzaldiak zatitzea eta edukia unitate txikiagotan lantzea komeni da, ikasgelako eskola tradizionalekin alderatuta).

Zenbat antolatu nahi da? Badira diziplina ugari, zeinek auzi funtsezkotzat jotzen baitute antolaketa, baina nork bere ikuspegitik; bada, liburu honen xedeetako bat da diziplina horiek denak elkartzea, eta helburu horren isla argia dira liburuko baliabideen antolaketaren nolakotasuna eta neurria. Liburuan gai espezializatu asko agertzen da, bai eta arlo jakinei dagozkion adibideak ere, kontzeptu komunak gainditzen dituztenak. Hori dela-eta, konponbide honi heldu genion: muin-muineko testu bat idatzi genuen, eta diziplina eta arlo zehatzei dagokion edukia bukaerako oharretan jarri genuen. Bukaerako oharren kategoriak zertxobait ausazkoak dira, baina bukaerako oharretan jarriko genuen edukia hautatzeko prozesua ez zen ausazkoa izan inolaz ere.

Halaber, XML hiztegia erabiltzea hautatu genuen, eta erabaki horrek zerikusia du baliabideen antolaketaren neurriarekin; bestalde, tentuz aztertu genuen zer hautatu: DITA edo DocBook. DITAk hobeto ahalbidetzen ditu egiletza modularra eta kustomizazio zein eguneraketa gardenak; DocBook, ordea, askoz zaharragoa da, eta tresna-kutxa hobeak ditu horregatik. Azkenean, DocBook aukeratu genuen.

Noiz antolatu nahi da? Liburuari hasiera eman zioten oharrak XMLn idatzita zeuden; hala ere, liburua idazteko Microsoft Word erabiltzea erabaki genuen. Autore askok ez zuten apenas eskarmenturik XML editoreekin, eta oso erabilgarriak suertatu ziren Wordek eskaintzen dituen iruzkin- eta berrikuspen-aukera garatuak. Konpentsazio horren harira, ekoizpen-prozesuan, XMLra konbertitu behar izan ziren fitxategiak, baina une horretan bi autore bakarrik ari ziren liburua osatzeko lanetan, eta biek ala biek hainbat hamarkadako esperientzia dute hipertestuak darabiltzaten markaketa-hizkuntzekin.

Nola edo nork antolatu nahi du? Kapituluen egileek Wordeko estilo-orriak erabili zituzten, tentuz: testuari estiloak erantsi zizkieten, formatuen baliogabetzea erabili ordez. Horri esker, konbertsio-enpresa batek liburuaren puska handiena konbertitu ahal izan zuen Wordetik XMLra, erdika automatikoki. Markaketa-sistema zertxobait garbitu beharra dago halabeharrez, Wordeko estiloen markaketa-sistemarekin sortzen den anbiguotasuna ez baita XMLko markaketa-sistemari dagokiona bezain xehea. Ez dakigu guri egokitu zitzaigun lan-kopurua atipikoa den ala ez.

Nolanahi ere, liburua ez genuen XMLra konbertitu harik eta gutxi-asko amaituta egon zen arte, eta horrek berekin dakar gerorako utzi genuela testua markatzeko lana, alegia, erreferentzia gurutzatuak, aipuak, glosarioa eta index sarrerak sortzeko lana, eduki-mota hori ez baita biltzen Worden txantiloietan eta estilo-orrietan. Idazketa-lana XMLn egin izan balitz jatorriz, kapituluetako editoreek egin izango lukete lan horren puska bat, baina, ez zenez hala izan, markaketa-sistemaz arduratzen zen editoreak lan eskerga egin behar izan zuen. Dena den, editore bakarra arduratu zenez liburuko markaketa-sistemaz, liburuko bibliografia, glosarioa eta indexa askoz koherenteagoak eta osoagoak dira, hainbaten artean egin izan balitz baino.

Beste kontu batzuk. Liburu honetako eduki-pusketa guzti-guztiak sailkatuta daude, «muineko eduki» edo «arlo zehatz bati dagokion eduki» gisa; horregatik, gure jatorri-fitxategiek «liburu-familia» bat erakusten dute, zeinean biltzen baitira 2.048 kide: horietako edozein eraiki dezakegu, edukia galbahetuz, zerotik hamaikara diziplina nahi moduan konbinatuz. Ez da praktikoa horrenbeste edizio argitaratzea, baina espero dugu, malgutasun horri esker, irakasleek testua egokitu ahal izatea hainbat eskolatarako, hainbat diziplina akademikotan, eta testua moldatu ahal izatea, orobat, graduko zein graduondoko ikasleentzat. Are hobea litzateke beste ikuspegi hau: liburu elektronikoaren bertsio jakin baten sorrera geroratzea, «argitalpen-une»tik «irakurketa-une»ra. Algoritmo berdinak aplikatzen dira, baina irakurlearen esku dago noiz eta nola aplikatu; horrela, liburuaren edukia dinamikoki konfiguratzea ahalbidetzen da. 2015eko abuztuan –hau idazten ari garen data–, ahalmen izugarri hori esperimentala da oraindik, baina espero dugu eskura egongo dela, modu orokorrean, luze gabe.

Liburu honen diseinu-moldeak ezbaian jartzen du liburu-edizioen definizio tradizionala, eta autoretza kolaboratiboa aitortzeko modu berriak irudikatzera behartzen gaitu. Halere, egiletza- eta argitalpen-eredu berri hauek kontuan hartuta, «Zer da Antolatzearen diziplina?» galdetzea eta «Zer da Macbeth?» galdetzea (ikus 4. kapitulua), antzeko samarra izango da.